Concepto

Euskal Herriko historiari buruzko historiografia

Donibane Lohitzunen, 1897an, Euskal Herriko tradizioari buruzko Kongresu zientifikoa antolatu zuten Frantziako erakunde zientifiko batzuk eta Adrien Plantén hitzaldiak zera galdetzen zuen: Baina euskaldunek ba ote dute historiarik? Herri txikiak historiarik gabeko herriak ziren. Gehienez Estatu-nazioen baitakoa baino ez zuen garrantzi. Bestalde Euskal historiografiaren ahuleziak eragindako galdera zen. Azken urteotan, historialarien artean, ondoko galdera dago ezbaian, ba ote aurrerakuntza historiografikorik? Edo zertan datza aurrerapen historiografikoa?

Azken 25 urteotan euskal historiografian eta mundu mailakoan sakon sakoneko aldakuntzak gertatu dira. Garrantzitsuena hauxe litzateke: paradigma nagusien gainbehera eta ondorioz aniztasuna. 1989.n Berlingo harresia erori zenetik narratiba edo kontakizun nagusien gainbehera etorri da. Aurreko garai batzuetan, teoria jakin baten aplikazio egin beharrean aurkitzen ziren sarritan ikertzaileak. Oraingoan, berriz, unean uneko gertakizunen azterketen ondoren, hau da etnografiaren bidezko tokian tokiko eta gertakizunetan murgilduz, partaide izanik nolabait, teoria sortu behar da eta jakina, hizkuntza ulergarrian, ikerketa historikoak garaian garaiko hizkeran adierazi. Historiak berriz berreskuratzen ditu aktoreak, sujetoak eta kontakizuna.

Euskal Herria bidegurutzea izan ohi da eta ez hori bakarrik, itsasoz munduko beste tokietara zabalik. Mundua bera dugu partikularra eta horregatik ezin dugu partikulartasun biltegia eginez historia burutzen dugunik pentsatu. Zerbait gehiago behar da eta euskal historia ikertzen dugunean, hein berean historia unibertsala ere burutzen dugu, geure unibertsala delako, unibertsoaren zatia baino ez garelako, eta ez da gutxi.

Azkenik azpimarratu behar dugu Euskal historiografia mendebaldeko Europako historiografiari loturik dagoela. Eta Europako historiografiak bere "canon" edo eredu eta arau propioak ditu munduko besteekin parekatuz gero. Gurean, XX mende arte Bibliaren bidezko metahistoria bat izan dugu. Eta Bibliaren bidez canon edo ereduari atxikiturik euskal historia egiten zen. Adibiderik garbiena Pedro Jose Astarloak burutu zuena dugu euskaraz. Historiografia, beraz, zientzi historikoen atala dugu eta historiazko lanak hartzen ditu aztegai.

Voltaire eta Muniberen "argien garaian" XVIII mendean bereizten zen alde batetik erudizio enpirikoa, datuetan oinarrituriko ezagutzak eta aldi berean edo ondoan interpretazioak, literaturak. XVII. mendean, Hobbesek Leviathan liburuan esan zuen bezala, gauzez (things) ez dago asko esaterik, baina diskurritzen hasten garenean, speech-ak sortzen ditugu eta, orduan bai, ona edo txarra deritzogu eskubide osoz.

Bestalde, eremuak eta aktoreak edo sujetuak argitu behar ditugu. XXI. mendeari begira horixe dugu erronka nagusia, euskal historia burutzerakoan euskal sujektoen ikuspegitik abiatzea. Euskaraz idatziz gero errazago sortzen da Euskal Herriarekiko begiradaren zirkulua. Subjektuak egin eta desegiten ari dira eten gabe historian barrena eta beharbada euskal subjektuez, pluralean, hobe legoke pentsatzea. Euskal Herriko historia ezin dugu mugatu Pirinio inguruko lurraldeetara, Aturri eta Ebroren arteko lurraldera soilik. Itsasoz barrena euskaldunak beste Euskal Herri batzuk ere sortu ohi dituzte bereziki Ameriketako lurraldeetan.

Hara bada, Euskal Herriko historia lantzea beti izan da gai zaila, ez delako izan agirikoa. Antzinatean eta goi erdi aroan inguruko eta auzokoen bidezko berria jasotzen zen. Gerora, ikertzaileek eta idazleek egiten dute agirikoa batez ere azken hiru mendeotan definitzen eta zehazten joan doa. Beraz euskal historiografiak zera aztertzen du: Historiazko ikerketen bidez noiz eta zergatik Euskal Herriko historia bihurtu den agirikoa.

