Pintoreak

Elissague, Helene Marie Lucie

Elizaga.

Euskal margolaria, Sarakoa, Bagneres de Bigorren jaio zen 1896ko martxoaren 3an, eta Donibane Lohizunen hil 1981eko irailaren 25ean.

13 urte zituela hasi zen margotzen Ingalaterran. Parisen ikasi zuen, Jullien-en.

1918an, Henry de la Tourasse erretratugilearekin ezkondu zen; Elizagak baino 11 urte gehiago zituen. Parisen, Urruñan eta Donibane Lohizunen bizi izan ziren.

1930eko Baionako Erakusketan lortu zuen lehenengo arrakasta handia, bai eta 1937ko Parisko Nazioarteko Erakusketan ere, baina ez zituen erakusketa gehiegi egin. Artista askoren lagun izan zen, Maurice Denisen eta Ramiro Arrueren lagun bereziki. Azken horren eskutik, 1932an Euskal Artisten Elkartean sartu zen ("Elkartean aurkez dezakedan artista bakarra zara alde honetan" (itzulpen moldatua gazteleratik)). Arruerekin eta senarrarekin batera, txangoak antolatzen zituen Philippe Veyrinekin eta Mle Orbegozorekin, mugaren beste aldean atari zabalean margotzeko. Libro de Oro de la Patria lanak ezagutzera eman zuen Hegoaldean, bai eta, gerora, Auñamendi argitaletxeak ere.

Erretratuak, euskal gaiak eta itsasoko eta landa-guneetako paisaiak margotu zituen, nolabaiteko kubismo-estiloarekin, indar handiz eta kolorearen zentzu bikain batekin. Plano handiak margotzen zituen batez ere, eta bere konposizio ederragatik nabarmentzen zen. Euskal Museoan daude Partie de pelote eta Portrait des frères Arrayet, champions de pelote lanak; azken hori bere lan modernoenetako bat da. Bere lanak aurki ditzakegu, baita ere, Euskal Pilotaren Federazioan. Elizagak eta haren senarrak -Henry du Sorbiers de la Tourasse-, gerra ostean, koadro gutxi saltzen zituztela ikusita, zaharberritze- eta artisautza-lanak egiten zituzten. Elizagak sortzeari utzi zion isilean. 1950etik aurrera, koadroak zaharberritzen jardun zuen, bere senarrarekin batera askotan.

Idoia Estornesek eta Edorta Kortadik elkarrizketa bat egin zioten 1980an Donibane Lohizunen, bertan bizi izan baitzen bere bizitzako azken 46 urteetan. Muga aldizkarian argitaratutako elkarrizketan, bere bilakaera azaltzen du:

"Paristik itzultzean, lan inpresionistak egin nituen, inpresionismoa ordurako amaituta bazegoen ere. Ez figurazioak ez ninduen inoiz ere erakarri. Zuei nire koadroetako batzuk ahalegin kubistak iruditzen zaizkizue; agian, nire izaera zela eta, indarkeria handiz jarduteko aukera bilatzen nuelako, eta, batez ere, askatasun handia, askatasuna ukituan eta pintzelkadan (.) Kubismoarena nik bakarrik asmatu nuen. Haragiaren gainean borobilean modelatu beharrean, kolore-segmentuka margotzen hasi nintzen. Pertsonaientzat soilik izan behar zuen teknika hori aplikatu nuen nire gainerako koadroetan. Erretratu gutxi batzuetan soilik erabili nituen argazkiak. Giza irudiak zituzten eszena handietan nik neuk egiten nuen konposizioa, eta ondoren posatzen zuten modeloak erabiltzen nituen".

(Itzulpen moldatua gazteleratik)".

  • 1930: Baiona; erakusketa bat egin zuen lehen aldiz Euskal Museoan, senarrarekin eta Arruerekin, Veyrinekin eta Swiecenskirekin batera.
  • 1932: Baiona; erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen Madim galerian Arruerekin, Colinekin, Labrouchekin, Massonekin, Riberarekin eta Veyrinekin.
  • 1935: Vieilee Basquaise eta beste zenbait lan aurkeztu zituen "Arts Graphiques" erakusketan Arruerekin, Veyrinekin eta beste batzuekin batera.
  • 1937: Pau; apirilaren 22tik maiatzaren 22ra; "Société des Amis des Arts de Pau" erakusketan parte hartu zuen Murillo (Aragon) eta Agüero (Aragon) lanekin. Baiona: "Exposition Internationale Bayonne-Biarritz" erakusketan parte hartu zuen.
  • 1950: Donibane Lohizune; erakusketa egin zuen Salon des Artistes Pyrénéens-en.
  • 1994: Donibane Lohizune; bost olio aurkeztu zituen "L'Art et la Pelote" erakusketan, hain zuzen ere: Les frères Arrayet champions de France et du Pays Basque (Baionako Euskal Museoko bilduma), Joueurs de chistera (Baionako Euskal Museoko bilduma), Portrait de Jean Urruty, Chisteras (54 x 36 cm) eta Chisteras (40 x 37 cm).

Baionako Euskal Museoko bilduman daudenak: Le Retour du troupeau de brebis à Sare (olioa), Village d'Ainhoa (olioa), Portrait de Thérèse de la Tourasse (1940 edo 1941, pastela) eta Portrait de Thérèse de la Tourasse en 1956 (1956, olioa zur gainean); Artistaren errainak, Madame Guy Sorbiers de la Tourassek, museoari eman zizkion artistaren paletarekin batera, 1993an.

Ainhoako N. D. de L'Aubépine kaperako freskoa, Aldun Beheria, Maison à Sare (olioa, Ahurtiko N.D. de Belloc abade-etxean; etxe horretan jaio zen bere aita), Vue du port de Saint-Jean-de-Luz et quai Ravel de Ciboure (olioa), Femmes portant de cruches (ikatza) eta Vue d'Ahetze (olioa kontratxapatu gainean).

  • ESTORNÉS, I.; KORTADI, E.: "Elizaga la pintora". Muga, 9 zbk., 1980, 97-100 orr.
  • LAMANT-DUHART, Hubert. Saint-Jean-de-Luz en 1900, [Donibane Lohitzune]: L.M.Editions, 1994.