Eskultoreak

Aragón, Soledad

1972ko otsailaren 19an Arguedasen jaiotako eskultore nafarra.

Arte Ederretan lizentziatu zen, eskultura espezialitatean, Bartzelonako Sant Jordi Fakultatean. 1995ean Sormena bultzatzeko Nafarroako Gobernuak emandako beketako bat eskuratu zuen. Hari esker, Nafarroako Museoan antolatutako erakusketa batean parte hartu zuen. Nafarroako Erriberako herri ugaritan marrazketa- eta pintura-irakasle modura aritzen da lanean eta Arguedaseko Aulart Arte-tailerraz arduratzen da.

Soledad Aragonen eskulturez hitz egiterakoan teknika eta material aldetiko aniztasuna azpimarratu behar da (organikoak, esate baterako, laranja-azala edo simaurra, eta bestelako materialak, adibide batera, ispiluak, plastikoa, belusa, etab.), eta baita bere piezen izaera sinbolikoa ere, zeintzuekin nortasun femeninoari, sexuari edo giza gorputzari buruzko gogoeta egiten duen. Xabi Idoate irakasle eta pintoreak Aragonek Nafarroako Museoan egin zuen erakusketaren katalogoan idatzi zuen moduan:

"La escultura de Soledad Aragón explora la relación entre la tierra y el cuerpo, alejándose de los cánones tradicionales. No trabaja con materiales nobles o sólidos sino con aquellos que le permiten un mayor protagonismo de la propia acción de transformar".

Erakusketa kolektibo nahiz bakarkakoetan parte hartu du. 1996an bere lana Santanderreko Marcelino Botin Fundazioan jarri zen ikusgai beste artista batzuen lanekin batera. 1997an Bartzelonako Marc Sabata Galerian egin zuen erakusketa. 1999an landa eremuko emakumeen II. Topaketan parte hartu zuen Alesbeseko udalerrian (Nafarroa), topaketa hartako kartela eta logotipoa eginez. 2000. urtean Vila de Cruceseko A Solaina de Piloro museoan (Pontevedra) jarri zuen erakusketa. 2007an Lizarrako Gustavo de Maeztu Museoan, Vigoko Bacelos Galerian eta Lalineko Ramon Maria Aller Museoan (Pontevedra). 2010. eta 2011. urteetan San Pedroko Artes de Arenas Nazioarteko Jaialdian parte hartu zuen, Avilan.