Pintoreak

Vera-Fajardo Picatoste, Aurelio

Margolaria. Iruñean jaio zen 1884ko azaroaren 28an eta Gasteizen hil zen, bere familia bizi zen tokian, 1946ko abuztuaren 6an.

Besteak beste, Diaz de Olanoren ikaslea izan zen. Lanbidez militarra zen eta lantokia jarri zioten tokietan bizi izan zen: Avilan, Ceutan, Vigon, Bilbon eta Zaragozan. Gasteiza ere joaten zen tarteka.

1908an, 1923an eta 1930ean Arte Ederren Espainiako Erakusketetan hartu zuen parte. Horrez gain, Gasteizen eta beste euskal herri batzuetan ere jarri zituen erakusketak; hala nola, Donostiako Euskal Astean euskal artistei eskainitako erakusketan, 1920an.

Erretratuak egiten zituen eta paisaiak margotzen ere bikaina zen. Paisaien margoetan du, hain zuzen, bere estiloak nortasunik indartsuena. Argitasuna, errealismo kromatikoa, ingurumenaren azterketa, plano ezberdinen erabilera eta aukeratutako gaiak ziren bere lanen bereizgarri nagusi. Lanek duten argitasunak badu zerikusi Afrika iparraldean egin zituen egonaldiekin. Hirietako paisaia landu zuen, bereziki.

Margolan hauek dira aipagarrienak: Paso de La Florida, Peña Colorada, Senda apacible, Vitoria eta Camino de la Concepción. Gasteizek kale bat eskaini zion.

Erref. García Díez, J. A.: La pintura en Álava, Gasteiz, 1980.