Kontzeptua

Argazkigintza

Argazkigintzaren oinarria kamera iluna izan zen. Irudiak erdiesteko prozedura hori antzinatik ezaguna zen. Berez, kaxa itxia besterik ez zen; albo batean zulotxo bat egiten zioten eta bertatik sartzen zen argiak beste aldean kanpoko objektuak proiektatzen zituen, baina buruz behera. Tresna horrek irudiak ikusteko aukera eskaintzen zuen eta oso erabilia izan zen Errenazimenduaz geroztik, batez ere Barrokoaren garaian. Hala ere, ez zuen irudiak finkatzeko betarik ematen, ezta argazkiak eskuratzeko ere. Zientziak aurrera egin arte itxaron behar izan genuen -zilarrezko gatza beltztea argiaren efektuaren bitartez-, argazkigintzari hasiera emateko.

Hori lortu zuen lehena J. N. Niepce (1765-1833) zientzialari frantsesa izan zen. 1826an egin zuen lehen argazkia "Le Graseko lehiotik bista" izenburupean. Gero, L. J. M. Daguerre-rekin (1791-1851) -jatorriz Ipar Euskal Herrikoa- elkartu zen, eta honek asmakizuna aldatu egin zuen prozesua sinplifikatuz. Horrela jaio zen daguerrotipo esaten diogun prozesua. Horren bitartez, argazkia erdiesten da zilarrez landutako azal baten gainean, Niepcen hasierako prozedurak planteatzen zituen zenbait arazo tekniko gandituz eta esposizio denborak murriztuz. Ia garai berean, H. Florence, H. Bayard edota W. Fox Talbot bezalako ikerlariek bestelako metodoak garatu zituzten; Fox Talbotena calotipo zuen izena eta paperezko euskarriaren gainean negatiboak lortzen zituen eta negatibo horietatik abiatuz kopia positiboak paperean ere lortzen zituen. Horrela, argazkigintza sortu egin zen.

Lehen garai honek XIX. mendearen amaiera arte iraun zuen eta orduko argazkigintzak pintura kopiatu besterik ez zuen egiten, hots, imitatu egiten zuen pintura ordezkatzeko asmoarekin. Horrela, argazkigintzak bere hizkuntza propioa garatzeko bidean ezer gutxi aurreratu zuen. Garai honetako izen azpimagarrienen artean bi hauek ditugu: A E. Disderi eta O. G. Rejlander; lehenak paisaia jorratu zuen eta bigarrenak aldiz erretratua. Hala eta guztiz ere, joera berriak agertu ziren eta argazkigintza bere lengoaia propioa sortzen hasi zen. Lehenengo ahalegina Nadar frantsesak burutu zuen, estilo pertsonala landuz bereziki erretratoak gauzaterakoan; ondoren, J. M. Cameron britaniarra agertu zen, esparru bera jorratuz. Baina argazkigintzak bere benetako alderdi espresiboak garatzeko aukera topatu zuen, erreportaietan alegia; genero honetako lehendabiziko lanak R. Fenton britaniarrak burutu zituen, hauxe izan baitzen gerrako argazkiak atera zituen lehen argazkilaria, Krimeako Gerran alegia. Jarraian, kritika sozialarekin zerikusia zuten lanak eginez M. B. Brady, J. A. Riis eta L. W. Hine estatubatuarrak nabarmendu ziren.



Hala ere, aurrerapen ugari behar izan ziren nortasun propioa zuen argazkigintza heldua ahalbidetzeko, hau da, berezkoak zituen baliabideetan konfiantza edukitzeaz gain, bere lengoaia eratzeko prest zegoen argazkigintza. Aurrerapen horien artean argazkiak burutzeko prozesuaren merketzea nabarmendu zen. Hala gertatu zen G. Eastman estatubatuarrak 1888an Kodak argazki-kamara asmatu zuelako, kamara horrek plakak erabili beharrean pelikula bilduta zeramatzaten karreteak erabiltzen baitzituen. Argazkiak bat-batean lortzeko prozedura berri honek argazkigintzaren hedapena ekarri zuen eta XX. mendearen hasieratik aurrera argazkigintza ulertzeko modu berria sortu zuen, lengoaia eta ikusmoldea aldatu baitzituen. Eta aldaketa handiena sensibilitate berri baten agertzearekin hasi zen. Horrela, ordurarte egiten zen bezala gertaerak objektibotasunez ikusi beharrean, hainbat argazkilarik modu subjektiboan, artistikoan irudikatzen zuten errealitatea. Berez, gauza bera egin zuten XIX. mendearen erdialdetik aurrera errealismoa, inpersionismoa, postinpresionismoa eta sinbolismoa lantzen zuten hainbat artistak.

