Kontalariak

Arana Luzuriaga, Aitor

1963.eko abenduaren 21ean Legazpin (Gipuzkoa) jaiotako idazlea.

Aitor Arana Luzuriaga Legazpin jaio zen 1963an. Hamazazpi urte inguru zituelarik hasi zen bere lehenengo urratsak ematen euskal literaturan, eta harrezkero, ibilbide luze eta oparoa izan du, urterik urte hazten doana.

Bere lan ibilbidea euskal hizkuntzari lotua izan du betidanik. Gazterik, euskara irakasle aritu zen lau urtean zehar, hasieran Legazpiko AEKn eta udal euskaltegian ondoren.

Hastapenetan, hainbat aldizkaritan parte hartu zuen. Sei urtean bere herriko Hots izeneko kultur aldizkarian aritu zen lanean, honen arduradun ere izan zelarik. Honez gain, Xut literatur aldizkarian ere ibili zen.

Hogeita lau urterekin argitaratu zuen bere lehenengo liburua: Azkonarren laguna, (Elkar, 1987). Ordutik aurrera, hamarnaka liburu argitaratu ditu eta, oraindik orain, etenik gabeko ekoizpenean, liburu bat baino gehiago plazaratzen du urtean. Fikzioak hartzen du bere ekoizpenaren zati handi bat eta, batez ere, haur eta gazte literatura landu du: Loaren bidez, (SM, 1990); Afrikako semea, (Elkar, 1991) (2004, Ibaizabal); Jainko txikia, (Elkar, 1994); Ipuin lizunak, (Kriselu 1994); Urtegi misteriotsua, (Elkar;1994) (Ibaizabal, 2004); Ipuin ilunak (Kriselu, 1995); Buztantxoaren larrialdiak (Elkar, 1996); Uxue eta Urtzi (Ibaizabal, 1997); Gaueko ortzadarra (Pamiela, 1997); Nijterida eta Koomori saguzarrak (Ibaizabal, 1998); Herauskorritse (Gero-Mensajero, 1998); Haize gorria (Hiria, 1999); Onan (Txalaparta, 2000); Ipuin-entzulea (BBK Fundazioa, 2000) (Ibaizabal, 2001); Atharratzeko erregina (Hiria, 2000); Josu, Asier eta... (Gero-Mensajero, 2000); Erregina bahitua (Edebé-Giltza, 2000); Amodioaren gazi-gozoak (Ibaizabal, 2001); Historia lazgarria (Euskaltzaindia-BBK Fundazioa, 2001) (Txalaparta, 2002); Hiru istorio bortxazko (Hiria, 2001); Sexuketan (Hiria, 2002); Klaudia eta baloien sekretua (Ibaizabal, 2003); Irunberriko sorginak (Txalaparta, 2003); Bost ahizpa, (BBK Fundazioa, 2003); Lagun mina (BBK Fundazioa, 2003); Azken gurasoak (SM, 2003); Hilerriko mamuak, (Ibaizabal, 2004). Ezohiko ipuinak (Hiria, 2005); Lehenbiziko ipuinak (Hiria, 2005); Ipuin ilunak (Hiria, 2007); Ordaina (Arabako Foru Aldundia, 2008); Xut (Hiria, 2008); Neska-mutil bereziak (Ibaizabal, 2009); Mutiko deabrua (Ibaizabal, 2009); / Hiria 2010); Vampiria (SM, 2010); Santurtziko mamuak (Ibaizabal, 2011); Euli zuria (Hiria, 2012).

