Arkitektura

Andre Maria eliza. Zangoza

Erdi Aroko zubiaren ondoan dago, Kale Nagusiaren bukaeran, Jakatik Compostelaraino zihoan erromesen galtzadan. Zangozako elizarik zaharrena da, hasiera batetan XI. mende bukaeran Antso Ramirez erregeak zubiaren ondoan eraiki zuen jauregiko kapera bezala sortu zelako. Gaur egungo fabrikari dagokionez, garai ezberdinetan eraiki zuten, baina bere jatorria 1131. urtean koka daiteke, Alfontso I.a Borrokalariak eraikina Jerusalengo San Joanen ordenari eman zionean. Garai honetakoak izango lirateke Jakako katedralaren eragina erakusten duten hiru abside erromanikoak, leiho erromanikoekin eta labe gangekin. Bigarren une batetan, XIII. mende hasieran eta estilo protogotikoan, transeptua eraikiko zen, baita hiru nabeek jaso zituzten gurutze-itxurako pilareen gaineko gurutze gangak, eta Kale Nagusira irekitzen den transeptuaren atea. XIII-XIV. mendeetan azken bultzada bat koka daiteke, guztiz gotikoa dagoeneko. Une honetan zinborio-dorrea eraiki zuten, kruzeroaren gainean, oinplano oktogonalarekin, tronpen gainean egina eta ganga nerbiodun batekin estalita. Leiho gotikoak daramatza, eta goialdean terraza almenaduna eta xapitel altu piramidala du. Erdi Aroko fabrika honi bi kapera gehitu zitzaizkion iparraldeko murruan. Lehengoa San Migelena da, gotikoa, errege-kapera izan zen garai batetan. Hiru ataletan banatua dago, horietako bat kanoi gangarekin estalita, beste biek gurutze gangak jaso zituzten bitartean. Beste kapera Remirez de Arellano familiakoena da, oinplano karratukoa eta XVI. mendeko ganga izarratu batekin estalita.

Kale Nagusira irekitzen den portada da, zalantzarik gabe, eliza honen osagairik garrantzitsuena. Izan ere, Nafarroako erromanikoko ate hoberena kontsideratzen da, eta Iberiar Penintsulako aipagarrienetako bat. Maisu ezberdinen lana sumatzen da, eta badirudi egin eta gero, behar bada XIII. mende hasieran, birmuntatu zela lehengo eskultura zaharrak aprobetxatuz. Kronologikoki, lehen lanak San Juan de la Peñako maisuak egingo zituen. Figura hauek hieratikoak dira, arroparen tolesturak sinple eta linealak dira, aurpegiak nahiko karratuak, eta maisu honen aurpegietan tipikoak diren euli-begi haziak ikusten dira. Berak egin zituen goiko bi arkuterietan ikusten den apostolatua. Beste maisua aurreratuagoa da, segur aski Frantziatik iritsi zen, eta Chartreseko jatorrizko katedral erromanikoaren eskultura ezagutzen zuen, ate-zangoetan dauden zutabe-eskulturek hango eragina erakusten dute eta. Maisu honek egin zituen tinpanoa eta ateburua ere.

Atea abozinatua da, bost arkiboltekin, eta duen profil zorrotza XIII. mendeko muntaian eman zioten segur aski. Arkiboltak lehen aipaturiko zutabe-eskulturen gainean doaz. Oso kanon luzearekin egina daude, eta ezkerraldean Hiru Mariak agertzen dira. Erdikoa Amabirjina da, eta eskuen artean liburu bat darama, irekita, non honako inskripzio hau irakur daitekeen: "MARIA MATER DEI. LEODEGARIUS ME FECIT". Epistolaren aldeko eskulturak maskulinoak dira berriz, San Pedro, San Pablo eta Judas. Azken hau lotuta eta urkatua agertzen da, eta bularrean honako testu hau darama: "IUDAS MERCATOR". Kapitelak kalitate onekoak dira, figuratiboak, eta Deikundea eta Ikustaldia, Aurkezpena tenpluan eta Salomonen epaiketa bereiz daitezke, bestelako landare-apaindura ezberdinen artean.