Euskal historiografiaz monografia luzeak eta orokorrak landu dituzte ondoko historialariak: Bernardo Estornes Lasa, Julio Caro Baroja, Andres Mañaricua, Ignacio Olábarri, Koldo Larrañaga, Manex Goihenetxe, Rafael López Atxurra, Manuel Montero, J.M. Sánchez Prietro, Emilio Majuelo, Joxe Azurmendi, Pruden Garcia, Iban Zaldua, Mikel Aizpuru, Jurgi Kintana. Jurgik bereziki, euskaraz buruturiko historiografiaz arduratu da eta dimentsio berri bat ireki dio euskal historiografiaren azterketari. Baina oraingoan, 1978an A. Mañaricuak Eusko Ikaskuntzaren Jardunaldietan euskal historiografiaren epe luzeko ikuspegiaz adierazi zuena iruditzen zaigu abiapuntua:

"una parte del trabajo (historiográfico) pasado nació dañado por preocupaciones de tipo tradicional o político que merman su valor".

Bereziki XIX eta XX mendean barrena argitaratu ziren historia lanak, ad demostradum, zerbait frogatzeko pentsatuak zeuden. Eta jakina ikerketaren balioa murrizturik eta zenbait kasutan baliogabeturik agiri zen. Azkenik aipatu behar dugu XX mendean barrena historialarien profesionalizazio gertatu zela, artxibategietan eta liburutegietan eta azken 40 urteotan Unibertsitateetan.

Erdi aroan erregearen eta buruzagi nobleen inguruan kronikalariak zeuden pertsonaiaren gorazarrea eginez. Horrez gainera historia eta metahistoriaren arteko mugak loturik zeuden, hau da, Bibliaren kontakizunean oinarriturik abiatzen ziren. Bi aipatuko ditugu Euskal Herrian jaioak: Rodrigo Ximenez de Rada, Gares edo Puentelarreina jaioa zen eta 1247an hil zen. Ondoko liburuak argitaratu zituen Toledo apezpiko zela De rebus Hispaniae o Rerum in Hispania gestarum. Nafarroako erresumaren jatorria aztertu zuen baina bereziki Gaztelaren historia eta metahistoria asmatu zuen. Pedro López de Ayalak (1332-1407) Gaztelako erregeen historia idatzi zuen baina Euskal Herriaz ere hainbat berri emanez. García López de Roncesvallesek Nafar ikuspegi historia burutu zuen eta ondoren 1454an Carlosek, Vianako Printzeak Crónica de los reyes de Navarra idatzi zuen.

Azken bost mendeotan Euskal Herriko historialariak hiru gune eta ingurunetik abiaturik idatzi zituzten beraien lanak:

  1. Mendebaldeko Euskal Herrian Batzar Nagusiak errotu ziren eta Araba Bizkaia eta Gipuzkoaren arteko bilkurak, "Konferentziak" antolatzen zituzten. Herrialde bakoitzak bere historia lantzen zuen.
  2. Behe-Nafarroa eta ondoko Lapurdi eta Zuberoan, Baionako hiria nagusi zela euskal historiak lantzen ziren. Eta giro honetan Oihenartek asmatu zuen Euskal Herri osoa aintzat harturik izate vasconicus delako baten nortasuna.
  3. Nafarroako erresuman Iruñea buru zela diskurtso historiografiko berezia asmatu zen.

Erdi Aroan historia unibertsalak burutzen ziren eta Erromako eliza katolikoa erakundetze unibertsala zen, nazioartekoa, alegia. Baina historia partikularrak lantzen hasi ziren Aro Modernoan. Lurraldetasunean finkaturiko herrialde eta nazioak ageri dira. Tokian tokian jaio, bizi, hiltzen direnak kohesio zentzu finkoa hartzera iristen direla uste ohi da. Joanes Etxeberrik euskaldunen nationeaz ari zen. Hispanian jaio, bizi, hiltzen den heinean, guzti horrek idiosinkrasia sortzen du eta Hispanicus delakoaren nabarmentasuna ageri-agerikoa bihurtzen du historialariak, historiaren subjektua bihurtuz. Modu horretan historiografia nazional espainiarra gorpuzturik dago Aro Berriaren atarian eta XVI. mendez geroztik garrantzia irabaziz joango da.

Bizkaian, Lope Garcia de Salazar, 1476an hila, izango litzateke abiapuntua XV mendearen bigarren erdian, garaiko historia kronologikoa eta bizipenez, ikuspegi etnografikotik idatzi zuen Historia de las Bienandazas e fortunas. Autobiografiaren jeneroan ere koka daiteke bere lana. XVI mendean Esteban Garibairen historia unibertsalak eta Espainietakoak idatzi zituen bere inguru euskalduna ere aintzat harturik. Baina benetako jauzia, XVII mendean garaian garaikidekoan parean eta Euskal Herriko ikuspegitik abiatuz Arnaut Oihenart dugu. Moret bere aldetik Nafarroa hartu zuen oinarritzat.

Arrasateko E. Garibay-k (Arrasate 1533-1599) Espainiakoa eta historia unibertsala landu zuen, tartean euskal herriarena txertatuz. Los Quarenta Libros del Compendio Historial de las Chrónicas y Universal Historia de todos los Reynos de España. Historialaria izanik, ez zen izan erabat kritikoa eta sarritan mitoak bereganatu egiten zituen.

