Irakasleak

Berrojalbiz, Julita

Irakaslea, Bizkaiko ikastolen mugimenduaren bultzatzailea eta Loiuko Lauro Ikastolaren sortzaileetariko bat. Ajangizen (Bizkaia) jaio zen 1923ko otsailaren 19an eta 1998an hil zen Bilbon.

Euskaldun giroan hazi zen Julita; 5 urterekin Eskola Publikoan hasi zenean ez zekien gaztelaniazko hitzik. Hamar urte zituela Bilbora bidali zuten, mojen eskola batetara, eta handik batxilergo nagusia egiteko Gasteizera lekualdatu zen, teresar-ikastetxe batetara. Bere asmoa medikuntzako karrera egitea zen arren, ingurukoek onartzen ez zutenez albo batera utzi zuen ideia; orduan, kimika ikasten hasi zen Valladoliden, baina bide hori ere baztertu zuen. Garaiko emakume ugarik bezala, irakasle ikasketei heldu zien, eta 26 urterekin amaitu zuen karrera.

Bilbon kokatu zuen bizitokia, senarrarekin batera, 1951n. Konturatu zen nahiz eta euskaraz irakurtzen jakin, gramatikarik ez zekiela, eta Bizkaiko hiriburuan euskarazko alfabetatze lanetan zebilen Xabier Peñarengana jo zuen; 1952-1953 ikasturteak egin zituen berarekin.

Bizkaiko aurreneko ikastola 1957ko urriaren 9an ireki zen hiriburuko San Nikolas parrokiako katekesian, besteen artean, Peña beraren ekimenez. Maria Angeles Garai izan zen hamalau neska-mutilen aurreneko andereñoa, baina gutxika irakasle gehiagoren beharra sentitu zuten eta besteen artean Julita hasi zen lanean. Urtebete iraun zuen ikastolak leku hartan, bota egin baitzituzten; orduan Iralabarriko frantziskotarrengana lekualdatu ziren; azkenean, 1959ko urtarrilaren 9an hasi ziren eskolak ematen hiru eta zortzi urte bitarteko haurrei.

Frantziskotarrenetik ere bota zituzten jasotako salaketa baten ondorioz. Orduan, nora joan edota zer egin ez zekitela, bururatu zitzaion Julitari etxerik etxe hasi behar zutela. Hala jasotzen da Bidegileak lanean:

"Nik Magisterio deukot eta niri irakaskintza atsegin zait, gainera ez nituen neure umetxoak erdarazko toki batetara bidali nahi eta zera esan genuen, batek daki kartzelara joaten bagaran, baina hasi behar dogu etxerik etxe. Eta hainbeste urtetan holan ibili ginen."

1960 urtean, orotara bost sukalde-ikastola osatu ziren Bilbo osoan; Julitaren etxean 12 haurrek ikasten zuten orduan, bere bi alaba gazteenak tarteko. Beste andereñoak bilatzeko ardura ere berea zen, eta irakasle berrien euskara prestakuntzak Gotzon Garitaonaindia eta Xabier Peñaren eskutik Maria Angeles Garai zein Julitaren etxean egiten ziren.

Baina 1965ean Irakaskuntza Lege Berria indarrean sartu eta batxilergoa egin ahal izateko ikasleek eskola ofizial batetan ikasi behar zutela zehazten zuen; hala, euren helburu nagusia ikastolak legeztatzea izatera pasa zen. Azkenean, 1966ko ekainaren 8an Resurrección María de Azkue Ikastola ireki zen Elkano 6ko etxadian; 1968an ikasle kopuruak gora egin izanaren ondorioz, Gran Via 33ra igaro ziren. Zifrak goraka egin eta 1971-1972 ikasturtean 530 neska-mutil zabiltzaten. Julita zuzendari pedagogikoa zen orduan eta gogor saiatzen zen hezkuntza metodologia berriak ikasi eta aplikatzen.

Julitak Euskaltzaindira jo zuen babes bila, ikastola legeztatzeko urratsak ematen hasi zirenean. Berrojalbizen hitzak jasotzen ditu Gregorio Arrienek Bizkaiko Ikastolak, 1957-1972. Beren hasiera eta antolaketa lanean:

"1965eko azkenaldian egin eta herriaren ezagupidera emon zan Oinarrizko Irakaskuntzaren barriztatzeak, elementu barriak sartu ebazan heziketan. Irakaskuntzea, ordura arte kontrolik bagako sasi itsua zala esan eli. Ikastetxeetan kontrol haundiago izateko asmoz, ziurren, eskolaritate liburua eta oinarrizko ikasketen ziurtapena eskatzen hasi zen Estatua.

(...) Honen inguruan hausnarketa egin, eta beste batzuren eritzia be jaso ondoren, Xabier Peñarena be bai, euskerea lantzeaz arduratzen zan erakunde bakarrera, Euskaltzaindira joatea erabagi neban.

Euskaltzaindiak eskaini euskun laguntza eta babesa, geroari begira, erabagikorra izan zan: Euskaltzaindiko Idazkari lanak orduan egiten zituan Alfonso Irigoien, berehala konturatu zan arazoaren garrantziaz eta bere indar eta eragin guztiekin ikastolea legeztatzeko proiektoa bultzatzen hasi zan; handik aurrera biok joaten ginan zein Diputazinora zein Sánchez Inspektorearekin berba egitera Irakaskuntza Delegazinoara."

Ofizialtasuna lortzean geroz eta ikasle gehiago iristen ziren ikastolara, eta eskaerari irtenbide bat eman behar ziotela pentsatu zuten. Batzuek uste zuten ikastolak erlijioarekin lotuta egon behar zuela, eta Begoñazpi Ikastola jaio zen ondorioz; besteek aldiz, Julita tarteko, ikastetxe laikoa sortzearen alde egin zuten, eta kooperatiba bat eratuz, 1972an jaio zen Laurok Ikastola, Loiun. Julitak ez zuen klaserik ematen baina bere presentziarekin diziplina akademikoa bete zedin gogor egiten zuen. 1975-1976 ikasturtean utzi zuen Lauro ikastolan zeukan zuzendari pedagogiko kargua.

Baina ez zen hor amaitu bere egitekoa eta Bizkaia osoan irekitzeko asmotan zebiltzan ikastolei laguntzen aritu baitzen Julita Berrojalbiz; askoren artean, Algortako San Nikolas, Portugaleteko Astileku, Bermeoko Elizalde zein Zornotzako Andra Mari ikastolak aholkatu, edo andereñoak bilatzen lagundu zien...

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1967an eta ohorezko euskaltzain aldiz, 1998an.