Kazetariak

Arregi Aranburu, Rikardo

Euskal idazle, kazetari eta kultur eragilea. Euskara batuaren bultzatzailea eta helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduaren aitzindaria. 1942ko irailaren 22an jaio zen Andoainen eta 1969ko uztailaren 10ean hil zen auto-istripuz, 27 urterekin.

Hiru urte zituela bidali zuten Sasierrota eskolara eta 1945-1951 urteen artean, berriz, La Sallen ikasi zuen. Jarraian, hamaika urterekin seminarioan sartu zen, Saturraranen egon zen lehendabizi eta Donostian ondoren. Hamar urte egin zituen apaiztegian, hain zuzen, 1962an Filosofiako ikasketak amaitu zituen arte. Orduan seminarioa utzi eta batxilergo ofizialeko azterketak prestatu, gainditu eta Bilbon Ekonomia Zientzietan eman zuen izena.

Klandestinitateko politikagintzan hasi zen 20 urterekin, eta 1964an EGIko kide izatea leporatuta Donostiako Martutene kartzelan lau hilabete egin zituen. Urte hartan euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Ordurako, hasia zen idazten, 1963an ekin baitzion Zeruko Argia, Anaitasuna edota Jakin agerkarietan lanak publikatzeari; 300 artikulutik gora idatzi zituen eta gehienak Zeruko Argian argitaratu ziren, "Erriak eta Gizonak" eta "Nazio arteko unea" ataletan. Agerkari berean sortu zen "Gazte Naiz" sailaren bultzatzailea ere izan zen. Politika gaiak eta nazioartekoak lantzen ziren, batez ere.

Lauaxeta Sariarekin, urteko artikulugile onena izendatu zuten Rikardo Arregi 1965ean.

Halaber, saiakera laburrak ere landu zituen eta Jakin aldizkarian argitaratu ziren; argia ikusi zuten izenburuen artean, Balmes eta Kant, jakinduriaren asieran (1961), Politika estrukturak Europear alkartasunean (1965), Sozialismoa modan dago (1967), Ezkerti berriak (1967) Euskaltzaleen Jainkoa hil behar dugu (1967), Eguzkialdeko haize horiek (1969).

Lur argitaletxeak andoaindarra hil eta gutxira, 1969ko urrian, Politikaren atarian liburua kaleratu zuen. Lan horren harira, Martin Ugaldek, urte bereko abenduaren 7an Zeruko Argian idatzi zuen:

"Emen ageri dira garbi asko bere erriaren utsak betetzeko larritasun gorria, ta eziñegoneko berak maiz aitatzen zuan ernegazio "santifikatua".

(...) Argi aski ikusten zituan arek Euskalerria'ren utsak eta baita gañezka egiten dioten ondakiñak ere. Orrek bultzatzen zuan mutil argi au lanera, ta baita asarrera ere; sekula asarrerik nabaitu ez duten asko izango dira gizonaren eta Jaungoikoaren inpernuan, eta asarreak jotako asko Jaungoikozko ta gure erri-lanetako zeruan. Bere indar onek legezkotzen ditu berak egin izan al ditun utsak; besteok orrenbeste ba gendu!"

Amaitu gabe utzi zituen beste hiru saiakera lan hasi zituen andoaindarrak: Marxismoari sarrera; Balioaren eta plusbalioaren teoria; eta Ezin etsi. Azken hori Joan Mari Torrealdaik moldatu eta Herriaren lekuko izenburupean argitaratu zen 1972an. Hil ostean publikatu zen baita ere, gaztelaniaz idatzita prest zeukan Aspectos de la vida e historia de Andoain (Caja de Ahorros Municipal de San Sabastian, 1970).

Oro har, Arregi pentsalaria zen, eta Patxi Baztarrikak Bidegileak lanean aipatzen duenez:

"Ortodoxia eta dogmakerietatik ihesi bizitu zituen, bada, bere hiru "krisi" nagusiak: fedea marxismoa edo sozialismoa eta abertzaletasuna."

Eta honela jarraitzen du:

"Joseba Arregi Rikardoren anaia eta obraren aztertzaileak esandakoaren arabera, 'Rikardok bere krisia gainditzeko aurkitutako irtenbidea askatasunarena da: bere krisi guztiek askatasunean bukatu zuten'".

Hiru krisien gaineko hausnarketen harira publikatutako Sozialismoa modan dago, Ezkertiar berriak eta Euskaltzaleen jainkoa hil behar dugu dira adibide garbiak.

Rikardo Arregik euskarazko kazetaritza landu zuen gutxik egiten zuten garai batean, nazioarteko gaiei buruz, ekonomiari buruz edota politikari buruz idatziz. Euskara errazean idazten zuen, edo A. Lertxundik 1979an Jakinen idatzitakoaren arabera, euskarari funtzionaltasun bat aurkitzen saiatu zen.

Baina euskaldunon alfabetatzearen beharra ere ikusi zuen Rikardo Arregik, euskaraz jakin arren, hizkuntza horretan irakurtzen zein idazten ez zekiten euskaldun asko zeudela ohartu baitzen. Besteen artean, Euskaltzaindiari alfabetatze saila sortzeko eskaera egin zion; proposamena onartu zuten eta modu horretan eman zituen aurreneko urratsak helduen alfabetatze eta euskalduntzeko mugimenduak. Arregiren eskutan egon zen kanpainaren antolakuntzaren ardura nagusia eta gako bezala gainditu beharreko hiru arazo nagusi nabarmendu zituen: euskara modernorik eza, euskararen batasun beharra eta analfabetismoa.

Alfabetatzearekin erlazionatutako beste behar bat ikusi zuen: euskarazko liburugintza bultzatzeko beharra, eta hiru ardatz finkatu zituen horretarako: dibulgazioko oinarrizko liburuak, itzulpen eta saiakera liburuak, eta literatur obrak. Era berean, euskal idazleek euren elkarte bat behar zutela ere pentsatu zuen Arregik, nahiz eta egungo Euskal Idazleen Elkartea sortu baino lehen hil zen eta ez zuen bere asmoa egia bilakatzen ikusi.

Hogeita zazpi urterekin hil zen, eta euskaltzaleak eginiko lan handia eskertu izan diote modu ezberdinetan. Esaterako, Andoainen bere izena zeraman kultur taldea jardunean egon zen 1977-1980 urteen artean; kale bati bere izena ipini zioten 1979an; 1989an Andoaingo Seme Kutun izendatu zuten. Bestalde, Rikardo Arregi Kazetaritza Saria antolatzen da urtero 1988az geroztik.