Zinekoak

Kalabaza tripontzia

Juanba Berasategi euskal animazio-zinemaren aitzindariak zuzendu zuen filma, 1985ean, eta Luis Goyak produzitu, Jaizkibel produkzio-etxe donostiarrarekin. Egia esan, bera da animazioko lehen film luzea Euskal Herriko zinemaren historian.

Berasategik herri kondaira batzuetan oinarritutako eta Koldo Izagirrek idatzitako gidoia erabili zuen, eta, haren lagungarri, berriz, Oskorrik osatutako soinu-banda mamitsu bat.

Marrazkiaren estiloak antz handiagoa du Disney etxearen klasizismoarekin, urte horietan hain boladan zegoen japoniar marraziki bizidunarekin baino. Hainbat ipuin independente dira filman. Aitona maitagarri bat Kalabaza planetaren satelite bilakatu da akelarre batean parte hartu ondoren. Bera da ipuinen arteko lotura. Kontalari-lana egiten du. Ez da, bada, narrazio-batasunik, ez eta estilo homogeneorik; aitzitik, alde grafiko nabarmenak dira ipuinen artean. Planteamendu-ugaritasun horrekin, estilo bakarraren aldeko apustuaren arriskua saihestu nahi zuen Berasategik. Ohartu zen Kalabaza tripontzia film aitzindaria zela, eta hainbat proba egin nahi zituen, estilo zehatz bat aukeratu aurretik.

Laminaren eta arrantzaleen ipuina da zainduena, alde horretatik. Kukubiltxorena eta tartaloena euskal arbasoen giro horren barruan dago, eta oso umore garratzekoa da. Ipuin sendoen eta ausartenean, Galtzagorrik eta Herensugek zorigaitz handiak pasatzen dituzte, Patxi infernura eramateko ahalegin antzuetan. Hirigintzaren kritika ankerra dakusagu -Eibar erakusten da, herri kaotiko bat, non errepideak etxeen gainetik baitoaz-, eta, bestalde, euskal egoera politikoaren azterketa garratza egiten -hor dira zibilez jantzitako polizia tipikoak, adibidez, beren betaurreko beltzen atzean, udaletxeko herri-eztabaidan-. Ipuin horixe da inspirazio handikoena film osoan.

Kalabaza tripontzia Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, eta, kritikaren eta ikusleen harrera ona ez ezik, lehiaketako Ohorezko Aipamena ere jaso zuen.

  • Larrañaga, Koldo; Calvo, Enrique: Lo vasco en el cine (las películas), Donostia-San Sebastián, Euskadiko Filmategia/Filmoteca Vasca-Caja Vital Kutxa Fundazioa, 1997, 583 or.
  • Miguel, Casilda de; Rebolledo Zabache, José Ángel; Marín Murillo, Flora: Ilusión y realidad. La aventura del cine vasco en los años ochenta, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 1999, 295 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: El cine del País Vasco: de Ama Lur (1968) a Airbag (1997), Donostia, Eusko Ikaskuntza-Sociedad de Estudios Vascos, Ikusgaiak-Cuadernos de Cinematografía, 3 zk., 1999, 407 or.
  • Roldán Larreta, Carlos: Los vascos y el séptimo arte. Diccionario enciclopédico de cineastas vascos, Donostia-San Sebastián, Filmoteca Vasca-Euskadiko Filmategia, 2003, 351 or.