Argazkilari hauek dira nabarmendu beharrekoak: P. Martin, E. Atget, A. Stieglitz, E. Steichen, F. E. Evans eta P. H. Emerson. Argazkilari horiek, errealitatearen lekuko izateaz gain, berau irakurtzen ikasi zuten, begiratzearekin soilik konformatu gabe; errealitatearen irakurketa subjektibo honek argazkigintzaren lengoaia aberastu egin zuen.

Baina XX. mendetik aurrera argazkilari batzuk ez ziren konformatu errealitatea modu artistikoan islatzearekin eta abangoardien artean murgiltzea erabaki zuten. Horrelaxe sortu zen argazkigintzaren lengoaia eta abangoardia artistikoena bateratzen zituen argazkigintza artistikoa. Ildo honetatik, hainbat argazkilari nabarmendu ziren, besteak beste, Rodchenko eta Moholy-Nagy konstruktibistak, edota J. Heartfield, R. Housman eta Man Ray, dadaistak eta surrealistak. Horiez gain, ordea, asko izan ziren joera abangoardistarekin bat zetozen argazkiak burutu zituztenak, nahiz eta bere burua abangoardiazko mugimendu zehatz baten barruan ez kokatu, estaerako, P. Strand, E. Weston, A. Kertesz, A. Sander, D. Lange edo Brassai. Argazkigintza eta arteak oso lotura hestua izan zuten gerra arteko urte horietan. Eragina elkarrekikoa izan zen eta horrek mesede handia egin zion argazkigintzari, bere lengoaia aberasten jarraitu ahal izan baitzuen.

Hogeitamarreko hamarkadaren hasieran ere aurrerapen teknikoek aldaketak ekarri zituzten argazkigintzan eta horiei esker iritsi zen berau benetako heldutasunera. Aldaketa horiek E. Salomon eta O. Barnacken eskutik etorri ziren. Salomonek formatu txikiko argazki-makina asmatu zuen, flashik gabekoa, eta Barnackek Leica argazki-makina, hau ere formatu txikikoa eta gero hedapen handia izan zuena, argazki pelikula txikitua baitzeramana. Bi asmakizun horiek funtsezkoak izan ziren, mugitzeko askatasun handiagoa eskaintzen baitzuten eta estiloa ere libreagoa izan zitezkeen. Azken finean, argazki makinak sinplifikatu eta erabilgarriagoak bilakatu ziren heinean, errealitatea askoz ere hurbilagotik jarraitu ahal izan zuten, eta modu zuzen eta pertsonalagoan egin ahal izan zituzten argazkiak.

Argazkigintzaren bilakaera ahalbidetu zuen beste elementua argazki erreportajearen sorrera izan zen. Erreportaje horietan, gertaera baten une desberdinak erakusten zituzten eta argazkien bidez egiten zen kontakizun guztia. Genero hori Estatu Batuetako Life edo Frantziako Vu bezalako aldizkariek agertu zirenean garatu zen, horrelako lanak argitaratu baitzituzten. Argazkiak gertakarien lekuko bihurtu ziren eta lengoaia bezala onespena lortu zuen. Askok defendatu zuten argazkigintza mota hau, argazkia bera dokumentu historikoa zein artistikoa baitzen. Azpimarratzekoak dira 1947an euren lana defendatzeko asmoz agentzia propioa sortzea erabaki zuten argazkilariak; Magnum izena eman zioten agentzia horri eta hurrengo hamarkadetan argazkigintzaren bilakaera bideratu zuen erreportajearen arloan. Agentzia horretan bertan lan egin zuten, besteak beste, R. Capa, E. Erwitt. H. Cartier-Bresson edo W. Eugene Smith argazkilariek, baina beste argazkilari askoren estiloan ere eragina izan zuten, esaterako, M. Alvarez Bravo, W. Eggleston edo R. Doisneau.