Testuinguru honetan kokatu behar dugu A. Oihenarteren lan nagusia: Errenazimendu garaian, euskaldunak, frantziar eta espainiar inperio nagusien baitan ageri ziren. Manex Goihenetxek zehazki landu du. XVII. mendean bi erresuma nagusiren artean banaturik dago Euskal Herria. Oihenart Nafarroako historiaren azterketan murgildu zen Nafarroa Frantziako erregearena zela frogatuz eta aldi berean ondoren Nafarroako erresuma Frantziakoari loturik kokatzeko. Ondoren Notitia Utriusque Vasconiae, trum Ibericae tum Aquitanicae argitaratu zuen 1636an eta honetan subjetua euskaldunak edo baskoiak dira, Vasconiakoak alegia. Nazio kontzeptua, jaioterriarekin loturik zegoen. Aurrerantzean lurrak eta ez ahaideak definituko zuen gizabanakoaren nortasuna Natio gens-etik natio lurraldera jauzia gertatzen ari zen. Euskal Herri mendebaldea Kantabriaren nortasunez jabeturik agertzen zen, nolabait ikuspegi vaskonikoari kontrajarririk. Mito Kantabrista kritikatu egin zuen jakina nortasun baskonikoaren alde. Berak ukatu egingo ditu mito tradizionalak, kantabrismoa, bereziki, eta beste elementu objektiboetan oinarrituko da, hizkuntza eta Vasconia-Euskal Herriaren izaeran. Froga positiboak behar ditu eta dokumentuen kritika zorrotza eragingo zuen garaiko kritizismoan oinarriturik. M. Montaigne eta F. Bacon izango dira gizarte zientzien arloan libertino eruditoen eredu teoriko berriak eta modernitatearen aitzindariak eta ildo horretan kokatzen da A. Oihenart. Horra bere originaltasuna eta ondorioz izate vasconicus-en sorrera asmatu zuen, kanpora begira bereziki.

Azkenik Annales del Reyno de Navarra José Moreten lana, 1654an kronista postua lortu zuena ere aipagarria dugu. Nafarroako Cortes delakoak Espainiako erresumaren baitan zeuden eta egoera berriaren arabera diskurtso historiografikoa asmatu zuen. Horrez gainera Pablo Miguel Elizondo (1670-1728) lana ere gogoratu behar da, Compendio de los cinco tomos de los Anales de Navarra.

XVIII mendeko Euskal Herriko historialari eta pentsalari ilustratuetan hain pentsamolde arrazionalistaren jabe zen Oihenartek, badirudi ez zuela izan eragin zuzenik. Larramendik aipatu zuen baina hein batean alboratuz.

Iparraldean Jean Philippe Belak (1709-1796 landu zuen euskaldunen historia eta zuberotar honen izkribuetan agiri da lehendabizikoz zazpi herrialdeetako Euskal Herriaren nortasuna.

"On divise les Basques en sept provinces ou païs particuliers dont les quatre les plus considérables, divisées des autres par les Pyrénées, sont soumises à l'Espagne... Haute Navarre, le Guipuzcoa, la Biscaye et l'Alava. Les trois autres qui sont la Basse Navarre, la Soule et le Labourd situés en deça des monts dependent de la couronne de France".

Ildo beretik aipagarria Essai sur la noblesse des basques, Jean-Baptiste Sanadon (1729-1796). Azkenik aipatu Jusef Egiategiren lanetan historiak duen garrantzia bereziki Larrremendiren eragina iparraldera ere hedatu zela.

Hegoaldean, Xabier Muniberen eraginez sortu zen erakunde sozial berria eta bertako kide ziren Euskal Herrialdeetakoek gehi Ameriketan edo Europako beste erresumetan bizi zirenek "bascongado" izatearen harrotasuna eta nortasuna erakusten zuten. Euskal Herri Adiskideen elkartean (Real Sociedad Bascongada de Amigos del País) hasieran gogoeta sozialak, historikoak eta politikoak egiten saiatu ziren, baina aurrerantzean gai hauek bazterturik ageri dira, zientzia aplikatuen eta teknologi gaien mesedetan. 1765eko apirilaren 18ko Herri Adiskideen batzarrean elkarteko idazkariak, M. Olasok memoria bat agertu zuen izenburu honekin: Instrucciones para escribir la Historia Nacional, hau da, txostena besteak beste Historia de nacion vascongada idazteko plangintza zen, Euskal Herriko hiru probintzietara mugaturik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabara. Giro berean beste txosten baten asmoa azaldu zen: Plan del discurso previo a la Historia Nacional de las tres provincias bascongadas eta Landazurik idatzi zuen Historia General del País Vascongado comprendido en sus tres Provincias. Horrez gain, Espainiako Historiako Erret akademia hasi zen Euskal herriko iraganaz arduratzen. Bizkaian Juan Ramon Iturrizarren historia aipatu behar dugu eta Gipuzkoan Manuel Larramendi. Azken honek mito historikoak defenditzen zituen bereziki tubalismoa, kantabrismoa eta euskararen antzinatasuna.

