Kontzeptua

Baxenabarreko ihauteriak

Masken etxe kurrida denetan egiten zen, herri xume eta berdin gotorretan. Soinuarekin edo gabe, herriko gazteak ibiltzen ziren etxez-etxe xingar eta arroltze eske. Berekin zeramazten frangotan, Lapurdin bezala, alegiazko esposak, hartza eta bere erakuslea. Maskak egun gizenetan ateratzen ziren, eta dena Haustez edo asteart-ihautez bururatzen zen, lekuka bederen, Zan Pantzarren jujamenduarekin. Joko berezi batzu egiten ziren kari horretarat.

Donoztirin, gizon batek "Martin gizena" panpina bazeraman asto baten gainean, gaztek harrapatzeko gisan. Halaber, Arnegin eta Luzaiden "atxo ta tupina" jokoan, laparrez estalitako ardi larru bat behar zitzaion gazte bateri bizkarretik kendu. Joko hori Baxenabarre osoan hedatua omen zen, bainan 1914 aintzin suprefetak debekatu zuen Frantziako partean bortitzegia zelakotz. Ondorioz, Luzaiden beizik ez zuten beiratu. Donibane Garazin, Zan Pantzarren eguna besta haundia zen. XX. mende hastapenean oraindik, Izpurako soinulariek Adiou praoube San Pantzar doinu kaskoinarekin laguntzen zuten kondenatua, eta alegiazko prokuradore batek (luzaz Sauveur Harruguet huxerra) Pantzart-en kontrako laidoen litanietan euskera, latina, frantsesa eta kaskoina nahasten zituen (Harruguet, 1936). III. Errepublika garaian, Zan Pantzarren auziak politizatzen ziren usu, eta xuri-gorrien arteko lehi bihurtzen, batez ere Donapaule edo Donibanen.