Berrogeita hamarreko hamarkadaren amaieran atzera pausu nabarmena eman zuen argazkigintzak telebista agertu zelako. Teknikoki argazkigintzak ordura arte dena lortu zuen, baita kolorea 1935. urteaz geroztik, baina telebistaren konpetentzia zela eta, helburuak, funtzioak eta bere lengoaia propioa aztertu behar izan zituen berriro ere. Nolabait esateko, bere barnera bildu behar izan zuen. Jada ez zen gertakarien lekukoa, eta horren ondorioz bere baitara bildu zen. Azken hamarkada horietan argazkilari ezagunenak honako hauek izan ziren: W. Evans, M. White, R. Frank, W. Klein, J. Gutmann, R. Avedon, I. Penn, C. Beaton eta D. Hamilton.

Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik aurrera argazkilari belaunaldi berria sortu zen. A. Katz Estatu Batuetan eta Bernd eta Hilla Becher bikotea Alemanian izan ziren horien buru. diziplina osoa birplanteatzen hasi ziren, begirada berri baten alde apostu eginez eta garaiko mugimendu artiskoen eragina jasoz -pop artea, arte minimalista, arte kontzeptuala, arte povera, lan art-. Paisaia edo erretratoa bezalako ohiko generoak aldarrikatzen zituzten baina postmodernitatearen kontzeptuaren eraginez garatutako perspektiba berri baten ikuspuntutik. T. Ruff, A. Gursky, C. Sherman, R. Mapplerton, A. Serrano, S. Neshat eta S. Salgado bera ere, begirada garaikide berri honen adibide izan daitezke.

XX. mendearen amaieran teknologia berria agertu da argakigintza ulertzeko eta erabiltzeko modua guztiz aldatu duena, bide berria eraikiz. Digitalizazioaren sorreraz ari gara. Argazkigintzak berezkoa zuen izaera dokumentala alde batera utzi baldin badu ere, beste arazo batzuk sortu dizkio, oraindik bideratu gabe dauden arazoak alegia. Teknologia digital berriek irudien erregistroan esku hartzeko aukera ematen dute, eta ondorioz, errealitatea eraldatzeko gaitasuna dute, irudiak manipulatu eta distorsionatu egin daitezke, argazkigintzak berezkoa duen errealismoa galdu gabe. Irudien objektibitatearen galerarekin, XXI. mendean egungo aroa argazkigintzaren ondorengo aroa bezala jotzen da, gainditutatzat ematen baita argazkigintza errealismoaren eredu bilakatzen zuen kontzeptua. Hala ere, jatorritik argazkigintzan irudiaren manipulazioa beti gertatu da, eta ondorioz, egungo argazkigintzak aurrez aurre dituen erronka berriak ez daude bakarrik prozedura mekanikoetara edo birtualitatearen kontzeptura lotutak, berezko irudira eta bere esanahira baizik.

