Kontzeptua

Euskal literaturaren kritika gay eta lesbiarra

Ikerketa gay eta lesbiarrak postestrukturalismoaren eta ikasketa kulturalen testuinguruan sortu eta garatu ziren 1970eko hamarkadatik aurrera. Diziplina arteko ikasketa hauek askotariko diskurtsoen analisia izan dute xede (diskurtso politikoak, sozialak, literarioak...). Literatur kritika gay eta lesbiarraren asmoa izan da literaturaren historiek eta kanonak ezkutaturiko literatur testuak nahiz egileak bistaratzea, eta baita gay eta lesbianen irudikapen literarioak aztertzea ere teorizazio berrien argitan, tradizio literario bat eta identitate bat identifikatzeko xedez (Selden, Widdowson, Brooker 2001).

Euskal literatur kritikari dagokionez, bakanak dira teoria gay, lesbiko edo queer-aren ikuspegitik eginiko irakurketak. Joseba Gabilondok 1990eko hamarkadan argitaratutako hainbat artikuluk zabaldu zuten bide hau euskal literaturaren gaineko kritikan (2006an liburuan euskaraz jasoak). 2000tik aurrera testuinguru ez-akademikoan homosexualitatearen irudikapen literarioa hizpide hartu bada ere (mahai-inguru, hedabide, ikastaroetan) 2010ean argitaratutako Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz saio kolektiboa da homosexualitatearen irudikapen literarioaz arduratzen den lehen kritika-lan monografikoa.

Azken hamarkadako kritika-lan horiek heterosexualitateaz besteko literatura euskaldunaren tradizioa irudikatzen lagundu dute, nagusiki kanonetik kanpoko hainbat narratiba-lan kritikaren erdigunean jarriz, eta pertsonaien analisia ardatz hartuta. Bakanagoak izan dira bestelako literatura-lanak ikuspegi gay, lesbiko edo transgenerotik berrirakurtzeko proposamenak, izan badiren arren: Lauaxetaren poemen gay irakurketa iradoki du Rikardo Arregik (2010), tradiziozko baladen interpretazio lesbiarra Josune Muñozek (2010), edo Katalina Eleizegiren Erauso Katariñe antzezlanaren transgenero-interpretazioa Amaia Alvarez Uriak (2011).

Harreman lesbiarrak irudikatu dituen literaturan ohikoa izan da emakume gazte baten eta hura limurtzen duen emakume helduaren arteko harremanaz diharduen narratiba (Alvarez Uria 2010). Ildo horretan kokatzen dira euskarazko lehen narrazio lesbiarra, hots, Arantxa Urretabizkaiaren Aspaldian kontakizuna (Aspaldian espero zaitudalako ez nago sekula bakarrik, 1984), Xabier Montoiaren Emakume biboteduna (1992) laneko Barregilea ipuina edo Eider Rodriguez-en Apur bat zoroa narrazioa (Haragia, 2007). Uxue Apaolazaren Mea culpa (2011) eleberrian, bestalde, senarra hil ostean, lesbiana gisa bere burua aitortuta bizimodu berri bati ekiten dion emakume adinekoa da pertsonaia nagusietakoa.

Ohikoak izan dira, orobat, harreman lesbiarren irudikapenetan, gizon heterosexualaren begiradatik egindako irudikapen erotikoak (Alvarez Uria 2010). Voyeur heterosexualaren ikuspegitik kontatzen da emakumeen arteko sexua, esaterako, Edorta Jimenezen Speed gauak (1991) eleberrian. Txanogorritxoren ipuineko otsoa bihurtu zuen voyeur, bestalde, Jasone Osorok Txanogorritxuren inozentzia ipuinean (Tentazioak, 1998). Harreman lesbiarra kanpotik behatzen duena haur bat da, aldiz, Katixa Agirreren Festa-gonbidatuak narrazioan (Sua falta zaigu, 2007).

Detektibe lesbianarena da mendebaldeko nobelagintzan ohikoa den beste irudikapenetakoa. Itxaro Bordak sortutako Amaia Ezpeldoi detektibea eta haren inguruko pentalogia tradizio horren baitan kokatzen da. Bakean ützi arte (1994), Bizi nizano munduan (1996), Amorezko pena baño (1996), Jalgi hadi plazara (2007) eta Boga boga (2012) nobelek osatzen dute saila, eta bertako eleberri guztietan Amaia Ezpeldoi detektibeak desagerpen-kasu bana ikertu beharko du, hainbat gizarte-arazoren oihartzunak jasoz. Eleberri horien bidez, euskal naziotasun hegemonikoari kritika egiten die Bordak, eta periferiatik bestelako naziotasun bat proposatzen du, begirada lesbikoa erdigunean jarrita (Gabilondo 2006, Retolaza 2010, Lasarte 2010b). Dena den, Itxaro Bordaren narraziogintzan zein poesian zehar etengabea da begirada lesbiarra, 1986an Maiatz aldizkarian argitaratutako Klara eta biok ipuinetik hasita.

