Ikastolak

Aranzadi Ikastola. Bergara

Bergarako Ikastolaren historiaz hitz egiterakoan ezin dugu ahaztu 1933an Bergaran ireki zen Ikastola. Honen sorreran aurrenik aipatu behar dira Maria Oyanguren irakaslearen eta Bergarako Batzokiko abertzaleen laguntza, Agustin Linazisoro eta Telesforo Monzon bereziki aipatuz. Urtarrilaren 8an ireki zituen ateak Ariznoako Euzko-Ikastolak, San Pedro kalean.

Ikastolak 5 eta 14 urte bitarteko 55 neskatila-mutiko hartu zituen lehen urtean. Hurrengo urteetan 62 izatera heldu ziren. Maria Oyanguren irakasle bakarra bazen ere, ahizpa Matxalenek arratsaldetan laguntza ematen zion, haurrei eskulanak irakatsiz. Ikastola hiru urte iraun zuen, 1936an Bergara frankisten eskutan erori zenean, faxistek Ikastola hartu eta material guztiak erre zituzten. Gerra ostean, Maria Oyanguren irakaslea Bergara itzuli zenean, agintari berriek zigortu egin zuten eta bi urtez erbestera bidali.

Ariznoako Euzko-Ikastolaren haziak izan zuen emaitzarik frankismoaren urte beltzetan ere. Bergaran euskarazko klaseak eskaintzen zituzten bi akademia zeuden: Koldo Eleizalde (Komenio kalean) eta San Martin de Agirre (Bidekurutzeta). Biak ala biak Aranzadi Ikastolaren aitzindariak izan ziren, Mizpildin zegoen Santa Infancia Ikastetxe elebidunarekin batera.

Ikastolaren sorkuntzan 1880tik Bergaran zeuden fraide dominikoek ere erabateko garrantzia izan zuten. Dominikoek, apezpikutzaren baimenarekin, lehen momentutik jarrera ona erakutsi zuten gurasoen ekimenaren aurrean eta, beraz, Ikastolako lokalak Seminarioan kokatzeko eskakizuna luzatu zitzaion Hezkuntza Zuzendaritzari. Dominikoek, lokalen truke, hainbat eskaera egin zieten gurasoei. Ikastetxearen onarpen juridikoa lortzeak oraindik lan dezente eman zuen. Frankismoa indarrean zegoela, baimen ofizialak lortzea ez zen hain erreza urte haietan eta, are gutxiago, euskarazko irakaskuntza eskaintzen zuen Ikastolarentzat.

Aranzadi Ikastola 1971eko ekainean sortu zen. Ikastolaren titularra urte honetan Telesforo de Aranzadi Ikastola Kooperatiba Elkartea zen eta bere egoitza Bergarako San Martin Plaza z/g. Kooperatiba Gurasoen Kooperatiba zen langileak bazkide laguntzaileak izanik.

1972ko ekainean, egoera legalak medio, Ikastetxeari izen berria jarri zitzaion, Colegio de la Santa Infancia eta Colegio Técnico San Jose Obrero uztarketaren ondorioz Colegio de Educación Preescolar y Educación General Básica Aranzadi sortu zen, hau baitzen Ikastolaren izen berria. Honen titularra Ikasleen Gurasoen Elkartea eta Bergarako dominikoen Komunitatea eta Jose Alberto Amilibia Peyrussanne (Colegio de la Santa Infancia-ren titularra).

1975eko uztailaren 10ean, behin-betiko legalizazioa lortu zen (behin behineko legalizazioa 1973eko urrian jasoa zuen).

Hasiera hartan, Eskolaurreko eta OHOko lehendabiziko sei kurtso jarri ziren martxan; 328 ikasle ziren Ikastolan eta aurrekontua 1.500.000 pezetakoa zen. Hezkuntza Delegazioari diru-laguntza eskatu eta Gipuzkoako ikastola bakarrenetakoa izan zen diru-laguntza jasotzen. Hasieran eskolaurreko andereñoek honako hauek izan ziren: Maria Asun Lete, Maria Pilar Mujika, Lupe Olabarria, Amaia Azkargorta, Izaskun Jimeno eta Edurne Arzelus ziren, guztiak titulu gabekoak. OHOko lehen sei kurtsoetan, Mari Karmen Amasorrain, Maria Flora Fernandez de Retana, Pili Fernandez, Kontxita Maiztegi, Lide Mujika, Maria Victoria Arizmendi eta Jose Amilibia aritu ziren.

Aranzadi Ikastolaren izena, 1860an jaiotako Telesforo Aranzadi antropologo bergararraren ohoretan jarri zitzaion. 1983ko ekainean titular aldaketa ofiziala egin zen, Telesforo de Aranzadi Kooperatiba Elkartea zelarik jabe berria. Aldaketa hau 1981ean onartu zen, 1982an Ikastolen Estatutua sinatzekotan zelako eta horren aurrean Ikastolari zegokion figura juridikorik egokiena aukeratu behar zen: elkarte zibila ala kooperatiba, eta kooperatibaren hautua egin zen.

1993ko otsailaren 19an Euskal Eskola Publikoari buruzko Legearen Proiektua onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Lege honek eztabaida ekarri zuen Ikastolara, Kooperatibara eta herrira, gatazka uneak ere izan ziren. Ikastolak aukera egin behar zuen: pribatu gisa jarraitu ala publikoan sartu. Bidegurutze honetan Kooperatibako Batzarrak Ikastola sare pribatuan geratzea erabaki zuen.

1992 ospatu zen aurreneko aldiz Gipuzkoako Ikastolen Festa Bergaran, 2007an Kilometroen bigarren edizioa ospatu zen.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • "Betidanik argi zuten". Diario vasco 2007-10-07. [Kontsulta data: 2012ko martxoaren 19an].