Arkitektura

Bilboko Udaletxea

Joaquin de Rucoba udal arkitekto izendatu zuten 1883. urtean eta garai hartako Bilboko alkateak, Eduardo Victoria de Lecea y Arana, haren izena proposatu zuen udaletxearen traza eta eraikuntza burutzeko. Rucobak Malagako udaleko arkitekto izan zuen 1870. urteaz geroztik 1882. urtera arte eta ospetsua zen arlo horretan. Izan ere, arkitektoak aparteko eskarmentua zeukan, zenbait lan publiko egin baitzituen Andaluziako hirian.

Beharrezko izapideak bete ondoren, 1884. urtean hasi ziren eraikitze lanak eta 1892. urtean inauguratu zuten.

Rucoba arkitektoak diseinatu zuen eraikina joera eklektikoan kokatu daiteke. Izan ere, hainbat erreferentzia -neobarrokoa, neoerrenazentista, neoarabiar-, osagai artistiko -erromatarrak, rococoarrak- eta Frantziako III. Errepublikaren korronte klasizista konbinatu zituen.

Udaletxe gehienetan funtzionaltasuna da lehentasuna baina horretaz gain, Bilboko kasuan edertasunaren bilakaera eta arranditasuna nabaritzen dira, baita monumentaltasuna erdiestearren nahia ere. Hori guztia kontuan hartuta ez da harritzekoa eraikin hau Bilboko arkitekturaren historian eginkizun deigarria eta aipagarria izatea.

Eraikinak angeluzuzeneko oinplanoa dauka eta lau solairukoa da. Zinegotziek eta alkateak eskatutakoari jarraituz, Rucoba arkitektoak fatxada nagusiari eman zion garrantzi handiena. Fatxada horren erdiko atala tamaina handikoa da eta alboetan bi gorputz aurreratzen dira. Eraikin honetan horizontaltasuna gailentzen da.

Beheko pisuan leiho txikiak irekitzen dira eta bertako aretoek, beste bulego edo areto batzuekin konparatuz, altuera txikiagoa daukate. Badirudi, gorputz horren funtzioa solairu nagusia itsasadarraren uholdetik babestea zela.

Lehenengo pisuan, sarrerako eskailera eta terraza, balaustradaz hornituta, aipatu behar dira. Sarrera nagusiaren alboetan agertzen diren marmolezko mukulu biribileko eskulturak alegoriazko irudiak dira: Legearena Vicente Larreak egina eta Justiziarena Serafin Basterraren lana. Horretaz aparte, gorputz horretan agertzen diren hutsuneek eta apaingarriek joera neorrenazentistari jarraitzen diote: arku erdizirkularrak dituzte eta errenazimenduaren berezkoak diren maskaroiak eta beste zenbait osagai erabiltzen dira.

Bigarren solairuaren bereizgarririk deigarriena arkuteria da. Loggia bezala ulertuta, Rucoba binakako zortzi zutabez eta hiru arku peraltadunez baliatzen da gorputz honen konposiziorako. Dagokien hormarteak aurreratu eta udal balkoi guztia estaltzen dute. Goiko partea frontoi erdizirkular batez osatzen da, non erlojua kokatzen den. Pisu honetan tamaina handiko bao angeluzuzenak agerian daude, zirkuluerdi-formako frontoiez errematatzen direnak. Hainbat joera eta erreferentzi artistiko sumatzen dira atal honetako apainduran. Aipatzekoak dira zutabe eta pilastra korintoarrak, errenazimenduko eta barroko garaiko motibo zizelatuak (geometrikoak zein begetalak) eta alboetako mukulu biribileko irudiak.

Hirugarren pisuan hainbat motako baoak agerian daude, zirkularrak, idi-begiak izenekoak, eta angeluzuzenak. Alboetako gorputzetan eta erdiko partean daude idi-begiak. Bilboko historiako pertsonaien irudiez eta pilastra binakatuez hornituta daude. Angeluzuzenak diren leihoek, berriz, txirikordak eta girlandak aurkezten dituzte. Horretaz gain, aurreratzen diren gorputzak frontoi zirkuluerdiz koroatzen dira eta tinpanoak, erdiko ataleko tinpanoa bezala, landare-motibo zizelatuez apainduta daude.

Eraikinak estalki handia dauka eta, erdialdean, dorre altu bat nabarmentzen da. Hau da, arkuteriaren arku peraltadunekin batera, eraikinaren ardatz bertikala indartzen duen elementua, orokorrean nagusi den horizontaltasuna hautsiz.

Barruko partean, kanpoan bezala, lengoaia eklektikoaz baliatzen da Rucoba arkitektoa handitasuna, oparotasuna eta luxua islatzeko. Lehenengo pisuan, atartea eta marmolezko eskailera nagusia eta haren balaustrada nabarmentzen dira. Bigarren pisuan, ordea, harrera-ospakizunetarako aretoa da deigarriena. Rucobak diseinatuta, estilo neoarabiarrean sortuta dago, garai hartako ekialdeko eta exotikoaren aldeko modaren arabera.