Arkiboltetan figura guztiak arkuen luzeran kokaturik daude, eta gai ezberdinak agertzen dira, hala nola patriarkak, profetak, itsasneskak, animali eta hegaztiak, akrobatak eta bekatuen eta ogibide batzuen irudikapenak. Ateburuan arkuteria bat dago, Amabirjina eta Haurra erdian duen apostolatu batekin. Ateburuaren azpian eta hausturak ekiditeko, ahari bat eta ahoan gizaki bat eta arrain bat daraman munstro bat zizelkatura daramaten bi mentsula daude. Tinpanoan Azken Epaiketa irudikatu zuten. Erdian, bedeinkatzen eta liburu batekin eskuan Pantokrator bat dago, eta bere inguruan lau aingeru tronpetadunak azaltzen dira, munduaren amaiera iragarriz. Epailearen eskuinean salbatutakoak daude, bi erregistrotan kokatuta, eta ezkerrean kondenatutakoak, hankak dardarka dituztela munstro batek jan behar dituelako. Gertu, San Migel aingerua epaitutakoen arimak pisatzen dago, Egipto zaharreraino iritsiko litzatekeen tradizio luzeko ikonografia jarraituz.

Atearen arku-sailetan bestelako figura asko agertzen dira, desordenaturik eta logikarik gabe. Segur aski jatorri ezberdineko irudiak dira, eta bereiz ditzakegu narrasti batzuk, lizunkeriaren sinboloa den suge baten hozkada jasotzen duen emakume bat, zezen hegadun bat, arranoa, desagerturiko Tetramorfos baten puskak, Adan eta Eba, azpian irudi biluztua daraman zaldun bat, Kain eta Abel, eta Sigourden Europako iparraldeko kondairarekin erlazionaturik dauden hainbat irudi, Donejakue bidetik iritsita beharbada. Guztietatik ospetsuena eta ezagunena Regin izeneko arotzarena da. Atearen bi alboetan dauden kontrahormetan beste irudi batzuk daude, hala nola giza irudi baten gainean dagoen lehoi bat, Kristo eserita, hiru apostolu eta Hiru Mariak Hilobi santuaren aurrean. Teilatu-hegalean dauden mentsuletan animali ezberdinak ikus daitezke, eta gizaki bat pikotxean.

Atearen gainean bigarren apostolatu bat dago, arkuteria batetan kokatuta eta bi erregistrotan jarrita. Erdian, Pantokratorra agertzen da berriro, Tetramorfos batekin.

Barnealdean, presbiterioan Andre Mariaren erretaula nagusia dago, XVI. mendekoa. Traza zuzena du, bankuaren gaineko hiru kaleko bi gorputzekin. Irudigintzari dagokionez Lau Ebanjelariak, Deikundea, Ikustaldia, Jaiotza eta Epifania ikus daitezke, guztiak Errenazimendukoak, gehi XVIII. mendeko Jasokunde bat eta, bereziki, Rocamadoreko Amabirjina izenekoa, XIV. mendekoa eta gotikoa. Zilarrez estalita doa, eta Nafarroa osoan eragin oso handia izan zuen Mariaren irudia dela esan ohi da. Alboko absideetan, berriz, XV. mendeko San Blasen eskultura gotikoa dago, eta XVII. mendeko Gurutziltzatu barroko bat.

Tenpluaren Ebanjelioaren aldeko murruan bataiarri bat dago, Arellanotarren kaperan Pietatearen erretaula barrokoa, eta San Migelen kaperan Pilaren erretaula dago, barrokoa ere. Ebanjelioaren aldean, Xabierko San Frantziskoren erretaula aurki daiteke, modernoa eta 1925an egina. Sakristian, azkenik, beste irudi batzuk aurki daitezke, baita urregintza lan batzuk ere.