Monarkia eta noblezia

Iñigo Iñiguez Arista

Enneko Enekez; Eneko Aritza.

Iruñako lehen erregea eta Erresumaren eta leinuaren sortzailea.

IbnHaiyan historialariaren testu berrien agerpenera arte ezer gutxi genekien Ennekori buruz. Testu berrien arabera Eneko Enekez edota, gauza bera dena, Iñigo Iñiguez deitzen zena dakigu. Egia esan, 812an alaba ezkondu bat izanak 780 edo beharbada arinagoko urteren baten jaio zena uste izatera garamatza. Enekez patronimikoak aurreko beste Eneko baten semea zela adierazten digu. Dena delakoa dela, Rada, Ibn Haiyan eta Meyako Kodexak edo Rodakoak, iruñarren lehen erregea izan zenari buruz bat datoz.

Meyako Kodexa:

"Ordu numerum Regum Pampilonensium, ...nneco cognomento Aresta".

Kodexaren beste toki batean, errege berari buruzko aipamen bat irakur daiteke, bere errege titulua aipatu gabe baina: "...et accepti alia uxor filia de Enneco Aresta." Levi-Provencal eta Garzia Gomezek argitaratutako Ibn Haiyanen testuetan "El Vasco" izengoitiz izendatzen da Eneko, edo nahi baldin bada "El Vascón": "Garsiva ibn Wannako al-Bascunisi". Bere izen eta patronimikoz egile berarengan honako hauxe irakur daiteke: "Amana Wannako ibn Wanniko [Eneko Enekez] Muzaren amaren nebarekin bildu zen...". Aurkikuntza horiek egin zirenera arte Iñigo Jimenez, inolako frogarik gabe, esaten zen. Iñigo Jimenez, bai izan zitekeen Ennecoren aita, bere patronimikoa zein izan zen ez dakigun arren. Baina, gainera, bigarren zerrenda baten buru den Garzia Jimenezen anaia den beste Iñigo Jimenez bat ere badago, biak errege titulurik gabe baina. Edozelan ere, egitateen testuinguruak genealogia hori litekeentzat ematea dakar: Sendia horren jatorriari buruz, Ximenez de Radaren (itzulp.) lekukotza besterik ez dugu:

"....gaztetatik gudetara eta erasoaldietara ohitutako Bigorciako Konterritik gizonezko bat iritsi zen, eta borrokaldietan zuen gogortasunagatik, Arista izena eman zioten."

Arista, egungo grafian Aritzaren pareko da, "Haritza", "Sendoa". Eneko Arista, beraz, jatorriz Bigorriakotzat jo dezakegu.

Zalantza ezina da, baina ez da agiri bidez inoiz azaldu. Dakigun gauza bakarra hauxe da: hamar urte inguru arinago Eneko Aristaren suhia zen Garsea "Txarra"-k Aznar Kondeari beronen Aragoiko konderria kendu zion. 824.urtean Eblo eta Aznar konde frankoek euren inperio-agintea ezartzeko asmoz, frankoen eta menperatutako baskoien gudarosteen buruzagitza izanez Orreagara heltzen dira. Pirinioak gurutzatuz, Iruñan sartu eta hego Baskoniako inperio agintea ziurtatzeko neurriak hartzen dituzte, hau da: Pirinioetatik Tuteraraino. Kronista frankoak ez du kondeek zuten asmoaz inolako azalpenik ematen eta esaten diguna Iruñarako zuten misioa burutu egin zutela baino besterik ez da.

Bertan zer egin zutenaz edo gauzatu zutenaz ez dakigu ezer baina, egia esan, 824an bertan jada ospetsua zen Orreagako pasabidetik berriro igaro ziren. Zisako mendatera heltzean, jada, zalantzarik gabe Eneko "Arista"k, Garsea "Txarra"k eta Muza ben Kasi-k buruzagitutako menditarren enboskada handia jasaten dute.

Arma egitate horretatik dator Eneko "Arista"ren agintepean hiru pertsonaien arteko itun sendoa. Enekok buruzagi baskoiak eta Banu Kasiak ezkontza bidezko aliantza sare korapilatsuz bat egiten jakin zuen. Une horretatik historian hainbeste oihartzun izango zuen Iruñako Erresumaz hitz egiten hasterik dago.

Erresuma berriaren egonkortasuna neurri handi batean Frankoen Inperioak eta banukasi aliatuek babestutako muga musulmanen ziurtasunak bizi zituzten egoeren araberakoa zen. Eneko "Arista"k Iruñatik euskal taldearen zuzendaritza bere hartzen du. 824ko urte zail horretatik aurrera, Iruña izango da euskaldunen hiriburua eta erresistentziaren gune ere. Enekok hurrengoak bezalako arazo asko eta larriak beregain hartu behar izan zituen:

  1. Iruñaren inguruan lurralde desberdinetako euskaldunen batasuna.
  2. Pirinioez bestaldeko baskoien harremanak, hau da, hurbileko eta urruneko Baskoniako kondeen artekoak.
  3. Mendebaldeko mugaren berrezarpena, Arabakoa, Belaskotarrek eta Belatarrek gobernatua.
  4. Banu Kasi familiarekin elkartasuna mantendu eta jada zeuden sendi-lokarriekin sendotu.