Helduentzako zenbait narrazio eta eleberri ere idatzi ditu. 1994an, Ipuin lizunak (Kriseilu) idatzi zuen, ipuin erotikoen bilduma. Hurrengo urtean, Ipuin ilunak kaleratu zuen. Liburu hau hamar ipuinek osatzen dute. Atmosfera ilunean gertatzen dira istorioak; misteriozko hari batez iruten ditu guztiak. Euskal mitologiaren presentzia nabarmena da narrazioetan. Izan ere, "Osin Beltza", "Gauaren alabaren maitalea", "Sorgingaiaren Mendekua" edota "Azken Basajauna" ipuinek euskal tradizioko hainbat pertsonaia ekartzen dizkigu begien aurrera: Sorginak, Lamiak, Basajaunak eta abar.

Arana euskarazko literatura erotikoa gehien landu duen idazleetakoa dugu.

Txalaparta argitaletxearen Literotura bilduman parte hartu du. Honen barruan, Onan (Txalaparta, 2000) argitaratu zuen, gazte homosexual baten inguruko istorioa. Tematika homosexualeko lan ugari egin ditu Aranak. Xut gay aldizkariaren koordinatzaile izan zen. 2005ean Gay hiztegia (Txalaparta) plazaratu zuen. Bertan, homosexualek erabiltzen dituzten hainbat kontzeptu euskaraz nola eman daitezkeen proposatzen du.

1999. urtean Ipuin-entzulea lanarekin Euskaltzaindiaren eleberri saria irabazi zuen. Ibaizabal argitaletxeak 2001ean argitaratu zuen, Gailurrean bilduman sartuz. Istorioan emakume idazle baten bahiketa kontatzen da; bahitzaileak ez du askatuko bere inguruko ipuin bat idatzi arte. 2000. urtean Euskaltzaindiaren eleberri saria eskuratu zuen berriz ere, Historia lazgarria lanarekin, hilerri batean garatzen den beldurrezko istorioa da, 2002an Txalaparta argitaletxearen eskutik argitaratuko zuena.

Sormen lanaz gain, itzultzaile bezala ere ibilbidea egin du Aranak. Hamasei lan ditu itzuliak, euskaratuak gehienak, baina baita erdaratuak ere. Euskara, gaztelania, ingelesa, alemana eta esperantoa bezalako hizkuntzetara itzuli ditu hainbat lan.

Bere lehenengo itzulpena komiki batena izan zen, Frantzisko bihotz onekoa, 1986an euskaratu zuena. Hala ere, 90eko hamarkadatik aurrera hasi zen itzulpengintzan buru-belarri. Haur eta gazte literatura izan da batez ere itzulpengintzaren ardatz nagusia: Bikuñatarrak Legazpiko historian (Kutxa,1991); Ixu, hortzik gabeko marrazoa, (Elkar,1993); Gezi urdina (Elkar,1993); Legazpiko ibilbideak, (Legazpiko udala, 1995); Memorajhoj de euskal bovino, (Asun Iraza SL, 1999); Bervalen gertatuak, (Hiria, 2000); Dracula (bertsio laburra) (Hiria, 2001) (Gero-Mensajero, 2004); Frankenstein (bertsio laburra) (Hiria, 2001) (Gero-Mensajero, 2004); Ganbarako loreak (Gero-Mensajero, 2002); Heroia izan nahi zuen mutikoa, (Ibaizabal, 2002); Nimen uhartea (Ibaizabal, 2002); Oroimenaren azala (Ibaizabal, 2002); Ikastetxe sorginduko misterioa (Ibaizabal, 2003); Magoaren gatibua (Ibaizabal, 2003); Gerrateko ogia (Ibaizabal, 2003).

Euskal Herrian esperantoaren inguruan inon aditurik bada, legazpiarraren izena agertzen zaigu. Gure artean tradizio urria izan duen hizkuntza honen inguruan berebiziko interesa agerturik, bera izan da euskal idazleen artean lan handien egin duenetarikoa. Honela bada, Bernardo Atxagaren Behi euskaldun baten memoriak liburua (Memorajhoj de euskal bovino) itzuli zuen esperantora 1999. urtean.