Euskal Herrira argazkigintza Frantzia aldetik ailegatu zen lehen urtetan bertan, berez teknologia berriak oso hedapen azkarra izan zuelako. Eta gure artean ofizio berria zabaltzen hasi ziren lehen argazkilariak atzerritarak izan baziren ere -Constant, Schmidt-, laster sortu ziren bertako argazkilariak, teknika berria ikasi eta argazkigintzaren aplikazioak garatzen hasi zirelarik, batez ere, erretratoak eta paisaiak landuz. Baina aldi berean joera antropologikoa zuen argazkigintza ere jorratu zuten, gero eta handiagoa baitzen gizartearen klase ertainek erakusten zuten interesa Euskal Herriko kulturarekiko eta gizartearekiko. Berez, interes hori hamarkada horietan Euskal abertzaletasunak izandako gorakadak eragin zuen. Horrela, kostumbrista-errealista zen argazkigintza estiloa izan zen Euskal Herrian lehen une horretan nagsuitu zena eta alor hori landu zuten ibilbide esanguratsua izan zuten hainbat argazkilarik, besteak beste, Eulalia Abaitua, Pedro Telesforo Errazquin, Manuel de Arriola, Manuel Torcida, Agustin Zaragueta, Jose Roldan, Aquilino Garcia Dean, Diego Quiroga y Losada, -Santa Maria del Villarreko markesa-, Miguel Goicoechea, Felipe Manterola, Enrique Guinea eta Indalecio Ojanguren. Argazkilari horien artean Felipe Manterolak eginiko lana eta argazkiak nabarmendu behar dira. Pedro Telesforo de Errazquin, Eulalia Abaitua -dakigunez lehen emakume argazkilaria eta euskalduna- eta Manuel de Arriola -Manterolaren irakaslea izandakoa- eginiko ibilbideari jarraituz, Zeanuriko argazkilariarentzat argazkigintza ez zen dirua irabazteko beste edozein modua. Bilbora hamarkada batzuk lehenago heldu zen asmakizun berria, bere ustez landa eremuetako testigantza jasotzeko baliabide egokia zen, antzinako tradizioak eta ohiturak gordetzeko alegia, piskanaka baina etengabe aldatzen ari baitziren industrializazioaren eraginez. Horrela, nekazaritza lanak, erlijioa, erretratuak edota aisialdiaren inguruko argazkietan landa giroko biztanleak zein ondoko bainu etxeetara uda partean Bilbotik etortzen ziren bisitariak ageri dira. Manterolaren obran ere ikusten den landa giroko bizitza dela eta agerian geratzen den interes hori arrazoi antropologikoetan oinarritzen zen. Berez, interes hori gerra zibilaren aurreko zein ondorengo ikertzaileen arreta piztu zuen -gerra ondoren Manterolak ez zituen argazki gehiago egin- eta Manterolaren argazkiak erabili zituzten beraien ikerketa etnografikoetan.

XX. mendearen erdira arte, aipatutako estilo horrez gain, gutxi dira interesa, eta batez ere, zerbait desberdina proposatu izan zuten bestelako joera edo korreonteak Euskal Herriko argazkigintzaren testuinguruan. Salbuespena bi adibide hauetan aurki dezakegu: batetik, artista eta arkitekto batek osatutako bikotea dugu, nahiz eta argazkigintza lanak zeharka besterik ez burutu abangoardia eta modernitatearen izpirituaz kutsatuta egin zuten lan; Nicolas Lekuona eta Jose Maria Aizpurua dira bikote hori osatu zutenak. Lehenengo horrek surrealismoaren eragina zuen eta bigarrenak aldiz abstrakzioa eta konstruktibismoarena. Biek ibilbide laburra garatu zuten, baina berau ezinbestekoa da zera ulertzeko, hamarkada batzuk beranduago izan bazen ere abanguardiaren izpirituak gure artean errotzea lortu zuela. Bi kasutan ez dago zalantzarik argazkigintza ikuspuntu sortzaile batetik erabiltzen zutela. Euren ustez, diziplina hau adierazpen eta komunikazio artistikoa bideratzeko tresna da. Beraien argazkietan jasotako eragina sumatzen da. Adibidez, Aizpuruaren kasuan konstruktibismoaren estetikaren eragina nabaria da -pikatuak, kontrapikatuak, fotomuntaketak-, baina baita objektibitate berriarena ere, azken horren eraginez nahiz eta begirada zuzenagoa izan subjektiboa ere bazen. Surrealismoaren eragina ere agerikoa da -Aizpuruaren kasuan eragina Lekuonan baino murritzagoa izan bazen ere-, bizitzaren azken urteetan burutu zituen hainbat argazkietan ikusi daitekeen bezala. Berez, bi egile horien ibilbidea aztertzerakoan nolako garapena gertatu zen zehaztea zaila da, oso laburra izan baitzen eta argazki gutxi egin zituzten. Beraien argazki lanetan, bakoitzak bere esparruan ere egin zuten bezala -arkitekturan eta plastikan, hurrunez hurren-, azkenean modernitatearekiko aurreritzirik gabeko ukitua azaltzen da eta, batez ere, begirada lakonikoa, artista gipuzkoarrek beraien zorigaiztoko bizitzen amaierak aurreikusi izan balute bezala.

