Jaialdiak-Ekimenak

Antzuolako Mairuaren Alardea

2009ko uztailaren 19an, formalki eta kontzeptualki eraberritutako Alardea antzeztu zen. Aldaketa nagusiak protagonistarengan eman dira: errege mairua duintasunez agertzen da desfilean, besteak beste, kapitainaren parekide ezen ez menpeko; garaipena eta porrota ez baina bakea eta bizikidetasuna dira hizpide, eta abar. Halaber, ekitaldi osoaren koreografia orokorra lehen baino itxurosoagoa da. Jende gehiagok parte hartu zuen, eta batez ere gazteak eta emakumeak gehitu ziren. Publiko gehiago ere agertu zen, ikusminez, eta berrikuntzak txalotu zituen.

Urte batzuk lehenago abiarazitako gogoeta eta lanaren emaitza izan zen. Antzuolako Udalak, Mairuaren Elkartearekin batera, Eusko Ikaskuntzari eskatu zion gaia aztertu eta hobetzeko proposamenak egin zitzan. Azterketak argi utzi zuen arazoa ez zela historiko edota folklorikoa; areago, alde horietatik erritoak zituen balio positiboak nabarmendu zituen, eta berrikuntzan azalerazteko proposatu, alde ezkorrak apalduz. Landa-lan antropologikoak, berriz, erritoarekiko pertzepzioak bildu, erkatu eta Alardetik abiatuta komunitate osoari buruzko diagnostiko bat eskaini zuen. Aldaketak egitekotan, herritarren arteko adostasunaren garrantzia azpimarratu zen.

Ikuskizunetik harago, komunitate-kohesioa indartu du berrikuntzak: lehen kritiko agertzen ziren batzuek parte hartu dute birsortze lanetan eta Alardean bertan, tradizionalki parte hartzen zutenekin batera, denen artean Alardea biziberrituz.