Udalak

Elorz - Elortz

Elortz Taxoareko mendizerraren maldan dagoen haraneko herrietako bat da. Hirigunea oso txikia izan ohi da duela gutxira arte, baina azkenaldi honetan urbanizazio berriek nabarmenki handitu dute haren tamaina. Orain dela urte batzuk eginiko ikerketa batean herriko etxeen izen zaharrak berreskuratzeko parada izan genuen, horietako gutxi batzuek gaur egun arte iraun dutelarik. Honela, aipa ditzakegu Txarlesena, Erlarena, Simonena, Anjelena, Larekinena edota Ilabarren izeneko etxeak.

Apezetxea elizaren oinetako murruari atxikita dago, eta oinplano karratuko eta bi solairuko etxe xumea da. Hormak luzituak ditu, harlanduetako kateekin izkinetan eta hutsarteetan. Atea erdi puntuko arku batez osatua da, eta leihoak koadrangeluarrak dira, molduratutako harrizko karelekin. Gertuen dagoen etxea "Txarlesena" da, XVIII. Mendeko blokea, angeluzuzeneko oinplano handi eta garatu batez osatua, bi solairu eta ganbararekin. Hormak luzituak ditu, harlanduzko kateekin izkinetan eta hutsarteetan. Beheko solairuan hiru argizulo daude, baita bi sarrera ere, biak ateburu dobelatuekin. Horietako bat harlanduez osaturiko horma-atal batean irekia dago, eta gainean erlaitza molduratu bat darama. Lehengo solairuan tamaina handiko bost leiho zuzen daude, molduratutako karelekin, eta teilatupean bost argizulo, bi isurialdeko estalki baten azpian. Aurrealdearen erdian kalitate oneko armarri barroko bat dago, moldura batez inguratua.

Iturriama kalean kontzeju-etxea dago, baita oso zaharrak ez diren beste etxe batzuk ere. Kale Nagusian, berriz, "Erlarena" XVII. mendeko etxe bikaina dago. Murruek lehen deskribatutako trataera bera daramate, eta beheko solairuan ate dintelatu bat aurki daiteke, non 1685. urteko data irakur daitekeen. Leihoak ere zuzenak dira, erdikoa moldura horztun batez apaindua, eta armarri barroko bat ere ikus daiteke. Alboko fatxadan harlandu handi bat dago, non lauburu bat eta bi eguzki-gurpilak landu diren. 1990. urtean etxe zoragarri honetan sartzeko beta izan genuen, bertan sukalde tradizionalak, altzari eta tresna zaharrak eta txokolate-ontzi bilduma bikain bat ikusi ahal izan genuelarik. Kale berean, lehen seinalatutako ezaugarriak mantentzen dituzten beste etxe batzuk ere ikus daitezke. Aipatu dezakegu oinplano zabala eta garapen horizontala duen etxea, bi solairuekin. Atea erdi puntuko arku batez osatua dago, haria kanabera erdiko moldura daramaten hamahiru dobelekin, eta giltzarrian IHS Jesusen anagrama landua. Alboko fatxadaren aurrean enparantza bat dago.

Kale txiki batetik enparantza xume eta polit batetara joan gaitezke. Etxe batek ate handi dintelatu batez irekitzen da. Ateburuan gurutze bat du. Alboko eraikinak "Anjelena" izena du, eta ateak badu ateburuan AÑO DE 1714 inskripzioa, sigi-saga eta kiribila itxurako apaindura-motiboekin. Honen parean, Erdi Aroko jatorria duen eraldatutako beste etxe batek sarrerako ateburua apaindua du goi-erliebe batez , non eguzki-gurpil bat dagoen.

Kale Nagusiaren bukaeran enparantza zabal bat ikus daiteke, non berritutako etxetzar bat dagoen. Atea erdi puntukoa da, dobela handiekin, XVI. mendearen hasierakoa segur aski. Bi solairu ditu, eta gainean lau isurialdeko teilatua.