Iraultza liberalaren garaian erresumak, erregetza baten gidaritzapean antolaturikoak, estatu-nazio egituran bihurtu ziren. Erregearen ordez, nazioa edo herria agiri da botere iturburu eta gordailu. Erret armada, erret agintaritzaren ordez, nazional armada, nazional izendapena hartu zuten. Nazio-Estatu berriaren ikuspegitik metahistoria berria asmatu zen, ad demostrandum eginikoa, nazio estatu berriaren zerbitzura. Historiako erret akademiaren zeregina nazio-estatu berrien mesederako historia asmatzea eta justifikatzea zen. Eta herrialde foraletan, Euskal Herrian, bestelako historia asmatzen saiatu ziren.

Iparraldeko historiografian, ohiko erakundetzea eta lekuko agintaritza deseginik zutela, euskaldunen nortasun politikoren gabeziaren ondorioz, euskaldunen historiak eurrez burutzen hasi ziren, euskaldunen jatorriaz kezkatzen zen, euskaldunen izaeraz baina euskaldun guztiez arduratzen ziren, horra bada bere berezitasuna. Herri izaera kulturala azpimarratuz. Gogora ditzagun D'Iharce Bidassuetekoaaren historia (1825) Agustin Chahoren Histoire primitive des Euskariens-Basques Madrillen eta Baionan 1847an argitaratua eta ondokoak Besuncek idatziak Histoire des Basques, J. Cenac Moncaut ikuspegi pirinaikoan Oihenarten ildoa jarratzen zuen. XIX mendearen bigarren erdian Pierre Haristoy agiri da "Dieu et le pays", Jaungoikoa eta Errija ildo tradizionalistan kokatua: Recherches historiques sur le Pays basque (1883). Azkenik Jean Jaurgainen La Vasconie Pauen 1902an argitaratu zuen.

Hori da beharbada iparraldeko historiografiaren konstantea, euskaldunak hartzen dituztela historia kontakizunaren ardatz eta oinarri. Euskal Herria bere osotasun geografikoan hartuaz. Badirudi iparraldean bertako ohizko erakundetze politiko eta juridiko propioa galdu zenean, intelligentsiaren joera hizkuntza eta herri berezitasunez gogoetak burutzera eta histori arloan herri euskalduna lantzea bihurtu zela egitasmo berria.

Atzerrian, zegoen Hegoaldeko euskaldun liberala iparraldeko jokamolde horretaz kutsaturik edo, Juan Antonio Zamakolak histori lana Oihenarteren ildoa hartu zuen, ondoko liburua argitaratu zuen: Historia de las naciones bascas de una y otra parte del pirineo septentrional y costas del mar cantábrico desde sus primeros pobladores hasta nuestros dias con la descripción, carácter, Juros usos, constumbres y leyes de cada uno de los estados Bascas que hoy existen. (Auch, 1818). Gizartea eta herria hartzen du bere diskurtso historikoaren abiapuntu eta Bizkaiko historiografia eztabaida juridiko politikoan murgildurik aurkitzen zenean, foru sistemaren aldeko kontakizuna eginez, Zamakolaren historia berriztatzailea da gaia eta oinarriak bestelakoak zirelako, euskal populuan alegia. Sabino Aranak liburuaren bigarren edizioa argitaratzea eragin zuen euskal naziotasunaren diskurtsoa indartu nahian.

A. Chahok Oihenarten ildotik ere, Notice sur les deux Vasconies aipatzen du eta aipatu dugunez, berriz ere euskaldunak subjetu historiografiko bihurtzen dira eta hegoaldean ere ezaguna izan zen bere liburua Histoire des basques eta bertan "nacionalidad cántabra" aipatzen du euskal nazionalitatearen sinonimotzat.

Hego Euskal Herrian, Espainiako estatu-nazioaren baitan izate eta nortasun politikoa zegoen jokoan eta historiaren azterketan, Batzar nagusiek eta Foru erakundeetako agintariak foru erakundetzearen aldeko historia indartzen saiatu ziren, Espainiako nazio-estatu liberalean bestelako historia nazionala asmatzen zen bitartean. Nortasuna hizkuntza, herri edo etnia bereizkuntzetan oinarritu ordez, egitura eta erakundetze politikoaren aldeko historiografiak hartzen zuen indarra. Aipatu behar da historiografia erreaktiboa izan zela, Espainiako Historiarako Erret Akademiak hasi zuen Foruen autogobernu politikoa finkatzeko zegoen interpretazioa suntsitzen, 1802an argiratu zuen Hiztegi geografiko historiakoan. Helburua zen, erregearen erabateko subiranotasuna ez zegoela foruen legediaren bidez mugaturik. Gerora Juan Antonio Llorentek Espainiar botere absolutuaren alde, honen aginduz alegia, finkatu zuen erresumako diskurtso berria, 1806an argitaratu zuen Noticias Históricas de las tres provincias Vascongadas liburuan. Beraz Espainiako erresuma absolutistaren garaian jadanik sortu zen kontakizun historiko berritzailea Foru konstituzioaren aurka eta honek jarraituko du Espainiar Estatu-nazioaren garaian.

