Filologoak

Vinson, Julien

1843ko urtarrilaren 19an Parisen jaiotako euskalaria. Libournen hil zen 1926ko azaroaren 21ean, 84 urte zituela.

India Hegoaldean egin zituen oinarrizko ikasketak, bere aita Pondicheriren Audientziako prokuradore baitzen bertan. Nerabezaroan Frantziara itzuli zen eta Nancyko École Forestière delakoan jarraitu zuen ikasketekin (1864). Han hasi zen euskaltzaletasuna garatzen, Frantziako hizkuntza eta literaturako bere irakasle Emile Charlesen eskutik. 1866an basogintzako ikuskariorde zen eta Baionan (Lapurdi) gauzatu zuen langintza hura.

Euskarari buruzko bere lehen lana Revue de Linguistique et de Philologie comparée argitalpenean agertu zen. Argitalpen hori Parisen sortu zuten Abel Hovelacque eta Honoré Chavée ezagunen artean. Hurrengo urteetan ere bide hori erabili zuen bere lan asko argitaratzeko (sanskritoari, grezierari, latinari, hizkuntza hinduei edota euskarari buruz). Lan horiek fundatzaile horien eskolako ezaugarriak zituzten.

Lehen ikerketa hura Coup d'oeil sur l'étude de la langue basque izendatu zuen eta garai hartan ezohikoa zen arrazionaltasun hotzez mintzatu zen hizkuntza horri buruz. 1869an Bonaparterekin jarri zen harremanetan. Francisque Michel eta Duvoisin kapitaina arduratu ziren bitartekari lanak egiten, printzearekin hitz egin zezan. Urte haietan Iparralde osoa zeharkatu zuen metodikoki, oharrak hartuz eta liburutegietan behatuz. Modu horretan, egonarri handiz, euskal liburutegi baliotsua eratu zuen, oso aurrekari gutxi zituena, zehazki esatera, Bonaparte printzearena, Van Eysena, Antonie d'Abbadierena eta Harriet abadearena besterik ez.

Hilabete batzuk beranduago, bere lagun Dasconaguerrek idatzitako Les échos du pas de Roland edo Atheka gaitzeko oihartzunak lanaren euskal bertsioa idatzi zuen, beste batzuen artean.

1875ean Campion ezagutu zuen Iruñean. Ustekabeko topaketa izan zen: Eugene Godardekin globo batean Pirinioak zeharkatu ostean, oraindik karlistaldiaren arrastoak bizi zituen hirian lur hartu zuen istripuz. Han Arturo ezagutu zuen, artean ikasle zela. Hiru urte beranduago Bagnères-de-Bigorre herrira joan zen. Handik tokiko eta Europako euskaltzaleekin harremana mantendu zuen.

Ordurako, euskal historia eta idiosinkrasiaren ikuspegi "errepublikano" bitxia sortua zuen (Frantziako III. Errepublikaren kutsu handia zuena).

Pariseko RLPHC argitalpenean idatzi zuen honakoa (1876): "Badago euskal instituzio nazionaletan sinesten duenik, Pirinioetako mendietako nolabaiteko gizarte errepublikano batean, non oinarrizko gutuna eta kodea liratekeen bertako foru ezagunak. Dena den, ideia hori faltsua da erabat; egiaz ez dago liberala den ezer foruetan, berez, kleroen oligarkia autoritario baten araudia baino ez baitira" (itzulpen egokitua gaztelaniatik).

Halaber, Euskara de Navarra aldizkariak euskara mantentzeko borrokan agertzen zuen kutsu nazionalista ere desatsegina zitzaion (nahiz eta hartan kolaboratu zuen):

"Egiaz, ahalegin horiek antzuak dira erabat; izan ere, ezerk ez dezake geldiarazi gauzen bilakaera saihestezina. Euskaldunengan ez dago nazionala den ezer, ez dago originala den deus ere, ez bada haien hizkuntza eta, hain zuzen, horregatik da bateraezina hizkuntza hori bere egungo zibilizazioarekin (espainiarra), horregatik ez dezake biziraun hizkuntza horrek eta horregatik desagertu behar du halabeharrez. Euskara ez da literatura-hizkuntza bat, ez da gure mendeko demokraziari komeni zaion hizkuntza bat" (Ibid.)

