Eskultoreak

Fernandez de Viana y Ugarte, Lorenzo

Arabako eskultore garaikide hau Lantziegon jaio zen, 1866ko abuztuaren 10ean, eta Bilbon hil, 1929ko abenduaren 27an.

Jatorri xumekoa zen -gurasoak nekazariak zituen-, eta haurtzaroaren parte bat Logroñon eman zuen. Hiriburu horretan, ebanisteria-lan zehatzetan hasi zen, eta, geroago, 1883an, Gasteizera lekualdatu zen. Ikasten jarraitu zuen Arte Ederren Akademian, egun Arte eta Lanbide Eskola dena, eta ikasle onenetako bat bilakatu zen. Hori dela eta, udalak beka-pentsio bat eman zion 1989an, Madrilen ikasten jarraitzeko. San Fernandoko Arte Ederren Akademian eta Arte Ederren Zirkuluan ikasi zuen. Aniceto Marinas eskultore errealista ospetsuaren irakaspenak jaso zituen, Pradoko Museoaren sarreretako batean aurrean dagoen Velázquez-en estatuaren egilea, alegia.

Mende amaierako urte horietan, hain zuzen ere, arabarren artean ospea eman zion konpromisoetako bat hartu zuen, oraindik ere ikus daitekeena: Estibalitzeko Ama Birjinaren zaharberritzea, 1897an. 1900. urtean, Madrilgo egonaldiaren ostean, Pariserako lehenengo bidaia egin zuen. 1906an, berriz ere bertara bidaiatu zuen, eta Sena ibaiertzean eman zuen egonaldia. Garai hartan, maiz joaten zen Julien Akademia ospetsura.

Aldi hartan, nolabaiteko ospe profesionala eta soziala lortu nahi zuten artista guztiek Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionaletara joaten ziren. Ohorezko aipamenak lortu zituen 1904ko eta 1906ko edizioetan, eta hirugarren domina lortu zuen 1908ko deialdian, Job eskulturari esker. Tailerra zabaldu zuen Arabako hiriburuan eta, urteetan zehar, hainbat kokaleku izan zituen: San Migueleko Arkupekoak, El Resbaladero aldapa eta Santiago kalea.

Gasteizko kultura eta arte jarduerari oso lotuta egon zen, eta tokiko hainbat pertsonai garrantzitsuren bustoak zizelkatu zituen. Eremu horretan, nabarmenak dira honako pertsonaia hauen irudiak: Ricardo Becerro de Bengoa eta Manuel Díaz Arcaya kronistak, Pedro López de Roble Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea eta margolaria eta Pablo Uranga aparta. Azken horrek, ordainetan, eskultorearen erretratu ezagun bat margotu zuen, gaur egun Arabako Arte Ederren Museoan dagoena.

Gasteizko katedral berriaren eraikuntza zela medio, 1909an, tailu eta modelatu eskolak eman zituen, Vicente Goicoechea kaleko pabiloietako batean inauguratutako eskultore-eskolan. Kargu horretan aritu zen hiru urtez. Garai hartan, hainbat figura exentu egin zituen: apostoluak, irudikapen alegorikoak -Las Virtudes Cardinales: Prudencia, Justicia, Fortaleza y Templanza-, baita konkor borobileko beste pieza batzuk ere, hala nola Grupo de Tobías eta hainbat behe-erliebe.

Aukera berriak izateko helburuz, ozeanoa zeharkatu zuen, eta Argentinako Errepublikan egon zen bizitzen 1912tik 1916ra. Hainbat lan interesgarri burutu zituen. Mar de Plata hirian, elizako atarien ateetako tinpanoak Itun Berriaren eszenekin dekoratu zituen. Halaber, oroitarrizko figurekin hamar metroko frisoa gauzatu zuen Santiago del Esteroko ospitalerako, herrialdearen iparraldean dagoen Gran Chaco eskualdean. Zaldi klub batean, friso berria egin zuen zaldi eta zaldizkoen irudiekin, baita dominen erliebeak dituzten beste eskultura lan batzuk ere.

Espainiara bueltan, Bilbora joan zen eta metropolian lekutu zen behin betiko, bere sormen bokazioa hedatzeko baldintza onenak bertan topatu baitzituen. Garai hartan, ekoizpenaren parte handi bat euskal gaietara bideratu zuen, baina ez zituen inoiz ere alde batera utzi erlijioaren inguruko enkarguak. 1918an, arrakasta handia lortu zuen Oñatin ospatutako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan, La raza izeneko obrarekin. Vianako poesia eskulturak Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrengan baliabide aproposa lortu zuen, lexiko errealista izanik ere, kutsu akademizistetatik aldentzen ziren adierazpen moduak planteatzeko.

Enkarguen aniztasunari esker, eskultorea ez zen urteekin norabide bakarrean ainguratu, eta eskola, genero eta estilo ugari jorratu zituen. Artistaren trebetasun teknikoa agerian geratzen zen lerroen, formen eta profilen zehaztasun garbian eta elegantean. Gainera, anatomiak izugarrizko arretarekin tratatzen zituen. Horri guztiari esker, Bilboko burgesen eskaerei erantzuna emateko artista aproposena bilakatu zen. Hainbat pertsonaien erretratuak irudikatu zituen, harri, marmol eta brontze erliebeetan. Halaber, musikazale sutsua izan zen, eta beraren bost semeetatik hiruk ere zaletasun hori konpartitzen zuten.

  • MARTÍNEZ SALAZAR, Ángel. "Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929). Escultor reconocido en la República Argentina". Deia, 1992ko martxoak 17.
  • VAL, Venancio del. Calles Vitorianas. Vitoria: Caja de Ahorros Municipal de Vitoria, 1979. 268 y 269 or.
  • Egile ugari. Lorenzo Fernández de Viana (1866-1929). Biblioteca: Pintores y Escultores Vascos de Ayer, Hoy y Mañana, VII libk., 62 fasz. Bilbao: La Gran Enciclopedia Vasca, 1974.