Zinekoak

Perdita Durango

1997ko urte-eguna duen Alex de la Iglesiaren hirugarren luzemetraia. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen eta estreinaldiaren bezperan ohizkanpoko ikusmina sortarazi zuen. Zuzendari bilbotarrak, bere Acción mutante (1992) eta El día de la bestia (1995) arrakastatsuekin, jada industriaren balore seguru bihurtu zen.

Egitasmo honek gainera zentzu guztietan goranahia gainezka zuen. Bere gidoia Barry Gifforden 59 grados y lloviendo. La historia de Perdita Durango eleberrian oinarritzen da. Idazle honek ospea bere La historia de Sailor y Lula izeneko David Lynchen Wild at Heart (Corazón salvaje) (1990) filma oinarritu zen eleberriarekin lortu zuen. 1.100miliotan balioztatutako aurrekontua estreinaldi-garaian espainiar zinearen historiako handiena izan zen. Andres Vicente Gomez ekoizleak Alex de la Iglesiaren sorkuntza asmoak asetzeko ez zuen xahututako dirua gogoan hartu; Adibidez, Rosi Perez aktoresa amerikarra ekarri zuen eta filma Estatu Batuetan egin zen. Alex de la Iglesiak, horrela, zinearen hastapenetan -Harry d?Abbadie, Conchita Montenegro edo Juan de Landa- edo jada XX. mendearen bukaeran -Juan Ruiz de Anchia bilbotar argazkilaritza-zuzendaria- zinearen bihotzean lan egin zuten beste euskal zinemagile batzuekin bat egiten zuen. Edozein kasutan, laurogeiko hamarkadatik aurrerako Euskal Herrian zinearen indarraren erakusle bat gehiago.

Perdita Durango Hollywoodeko Asesinos natos, Kalifornia edo Amor a quemarropa bezalako ekoizpenen bideari jarraitzen dion indarkeriazko road movie bat da. Filmak, Quentin Tarantino eta Martin Scorseseren zinera garamatza eta estetika, nahita zikina, ¡Quiero la cabeza de Alfredo García! Ko Peckinpahekin ahaidetuta dago. Alex de la Iglesiak Romeo Dolorosa izeneko (Javier Bardem ikaragarri bikain batek interpretatutako betekizuna) azti erotu baten eta bere maitale Perdita Durangoren (Rosie Perez) ibilaldi basatiak kontatzen dizkigu. Errepidean tirokako edo banketxeko lapurreta bezalako eszenak, adibidez, nabarmentzen diren ekintzaz jositako lan baten biak bizi dute amerikar lurraldetik zeharreko krimen eta maitasun-historia. Perdita Durangoren indarkeriazko zama ikaragarria estreinaldiaz geroztik arrastaka eraman beharra zuen eragozpena izan zen. Alex de la Iglesia bere proposamenean lar zintzoegia izan zen eta kritikak ez zion barkatu. Hainbeste indarkeria ezin zitekeen erreala izan. Eta aldiz Barry Gifford -eta beraz, Alex de la Iglesia- gertaera errealetan oinarritu ziren, zehatzago esanda Sara Maria Aldretek -Perdita Durango- eta gurtze sataniko krudeletan pertsonak hiltzen zituen droga-trafikantea zen bere Constanzo senargaiak egindako bidegabekerietan alegia. Constanzok gizakien ornoekin gorbatak eginda zeramatzan baina ikuslearentzako sinestezina izanagatik euskal zuzendariak filmean saihestu egin zuen.

Edozein kasutan jendartea Alex de la Iglesiaren luze honetan dagoen zine-emari handiaz bai ohartu zen eta lan onen meritu asko lehiatilan saritu zituen. Hau da; ikus-irudikapen handia, erabakimen tekniko ederra, umore-zentzu zorrotza eta ikuspegi ausart, oldarkor eta zintzoa, arte-sormenaren mundua eraentzen duten ohitura garbizale eta azalutsa ez dena.

  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zka., 1999, 407 orr.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 orr.