Lindatxikia kalean "Simonena" izeneko etxea dago. Aurrealdean harlanduez osaturiko horma-atala du, non dobela oso garatuak dituen arku zorrotz bat ikus daitekeen. Urrotzeko tailerreko arkuekin antza handia du, eta XV. mendeko bukaerakoa edo XVI. mendeko hasierakoa izan daiteke. Giltzarrian IHS Kristoren anagrama dago, idazkera gotikoan egina, eta gainean gaizki kontserbatua dagoen leiho bikoiztu bat, bi arkutxo konopialez osatua.

  • Baselizak

J.M. Aicua eta Joseba Asironek (1990) San Bartolomeren baseliza aipatu egiten dute. Baseliza honetarako ermitari izendatu zuten 1675, 1688, eta 1692. urteetan. Bestalde, 1679. urtean frai Juan de Zalba, bertako ermitaria, baselizaren barruan eta atera gabe geratzeko zigortu egin zuten, ordura arte noraezean eta deus egin gabe ibili zela esanez, eraikina zikina eta erdi abandonatua geratu zelarik. 1799an Lorenzo Igual de Soria Iruñeko gotzain bisitariak baseliza konpontzeko agindu zuen, baita barruan zeuden San Bartolome, San Joan eta Santa Katalinaren irudiak ere. Pérez Ollok baseliza hau 1846an, hilerria egiterakoan desagertu zela esaten duen arren, 1816. urteko agiri batean lurreratzeko agindua eman zela badakigu, materialak parrokiko lanetan berrerabiliko zirelarik.

  • Jasokundearen Parrokia

Erdi Aroko eliza da jatorriz, nahiz eta XVI. mendean berrikuntza lan handiak jasan zituen, nabea tamainan eta altueran handituz, lehengo dorreko altuerarekin parekatu arte. Oinplanoan habearte bakarra du, tamaina ezberdineko lau tarteuneetan banaturik. Lehengo tarteunea txikiagoa da, eta jatorrizko eraikinaren arrastotzat har daiteke. Geroago antzeko tamaina duten bi tarteune daude, gehi burualde handi karratua, buruhorma zuzen batekin erremataturik. Sarrera Epistolaren aldean dago, bigarren tarteunean irekia, eta parean bataio-kapera txikia dago. Hirugarren tarteunean bi kapera atxikita daude, transeptu baten moduan, eta sakristia oinplano karratuko gela txikia da, burualdearen hegoaldeko murruari itsatsita.

Murruak harlanduez egina dira, eta estereotomia ezberdina sumatzen da Erdi Eroko eta XVI. mendeko horma-atalen artean. Barrutik luzituak daude. Nabearen oinetan koru jasoa dago, ahokadura arku beheratu batez irekia. Beharrezko argiztapena lortzearren, erdi puntuko leiho bat dago burualdearen hegoaldeko horman, eta bi arrosa-leiho Epistolaren aldean eta elizaren oinetan. Alboko bi kaperetan sartzeko tamaina handiko bi arku beheratuak daude nabean.

Eliza estaltzeko ganga mota ezberdinak aurki daitezke, tarteuneak erdi puntuko arku fajoiekin bereizten direlarik. Haien bultzadak perimetro-hormetara transmititzen dira, murruetan sartutako mentsulen bidez. Lehengo tarteunea gurutze-ganga bakuna du, hiru kapera txikiek bezalaxe. Erdiko bi tarteuneak eta burualdea, berriz, izar itxurako gangekin doaz, azken honen trazeriak korapilatsuagoak izanik. Sakristiak tertzelete-ganga du, eta korupeak gurutze-ganga bakuna.

Kanpoaldean, dorrea nabearen Erdi Aroko lehen tarteunearen gainean dago, fuste motza eta itsuarekin, lau isurialdeko teilatu baten azpian. Epistolaren aldean harrizko portiko bat dago, haria oso molduratua duen arku beheratu batekin. Barnean gurutze-ganga bat du, non nerbioak mentsula erdizirkularretan eta fuste ildaskatuko zutabeetan amaitzen diren. Atea haria baketoiekin molduratua duen erdi puntuko arku batez osatua dago. Alboetan bi zutabe ezarriak ditu, erlaitza batekin gainetik, taulamendua balitz bezala. Kapitela jarraitua moduan dagoen moldura luzatu egiten da, bi zutabeak lotzen dituen erlaitza moduko bat sortuz.