Harreman lesbikoak irudikatu dituzten nobelagile eta ipuingileek maiz Euskal Herritik kanpoko espazio diasporikoak hautatu dituzte harreman horiek kokatzeko (Lasarte, 2010b). Laura Mintegiren Nerea eta biok (1994) nobelan, hala, unibertsitateko irakasle baten eta Parisen preso dagoen Nerea ikaslearen arteko gutun-harremanaren bidez irudikatzen da harreman lesbiko anbiguoa. Julen Gabiriaren Connemara gure bihotzetan (2000) nobelan, mutil batek hil berri zaion neskak Irlandan izandako amodio lesbiarraren berri jakiten du haren egunerokoaren bidez. Renoko lesbianen club bat du kokaleku, bestalde, Javi Cillero-ren Ero hiria (2006) bildumako ipuin batek.

Patu tragikoa eta tremendismoa dituzte ezaugarri komun gay pertsonaiez diharduten lehen euskal eleberri eta kontakizunek (Arregi 2010). Iñaki Mendigurenen Haltzak badu bihotzik (1990) eleberrian irakasle baten eta bere ikasle nerabearen arteko ezinezko amodio istorioa da ardatza. Barne-homofobiak eta soldaduskak ezarritako kanpo-indarkeriak, maskulinotasunaren arauak bortxaz ezarri eta protagonistaren heriotza dakarte.

Askotariko biolentziaren pairatzaile eta eragile da, era berean, Bernardo Atxagaren Itzultzaile bat Parisen narrazioko protagonista homosexuala. 1996an zuzeneko emanaldietan irakurritako narrazioa da, euskaraz argitaratu ez zena (bai, ordea, katalanez eta gaztelaniaz). Gabilondok aztertu duenez, "bestea"rekiko desira eta biolentzia ardatz berean konbinatzen ditu narrazioak, eta subjektu maskulino nazionalista legitimatzen (Gabilondo 2006: 194). Bestearekiko desira eta indarkeria batera doaz berriro Xabier Montoiaren 1997ko Gasteizko hondartzak bildumako lehen ipuinean. 1937an Gernika bonbardatuko zuen gazte alemaniar batekin maitemindutako mutikoa du, izan ere, protagonista Ikatza bezain beltz kontakizunak.

Gizonezko homosexualen inguruko narratibak, bestalde, tradizioaren eta modernitatearen arteko talkak irudikatu ditu sarritan, eta baita hiriaren eta landa-eremuaren artekoak ere. Daniel Landarten Batita Haundia (1994) nobelak Ipar Euskal Herriko nekazari-giroko testuinguruan arakatzen ditu gizarteko tabuak, adulterioa eta homosexualitatea, nagusiki (Olasagarre, 2010). Pako Aristik Urregilearen orduak (1998) nobelan, bestalde, landa-giroko herri baten historia bildu zuen. Modernotasunaren eta tradizioaren arteko gatazken ispilu da bikote homosexual batek herrira dakarren haustura.

Aitzitik, uztarketa horren aukera ukatzen du Juanjo Olasagarreren Ezinezko maletak nobelak (2004), protagonista herritik atzerriko hirira eramanaz. Gay pertsonaia nobelaren erdigunean kokatuz, nazio- eta gay- identitateen gaineko hausnarketa sakona proposatzen du eleberriak, 1980ko hamarkadako Euskal Herria eta Londres garaikidea kontrajarriz. Gay identitatea posizio politiko gisa hartzen da eleberrian eta bertatik egiten zaio kritika nazio identitate hegemonikoari (Egaña, 2010).

Beste hainbat narraziok ere atzerrian eta testuinguru globalean kokatu dituzte gay pertsonaiak: estreinakoz 1992an argitaratutako Joseba Gabilondoren Madril New York Tokyo ipuinak (Apokalipsia guztioi erakutsia, 2009) hiru hiri horien artean kokatzen du kutsu futuristako kontakizun globala. Irati Jimenezen Bat, bi, Manchester (2006) nobelak, bestalde, ezinezko maitasun homosexuala irudikatzen du, Manchesterren bizi diren bi mutil euskaldunen artean (Ayerbe, 2010; Arregi, 2010).

