Ikastolak

Ametsa Ikastola. Soraluze

Soraluzeko Ametsa Ikastolaz hitz egiterakoan, 1936ko Gerraren aurretik izandako Ikastola ezin dugu ahaztu. II Errepublika garaian Soraluzeko abertzaleek herrian aurreneko aldiz euskaraz irakasten zuen eskola bat, Ikastola, martxan jarri zuten, garaiko eskolari aurre eginez. Soraluzekoa ez zen eskola bakarra izan, Gipuzkoan hainbat herrietan ireki ziren ikastolak: Donostia, Tolosa, Errenteria, Bergara.. eta Soraluzen. Gerrak itxi zituen denak.

Gerra ondoko Soraluzeko Ikastolari buruz esan behar da, Plaentziako euskaltzaleek Ikastola sortu eta eraiki nahian, 1966ko abenduan "licitud de bienes" lortu zutela, eta 1967ko urte hasieran klaseak ematen hasi zirela, Soraluzeko Ametsa Ikastola zen eskolaren izena. Ikastolaren titularra "Sociedad Cultural Recreativa" eta Ramon Arias Azpiazu azaltzen zen Elkarteko Lehendakari. Udaletxeak lehen momentutik bere laguntza eskaini zuen, eta laguntza ez ezik, lokala ere bai, berea baitzen "Errege Etxea", Etxaburueta kalean. Elizak ere bere kezka eta gogo ona erakutsi zuen, herri osoa izan zen laguntzaile: langile, ugazaba, nekazari, ia guztiek lagundu zuten Ikastolaren sorreran.

1971ko urtarrilaren 14an, izen aldaketa eman zen, izen berria jarri zitzaion Nuestra Señora de la Asunción, eskola parrokiakoa zen eta titular bezala Miguel Goikoetxea Zubizarreta, ikastetxearen egoitza Erretore etxean zegoelarik. Izen aldaketaren arrazoia, ziurrenik, legeari hobetuxeago egokitzea izango zen.

1981eko urriaren 2an, berriro ere izen aldaketa eman zen. Ikastolari izen berria jarri zitzaion Nuestra Señora de la Asunción- Soraluzeko Ametsa. Titular bezala berriro "Sociedad Cultural Recreativa Soraluzeko Ametsa" eta Jesus Txurruka Olabarria, Elkarteko Lehendakaria. Aldaketaren arrazoia zera zen, bi titularitate zeudela: administratiboki parrokiarena zen eta gelak "Sociedad Cultural Recreativa" Soraluzeko Ametsarenak ziren.

1993ko martxoaren batean, Soraluzeko Ametsak Elkarteko bazkideen erabakiz Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako Soraluzeko Ametsa Ikastola izeneko ikastetxe publikoa sortzen da, urtarrilaren 25eko 52/1994 Dekretua medio. Ikastetxe honen titular berria Administrazioa izango da, Eusko Jaurlaritza.

1996an aldaketa berria eman zen eta ikastetxe honetan. Soraluzeko Ametsa bi zatitan banatu zen: Plaentxi LHI, eskola publikoa eta Soraluze BHI eskola publikoa. 1997ko maiatzaren 21ean, Soraluzeko Ametsa Ikastola-José M.ª del Moral herri-ikastetxearen berariazko izenaren aldaketa onartu eta aurrerantzean Plaentxi Herri Eskola deitura hartu zuen.

  • AGIRRE, Paulo (2012). Ikastolak Gipuzkoan, datutegia. Argitaratu gabeko materiala.
  • EHAA - 1997ko ekainak 25, asteazkena.