Historiarako Erret Akademiaren tesien aurkako lehen kontakizuna Pablo Pedro Astarloak argitaratu zuen 1803an Apología de la lengua Bascongada liburuan. Euskararen balioa eta antzinatea justifikatzen du, euskaltzaletasunaren oinarriak jarri zituen. Ondoren, zuzenbidean oinarriturik Llorenteren aurka Francisco Arangurenek argitaratu zuen Madrilen Demostración del sentido verdadero. Bizkaiko Batzar Nagusietako legelari nagusia zen eta paktismoaren teorian finkaturik subiranotasun konpartituaren printzipioa aldarrikatu zuen Foru konstituzioaren alde eginez berezko balio eta jatortasuna agertuz. Ondoko urteetan foruen aldeko eta kontrako historiografia garatu zen. Foruzaleak Arangurenen ildotik abiatu ziren. Pedro Novia de Salcedok 1829an idatzi eta 1853an argitaratu zituen lau liburukietan Defensa historica legislativa economica. Aldi berean, mito eta kontakizun historikoak oraindik bizi-bizi ezagutzen ziren ahoz aho edo idatziz. Baina XIX mendearen bigarren erdian sortu zen benetako etena euskal historiografian ere, Europan gertatzen zenekoa, hots, positibismo kritikoaren eragina. Narrazioak, mitoak kontakizunak alde batetik eta bestetik positibismo historiko kritikoa. Gorosabel eta Soraluceren lanak gogoratu behar dira Gipuzkoan eta Sagarminaga eta Camilo Villabaso Bizkaian.

Azkenik Anton D'Abbadiak Urruñan 1852an sortu eta eragin zituen lore jokoen erreferentzia euskalduna aipatu behar da. Jaialdi hauetan euskaldunak eta euskaraz adierazten zirenak bereziki kontakizun eta gertakizun berrien ardatz bihurtu ziren. Euskaltasun berritzailea abiadan zegoen.

XIX mendearen bigarren erdian, ohiko euskal zibilizazioa betiko desagertzearen beldurra hedatu zen. Iruñean Revista euskara sortu eta antolatu egin zuten 1878an eta bertan euskaltasunaren eragile izan zen eta historialarien artean Arturo Kanpion gogoratu behar dugu (1854-1936) historialari eta kontalari kementsua. Gasteizen Fermín Herránek Revista de las Provincias éuskaras eratu zuen eta, Donostian Manterolak Euskal Erria aldizkaria. Bilbon Fidel Sagarminagak eta lagunek Sociedad Euskal Erria eta La Unión vasco-navarra egunkaria. Berpizkunde historiografikoa ageri da aldizkariotan, baina sarritan ohizko mito eta legendekin Euskal Herriko iragana interpretatuz. Mende bukaeran A. Kanpion, Estanislao Labayruk eta Karmelo Etxegarairen lanek historia berria landu nahi zuten, mito eta legenda gabekoa, enpiriko positiboa, non dokumentuaren jatorria eta egiatasuna bihurtzen zen behin-behineko abiapuntua. K. Etxegarairen eta E. Labayruren historiografia berria ez da huts hutsean burutzen.

Antonio Cánovas del Castillo politikariak berrezarkuntza borbonikoa prestatu eta indartu zuen 1874 urteaz geroztik 1898 arte, Espainiako erakundetze politiko nagusia antolatu zuen, non karlista-tradizionalistak, alde batetik, eta errepublikanoak,bestetik, sistematik at gelditzen ziren. Cánovas del Castillok 1886an Historia general de España berri bat idazteko taldea sortu zuen eta Espainiako Historiazko erret akademia proiektu historiografiko berriaren abiapuntu nagusi ere bihurtu zen, azken batean, Cánovasek asmatu zuen sistema konstituzional berria legitimazio historiko politikoan sartzeko. Europa L. Ranke historialari alemanak zientzia historiko berriaren oinarriak ezarri zituen, datu enpiriko egiaztatuan sustraitua. Historialari profesionalen taldeak sortzen ari ziren. Eskozian Scotten bidez nobela historikoak arrakasta lortu zuen. Ez zen aski datuak biltzea, interpretatuz landu behar ziren.

