Kontzeptua

Euskal haur eta gazte literatura

Mende honen hasieran Euskal Herriko eskola elebidunak hasi ziren sortzen, eta horrekin batera euskarazko materialen beharra ere bai. Honen ildotik haurrentzako argitalpen sail batzuk argitara eman ziren; horien artean azpimarratzeko modukoa dugu Lopez de Mendizabal tolosarrak eginiko ekarpena, lehen hiru hamarkadetan haurrentzako hainbat irakurketa eta testu liburu argitaratu baitzituen. Liburu horiez gain, haurrentzako zenbait erlijio liburu ere plazaratu ziren, baita herri ipuinak ere, bai eta euskaraz idatzitako lehen haur antzezlana ere.

1914an Bilboko Grijelmo argitaletxea haurrentzat literatur balio gutxi-asko zuten obrak argitaratzen hasi zen. Jon Gauzekaitzek hiru lan argitaratu zituen "Umientzako ipuiñak" izenpean; eta haurrak protagonistak diren honetan, egilea saiatzen da Sabino Aranaren ideia abertzaleak bideratzen. Margarite'ren ames ixukorra (1914) ipuinean, esaterako, protagonistaren sentimendu nazionalistak garrantzitsuagoak dira bestelako kontuak baino.

Dar-dar. Txiki

Kutsu ideologiko nazionalista hori beste obra batzuetan ere agertzen da, eta horrekin batera baina garbiago oraindik ere, irakasteko gutizia: Ipuin laburrak umetxoentzat (Garitaonandia, 1922) ipuinean ikus daitekeen bezala eta, batik bat, euskarazko lehen antzezlana den Nekane edo Neskuntzaren babesa (Tene Mujika, 1922) -Nekane edo ama birjinaren babesa-.

Erdaraz lehenago gertatu legez, euskal literaturan ere gazteek bere egin zituzten XX. mendearen hasieran argitaratutako hainbat liburu eta gaur egun Haur eta Gazte Literaturako bildumetan aurki ditzakegunak: Abarrak (Kirikiño, 1918) eta Pernando Amezketarra (Gregorio Mujika, 1927) dira horien adibide garbiak, baserri munduan girotuak biek badakartzate egoera umoristikoak, txisteak eta pasadizoak. Lan bien arrakastak XX. mende amaiera arte iraun du, eta asko izan dira mendean zehar (baina batik bat, mende amaieran) izaniko argitalpenak eta baita, bigarren liburuaren kasuan telebistara eginiko jauzia.

Herri edo ahozko literaturak ere arrakasta handia izan du haurren artean. Barbierren (1931) edo Mayi Ariztiaren (1934) ipuin bildumak, eta hauekin batera 1926an Oxobik plazaratutako alegiak (batzuen ustez, euskal alegien kontalaririk onena) balio izan zuten ahozko literatura haurren mundura eramateko. Obra horiek, herri ipuinak bezala, nabarmentzen dira oso hizkuntza eta oso ilustrazio zainduak dituztelako, garai hartan ohikoak. Dar-Dar-Dar (1929) edo Txomin Arlote (1929) horren adibide garbiak dira (ongi idatzi eta "Txiki"k, John Zabalok, kalitate handiz ilustratuak).

Baina sorkuntza eta herri literaturaren ondoan bada hirugarren arlo bat, itzulpenarena, oso garrantzitsua dena garai honetan. Alegiez gain, badira Grimm anaien (1929) edo Schmid-en (1929) ipuinak, eta hauekin batera O. Wilderen (1927) eta Croceren (1932) obrak edo Tormes'ko itsu-mutila (1929) itzulpenak eta horrela, lehen urrats batzuk ezarri ziren sistema literarioa finkatze aldera, eta obra hauek guztiak izan zitezkeen Euskal Haur eta Gazte Literatura baten hastapena; zoritxarrez, Espainiako 1936ko gerra eta honen ondorengo krisialdia, baita Bigarren Munduko Gerrak Ipar Euskadin izan zuen eragina ere, erabakigarriak izan ziren literatur ibilbide hura hausteko, euskal letren eremuan hutsunea zabaltzeko.