Narratiba-lan zenbaitetan pertsonaien homosexualitatea kontakizunak deskubrituko duen egia enigmatikoa da (Ayerbe, 2010). Hainbat polizi eleberrik ustiatu dute bide hori: ikerketa polizialak argitzen dituen egien arteko bat da pertsonaien gay izaera. Aingeru Epaltzaren Rock'n'roll (2000), Hasier Etxeberriaren Mutuaren hitzak (2005) edo Jon Arretxeren Morto Vivace (2007) nobela dira horren erakusgarri. Ur Apalategiren Gure gauzak S.A. (2004) eleberrian testuinguru akademikoko ikerketa batek ematen du parada pertsonaia baten ezkutuko sexualitatea bistaratzeko.

Azken urteetako zenbait eleberrik, pertsonaien balizko homosexualitatearekin jolasten dute, hura inplizituki iradokiz baina azken hitza irakurlearen esku utziz, Mikel Ayerbek ikertu duenez (2010). Jokin Muñozen Antzararen bidea (2007), Mikel Peruarenaren Ez obeditu inori (2009) edo Bernardo Atxagaren Zazpi etxe Frantzian (2009) nobeletan, esaterako. Ipuingileek ere baliatu dute narratiboki pertsonaien homosexualitatea ustekabeko amaierak sortzeko eta irakurlea harritzeko. Iban Zaldua, Patxi Iturregi edo Katixa Agirreren ipuinak dira joera horren lekuko.

Bakanagoa izan da gayei buruzko euskal narratiban erotismorako joera, nahiz eta euskarazko gay narratibako lehen lanetarikoa Karlos Santiestebanen kontakizun erotiko-pornografiko bat den, Uda baten amodio zoroa liburuan jasoa (1986). Aitor Aranak jorratu ditu gehien gay erotismoaren eta pornografiaren bideak, Onan (2000) edo Dorian Grayren egiazko erretratua (2011) nobeletan, besteak beste.

Isidro Rikarteren Rakel Beaumont narrazio luzea da pertsonaia transexual baten gainean eraikitako euskal kontakizun bakanetakoa, kutsu enigmatiko eta tragikoduna, Desioaren hiria bilduman jasoa (1998). Emakume "osoa" izateko Rakel transexualak daraman borroka kontatzen du liburuak; amets hori lortzear dela sortuko zaizkio arazoak. Amaiera bi eskaintzen ditu Rikartek nobelan: batean, naturak berak gain hartzen dio Rakeli, "egiazko" emakume izatea oztopatuz; bestean, emakumetasun beteagatiko lehiak berak hiltzen du pertsonaia.

Karlos Gorrindoren Ni naizen hori (1994) eleberriak Bilboko gaueko giroan kokatzen du Marilin pertsonaia transgeneroa eta haren emakume bilakatzeko prozesua. Nazio borroka eta beste identitate-borrokak uztartzeko ahalegina da eleberria, izan ere, Marilinek etakide bati emango dio aterbe, emakume bihurtu ostean zaintzaile-rola bereganatuta.

Queer teoria eta kritikak identitatearen afirmazioa bainoago, identitatearen eta generoaren inguruko diskurtsoak ezbaian jartzea du xedeetako bat (Córdoba, Sáez, Vidarte 2005). Itxaro Bordaren Ezer gabe hobe (2009) nobela da ikuspegi horretatik idatzitako euskal literatur lan bakanetako bat. Muga hartzen du eleberri horretan Bordak ardatz gisa, migratzaile ilegalak izanik protagonista, eta fronteraren inguruan harilkatzen du identitateen inguruko diskurtsoa. Generoaren berrirakurketa eta deseraikuntza da eleberriaren diskurtso politikoaren zutoin nagusietakoa eta queer teoriaren edo postfeminismoaren ekarriak bere egiten ditu. Bide beretik, Uxue Apaolazaren Umeek gezurra esaten dutenetik (2005) liburuko Bueltak kontakizunean proposatzen den genero deseraikuntza aztertu du Kattalin Minerrek (2010).

Narratiban bezala, poesian ere Itxaro Bordarena da poesia lesbiar euskaldunari egindako ekarpen garrantzitsuena, lehen poema-liburutik hasita (Bizitza nola badoan, 1984). Ibai Atutxak dioenez, Bordak bere poesian mugako identitate lesbiar hibridoa sortzen du, askotariko erreferentzia kulturalak uztartuz eta bazterreko euskalkiak baliatuz. Gorputzari buruz mintzo den ahots poetiko sentsuala da Bordarena, gutasun lesbikoa sortzen duena, ahizpatasun kontzeptuaren inguruan (Atutxa, 2010).