Eneko "Arista", horrela, Akitaniako Pipino I-ari aurre eman zion, frankoen boteretik eta musulmanen agintaritzatik ere burujabetzen hasiz. Erresuma berriaren historiak euskal integrazioarekiko prozesua zabaltzen du eta bere euskarria Iruñako hiriburua eta bera inguratzen duten eskualde eta bailarak izan ziren. Horrela burujabetutako lurra, iparraldetik Pirinioetako bailarek babestuta dago eta hegoaldean, ezkontza bidezko lokarriak ezarriz, banukasiekin. Aldiz, mendebaldeari dagokionez, egoera ez da hain garbia: Asturiasko gune integratzailea mugagabe hedatze asmotan dabil, bai godoen inperioa zenetik, egun musulmana, bai euskal lurraldetik zehar ere.

Bere erresuma txikiaren mendebaldetik, asturiarren, frankoen eta banukasien artean egoera latzean aurkitzen ziren arabarren aurka, urtero, musulmanen azeifa arriskutsuak (batez ere udan egiten ziren erasoaldi militarrak) gertatzen ziren. Horrela izan zen, adibidez, 838. urteko erasoaldi musulmana. Bestalde, Iruñako hiriburua, banukasiek Cordobarenganako zuten itun edota asaldurak eragindako gorabeheren arabera aurkitzen zen.

842. urtean, Muzak adierazitako asaldura-jarduerari erantzuna bezala, emirrak indar militar ikaragarria igortzen du buruzagi asaldatua hiltzeko agindua emanez. Harit jeneralak, aginduak betez, Borjan erasoaldia egiten du, menderatuz. Ondoren Tuterari eraso egiten dio, amore emanez, Muzak hiria bertan behera utzi eta Arnedora lehenengo eta gero Zaragozara joanez, baina banukasi buruzagiak bere lehen ahaide eta Iruñako erregearen laguntza aurkitzen du. Elkartasun horren emaitza berehalakoa izan zen. Hariten gudarosteek Iruñako Erresuma inbaditu zuten, Balmako (Sesma) segadan eroriz eta menderatuak izanez, jeneral musulmana bera atxilotua izan zela. Erreinu berriaren guda-estreinaldia izan zen. Bakea etenda, musulmanek lurralde banukasiarrak (Tutera) inbaditu eta hartuz, Iruña aurrean agertzen dira. Jakina, zalantzagabe, emirerriaren gaietan euskaldunak sartu ez daitezen ematen zaien eskarmentua da. Abderraman II.aren gudarosteek hondamena sortzen dute eta iruñatarren erregea menderatzen dute. Une horretatik aurrera azeifak egunerokotu egiten dira.

Erlijio politikak monasterioen eta bere liburutegien eta ikerketen berpizkundea dakar. Frantziako eta Akitaniako erregea zen Carlos Burusoilarekin izandako diplomazia-politika 850. urtean burutzen da. Urte horretan, Induo eta Micio duke nafarren enbaxadoreek Berberie-n (Oise) aurkezten dira, opari baliotsu ugari ekarriz eta, aldi berean, bakea eskatuz. Burusoilaren arreta, abegitsua izan zen, eskatutako bakea emanez. Mediebalistek Induo Enekorekin eta Mizio Tuterako Muzarekin identifikatuz interpretatu dituzte izen horiek. Zer pentsatu ematen du bakea izenpetzeko zioa zein izan zitekeenari buruzko gaiak, Pirinioez bestaldeko lurraldeetan inolako gudaren berrik ez dagoenean, nahiz eta 843an lurralde horietako baskoiak Eneko "Arista"rekin bat eginda zeudela ikusiz.

850ean Albeldako lehen guda gertatu zen; Muzak garaipen handia lortzen du yalaskiyyinak, euskal dukalak, mendean hartuz. Euren lurraldeetara Araba eta Ebro ingurutik eurenak ziren jabetzetatik iristen ziren.