Giro hori ezagutzen zuen Etxegaraik eta Kanpionek ere. Trabajos de un cronista liburuan, 1898an argitaratuan, bere helburu historiografikoa argi eta garbi adierazten zuen:

"la renovación de los estudios históricos relativos al pais vascongado, (...)"la historia no es obra exclusiva de los grandes, de los proceres, de los caudillos, mas que de ellos, es obra de los pequeños, de los desconocidos, de los anónimos de los invisibles, de aquellos que constituyen lo que llamamos pueblo".

Esaldi honetan azpimarratu behar da berriztatu nahi zuela euskal historiografia.Berriztapena lortzeko, oinarrizko abiapuntua sorburu historikoak kritika zorrotzez aztertu behar ziren eta iturrien irakurketa berriak egin. Horregatik ez da mugatzen agirien positibismora edo sorburuen kritikaren teknikara. Frantziako Augustin Thierry izango zuen eredua eta, beraz, ikerketa eginez, artistaren jitea ere erakutsi behar zela aldarrikatu zuen. Estanislao Labayru Bizkaiko historia berria egiten saiatu zen.

"Restaurar lo verdaderamente historico, apuntar lo probable y disipar las nieblas aqui y alla espaciadas sobre la nación Euskalduna."

Giro honetan Arturo Kanpionen lan erraldoia goraipatu behar da, Nafarroako historiatik abiatzen da, Euskal Herriko ikuspegia izanik. Teoria historiografikoan, psikologismoaren esparruan kokatu zen, gertakizun handien azalpena bilatzeko orduan. Lan ugari argitaratu zituen. Baina aldi berean nobela historikoa ere landu egin zuen. Bere osotasunean historialari berritzailea izan zen. Horrez gainera aipatu behar dira, Serapio Múgica (1854-1941), Ladislao Velasco (1817-1891), Vicente González de Echevarri, y Teófilo Guiard (1876-1946). Tokian tokiko historiak indarra hartu zuen Geografia general del Pais Vasco Navarroren argitalpenak adibide izan zela. (1911-1921).

XX. mendearen lehen herenean gizarte zientzien garapenez aberastu zen eta euskal historiografian kezka eta galdera berriak eginez Pablo de Alzola eta Julio Lazurtegik historia ekonomikoan murgildu ziren. Antropologia arloan José Miguel Barandiaranek ahozko iturrietan finkaturik, biltzen zuen lege zaharreko azken usadioak. Bonifacio Etxegaraik sintesi historikoa idatzi zuen Espasa Entzikopedian 1928an Vasconia izenpean. Baina guztien artean berritzaileena zalantzarik barik Théodore Lefebvreren lan erraldoia izan zen: Les modes de vie dans les Pyrénées atlantiques orientales, Parisen argitaratua, 1933an. Metodologia eta teoria berria adierazten du Euskal historiazko oinarri materialak aztertzen ditu eta ildo berriko historian dihardu. Euskaldunen azken 1.000 urteko historia zehatza idatzi zuen, inguruneak eta gizakiak sortu zituen zibilizazio materiala: demografiaz, migrazioez eta eguneroko bizitzan esparru guztietan gertaturikoa sistematizatu egin zuen. Garaiko lan historiko garrantzitsuena izan zen ezbairik gabe, gure artean gutxi ezagutu eta landu dena, tamalez. Lan honekin euskal historiografia goi maila hartu zuen. Garai honetan Eusko Ikaskuntzaren historia sailak ere antolatu egin zen 1918an. 1936ko irailean Lizarran Euskal Herriko historiari buruz Kongresua prestaturik zegoen baina gerrak eragotzi egin zuen. Giro honetan Ildenfonso Gurrutxaga ezaguna izaten hasi zen.

1939an, gerra zela eta, aurreko urteetan bideraturiko dinamikak eten egin ziren. Eusko Ikaskuntzaren inguruan erakundetzen hasi zen azpiegitura zientifikoa desegin zen. Iparraldean J.M. Barandiaranek jarraitu zuen aldizkariak sortzen eta 1948an Biarritzen Eusko Ikaskuntzen zazpigarren kongresua antolatu zen. Iparraldean Eusko ]akintza aldizkariaren inguruan ikerketak landu ziren, baina 1954an Baionan antolatu zen Eusko Ikaskuntzaren 8. Kongresuak dinamika horren amaiera erakusten zuen. Bestalde, hego Ameriketan, Argentinan, Venezuelan eta Mexikon bereziki ahaleginak egon ziren. Urrunetik euskal historiaren mistifikazio politikoak errazagoak ziren, baina ikerlari finak ere izan ziren. Aipatzeko da 1. Gurrutxagaren lana eta saiakera interpretatzaile gisa R. Aldasororena. (Las guerras civiles y el concepto de libertad en la Historia Contemporánea del País Vasco, 1946.) Gurrutxagak hainbat artikulu zorrotz idatzi zituen, eta beste batzuen artean aipatuko nuke "Las guerras carlistas en el siglo XIX y su significación en la Historia Vasca", 150 años del Convenio de Bergara y de la ley del 25-X-1839 liburuan lehendabizikoz argitaratua.

