Eskultoreak

Fernandez de Viana y Ugarte, Lorenzo

Espainiara bueltan, Bilbora joan zen eta metropolian lekutu zen behin betiko, bere sormen bokazioa hedatzeko baldintza onenak bertan topatu baitzituen. Garai hartan, ekoizpenaren parte handi bat euskal gaietara bideratu zuen, baina ez zituen inoiz ere alde batera utzi erlijioaren inguruko enkarguak. 1918an, arrakasta handia lortu zuen Oñatin ospatutako Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresuan, La raza izeneko obrarekin. Vianako poesia eskulturak Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrengan baliabide aproposa lortu zuen, lexiko errealista izanik ere, kutsu akademizistetatik aldentzen ziren adierazpen moduak planteatzeko.

Enkarguen aniztasunari esker, eskultorea ez zen urteekin norabide bakarrean ainguratu, eta eskola, genero eta estilo ugari jorratu zituen. Artistaren trebetasun teknikoa agerian geratzen zen lerroen, formen eta profilen zehaztasun garbian eta elegantean. Gainera, anatomiak izugarrizko arretarekin tratatzen zituen. Horri guztiari esker, Bilboko burgesen eskaerei erantzuna emateko artista aproposena bilakatu zen. Hainbat pertsonaien erretratuak irudikatu zituen, harri, marmol eta brontze erliebeetan. Halaber, musikazale sutsua izan zen, eta beraren bost semeetatik hiruk ere zaletasun hori konpartitzen zuten.