Abeslariak

Echeverria-Torres Tovar, Alfonso

Donostian 1950ean jaiotako baxu gipuzkoarra.

Kantu ikasketak burutu zituen Madrileko Kontserbatorioan, Lola Rodriguez de Aragonen eskutik, eta hiri bereko Kantu Goi Eskolan. Gero Vienara jo zuen bertako Musikhochschule eskolara, bertan A. Dermota, A. Koll eta R. Regidor maisuei esker hobetu egin zuen.

1972an Lucrecia Arana Saria jaso zuen eta 1975ean Fancisco Viñas Nazioarteko Kantu Lehiaketa. Horrez gain, Palermoko Massimo Antzokiko Sari Berezia lortu zuen.

1979tik 1982ra bitartean Vienako Operan jotzeko gonbidapena sarritan jaso zuen, hainbat zuzendarirekin lan eginez, Leonard Bernstein, Karl Bohm, Julius Rudel edota Hors Stein.

Era berean Espainiako jaialdi eta antzoki ospetsuenetan ere parte hartu du, besteak beste, Bartzelonako Lizeoa, Madrileko Zarzuela Antzokia, Opera Lagunen Bilboko Elkartearen emanaldiak (ABAO-OLBE), Pereladako Jaialdia, Donostiako Musika Hamabostaldia, Cuencako Erlijio Musikaren Astea edota Granada, Las Palmas, Tenerife, A Coruña, Cordoba, Oviedo eta Santandereko jaialdiak.

Era berean, beste orkestra hauekin ere bakarlari gisa kontzertuak eskaini ditu: Espainiako Orkestra Nazionala, Espainiako Irrati Telebistako Orkestra (RTVE), Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Scottish Chamber Orkestra, ... Oso zuzendari ospetsuekin lan egin du: Lopez Cobos, Gomez Martinez, Leopold Hagger, Rafael Frühbeck de Burgos, Garcia Navarro, Victor Pablo, Joseph Pons, Michel Plasson, Charles Dutoit, Janowsky eta abar.

Emanaldien artean honako hauek azpimarratuko genituzke: Milango Scala Antzokian El retablo de Maese Pedro Teresa Berganzarekin; La vida breve Garcia Navarroren zuzendaritzapean; Aida Bilbo, Oviedo eta Bartzelonan; Werther Alfredo Krausekin; Marina Zarzuelako Antzokian Alfredo Krausekin Odon Alonsoren zuzendaritzapean; Alban Bergen Wozzeck Ros Marbaren zuzendaritzapean; Cenerentola Renneseko Opera Antzokian; Verdiren Requiema Parmsen Normandiako Orkestrarekin A. Allemandiren zuzendaritzapean; Guillermo Tell Lisboan Convent Gardenen ekoizpenean; La Boheme Milango La Scalaren antzezlanean; La forza del destino Avignonen; Don Giovanni, La Forza del destino Bartzelonan; Albenizen Pepita Jimenez Pereladako Jaialdian; La Vida Breve Radio Franceko Orkestrarekin Charles Dutoiten zuzendaritzapean; Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia Madrilen Donostiako Orfeoiarekin eta Rafael Frühbeck de Burgosen zuzendaritzapean; I Puritani Lizeoan eta La Zarzuelan; Don Giovanni La Zarzuela antzokian eta Granadako jaialdian Ruggiero Raimondirekin; Lucia Donostiako Musika Hamabostaldian; La Favorita Alfredo Krausekin; Tancredi Marilyn Hornekin; La Cenerentola Valentini-Terrani eta Blakerekin Bilbon; La Vida Breve Amsterdam-en; La Damnation de Faust Radio France-ko Orkestrarekin Marek Janowskyren zuzendaritzapean Musika Hamabostaldian eta Salernoko Nazioarteko Jaialdian; La Clemenza di Tito Errege Antzokian; La forza del destino Hanburgoko Opera antzokian, eta abar.

Musika Hamabostaldiaren 50. urteurrena ospatzean On Kixoteren papera antzeztu zuen Fallaren El Retablo de Maese Pedro Cristobal Halffteren zuzendaritzapean. Sevillako La Maestranza Antzokiko opera denboraldiaren inaugurazion esku hartzeko gonbidapena jaso zuen, Alfredo Krausekin Rigoletto kantatu zuelarik. Gainera Espainiako Orkestra Nazionalaren 50. urteurrenean Beethovenen Bederatzigarren Sinfonia kantatzeko gonbidatu zuten, Aldo Ceccatoren zuzendaritzapean.

1998an Milango Piccolo Antzoki Berriaren inaugurazioan parte hartu zuen Cosi fan tutte-ren berrogeita bat emanaldi eskaini zirelarik.

Burutu zituen grabaketen artean, honako hauek dira garrantzizkoenak: Rossiniren La Petite Messe Solennelle Alfredo Kraus eta Montserrat Caballerekin; Doña Francisquita Ros Marba, Alfredo Kraus eta Maria Bayorekin eta Escuderoren Illeta Oratorioa.