Bigarren salbuespena Euskal Herriko diziplinaren historian argazkilari garrantzitsuenetakoa da, bere estiloa bat ez bazetorren ere orain aipatu ditugun beste bi egileegan sumatzen zen modernitatearekin; Jose Ortiz-Echague argazkilari berri hori. 98ko belaunaldiaren estetikarekin bat eginez -tradizioa berreskuratu nahian sustraiak aurkitzeko bidean-, Ortiz-Echaguek forma sendo eta egonkorrez osatutako argazkiak burutu zituen. Konposaketa klasikoa bazen ere, ereduei duintasun handia eskaintzen zien. Ikusleengan efekto hori lortzeko ilunabarreko argia erabiltzen zuen horrela arraseko efektoa ere lortzen baitzuen, bolumen eskultorikoak erantsiz. Ereduei azaleko gehigarri guztiak kentzen zizkien, soberakinarik gabeko irudiak sortuz eta artifizioari uko eginez. Fresson paperaren gainean -akuarelaz eginiko marrazkietan erabilitako papera-, zuzenean ikatza erabiltzen zuen, irudi paregabeak eta errepikaezinak lortuz.

Gerra zibila ondoren, beste diziplina artistikoen kasuan gertatu zen bezala, argazkigintzan ere atzera pausu nabariak gertatu ziren. Berez, bi salbuespen aipatu ditzakegu: batetik Ortiz-Echague eta bestetik Luis de Ocharan piktoralista. Beste guztien artean gutxi batzuk izan ziren lehen hamarkadetan nabarmendu ziren argazkilariak. Berriro ere salbuespen bat eman zen eta oraingo honetan Pedro Maria Irurzun argazkilari nafarra izan zen. Bere lana batez ere estudioan eginiko argazkigintza artistikoaren eremuan garatu zuen, erretratua eta bodegoi abstraktua landuz. Baina arrakasta profesional handiena genero horietan lortu bazuen ere, Irurzunek erakutsitako lan aparta eta gustu hobea argi eta garbi ikus ditzakegu berak egindako beste lanetan. Berez, hogeita hamargarren hamarkadan lanari ekin zionetik, bere kabuz ikasi zuen garaian alegia, Irurzunek argi et agarbi erakutsi zuen gaitasun teknikoa izateaz gain bere lanak kalitate estetikoa ere bazuela. Konposizioa eta argia maisutasunez menperatzen zituen, oso era intuitiboan. Horiexek izan ziren bere bizitza laburra eta ibilbide profesional murritzan erabili zituen bi errekurtso nagusiak. Horrela, soila eta zaindua bezala definitu dezakegun estiloaren bitartez, dotorea eta iradokitzailea ere izanik, Irurzunek garatutako ibilbidean hainbat gai landu zituen, besteak beste, ibilgailuekin lotutako istripuak edota ziklismoa. Jarraian konposizio abstrakto zoragarriak eta erretratuak burutu zituen, denak ere maisutasunez eginak, eta erretratuei bertan ageri ziren lagunen trataera psikologiko bikaina gehitzen zien.

