Arkitektura

Erreparatzea jauregia. Oieregi

Beste lurralde batzuetan bezala, XVII. mendeko krisi ekonomikoa nabaritu zen Nafarroan baina mende honen lehen erdia pasa ondoren susperraldi ekonomikoaren lehen seinaleak sumatzen hasi ziren. Gainera, XVIII. mendearen hasieran, Borboien dinastia tronora heldu zen eta aldaketa politiko honek baldiltza ekonomiko eta egoera sozial berriak ekarri zituen.

Oparotasun garai honetan, Felipe V.aren eta Fernando VI.aren erregetzetan, batez ere, izugarrizko iharduera artistikoa burutu zen arkitektura arloan, bereziki.

Jakina denez, kronologiaren aldetik eta beste euskal lurralde batzuetan bezala, Nafarroan arkitektura barrokoa XVII. mendearen bukaeran hasi zen ezartzen eta XVIII. mende osoan luzatu zen. Periodo honetan, Nafarroako arkitekturak berebiziko garapena bizi izan zuen eta panorama honetan eraikuntza zibilak, eraikuntzak erlijiosoak baina ugariagoak zirela nabarmendu behar da. Izan ere, hirien hirigintzak garapen garrantzitsua izan zuen eta honekin batera hainbat eraikin zibilen beharra sortu zen; plaza nagusiak eta udaletxeak egiteaz gain, hospitaleak eta batik bat, jauretxeak eta jauregiak eraiki ziren.

Nafarroan, altxatu ziren garai honetako jauregiak ugariak dira eta tipologiari dagokionez, aniztasuna eta eraginen nahastea izan daitezke ezaugarri orokorrak.

Hala ere, alderdi geografikoaren arabera, hiru tipologia edo mota bereiz daitezke, Erriberakoa, mendialdekoa eta Nafarroako erdialdekoa. Erriberako tipologiak, harlanduzkoa eta adreiluzkoa izateaz gain, goiko partean arkuz galeria bat izaten du. Nafarroako mendialdeko eredua dorreduna izaten da, baina harlandu gorrizkoa izatea da berezitasun deigarriena. Bukatzeko, Nafarroako erdialdeko tipologian, harria eta adreilua konbinatzen dira eta aipatutako bi tipologien nahasketaren ondorioa da.

Erreparatz jauregia, mendialdeko tipologiari dagokio eta Baztango adibideen antzekoa da tipologia honen bereizgarriak betetzen baitu. Eraikuntza hau Bidasoaren ertzearen ondoan altxatzen da eta Oieregi udalbatzan, Bertizarana udalerrian kokatuta dago.

Garai hartan, Nafarroako biztanle asko aberastu egin ziren, bai Borboien gorteko administrazio politikaren barruan karguak izateagatik, bai Amerikako egonalditik onurak ateratzeagatik. Hauetako bat Juan Bautista de Ustariz izan zen, Erreparatz jauregiaren sustatzailea. Pertsonaia honek Felipe V.aren garaian politikarekin zerikusi zuen kargu bat bete zuen, idazkaria izan omen zen, eta, horretaz aparte, familiaren kideak garrantzi handiko merkatariak izan ziren. Agirien arabera, Jauan Bautista de Ustarizek jarauntsi zuen jauregia eta hainbat urte pasa ondoren beste anai batek oinordetzan hartu zuen.