Architecture

Donostiako Udaletxea. Zaharra

Donostiako alde zaharreko Konstituzio plazan (43º19'24.75" I 1º59'06.96" M) aurkitzen den XIX. mendeko estilo neoklasikoko eraikina da. Silvestre Pérez-ek diseinatu zuen 1819. urtean orduan plaza Berria deitzen zen estilo bereko enparantzako mendebaldeko albo txikia ixteko. Eraikina egiteko beharra Donostiako sute ospetsuren ondoren iritsi zen, bertan kokatzen zen eraikina suntsitu egin baitzen. Hainbat urte itxoin behar izan zen eraikitzen hasteko. 1825. urtean, Silvestre Pérez, eraikinaren diseinuaren egilea zena, hil egin zen eraikina hasi baino lehen. Donostiako udalak zituen arazo ekonomikoengatik, eraikitze lanak 1829 urtera arte ez ziren hasi, obra zuzenketa P. Manuel de Ugartemendia-k eraman zuelarik. Diseinu eta gauzatze prozesuetan bi arkitekto ezberdin arduratu ziren beraz. 1832. urtean eraikitzeaz bukatu zutenetik 1947 urtera arte Donostiako hiriaren udaletxearen eraikina izan zen.

P. Manuel de Ugartemendia eta Silvestre Pérez Donostiara iritsi izanak hirian arkitektura neoklasikoaren presentzia ahalbidetu zuen. Krisi ekonomikoko eta ezegonkortasun politikoko garaietan iritsitako heziketa neoklasikoko bi arkitekto hauek, funtzioaren eta formaren arteko egokitasunaz kezkatzen ziren. 1813. urtean suteak suntsitutako eraikinak utzitako orubearen gainean berreraiki zen plaza Berriko udaletxea. Aurreko eraikin hura 1718. urtean diseinatu zuen Hercules Torrelli ingeniari militarrak estilo barrokoan. Berreraikuntza honek euskal probintzietako hainbat udaletxeen tradizio barrokoarekin amaitu zuen eta Donostiako garai neoklasikoko eraikinik esanguratsuena bezala hartu daiteke.

Aipatutako egoera ekonomikoa dela eta, 1829ko urtarrilaren 11ean hiriko birmoldaketaren alde jo zuen Fernando VII monarkaren ematea iritsi zen arte ezin izan ziren eraikuntza lanak hasi. Hiru urteren ostean, 1832. urtean, eraikina bukatuta zegoen, urte horretako abenduaren 19an udaletxeak okupatu zuelarik. 1864. urtean harresia bota zenetik hiriko populazioaren hazkuntzak udaletxeari eskatzen zizkion instalakuntza guztientzat txikia utzi zuen erakin hau. Segituan udaletxe berri bat eraikitzeko ideia sortu zen, baina inoiz ez zen aurrera eraman. Eraiki zenetik, erreforma ugariren oinarri izan da eraikin hau. Hurrengo urteetan Donostiako udalak inguruko eraikinetan hainbat egoitza alokatzeko beharrean topatu zen. Azkenik, 1947. urtean Donostiako udaletxearen egoitza urte gutxi batzuk lehenagora arte Kasino Handia izan zeneko eraikinera eramatea erabaki zen. Orduan, Silvestre Pérez-en eraikin honetan, Udal Liburutegia kokatu zen hainbat moldaketa egin eta gero, 1951. eta 2000. urteen artean. Geroztik Udalaren Kultur saileko bulegoak topatzen dira bertan.

Silvestre Pérez-ek sinbolismoz betetako tenplu klasikoaren itxura eman zioneko eraikin esanguratsu honek, apaindura gutxiko baina edertasun handiko fatxada du. Beheko oinean puntu erdiko arkuteria aurkezten du eta hurrengo bi solairuak oinarri sendo batzuen gainean finkatutako ordena dorikoko sei zutabe erraldoi batzuk zeharkatzen dituzte. Hauen gainean arkitrabea aurkitzen da, erloju zein hiriko harrizko armarri batez apaindua. Klasizismoko estetikan oinarrituta, neoklasizismoko ezaugarrien adibide argia da eraikin hau.