Hala ere, benetako aldaketa ez zen hirurogeigarren hamarkada arte heldu, orduan sortu baitzen argazkilari belaunaldi berria, garai hartako Euskal argazkigintza guztiz berrituz. Garai hartan nabarmendu ziren argazkilarien artean honako hauek ditugu: Nafarroan Koldo Chamorro eta Carlos Canovas, zuzena eta zehatza zen estiloa erabiltzen zuten, Magnum agentziako kideek finkatutako printzipioekin bat eginik; Fernando Larruquet eta Sigfrido Koch gipuzkoarrak -azken hori Willy Koch Schneweiss argazkilari alemanaren semea-, piktoralismoaren eragina jaso zuen argazkigintza jorratuz, baina teknika eta gaiak berriei helduz; eta, batez ere, Alberto Schommer arabarra. Berez, Schommerek oso harreman estua mantendu zuen beti beste diziplina artistiko guztiekin, eta ez bakarrik hasieran pintorea izan zelako. Berez, argazkilaria izatea erabaki zuenean ere -bere aita bezala, Albrecht Schommer Koch argazkilari alemana-, hainbat arte ekimenetan esku hartu zuelako. Orain taldeko kidea izan zen. Talde hori Gipuzkoan Gaur eta Bizkaian Emen sortu ondoren Araban sortutako hirugarren taldea izan zen, abanguardiako euskal artearen aldekoa. Gero Zaj izeneko kolektiboaren kide ere izan zen, prozesuzko eta kontzeptuzko artea defendatzen zuten artistek osatua. Esther Ferrer artista gipuzkoarra ere talde horretako kidea izan zen. Beste hainbat ekitalditan parte hartu zuen, beti ere giro artistikoarekin nolabaiteko lotura zuten ekimenetan. Berez, Schommerren meritu handiena eta berrogeita hamargarren hamarkadatik aurrera euskal argazkigintzaren historian eginiko ekarpen garrantzitsuena, argazkigintza burutzeko era berria eskaintzea izan zen. Alde batetik argazki erreportajeak ulertzeko modu berritzailea eratu zuen -William Kleinen eraginpean-, baina bestetik ere ildo artistikoa bideratu zuen, modaren esparruarekin zuzenean loturik -Richard Avedon, Irving Penn-. Horrela, argi eta garbi esan daiteke gauzatutako argazkiak artistikoak zirela.

Hirurogeita hamargarren hamarkadatik aurrera eta, batez ere, laurogeiko hamarkadan zehar, ikuspegia zabaltzen hasi zen, batetik izen berriak sortu zirelako eta bestetik diziplina ulertzeko eta planteatzeko bide berriak landu zirelako. Horrela, azken hiru hamarkada horietan hiri eta industria giroko paisaia landu duten argazkilariak aurki ditzakegu, esaterako, Jose Luis Ramirez, Roberto Botija edo Patxi Cobo. Beste batzuk argazki erreportajea jorratu dute, besteak beste, Juantxu Rodriguez, Gorka Lejarcegi, Clemente Bernard edo Jose Ignacio Lobo Altuna kasutan, eta beste batzuk aldiz modaren eraginpean egin dute lan, Pedro Usabiaga bezala, edota antropologiaren esanetara ibili dira, Xabi Otero edo Juantxo Egañaren kasuetan bezala. Argazki lanetan estetika bereziki zaindu dutenak ere badira, Gorka Salmeron bezala, edo ikuspegi artistikoari heldu diotenak, besteak beste, Iñigo Royo, Mikel Escauriaza edo Iñaki Larrimbe, argazki lanetan eta proposamen kontzeptualetan alor artistitikoari lehentasuna emanez.

Egun, euskal artista garaikide asko badira ere euren lanetan argazkiak erabiltzen dituztenak -Txomin Badiola, Paco Polan, Asier Mendizabal edo Txuspo Poyo-, gutxi dira argazkigintza soilik landuz artistatzat har ditzakegunak, edota baliozkoak direnak argazki lengoaiari eginiko ekarpenengatik. Lehen salbuespena Aitor Ortiz artista bizkaitarra litzateke. Aitor Ortizen argazki lanetan arkitektura izan bada ere arreta piztu duen gai nagusia, halako begirada sortzailea ez da dokumentala soilik, aitzitik eszena berriak sortzen ditu, alor estetikoa gainditzen duen egoera baten aurrean jartzen gaitu eta geur burua leku berria eramaten du, aldi berean konnotazio kontzeptualak gehituz. Horrela, formari dagokionez, bere lan konplexu eta barrokoenetan zein itxuraz minimalista eta sinpleagoak diren lanetan, ez digu soilik gozamen estetikoa proposatzen, abstrakzio geometrikoa osatzen duten irudien bitartez. Aitzitik, gizakia eta arkitekturarekin lotutako gaien inguruan hausnarketa burutzearren beharrezkoa zaigun materiala ere eskaintzen digu. Arkitektura, beste diziplina artistikoak bezala, gizakiaren luzapena da, eta beste adierazpen artistikoek ez bezala, funtzio zehatz bat bete behar du. Era berean, gizartearen indarra eta adorea islatzen ditu, eraikinak deseinatu eta gauzatzen dituzten profesionalen bitartez, baita argazkilarien bidez ere, eraikin horiei erreparatzen dietelako, helburu bikoitza bideratu nahian horien irudiak burutuz.

