Zinekoak

El coche de pedales

Espainiarren eta portugaldarren 2003ko koprodukzioa. Alokatu S.L., Tráfico de Ideas S.L. eta Malvarrosa Media S.L. aritu ziren produkzioan, espaniarren aldetik, eta Take 2000 etxea, portugaldarrenetik. TVE, Canal+, Ibermedia, Eusko Jaurlaritza eta Valentziako Generalitatea ere laguntzaile izan ziren. Ramón Bareak zuzendutako bigarren film luzea da. Filmeko istorioa 1959ko Aste Santuan gertatzen da, frankismo bete-betean.

Pablito bederatzi urteko haurra da. Espania nazional-katoliko hartako giro esperpentiko, tragikokomiko eta zapalgarriaren biktima. Pablito liluraturik gelditzen da saltoki bateko leihoan ikusi duen pedaldun auto batekin. Aitzakia horixe erabiltzen da, hots, haurraren amets gauzaezina, bi alderditan banatutako familia baten miseria itsusiak kontatzeko. Gizarte horretan, batzuk ongi bizi dira, eta besteak, larri. Pablitoren familia, aitaren aldetik, garaituen alderdikoa da. Mutikoaren aitak, Don Pablok (Alex Angulok bikain antzeztua) sekulako irudimena dauka eta gezurrak esaten ditu etengabe, eguneroko egoera beltzetik ihes egiteko. Pablitok amesgaiztoak aurkitzen ditu irudimenean, baina baita aterpe bat ere hainbeste gaiztakeriaren aurrean. Estrellaren, hau da, amaren (Rosana Pastorrek ederki antzeztua) familia garaileen aldekoa da. Ahaltsua, intolerantea eta zekena. Bere boterea gogorarazten die beti garaituei. Ramón Bareak eta Felipe Lozak idatzi zuten filma, eta Ramón Barearen beraren erreferentzia autobiografikoz beterik dago. Don Pablok daukan akademia arraroa, eta lan horrekin batera egiten duen merkataritza-agente lana Barearen oroitzapen pertsonaletan oinarrituta daude, zeren Ramónen aita, Roca etxeko merkataritza-agenteaz gainera, akademia xume baten jabe baitzen.

Etxe hori jendez betea zen beti, eta gaueko espazio horien aurrean, oraindik hor ilunpetan dabiltzan arrotz horien aurrean haurrak sentitzen duen beldurra primeran dago islatuta filmean. Pasarte batean, senargaia agur esaten ari da Estrellitari, Pablitoren arrebari (María Pastor zoragarriak jokatua), hamarretan, eta Radio Nacional entzuten da. Hori ere filmaren zuzendariak bizi izandako garai batekoa da. El coche de pedales pertsonen plano nabarrez beterik dago, ohikoa baita Barearen filmetan. Euskal zinemagilearen gazte denborako zinemaren eragina ikusten da hor; berrogeita hamargarren hamarkadako komedia espainiarrak eta italiarrak, nagusiki. Ukitu umorezkoetan eta surrealistetan, Felliniren eta Berlangaren eragina sumatzen da. Eta oso irudi etsigarria ematen da familia erakundeaz. Bada, ildo horretan, eszena benetan bikaina filmean. Mahaian egiten ari diren familia ospakizun batean, Bareak errukirik gabe aztertzen ditu, bere kameraz eta lehen planoan, familia bereko kideen ahoak, sudurrak, begiak eta aurpegiak. Lagun guztiak familia berekoak diren arren, elkar larrutzen ari dira beti beren azpijokoekin, txantajeekin eta zekenkeriekin. Familia den fartsa sozial izugarri horrek uxatu egiten du mutikoa. Umearen begirada tolesgabeak ezin du jasan hainbeste itxurakeria, eta izuturik doa ihesi helduen mundu munstrozko horretatik. Ikuskizun odoltsu hori atzean utzi ondoren, mutikoak film osoan aditzen den gauzarik ganorazkoena esaten dio ametsezko bere aingeru guardakoari: otoitz egiten ari naiz, denak hil daitezen. El coche de pedales Huelvako Zinemaldian estreinatu zen, 2003ko azaroan. Oso karrera komertzial kaskarra izan zuen gero.

  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 pp.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 272 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 2, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 311 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Secundarios vascos de primera 3, Donostia, Euskadiko Filmategia, 2008, 276 or.