Euskaltzalea izanik, hizkuntza gutxituen eta hiztun komunitate txikien inguruko kezka azaldu du Aranak, eta munduko hiztun guztiek elkar ulertzeko bidean ere hizkuntza unibertsalaren inguruko jakin-mina erakutsi du aspalditik. Honen adierazle argiak dira esperantoaren inguruan argitaratu dituen lanak, itzulpenetatik testu liburuetara. Adibiderik esanguratsuena, esperantoa euskal hiztunengana hurbiltzeko asmotan, hizkuntza ikasteko liburua kaleratu zuen Esperantoa ikasgai (Hots, 1990).

Beste egile batzuen obrak itzultzeaz gain, aurkako norabidean ere gauza bera gertatzen da, esan nahi baita, bere lanak ere hainbat hizkuntzatan itzuli dituzte, ingelesez, nederlanderaz edota gaztelaniaz, esaterako: 2000. urtean Erregina bahitua itzuli zioten gaztelaniara (La reina dormida); 2001ean Urtegi misteriotsua nederlanderaz itzuli zuten (Het geheim van het meer); 2004an Onan liburuaren izenburu bereko ingelerazko bertsioa argitaratu zuten.

Fikzioaz gaindi saiakeran ere, horrenbeste jorratu ez duen generoa izanagatik, hainbat lan eman ditu argitara, historiaren zein hizkuntzaren gainean. Lehenengoa, Neskea eta Jaungoikoa izan zen (Ibaizabal, 2003), mendebaldeko euskalkian idatzita dagoen liburua dugu honakoa. Hurrengo urtean, Etruskoak. Ziurtasunaren eta zalantzaren artean (Hiria, 2004) izendatutako saiakera historikoa eta BBK-Euskaltzaindia literatura sarien historia (1958-2003) argitaratu zituen. Bi urte beranduago, Aita gurea (Hiria, 2006) plazaratuko zuen.

Aranaren ekoizpenak berebiziko jakin-mina erakutsi du beti euskalkien inguruan. Egilearen beraren euskalki naturala gipuzkera izanik ere, bizkaiera, eta batez ere, Nafarroa Garaiko euskalkiak landu ditu, hainbat liburu kaleratuz, hala nola Izarbeibarko hiztegia, (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2002); Nafarroako ipar-ekialdeko euskara. Irunberritik Aezkoaraino, (Altaffaylla, 2003); Nafarroako euskalkiak. Hegoaldeko goi-nafarrera. Hiztegia (Hiria, 2004). Baina, bereziki landu duen euskalkia aipatu behar bada, zaraitzuera dugu hori. Azken honi eskaini dio arretarik handiena. Zaraitzuko hiztegia (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2001) eta Zaraitzuko euskara (Hiria-Nafarroako Gobernua, 2001) bildu zituen lehenik, eta ordurako desagerturik zegoen euskalki honetako hiztunek utziriko hainbat lekukotasun bilduko zituen ondoren, Zaraitzuera. Irakurgaiak (Hiria, 2004) bilduman.

Aranaren literatur ekoizpen oparoak aitortza zabala izan du; horren erakusle dira bere lanek eskuratutako hainbat sari. 1987an Bilintx narratiba saria irabazi zuen. 1989 eta 1990 urteetan, Baporea saria lortu zuen. 1999an Resurrección María de Azkue narrazio lehiaketan garaile izan zen, bai eta Txomin Agirre sarian ere, hiru aldiz irabazi duena, 1999, 2000 eta 2002 urteetan. Azken urte horretan, Toribio Altzaga antzerki saria eta Baporeak antolatutakoa ere eskuratu zituen. 2003an, Vitoria-Gasteiz itzulpen saria haur literaturaren sailean eta Liburu Gaztea. 2004an Bilbao Bizkaia Kutxak antolatutako narrazio lehiaketa irabazi zuen. Azkenik, 2009 urtean, Irun Hiriko Kutxa Literatur Saria lortu zuen, Euskarazko Eleberria sailan.