Antzeko kontzeptuei helduz baina estetika guztiz desberdina erabiliz, Begoña Zubero argazkilariaren proposamena eta lana dugu. Begoña Zuberok irudien bitartez ibilbide dokumentala proposatzen digu, baina horrekin batera irudietan bertan ageri diren ekintza eta egoerak transmititu nahi ditu. Berez, argazki bakoitzak bere historia propioa gordetzen badu ere, garrantzitsuena zera da, irudiak berak bere kasa hitz egin dezala eta ikusleengan eragina izan dezala inolako gehigarririk gabe, batez ere, artista bizkaitarrak lortzen dituen konposaketa zoragarriei esker. Horrela, lehen aipatu ditugun egonezina eta urduritasuna transmititzea lortzen du, batetik berez irudietan sumatzen diren ekintza lazgarrien bitartez eta bestetik Begoña Zuberok berak eratzen dituen irudi zoragarriei esker.

Gaur egun, Euskal Herriko argazkigintza, inguruko beste lurraldetan gertatzen den bezala, teknika eta gaien inguruan teknologia digitalaren sorrerak suposatu duen iraultzak baldintzatuta dago eta sortzaileek euren burua egoera berrira moldatu behar izan dute, diziplina berriro ere birplanteatuz, ez bakarrik ikuspegi formal eta komertzial batetik, baizik eta ikuspegi kontzeptuala ere aldatuz. Gainera, azken urte hauetan kalitatezko irudiak sortzeko tresna berriak etengabe kaleratu diren heinean, telefono mugikorrek eskaintzen duten aukerekin bat eginik, zalantzarik gabe argazkigintza bideratzeko eran aldaketa berriak eta erronka liluragarriak sortuko dira.

  • AZPILICUETA, Luis.; DOMENCH, Jose Maria. Navarra en blanco y negro. Madril: Espasa Calpe, 2000.
  • BILBAO-FULLAONDO, Josu. Fotografía y fotógrafos en el País Vasco. Barakaldo: San Antonio Liburudenda, 2002.
  • CANOVAS, Carlos. Apuntes para una historia de la fotografía en Navarra. [Iruñea]: Vianako Printzea Erakundea, 1989.
  • FONTCUBERTA, Joan; RIBALTA, Jorge. Historias de la fotografía española: escritos 1977-2004. Bartzelona: Gustavo Gili, 2008.
  • LOPEZ MONDEJAR, Publio. Historia de la fotografía en España. Bartzelona [etab.]: Lunwerg, 1997.
  • LOPEZ MONDEJAR, Publio. 150 años de fotografía en España. Bartzelona: Lunwerg, 1999.
  • NEWHALL, Beaumont.; FONTCUBERTA, Joan. Historia de la fotografía: desde sus orígenes hasta nuestros días. Bartzelona [etab.]: Gustavo Gili, 1983.
  • SANCHEZ VIGIL, Juan Miguel. La fotografía en España: de los orígenes al siglo XXI. Madril: Espasa Calpe, 2001.
  • TORRES DIAZ, Francisco. Crónica de un siglo de fotografía en España: (1900-2000). Bartzelona: Fopren, 1999.
  • UNSAIN, Jose Maria; DOMENCH, Iñaki; AYERBE, Enrique. Artes aplicadas. Lasarte-Oria: Ostoa, 2005.