Erakundeak

AZTI Fundazioa

Kostaldeen eta itsas ingurunearen azterketa eta jakintza jartzen ditu ekarpen gisa, horiek beharrezkotzat jotzen bai dituzte ingurunearen garapen jasangarria lortzeko. Ikerketaren bidez, arrantza-jokabide arduratsuekin jardungo duen eta lehiatzeko aukera izango duen flota lortu nahi da, arrantza-jarduera jasangarria izan dadin. Alor horretan AZTIk lantzen dituen gaiak ondorengoak dira:

Kostaldearen garapen jasangarrirako ikerketa aplikatua

Eremu honetan egiten diren lanak, besteak beste, itsas ingurunearen ingurumen-kudeaketa, ingurumen-adierazle berrien garapena (AMBI ©); ingurumen-inpaktua: ingurune naturaleko presio eta inpaktu antropogenikoak ebaluatzeko ereduen eta metodoen garapena; itsas ingurunea eta estuarioak babestu eta berreskuratzea; itsasoko erreserbak adierazteko azterketak; arriskuan dauden itsasoko espezieen azterketak; Ingurumen-segimendurako sareak; ingurumen-inpaktuaren azterketak eta kudeaketako eta lurralde-antolamenduko planak.

Eragitea-ozeanografia

AZTI-Tecnalian, hidrodinamika-, sedimentazio- eta poluzio-prozesuak aztertzen dituzte, eta, horretarako, aldagai ozeanografikoak neurtzeko tresneria aurreratua erabiltzen dute. Tokian tokiko neurketen kalitatea osatzeko, estatistikako eta simulazioko tresna aurreratuak erabiltzen dira, neurketak analizatzeko, ebaluatzeko eta aztertzeko.

Itsasoko prozesuak denbora errealean neurtzeko eta monitorizatzeko sistema eraginkorrak garatzen dituzte, eta horiek zenbakizko aplikazioekin osatzen dira. Aplikazio horiek itsasoaren etorkizuneko portaerari buruzko iragarpenak egiteko aukera ematen dute, eta gizakiaren ekintzek itsas ingurunean sortzen dituzten inpaktuen kudeaketa eta ebaluazio egokiagoa egiten laguntzen dute nabarmen, eta, aldi berean, ustekabeko gertaerak arintzen laguntzen dute, esaterako, hidrokarburoen isurketak.

Arrantza-kudeaketa

Arrantza-baliabideen ustiapen-mailei buruzko txosten zientifikoak egiten parte hartzen dute, agintaritza politikoek kudeaketa-neurri egokiak ezar ditzaten jardueraren jasangarritasuna bermatzeko. Besteak beste, arrantza eta itsaski-baliabideen ebaluazioa, parametro biologikoen azterketa eta espezie komertzialen portaeraren azterketa, arrantza-biologia, ekosistemak, arrantzaren sozioekonomia, kalen segimendua eta stocken biomasa hainbat metodoren bidez (iktioplanktonikoak, akustikoak, optikoak, etab.) zuzenean ebaluatzeko kanpainak burutzen dira.

Itsas Teknologiak

Erauzte-arrantzarekin zerikusia duten proiektuen bidezko ikerkuntza da jardute-eremua, eta proiektuen ezaugarri nagusiak, berriz, sektorearen teknologia-premiei erantzutea eta arrantza lehiakor, seguru eta jasangarria bermatzea. Horretarako, arrantza-aparailuen berrikuntza, Itsas behaketarako teknologia berrien garapena, uretako teknologien berrikuntza, teledetekzioko zerbitzua eta harrapaketen informaziorako sistemak eskeintzen ditu.