Eskultoreak

Fernandez de Viana y Ugarte, Lorenzo

Arabako eskultore garaikide hau Lantziegon jaio zen, 1866ko abuztuaren 10ean, eta Bilbon hil, 1929ko abenduaren 27an.

Jatorri xumekoa zen -gurasoak nekazariak zituen-, eta haurtzaroaren parte bat Logroñon eman zuen. Hiriburu horretan, ebanisteria-lan zehatzetan hasi zen, eta, geroago, 1883an, Gasteizera lekualdatu zen. Ikasten jarraitu zuen Arte Ederren Akademian, egun Arte eta Lanbide Eskola dena, eta ikasle onenetako bat bilakatu zen. Hori dela eta, udalak beka-pentsio bat eman zion 1989an, Madrilen ikasten jarraitzeko. San Fernandoko Arte Ederren Akademian eta Arte Ederren Zirkuluan ikasi zuen. Aniceto Marinas eskultore errealista ospetsuaren irakaspenak jaso zituen, Pradoko Museoaren sarreretako batean aurrean dagoen Velázquez-en estatuaren egilea, alegia.

Mende amaierako urte horietan, hain zuzen ere, arabarren artean ospea eman zion konpromisoetako bat hartu zuen, oraindik ere ikus daitekeena: Estibalitzeko Ama Birjinaren zaharberritzea, 1897an. 1900. urtean, Madrilgo egonaldiaren ostean, Pariserako lehenengo bidaia egin zuen. 1906an, berriz ere bertara bidaiatu zuen, eta Sena ibaiertzean eman zuen egonaldia. Garai hartan, maiz joaten zen Julien Akademia ospetsura.

Aldi hartan, nolabaiteko ospe profesionala eta soziala lortu nahi zuten artista guztiek Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionaletara joaten ziren. Ohorezko aipamenak lortu zituen 1904ko eta 1906ko edizioetan, eta hirugarren domina lortu zuen 1908ko deialdian, Job eskulturari esker. Tailerra zabaldu zuen Arabako hiriburuan eta, urteetan zehar, hainbat kokaleku izan zituen: San Migueleko Arkupekoak, El Resbaladero aldapa eta Santiago kalea.

Gasteizko kultura eta arte jarduerari oso lotuta egon zen, eta tokiko hainbat pertsonai garrantzitsuren bustoak zizelkatu zituen. Eremu horretan, nabarmenak dira honako pertsonaia hauen irudiak: Ricardo Becerro de Bengoa eta Manuel Díaz Arcaya kronistak, Pedro López de Roble Arte eta Lanbide Eskolako irakaslea eta margolaria eta Pablo Uranga aparta. Azken horrek, ordainetan, eskultorearen erretratu ezagun bat margotu zuen, gaur egun Arabako Arte Ederren Museoan dagoena.