Elizaren barnealdean, presbiterioan dagoen erretaula nagusia nabarmendu daiteke. Erromanista da, Jasokundeari dedikatua, eta autoreak Juan de la Hera eta Gaspar Ramos dira, XVII. mendearen hasieran egina. Traza zuzena eta arrazionala da, estiloari dagokion bezala, banku bikoitzarekin, bost kale dituzten bi atalekin eta atiko hirukoitzarekin. Zutabe ildaskatuez eta estipitez antolatua dago, frontoi triangeluarrekin, eta goialdean piramide eskorialdarrak. Sagrarioa jatorrizkoa da, erretaularen arkitekturaren garaikoa. Ikonografiari dagokionez, bankuan honako erliebe-eszenak ikus daitezke: Judaren Musua, Kalbarioko Bidean, Kristo Zutabean, Baratzeko Otoitza, Ebanjelariak, Artzainen Gurtza, Errugabeen Hilketa, Egiptorako Ihesa, San Pedro eta San Paulo. Lehen atalean, Deikundearen eta Ikustaldiaren erliebeak muturreko kaleetan daude, eta erdikoetan mukulu biribileko hiru eskultura: Santa Barbara, Jasokundea eta San Antonio Abadea. Bigarren atalean San Ezteberen Harrikatzearen eta Gotzain baten martirioaren erliebeak ikus daitezke muturreko kaleetan, eta erdiko hiru kaleetan San Joan Bataiatzailea, San Eztebe eta San Migelen eskulturak, mukulu biribilekoak. Atikoan Kalbarioa dago erdian, eta alboetan San Jose eta San Gregorio Handia. Atalen arteko friso estuetan Elizaren Gurasoak eta Bertuteak irudikatu izan ziren.

Ebanjelioaren aldeko murruan, lehen aipatutako bataio-kaperan, Erdi Aroko pontea aurki daiteke. Harroina zirkular molduratua, fuste zilindriko motza eta ontzi semiesferiko handia du. Gertu hilarri bat ikus daiteke, honako inskripzio honekin: ESTA SE/ PULTURA ES/ DE CHARLESENA/ AÑO (17?)41. Transeptuaren iparraldeko kaperan erretaula neogotiko bat dago, balio artistiko handirik gabekoa, Maria Sortzez Garbiari dedikatua.

Epistolaren aldeko murruan XIV. mendeko Gurutziltzatu gotiko bat dago, tamaina naturala baino zertxobait txikiagokoa. Hilik dago, eta ilearen, anatomiaren eta tolesturen trataera nahiko eskematikoa da. Sakristian, zilargintza lanen bat kenduta, beste gurutziltzatu bat ere aurki daiteke, erromanista kasu honetan, Elortzetik gertu dagoen Andrikain izeneko herri hustutik ekarria.

  • CARO BAROJA, J.: La casa en Navarra, Pamplona, III. tomoa, N.A.K. 1982, 63-64 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C.: La escultura romanista en Navarra, Iruñea, Nafarroako Gobernua, 1986, 46, 47, 48, 166, 167, 194, 197, 198, 199, 200, 203, 205, 207, 208, 220 orr.
  • GARCÍA GAÍNZA, M.C. (et. alt.): Catálogo Monumental de Navarra, IV* tomoa, Merindad de Sangüesa, Abaurrea Alta-Izalzu, Iruñea, Nafarroako Gobernua, Iruñeko Artzapezpikutegia, Nafarroako Unibertsitatea, 1989, 276-282 orr.
  • PÉREZ OLLO, Fernando: Ermitas de Navarra, Iruñea, N.A.K., 1983, 82 orr.
  • LACARRA DUCAY, Mª Carmen (et. alt.): Navarra, guía y mapa, Lizarra, N.A.K. 1983, 277-278 orr.
  • A.A.B.B. El Valle de Elorz. Naturaleza, Historia y Arte. Iruñea, Elortzibarreko Udala, Bianako Printzea, 1990, 138-144 orr.

JAS 2009