Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

Hego Euskal Herrian euskaraz aritzeko debekua ezarri zuen frankismoak eta horren ondorioz euskarazko lanen kopurun koa murriztu zen; gainera, nabarmendu behar da argitaratu ziren horietako hainbat obra irakurleengandik urrun kaleratu zirela: Parisen, Hegoamerikan, erbesteratuen kolonietan. Izan ere hegoaldean 1948a arte ez zen argitaratu euskarazko obrarik batere umeei zuzendua, eta estreinako obra horiek erlijio liburuak izan ziren (Iesu Aurraren Bizitza, 1948; Haurren Eliz-liburutxoa, 1949, edo Kristau-Ikasbidea Bertsotan, 1950).

Tarte horretan kaleratutako idazlan urrien artean aipatzeko dira bi lan, bata poesia liburu bat (Haur elhe haurrentzat, 1944), Nafarroa Behereko Oxobik idatzia, eta bestea, argazki handiak dituen ipuin bat, Leoi-kumea, (badirudi liburu ilustratu baten itzulpena edo bertsio librea dela) 1948an Parisen bizi zen Orixek idatzi zuena, Eusko Jaurlaritzak enkargatuta.

Purra purra50eko hamarkadaren hasieran baina aldaketa batzuk gertatu ziren, erregimenak ez zuen egoera hain estuki kontrolatu beharrik eta nazioarte mailan ere errekonozimendua izateko (gerla handiaren ondoren) irekidura baten aldia izan zen. Garai horretan hainbat idazlan (sarritan idazleak berak bultzatuak, beste zenbaitzuetan Euskaltzaindiaren babespean) plazaratu ziren, hala nola Jon Etxaideren Alos-Torrea (1950) eta Purra! Purra! (1953), Svensson jesuitaren Noni eta Mani (1952) liburuaren itzulpena, Plazido Muxika jesuitak egina; eta umore kutsuko Pernando Plaentxiatarra (1957), Ipuin barreka (1958) edo Zirikadak (1958) istorio bildumak.

Garai honetako idazlanen artean aipatzekoa da Jose Antonio Loidiren Amabost egun Urgain'en, Euskaltzaindiaren saria irabazi zuen nobela poliziako hori baitugu erdaratu den lehen euskal liburua. Helduentzat izanik, gazteek bere egin duten nobela hau 1958an argitaratu zen El Bidasoa aldizkarian eta hiru urte geroago katalaneraz liburu gisa.

Egoera literarioa (eta politikoa) Euskal Herrian aldatzen ari zen garai horretan argitaratu zen haurrentzako lehen euskal aldizkaria: Umeen Deia; lau orrialdeko argitalpena Nafarroako erakunde ofizial batek (Vianako Printzea) diruz lagundua eta 65 zenbaki argitaratu ondoren, bere sortzailea hiltzearekin batera desagertu zena.