Gay poesiari dagokionez, tradizioa euskarara ekartzeko ahaleginak egin dira azken urteetan: Rikardo Arregi Diaz de Herediak hainbat poeta gay europarren poesia itzuli du Volgako Batelariak aldizkari elektronikoan; era berean, Angel Errok Grezia klasikotik gaur egun arteko gay poesiaren antologia prestatu eta itzuli zuen (Erro, 2010). Tradizio klasikoa iturri garrantzitsua izan da, halaber, euskarazko gay poesia idatzi dutenen artean, Rikardo Arregi Diaz de Herediaren eta Angel Erroren poesian, esaterako. Bestetik, Juanjo Olasagarreren lehen poema liburuak desio homosexualaren gaineko bilaketa zuen oinarri (Gaupasak, 1991); Bizi puskak (1996) eta Puskak biziz (2000) liburuetako poesia narratiboan, aldiz, homosexualitatearen gaineko gogoetak txertatu zituen, askotariko pertsonaien ahotsetan.

Narratibaz eta poesiaz kanpo generoetan ere egin da homosexualitatearen inguruko lanik euskal letretan. Iñigo Lamarcaren Gay nauzu (1999) kontakizun autobiografikoa homosexualitateaz esplizituki lehen pertsonan eta euskaraz idatzitako estreinako lana izan zen eta oihartzun zabala izan zuen. Orobat, aipatzekoak dira Aitor Aranak gauzatutako hainbat egitasmo: Xut aldizkari gay erotikoa (1992-1996), Gay hiztegia (2005) edo Komiki gay eta lesbikoa Euskal Herrian bilduma (2005).

  • ALVAREZ URIA, Amaia. "Irudiak. Lesbianismoa euskal ipuingintza garaikidean". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 138-149 orr.
  • ALVAREZ URIA, Amaia. Genero eta nazio identitateak Katalina Eleizegiren antzezlanetan. M. J. Olaziregi (zuz.). Doktoretza tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila, 2011.
  • ARREGI DIAZ DE HEREDIA, Rikardo. "Aspaldiko hitzaldi bat gogoan". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 43-58 orr.
  • ATUTXA, Ibai. "Itxaro Borda bestaldetik: mugako identitate baten sorrera" EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 231-248 orr.
  • BORDA, Itxaro. "Gaiaren minean". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 317-334 orr.
  • CÓRDOBA, David, SÁEZ, Javier, VIDARTE, Paco (ed.). Teoría queer. Políticas bolleras, maricas, trans, mestizas, Madril: Egales, 2005.
  • EGAÑA, Ibon. "Maletak ezinbestean. Identitate gatazkak Ezinezko maletak nobelan". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 249-276 orr.
  • ERRO, Angel. "Anatomy lecture". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 15-40 orr.
  • GABILONDO, Joseba. Nazioaren hondarrak. Euskal literatura garaikidearen historia postnazional baterako hastapenak. Bilbo: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2006.
  • LASARTE, Gema. "Geografiak. Harreman lesbiarrak nobelagintzan: Nerea eta biok eta Connemara gure bihotzetan. EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010a. 119-124 orr.
  • LASARTE, Gema. Pertsonaia protagonista femeninoen ezaugarriak eta bilakaera euskal narratiba garaikidean. Doktoretza tesia. Euskal Herriko Unibertsitatea. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Saila, 2010b.
  • MINER, Kattalin. "Sexua eta generoa. Genero eta sexualitate baten gizarte eraikuntza literaturan". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 249-276 orr.
  • MUÑOZ, Josune. "Begiradak. Baladak eta lesbianismoa, a ze parea..." EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 104-118 orr.
  • OLASAGARRE, Juanjo. "Dragak konfesionarioetan. Batita Haundiaren irakurketa bat." EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 195-230 orr.
  • RETOLAZA, Iratxe. "Begirada lesbiarrak Itxaro Bordaren nobelagintzan". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 125-137 orr.
  • SAREINAK (2010). "Milia balitz lamia... Lesbianismoa eta euskal literatura". EGAÑA, Ibon (koord.). Desira desordenatuak. Queer irakurketak (euskal) literaturaz. Donostia: Utriusque Vasconiae, 2010. 87-103 orr.
  • SELDEN, Raman, WIDDOWSON, Peter, BROOKER, Peter. La teoría literaria contemporánea. 3. ed. Madril: Arial, 2001.