(itzulpen egokitua gaztelaniatik).

Hartako folklorea ere ez zen, haren ustez, nabarmentzeko modukoa, izan ere:

"haien artean jaso diren ipuinen artean orain arte ez dago haren jatorriari eta historiaurreko egoerari buruzko daturik; antzinako elezahar indoeuroparren eskualdeko aldaera sinple modura agertzen dira, besterik gabe" (Ibid., 1879)

(itzulpen egokitua gaztelaniatik).

1879az geroztik Pariseko École Nationale des Langues Orientales Vivantes delakoan hindu eta tamil hizkuntzetako ikastaroen arduraduna zen. Ardura hori betetzen zuelarik, 1882an, Les basques et le Pays Basque (Paris, 149 or.) argitaratu zuen, Euskal Herriari buruzko korografia (geografia, ekonomia, demografia, historia, foruak, hizkuntza, auzi iberikoa, usadioak, dantzak, antzerkia, jokoak, erlijioa, literatura, etab.). Bertan euskal-iberismoaren aurka agertu zuen, nahiz eta, urtebete beranduago, The Academy aldizkari britainiarrean Europa Ekialdean eta Iparraldean, indoeuroparrak sartu aurretiko garai paleolitikoetan agian euskara hitz egingo zela adierazi. Herrialdeari buruz zuen ikuspegia zientzialari eleaniztun batena zen (hizkuntzalari batena baino), euskal antzinatearen ikuspegi mitikoarekin oso kritikoa zena.

Ondoren, Frantziako Collège ezagunean Antropologiako Eskolako ohorezko irakasle izendatu zuten eta Antropologia Elkarteko kide izan zen, antzeko elkarte zientifiko askotako kide izateaz batera. 1886an Les religions actuelles argitaratu zuen librepentsalari hark, hainbat eskulibururekin batera (besteak beste, hinduismoari eta budismoari buruz). 1891n Azkuerekin jarri zen harremanetan gutun bidez.

Urte hartakoa da euskal kulturaren ondareari egin zion ekarpen handiena, Essai d'une Bibliographie de la langue basque alegia. 1898an hartako osagarri eta gehigarriak argitaratu zituen (Donostian berrargitaratuak 1894an), orain gutxi arte euskararen ikerketarako oinarri garrantzitsu bat osatu zuelarik (1970ean Auñamendiren eskutik, Jon Bilbaoren Eusko Bibliographia agertu zen arte). Lan horren aurrekari bakarra Allende Salazar bizkaitarrak idatzitako Laurak Bat o Biblioteca del Bascófilo izenekoa da (1887).

Bere izenburu-zerrenda luzeari eta artxibategietan gordetako posta-trukeari erreparatuz, bere iritzi kritikoa jakin dezakegu, besteak beste, Luchaire, Bonaparte, Campion, Van Eys edo Arana Goiriri buruz. Charency, Schuchardt eta Stempf ospetsuekin eztabaidak izan zituen.

1912an Formes verbales simples extraites de vieux ouvrages basques lan garrantzitsua argitaratzen hasi zen Eusko Ikaskuntzen Nazioarteko Aldizkarian. Euskaltzaindia sortu zenean, ohorezko kide izendatu zuten, Hugo Schuchardt eta Christian Cornelius Uhlenbeckekin batera. Horrez gain, aipagarri dira hauek: Aita Fitarekin izandako lankidetza, euskaraz idatzitako 24 abestiren argitalpena eta haien itzulpena 1883an, euskal testu zahar batzuen berrinprimatzea, horien artean zirelarik Pouvreau eta Argaingaratzenak. Halaber, Ribaryren Ensayo sobre la lengua vasca itzuli zuen hungarieratik. Gainera, ohar polemiko batzuk erantsi zizkion.

Idazlanak Europeanan


· Manuel de la langue hindoustani (urdû et hindî) : ; grammaire, textes, vocabulaires
· Le Folk-lore du Pays Basque
· Essai sur la langue basque
· Basque legends : ; collected, chiefly in the Labourd
· Études de linguistique et d'ethnographie
· Mélanges de linguistique et d'anthropologie