Azkenik, hegoaldean, Iruñean eta Donostian Príncipe de Viana eta RSVAP aldizkarien inguruan eratu ziren ikerlariak, harik eta 1960-70 hamarkadetan Unibertsitateetan historiazko ikasketa unibertsitarioak antolatu ziren.

Giro honetan eta Unibertsitatean ikasia izan arren, bere kabuz ikerketa lanak eginez, Eusko Ikaskuntzan eta CSIC erakundearen inguruan ibiliaz, Julio Caro Baroja dugu. Haren lana historialariek sarritan ez dute ezagutzen, antropologiatik hurbil dagoelako agian. Los Vascos. Etnologia e historia izeneko liburua, 1949an argitaratua izan zen eta Pariseko Annales aldizkarian, indartzen zegoen historiazko paradigma berriaren ispilu zena, historia egiteko modu berriaren erakusletzat aipatu zuen. J.C.B.ren lana ulertzeko Pío Barojaren ideiak eta nobelak ezagutzea premiazkoa da. Baina nobelaren bidea hartu beharrean, saiakera eta ikerketa sakona erabili zuen. Euskal gaiak batez ere 1940tik 1956ra bitartean ikertu zituen. Biografia, tokian tokikoa zein baztertuen ibilbidea izango ditu gogokoen. Ez du nahi izango generalizazioan erori. Espiritu etnografikoan dirau bai, baina hori ez da maila teorikoan ez duelako kezkarik, erredukzionismo antzuan ez erortzeko bidea baizik. Sozilogismo berriaren ekarpenak jasoko ditu 1950ean, aurkakoa, hurrengo hamarkadan, sikologismoan murgilduz. Azkenik Julio Caro Baroja Euskal Herriko Unibertsitatean izan zen irakasle eta XX mende bukaeran gertatzen ari zen historiografiaren berritasunerako zubi lana burutu zuen.

1970tik aurrera, euskal historiografiak erabat berritu da. Historian aritzeko profesionalak unibertsitatean lan egiten dute Europako mendebaldeko giroan barruan. Esparruz esparru, demografian, ekonomian, gizartean, politikagintzak historiografia oparoa sortu da azken 40 urteotan.

Azken 30 urteotan erabateko aldaketa gertatu da Euskal Herriari buruzko historiografian eta ezagutzan. 1979 urteaz geroztik Euskal Herriko Unibertsitatean Letretako fakultatea antolatu zen eta bertan Historiaren irakaskuntza akademikoa erakundetu egin zen. Doktorego ikerketak ugaritu egin direnez gero, ezagutza historiografikoak jauzi kuantitatibo eta kualitatiboa egin du eta arlo guztietan ezagutza berritzailea gertatu ohi da. Beraz erudizioaren arloan erabateko ezagutza berria irabazi da eta ikuspegi teorikoen arloan ere Euskal herritarren iraganari buruz begirada berriak produzitu dira, kezka eta ikuspegi berritzaileak sortu hala.

Ikerketa historikoak burutzeko era eta metodologia ere eraberritu da:

  1. Ikerketa taldeak sortu eta antolatu dira: Historia giza eta gizarte zientzien eremuan zientzi metodologian oinarriturik, talde trinkoak antolatu dira. Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak deialdiak egiten dituzte eta ondorioz, ikerketa talde sendoak antolaturik dira. Azken deialdiari, 2009an egindakoari erreparatuz, hiru talde agiri dira historia garaikidearen atalean, ondoko ikerlarien buruzagitzapean: Joseba Agirreazkuenaga, (Parlamentuak eta biografia); Luis Castells, (gizarte historia); Manuel Gonzalez Portilla, (demografia). Erdi aroko historian, Ramon Diaz de Durana eta arkeologian Agustin Azkarate.
  2. Historia arloan ere, aldizkari zientifikoak bihurtu dira erreferentziazko abiapuntuak. Euskal Herriari buruzko historia aldizkarien bidez erakusten dira ikerketa berriak. Aldizkari hauek ebaluatuak dira eta ranking baten baitan kokaturik daude. Adibidez, Eusko Ikaskuntzako Vasconia aldizkaria dugu bereziki Euskal Herriko historia gaiak lantzen eta European Reference for Humanities Index delakoan sarturik dago. Tokian tokiko aldizkari zientifikoak goi mailako kalifikapena lortu dute, adibidez, Bilboko historiari buruzko Bidebarrieta aldizkaria. Azkenik aipatu behar da euskaraz ere argitaratzen dela zientzi aldizkari bat, Kondaira izenekoa, Udako Euskal Unibertsitateak argitaratua.
  3. Artxibategiak eta bibliotekak dira behin behineko azpiegiturak. Dokumentazioaren ezagutzarako baliabide berriak antolatu dituzte eta lehen eskuko sorburuen ezagutza eta erabilera bideragarriagoa gertatzen da. Horrez gainera Museoetan ere iraganean murgiltzeko erakusketa monografikoak eta iraunkorrak eraberritu dira.