Zahartzaroan, laurogei urte buruan, bere heriotzara arte inoiz bere onera etorriko ez zitzaion paralisia azaldu zitzaion. Datu hori Ibn Haiyanek ematen du, 843ko ekimenean jasandako zaurietatik paralisi hori etorri zitzaion ala ez argitu gabe. Data horietan, iruñar errege bezala, izatez, bere Garzia Enekez edo Iñiguez semea azaltzen da. Litekeena da, Erregea Leireko monasteriora erretiratu izatea, toki lasai eta segurua baitzen, mesede egiten ziona eta, bestalde, euskal monarkiaren jatorria ere izanez. Leire, eta bere Piriniar bailarak, Eneko "Arista"ren bere lehen lurraldeak ziren Erreinuaren jaiotza sortzean. 852koa den agiri batean, aldakia, eta egiazkotasun zalantzaduna, Eneko "Arista"ri ekimen ospetsu batera eta geroztik izan zen Alodia eta Nunilona Ama Birjinei dagozkien gorputzak Leirera eramatera joanarazi zioten, Erregeak berak eta Wilesindo gotzainak une horretan esan zituzten hitzak gogora ekarriz. Dena delakoa dela agiriaren egiazkotasunaz, bertan aipatzen dena zerbait historiko eta egiazkoaren oihartzun zalantza ezina da. Abd al Rahman hil eta Frantziako eta Akitaniako Carlos Bususoila garaile den 852. urtean bertan, Enneko Ennekez "Arista edo Aritza", "Baskoia" ere hil egin zen.

  • ARBELOA, J. Los orígenes del Reino de Navarra. San Sebastián: Auñamendi, 1969.
  • CARRASCO PEREZ, Juan (Koord.). Historia ilustrada de Navarra.1.Edades Antigua y Media. Iruña: Diario de Navarra,1993.
  • Colección Reyes de Navarra. Iruña: Mintzoa, 1986-1994.
  • EGILE UGARI. Enciclopedia de Navarra Temática, vol. VII,1, Historia: Desde la prehistoria hasta 1234, Pamplona: Herper, 1989; VII. Libk.,2, Historia: Desde 1234 hasta 1512, Iruña: Herper, 1989.
  • EGILE UGARI. Gran Atlas de Navarra. Geográfico-Histórico. II. Historia, Iruña: Caja de Ahorros de Navarra, 1986. 269 or.
  • EGILE UGARI. Gran Enciclopedia de Navarra. Iruña: Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1990.
  • EGILE UGARI. Historia de Navarra. Donostia: Kriselu, 1990.
  • ESTORNES LASA, Bernardo. Eneko Arista, fundador del Reino de Pamplona, y su época. Buenos Aires, 1959. 254 or.
  • FORTUN PEREZ DE CIRIZA, Luis Javier; JUSUE SIMONENA, Carmen. Historia de Navarra I. Antigüedad y Alta Edad Media. Iruña: Nafarroako Gobernua, 1993.
  • GARCIA ARANCON, M. Raquel. "Navarra e Iparralde en la Baja Edad Media". Revista Internacional de los Estudios Vascos, 45 libk., 123-196 or., Donostia: Eusko Ikaskuntza, 2000. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • ILARRI ZABALA, Manuel. La tierra natal de Iñigo Arista. Bilbo, 1980. 124 or.
  • ILARRI ZABALA, Manuel. La tierra natal de Iñigo Arista: ensayo histórico sobre los orígenes del primer rey navarro. Bilbo: Deustuko Unibertsitatea, 1980.
  • JIMENO ARANGUREN, Roldan. "Sustrato cultural de la Vasconia altomedieval". Revista Internacional de los Estudios Vascos. 44 libk., 441-454 or. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del reino de Navarra. Nafarroako Aurrezki Kutxa, 1976.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruña: Nafarroako Aurrezki Kutxa-Aranzadi,1972-1973. 3 libk.
  • LEVI-PROVENÇAL, E. "Du nouveau sur le royaume de Pampelune au IXe siècle". Bulletin Hispanique. LV, 1953.
  • LEVI-PROVENÇAL, E.; GARCIA MORENO, Emilio. "Textos inéditos del Muqtabis de Ibn Hayyan sobre los orígenes del reino de Pamplona". Al-Andalus, XIX. 1954.
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "Los núcleos pirenaicos: Navarra, Aragón Cataluña (718-1035)". JOVER, Jose Maria. Historia de España. Madril: Espasa Calpe, 1998. VII t.
  • MARTIN DUQUE, Angel J. "Vasconia en la Alta Edad Media. Somera aproximación histórica". Revista Internacional de los Estudios Vascos. 44 libk., 399-439 or. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1999. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].
  • PEREZ DE URBEL, J. "Lo viejo y lo nuevo sobre el origen del reino de Pamplona". Al-Andalus; XIX, I. Madril-Granada, 1954.
  • RAMIREZ VAQUERO, Eloisa. Historia de Navarra II. La Baja Edad Media. Iruña: Gobierno de Navarra,1993.
  • SANCHEZ-MARCO, Carlos. Historia Medieval del Reyno de Navarra. [Iruña]: Lebrel Blanco Fundazioa, 2005. Kontsulta data: [2011ko apirilak 24].

Nafarroako Erdi-Aroko Historiari buruzko analisi historiografiko bat eta bibliografia ugari hemen aurki daitezke: