Musika taldeak

Agate Deuna

Ageda Deuna orokorki, Agate edo Gadea izenez ere ezagutzen da: Ama Birjina eta martiria. Hagiografiari kasu eginez Sizilian jaio zen 230. urtean. Decioren jazarpenean zehar Palermon bizi zen. Dena den Catanian egin zuten martir (bi herriak Siziliakoak dira). Quincianok berarekin ezkontzea nahi zuen, baina Agatek, kristaua izaki, muzin egin zion harekin ezkontzeari. Hori izan zen, hain zuzen, bere martiriaren arrazoia. 251. urteko otsailaren 5ean hil zen espetxean. Kristauek egun Cataniako katedralak hartzen zuen lekuan ehortzi zuten. Elizak otsailaren 5ean haren omenezko jaialdia ospatzen du.

Abesti eta elezahar ugari dago bere biografia eta zoritxarreko heriotzari buruz.

Jose Maria Iribarrenek ahanzturatik berreskuratutako Nafarroako kantu herrikoi batek hala dio:

"Etsairik gabeko santuen Agate Deun Txit Loriatsua, nola mozten den ogia halaxe moztu baitzizkioten bularrak"; (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Jarraian agertzen den erlijio-erromantzearen azken bi lerroaldetan krudeltasun hori ageri da. Bertsioa Jose Camon Aznarrena da:

"Agueda que no quisiste
a los dioses adorar;
en prueba de tu constancia
las tetas te han de cortar;
y le respondió la santa
con afecto singular;
-que cuerten por donde quieran,
que cuerten si han de cuertar-.

Y le cuertaron las tetas
como aquel que cuerta pan".

Hainbat mendez Agate Deunari dei egin zaio bularretako gaixotasunak sendatze aldera. Ez da harritzekoa inude eta galdatzaileen zaindaria izatea. Suaren eta erreduren aurkako babesa eskatzen zaio eta emakumeek bularretako gaitzen aurkakoa.

Santu hori oso ospetsua izan da Euskal Herrian; horren erakusgarri dira haren omenez eraikitako ermita ugariak.

Gurutze Arregik jaso zuenez, bularretan arazoak zituzten edo esne gutxi zuten Bizkaiko emakumeek Dimako Agate Deunaren ermitara joaten ziren. Gerriko minak izaten zituzten gizonezkoak ere hara joaten ziren babes eske.

Halaber, Bidanian (Gipuzkoa) emakumeak bertako Agate Deunaren ermitara joan ohi ziren, erditze ona eta bularretako gaitzen aurkako babesa eskatuz. Era berean, Soraluzeko Agate Deunaren ermitara (Gipuzkoa) joaten ziren beren haurrei bularra emateko arazoak zituzten amak. Otoitz egin, kandela piztu eta zegokion limosna uzten zuten.

Antzuolako Agate Deunaren ermita oso estimatua da garatxoak sendatzeko ahalmena dela medio. Horretarako, ermita askotan ohikoa den prozedura bat jarraitzen da, hots, txanpon batekin garatxoa igurtzi eta, ondoren, txanpon hori limosna modura utzi, otoitza egin aurretik.

On Joxe Migel Barandiaranek kontatzen zuenez, Alonsotegiko (Bizkaia) Agate Deunaren ermitan santu hori irudikatzen zuen marmol zuriko irudi bat zegoen, burua gorputz-enborretik bereizia zuena. Buruko mina pairatzen zutenak sakristiaren ate batetik sartzen ziren, santuaren burua eskuetan hartu eta beste atetik irteten ziren. Hori hiru aldiz jarraian eginez sendatu egiten ziren.

Resurreccion Maria de Azkuek elezahar hau jaso zuen Barkoxe herrian (Zuberoa):

"Agate Deunaren eguna izan arren, etxekoandreak labea jarri zuen. Katu batek ogi-orearen zati bat jan zion.

- Kendu hortik, katua -esan zuen berak-, eta orduan Agate Deunak bere erantzuna bota zuen:

"Ez naiz katua, bai aldiz Agate Deuna (Ageda), eta atzera begiratu zuen eta, gero etxea sutan zetzala ikusi zuen. Horregatik, Agate Deuna egunez hemen ez zen laberik ipintzen eta, garbiketarik ere ez zen egiten"; (itzulpen moldatua gaztelaniatik)

Urzainkin (Nafarroa), ahuntza bere baratzean azak jaten harrapatu zuen gizonari gertatutakoa kontatzen zen. Makila batekin astintzeko gerturatu zenean ahuntza zutik jarri eta Agate Deuna zela esan zion.

Oraindik orain herri askotan, egun horren bezperan ezkilak sutsuki eta luze jotzen dira, beste edozein jaiegunetan baino nabarmenago.

Mariano Estornes Lasak argitaratu zuenez, Izaban, Erronkariko bailaran (Nafarroa), mutikoek ezkilak jo eta kalez kale ibiltzen ziren eskean, zera oihukatuz: "Agate Deuna harroa eta iharra". Egileak dioenez, oihu horrekin ezkilen soinua antzeratzen zuten.

Arabako zenbait lekutan neskek arratsaldeko ordu bietatik lauetara jotzen zituzten ezkilak eta mutikoek iluntzeko zazpietatik zortzietara eta gaueko hamaiketatik gauerdira arte.

Azkenik, Estornesen arabera, 1933an, artean, Ablitasen (Nafarroa) sutzar txiki bat pizten zen kanpandorrean. Ez da harritzeko kontua, izan ere, guk jakin dugunez, beste leku batzuetan ezkilak jotzeaz arduratzen ziren mutilek gaztainak erre ohi zituzten kanpandorrean bertan. Dirudienez, hori eginda udako ekaitzak baretzea lortzen zuten.

Berriro Resurreccion Maria de Azkue hartuz, Bizkaian Agate Deunaren bezperan parrokia eta ermitetako ezkilak jotzen zirela kontatzen zuen, ilunabarrean hasi eta gauerdira bitartean. Eta, itxura batean, egun horretan (otsailak 4) eskale-multzoak "ibiltzen dira auzo guztietan etxez etxe, ezkilak jotzeaz arduratzen direnentzat dirua jasotzeko".

Antzinako eskeetan eskaleek elikagaiak jasotzen zituzten: arrautzak, lukainkak, etab. Ondoren, askari edo afari legea eginez jaten zuten guztia. Zenbaitetan, neskatoak gonbidatzen zituzten askari edo afari horietara.

Kripanen (Araba) mutilak kapaz jantzita joaten ziren mezara eta egun horretarako alkatea izendatzen zuten eta, baita aguazilak ere.

Agate Deunaren bezperan, hots, otsailaren 4ko ilunabarrean, adin guztietako pertsonak elkartzen dira martiriaren omenezko kopla ezagunak kantatuz bide, auzo eta baserrietan barna ibiltzeko. Jatorriz, gaztaroa berresteko eguna izaten zen. Horrela, Arabako zenbait herritan alkateak aginte-makila gazte bati uzten zion. Hala, egun horretan hura izaten zen agintari nagusia. Bezperan, gauez, ezkilak alaiki jotzen ziren giro pixka bat sortzeko. Eta gonbidapen on batekin ospatu ahal izateko, gazteek eske bat antolatzen zuten, koplari baten laguntzaz egiten zena. Hori da, hain zuzen, tradizio horretatik geratu zaigun azken arrastoa.

Hirurogeiko hamarkadan, gutxi gorabehera, emakumeak era guztietako ekitaldietan maizago parte hartzen hasi zirelarik, eske horren sona nabarmen areagotu zen. Garai hartan, eskean ateratakoa ikastoletara bideratzen zen. Beste zenbait kasutan, preso politiko eta haien senitartekoei ematen zitzaien eskean lortutakoa. Beste batzuetan, aldiz, norbere gozamenerako baliatzen zen lortutakoa edo karitatezko ekintzetara bideratzen zen (babes-etxeetara, zaharren egoitzetara, etab.).

Gaur egun, ohikoa da eskaleek (mutilek) tratularien jantzi tipikoak janztea, hau da, galtza ilun edo milarraiazkoak, blusa beltz handia, txapela eta abarkak. Emakumeak, berriz, baserritarrez janzten dira. Guztiek makila bat eramaten dute eskuan, abestien erritmoari jarraituz lurra kolpatzeko.



Abestiei dagokienez, errepika finko bat dago eta bertsolariak eskea egiten zaion pertsonaren arabera, inprobisatu egiten du. Esangarri da, hori aldatu egiten dela herriz herri.

Hemen Zumarragan jasotako abesti bat jaso dugu:

1. "Zorion etxe hontako denoi
oles egitera gatoz:
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz
ez ta ere oiñetakoz;
baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nai degu gogoz".


2. "Mendi totorrak elurrez zuri
atai aldean laiotza
etxe ontako nagusi jaunak
urrezkoa du biotza.
Santa Agedak kendu digu gaur
eskean hasteko lotsa
dirurik ez bada, berdin zaigu
gizendutako bildotsa".


3. "Zelai erdian loreak argi
larroz krabelin ta lili;
etxe hontako etxekoandreak
Ama Birgiña dirudi.
Etxe honetan urdaiazpiko
asko kakutik zintzilik;
ta lukainka gorriak ugar
poltsa betetzeko guri".


4."Mutil taldea ementxe gaude
danok gazteak eta gai
mundu guztia igaro degu
itsas, lehor, medi, zelai;
Neskats ederrak utzi ditugu
negar malketan gure zain
baiña guk neska denen artean
emengotxe alaba nahi".


5."Aspaldi ontan ura garesti
dabil esne ta ardotan
mahats gutti izan arren, ardorik
ez da falta tabernetan.
Jesusek ura ardotu bazun.
Kanaango eztaietan:
oarain ikasle askarrak sortu
zaizkio ardangeletan".

6."Ura gustatzen zaigu eskuak
ta aurpegia garbitzeko:
baiña napar beltza behar degu
eztarria buztitzeko
txampaña ere edango genuke
norbait balitz emayteko
patarra ez da gaizki etortzen
bizkarreko hotsa kentzeko".


7."Itzal berria zabaldu digu
atari aurreko intxaurrak
abe berriak sendotu ditu
etxeko sakape zaharrak
Senar-emazte gazteak neurtu
dituzte bere indarrak
arto ta gariz beteko dira
aurten mandio baztarrak".


8."Tantai luzeak gerria zuzen
darama zeru aldera
etxe ontako seme jatorrak
ba du maitale aukera
Alaba gazte asko dabiltza
zugatik biotz minbera
mutil zahartuta bizi izteko
Jaunak egiña etzera".


9."Mutil gazteak atean gora
non da etxeko larrosa?
Atera bedi azkar leihora
begiak ditzagun goza.
Eguzki berak ikusi nahi du
horren aurpegi ponpoxa
nere emazte izan nahi balu
betea nuke nik poza".


10."Gau ederrean hilargi inguru
izarrak zeru urdiñean
sukalde ortan amaren albo
aur ederrak jolasean:
Zerua hustu zaigu aingeruz
hoiek emen jaiotzean
Zeruko Jaunak gordeko ditu
gizon egin bitartean".

Bizkaian horrela kantatzen da:

Aintzaldu daigun Agate Deuna
bihar da ba Deun Agate,
etxe honetan zorion hutsa
betiko eu(ki)ko al dabe.

Deun Agatena batzeko gatoz
aurten be igazko berberak,
igaz lez hartu gagizuez ta
zabaldu zuen sakelak.

Zorion etxe hontako denoi
oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.

Ez gagoz oso aberats diruz
ezta ere oinetakoz,
baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera dogu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua doguna.

Orain bagoaz alde egitera
agur dautsugu gogotik;
Agate Deuna bitarte dala
ez eizue izan kalterik... IEUP!!

Eta Karrantzan (G.Arregi. Ermitas de Bizkaia. III. liburukia. 309. or):

1. Buenas noches tenga usted
2. Buenas noches tenga usted
3. Buenas noches tenga usted

Hemos venido a esta casa
para no dejar olvidar
lo que los antepasados
solían acostumbrar.

No venimos por ver chicas,
ni tampoco por bailar,
venimos por longanizas
de la vara a descolgar.

Si va usted a "cuertar" tocino
no se cuerte usted los dedos,
cuerte usted por más arriba,
semos muchos compañeros.

Esta casa, casa blanca,
blanca como una paloma.
Aquí habita un señor cura
Dios le guarde su corona.

  • AGUIRRE SORONDO, Antxon; LIZARRALDE ELBERDIN, Koldo. Ermitas de Gipuzkoa. Donostia: Barandiaran Fundazioa, 2000.
  • AGUIRRE SORONDO, Antxon. Los cultos de dulía, hiperdulía y latría en Gipuzkoa. Donostia: Euskalerriaren Adiskideen Elkartea. LIX libk., 2003 eta LX libk., 2004.
  • ARREGUI AZPEITIA, Gurutzi. Ermitas de Bizkaia. Bilbo: egilearen argitalpena, 1987.
  • AZKUE, Resurreción María de. Euskalerriaren yakintza. Madril: Espasa Calpe, 1959.
  • BARANDIARÁN, José Miguel de. Obras Completas. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1973.
  • GALDOS, Juanjo; MORENO, Óscar; CAMPO, Carlos. Estudio descriptivo del calendario festivo alavés. Argitaragabeko obra.
  • LECUONA, Manuel de. Fiestas populares. Anuario de Eusko Folklore. Donostia: Gipuzkoako Aldundia, 1922.
  • LÓPEZ DE GUEREÑU, Gerardo. Calendario Alavés. Gasteiz: Gasteizko Aurrezki Kutxa, 1970.
  • VORÁGINE, Santiago de la. La leyenda dorada. Madril: Alianza, 1989.