Pintoreak

Agirre Sanchez, Lorenzo Victoriano

Margolari hau Iruñean jaio zen 1885eko azaroaren 14an, eta Madrilen hil zen 1942ko urriaren 6an.

Hamaika urte zituela pintura ikasketak hasi zituen Alacanten, eta orientazio ona jaso zuen Arcoy herrikoa zen Lorenzo Casanovas margolari famatuaren eskutik. Haren laguntza funtsezkoa izan zen margolari ona bilakatu zedin. Urte batzuk beranduago, 1899an, hain zuzen, Madrilera joan zen, bere ezagutzak zabaltzeko asmoz, eta Pintura, Eskultura eta Grabatu Goi Mailako Eskolan hasi zen.

1901ean, Frantziako hiriburura joan zen eta bere ezagutzak areagotu zituen, eszenografiari dagokionez, bereziki, Gran Operaren tailerretara bertaratzearen ondorioz. Pariseko egonaldi horretan, Bailly eta Gambon maisuen dizipulua izan zen.

Margolaria izateaz gain, Lorenzo Aguirre artista polifazetikoa ere bazen: eszenografoa, kartelgilea, idazlea, eta kazetaria, besteak beste.

LDM

1910ean, Mexikon antolatu zen erakusketa batean parte hartu zuen, bere independentziaren oroimenez, eta brontzezko domina irabazi zuen; bere lehenengo sari nagusia izan zen. Madrileko erakusketetan parte hartzen jarraitu zuen, eta La esfera aldizkaria bere ilustrazioak argitaratzen hasi zen. Pixkanaka bere karikaturak hainbat komunikabideetan azaltzen hasi ziren. Paraleloki, pertsona garrantzitsuenetako bat bilakatu zen umoristen aretoetan eta antzokietako eszenografietan. Urte batzuk beranduago, 1919an, Madrilgo Ateneoan bakarkako lehenengo pintura erakusketa antolatu zuen.

1922an, Erakusketa Nazionalera bertaratu zen, Luz divina obrarekin, eta Hirugarren Mailako Domina irabazi zuen, beste nafar batek, Fructuoso Ordunak, alegia, lehenengo saria irabazi zuen urte berean. Sari horri esker, Nafarroako Erkidegoaren aintzatespena jaso zuen Madrilen. Udazkeneko aretoan parte hartu zuen 1923an eta 1925an, eta 1926an Crepúsculo de vidas obrarekin Arte Ederren Erakusketa Nazionaleko Bigarren Mailako Domina irabazi zuen. 30. hamarkadan, Arte eta Lanbide Eskolan Grabatu Artistikoa eta Argazkigintza Aplikatua eskoletan izena eman zuen, eta errepublikano konbentzitua zen aldetik, bere artista fazeta eta Partidu Komunistako kidetza uztartu zituen. Horrela, Espainiako Polizia Eskolaren buru egin zen.

AEC

Espainiako Gerra Zibila amaituta Parisera erbesteratu zen, eta, beranduago, Le Havre hirira lekualdatu zen, Amerika aldera itsasoratzeko. Baina 1940an Frantziako mugan atxilotu zuten, eta Ondarretako presondegian sartu zuten. Bertan, presoei arreta ematen zien mojen ordena fundatu zuen Rafols Amaren hainbat koadro margotu zituen. 1941ean, Madrileko Porlier presondegira eraman zuten, eta bertan ere koadroak margotzen jarraitu zuen; Cabeza de vasco eta La virgen de los artilleros obrak bertan margotu zituen. Hil aurretik hiru ipuin idatzi zituen; alaba bakoitzari egokitutako ipuin tradizionalak ziren, marrazkiak eta ilustrazioak barne. 1942an exekutatu zuten Porlier presondegian, errebelamenduari laguntza emateagatik salatu eta gero.

AEC

Lorenzo Aguirreren obra beti egon zen garai hartako Espainiako giza eta kultura errealitateari lotuta. Karikatura-egilea zen aldetik, nahi zuenari buruz ironiaz hitz egiteko aukera zuen. Marrazki sinpleetan mezuari ematen zion nagusitasuna, teknikari eman beharrean.

"Lorenzo Aguirre bere marrazkiak arazten joan zen, pixkanaka, eta trazuaren sintetizatzaile aparta bilakatu zen; hala, arketipo orokor gisa balio zuten tipoak landu zituen, herri oroitzapenean gorde zitezkeen pertsonaiak, alegia: polizia, barkilo saltzailea, jauntxoa, epailea, toreatzailea, zaldi-hezlea, lapurra, emakume gizena, mozkorra, eta abar. Pertsonaia horiek guztiak bere eszenetako protagonistak bilakatu zituen, eta ezaugarri moralak dituen umorista bezala nabarmendu zen. Bere marrazkien trazuetan garai bateko arima erregistratuta geratu da, ohiko pertsonaietan adierazita"

(Gregorio Diaz Ereño eta Camino Paredes, Iruñeako CANen Castillo de Maya Kultura Aretoan 1999ko abenduan egin zen Lorenzo Aguirreri buruzko erakusketa katalogoa) (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Aguirrek garaiko arteari egindako ekarpen nagusienetako bat enkaustikaren erabilera izan zen. Teknika konplexua eta neketsua zen, non koloreak argizariarekin eta suarekin lantzen ziren; oso ondo egokitzen zen margolariak bere azken urteetan landu zituen eszena erlijiosoetara. Erretratua, ohitura-eszenak eta gai erlijiosoak izan ziren, hain zuen ere, bere pinturaren gai nagusiak.

AEC

  • MANTEROLA, Pedro; PAREDES, Camino. Arte navarro 1850-1940. Panorama bilduma. Iruña: Nafarroako Gobernuko Viana Printzearen ERakundea, 1991, 57-58 orr.

AEC