Honen oinplanoa aztertuta, forma laukizuzeneko eraikina dela antzeman daiteke. Hiru oineko garaiera hartzen du, hareharrizko harlanduz egindako gangek osatzen duten sotokoaz aparte. Beheko solairuan eta plazari begira sarrera arkupea topatzen da. Eskailera, XVIII. mendeko udaletxe askotan bezala, atzeko parteraino heltzen da lehen solairuan, aurreko partera, parte nagusira alegia, heltzeko gero. Eraikinaren diseinua eta gauzatzea bi arkitekto ezberdinek egin zutenez, hasierako proiektutik bi gauza aldatu egin ziren bigarren diseinuan, fatxadaren errematea nola eskaileraren barrutia.

Eraikuntza eta materialei dagokienez, aipagarria da fatxadetarako erabilitako hareharrizko eta kareharrizko harlanduz egindako eraikuntza. Hauek inguruko harrobietatik ekartzen ziren, Hernani eta Urnietako harrobietatik bereziki hareharria eta Uzturreko (Tolosa) harrobitik kareharria. Ulia eta Igeldo mendietatik eratorritako harria ere erabili zen. Kanpoko zoladura eta atarira sartzeko mailak ere esanguratsuak dira. Lehen aipatutako sotoa osatzen duten gangak nortasun handikoak dira. Bertarako sarrera eskailera nagusien behean du.

Zoruetako zura lodirako eta eraikinaren armazoirako haritz urdina erabiliko zen, zeinaren gainean gaztainondo, gereziondo eta intxaurrondozko taula txikiz egindako marrazkiak egokitu ziren. Barneko gainontzeko zoruetan kalitate altuko pinuzko taulak jarri ziren eta solairu nagusietako ate zein leihoen hautatutako materiala haritz lehorra eta gaztainondo fina izan ziren. Material hauen eta gainontzeko guztien ustiapen prozesua, ezaugarriak eta gainontzeko espezifikazio teknikoak Ugartemendiak zehazki finkatu zituen eraikuntza prozesu egoki baterako.

Hércules Torrelli-ren lehen diseinuan aurreikusitakoa aintzat hartuta eta Donostiako 1823ko sutearen ondoren berreraikitzeko beharra dela eta, Silvestre Pérez-ek plaza Berria-ri izaera nagusia eman zion udaletxearen egoitza izango zen eraikin baten bidez.. Eraikin hau eta dagoeneko plaza urte askotan zehar hiriko gertakizun nagusien eszenatoki izan dira, guztien artean berezitasun handikoa delarik zezen festak ospatzeko ohitura zaharra, udaletxe zaharraren inguruko eraikinen balkoietan zenbakiak egoteko arrazoi. Gaur egun ere Donostiako hiriko egun garrantzitsuenaren eszenatoki nagusia da, San Sebastián egunekoa alegia. Donostiako ordezkari politiko eta kultural ezberdinak eraikin honen balkoitik ematen diote hasiera hiriko jaiei, plazan danborrek Sarriegiren melodiak jotzen dituzten bitartean.

  • 1876: José de Goicoa arkitektoaren eraikinaren barrutiaren lehen berriztatzea, errege gelen sortzea.
  • 1895: Goicoa bera arduratu zen barneko areto eta geletan hainbat aldaketa egiteaz, eskailera txiki bat eraikitzeaz gain, lehen solairutik bigarrenera zihoazen eskailera nagusiko parteak ezabatuz bilera areto berri bat lortzeko asmoz.
  • 1924: Juan Rafael Alday arkitektoak azken solairua handitzeko obrak egin zituen.
  • 1993: Estaldura eta fatxadak zaharberritu egin ziren.
  • 2008: Mandaseko Dukearen aretoko sabaiaren zaharberrikuntza.
  • 2009: "Encyclopédie ou Dictionnaire Raisonné, des Arts et des Métiers" zaharberritzea.
  • ARSUAGA, Miguel. SESÉ, Luis. Donostia-San Sebastián Arkitekturako gida-liburua. Donostia: Colegio Oficial de Arquitectos Vasco Navarro, 1997
  • Gipuzkoa.net [web] "Casa Consistorial (Biblioteca Municipal)". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a].
  • Ingeba.org [web] "Donostiako Udaletxe zaharra". [Kontsulta data: 2012ko uztailaren 18a]
  • RODRIGUEZ SORONDO, Maria del Carmen. Arquitectura pública en la ciudad de San Sebastián (1813-1922). Donostia: Sociedad guipuzcoana de ediciones y publicaciones, 1985
  • SADA, Javier. Donostia-San Sebastián. Editorial Txertoa, 1999