Bilakaera eta eraberritzearen sakontasuna neurtzeko, Euskal Herriari buruz idatzi diren historia orokorrak alderatuz, ezagutzan gertatu den eraberritzearen erakusgarri, lor dezakegu. 1970eko hamarkadan Euskal Herriko historia orokorrari buruzko sintesiak burutu ziren: Ildefonso Gurrutxagaren lanetan oinarrituz Martin Ugaldek idatzi zuen ikuspegi orokorrekoa. Federico Zavalak ere aldi berean sakonago eta zabalago ihardun zuen. "Iker" Bilboko kultur enpresan idatzi zen metodologi berrietan oinarriturik eta talde lanean, euskal herritarrak osotasunean hartzen, Historia de Euskal Herria, izenburupean, Ediciones Vascasen bidez argitaratua (1980). 2004an beste Historia de Euskal Herria 6 liburukitan, argitaratu zuen Lur argitaletxeak 38 autoren artean, guztiak doktoredun unibertsitarioak izanik. Aldea nabarmena da bai erudizio, edukiaren esparruan zein galderetan. 1995.n argitaletxe berberak Euskal Herriko Atlas historikoa argitaratu zuen eta honetan ere agiri da jadanik Euskal Herriko historiaren ezagutza Europako beste herrialdeen parera hurbiltzen hasi zela. Euskal Herriko iparraldetik abiatuz Manex Goihenetxek beste ahalegin orokor bat burutu zuen baina orotariko historiaren idazketa egiterakoan kontakizun politikoa nagusituz burutzen du. Azken batean, galderak ugaritu heinean pertsona bakarrarentzat historia osoa burutzea ezinezkoa gertatzen da. Ikerketa galderak aldaturik daude eta erantzunak ere bestelakoak dira. Eta garaian garaiko ikerlarien galderak eta kezkak aldatuz doazen heinean, historiaren ezagutza eta pertzepzioa ere garaian garaiko ikerlari eta irakurleen arabera idazten da.

Laburbilduz, 1970ko hamarkadan bizitza materialaren eta demografiaren azterketa sakona hasi zen burutzen. Historia ekonomiko eta sozialean ere erabateko berrikuntza gertatu da 1970 hamarkadatik aurrera. Alfonso Otazu, Emiliano Fernandez de Pinedo, Pablo Fernandez Albadalejo, Luis Mari Bilbao, Maria Angeles Larrea, aipatzekoak ditugu. Aro garaikidean aipagarriak dira, Juan Pablo Fusi, Ignacio Olabarri gizarte mugimenduaz edo iraultza industrialari buruz Manuel Gonzalez Portilla. Doktorego tesiak dira abiapuntuak eta beste arloetan ere agiri dira ikerketa baliotsuak. Erakundeen historian Gregorio Monreal edo pentsamendu politikoaren arloan Antonio Elorza.

Hurrengo hamarkadetan belaunaldi berri baten doktorego ikerketak euskal gizartearen arlo guztiak astindu dituzte Ezagutza eta erudizio izugarri berritzailea gertatzen da. Tokian tokiko historiak ere hartzen dute indarra Eusko Ikaskuntzaren historia sailaren bidez.

Azken batean, historiografia orokorra ez ezik, gai eta problema historikoen arabera aztertu eta ebaluatu behar da aurrerantzean Euskal Herriko produkzio historiografikoa, aintzat harturik hizkuntza desberdinetan burutzen delarik, azpimarratuz euskaraz ere produkzio historiografikoak bere lekua irabazi duela.

Azpiegiturazko ikerlanak burutu behar dira, oraindik gure iraganaz ezagutza urria dugulako Euskal Herriko ikuspegia garatuz. Euskal Herria, edozein herri bezala, anitza eta moeta askotakoa dugu eta kostaldeko herrialdeen edo barrualdekoen dinamika eta denborak ez dira berdintsuak. Historiak erakusten diguna zera da, denbora kronologikoez gain, beste denbora eta erritmoak bereiztera, arkaikoa, mitikoa, betidanikoa duguna eta erabat errotua gizarteko hainbat arlotan. Horregatik, herri ikuspegia esaten dugunean, gizartean islatzen zaiguna, abiapuntutzat hartu behar dugu, herri eta gizartea multzo berekoak baitira.

Oraindik historialariok literatura ederraren kreazio indibidualetik hurbilago gaudela dirudi, zientzietako talde praktikatik baino. Premiazkoa da euskarazko historiografia gehiago lantzea ez baita berdin euskaraz edo gaztelaniaz edo ingelesez idatzi.