Monarkia eta noblezia

Joana II.a Nafarroakoa

Nafarroako erregina (1328-1349).

Guraso zituen Borgoinako Margarita eta Luis I.a Nafarroakoa eta X.a Frantziakoa, "Setatia" ezizenez ezaguna. 1311n jaio zen, Conlfans-en (Paris inguruan kokatutako herria).

1318an, Felipe Evreuxkoarekin ezkondu zuten. Biak Felipe III.a "Ausarta" frantses erregearen ondorengo ziren: Joana erregearen eta haren lehen emaztearen, Aragoiko Isabelen, biloba zen, eta Felipe Evreuxkoa, erregearen eta haren bigarren emaztearen, Brabanteko Mariaren, iloba.

Zortzi seme-alaba izan zituzten: Joana, 1387an hil zena; Maria, Aragoiko Petri IV.arekin ezkondu zena; Blanca, Frantziako Felipe VI.arekin ezkondu zena; Nafarroako errege izango zen Karlos II.a, 1332an jaioa; Felipe, Longueville-ko kondea, 1363an hil zena; Luis, Beaumont-eko kondea; Ines, Gaston Febus Foixeko kondearekin ezkondu zena eta Joana, Rohan-go bizkondearekin ezkondu zena.

Aita hiltzerakoan, Joana Frantziako eta Nafarroako tronuetatik baztertu zuten. Izan ere, ume txikia baino ez zen, eta sasikumea izatearen susmoak zeuden. Bestalde, Luisen bigarren emaztea, Klementzia Hungariakoa, haurdun zegoen, eta haur hura jaio bitartean, Luisen anaia txikiak, Poitiers-eko Felipek, hartu zuen erregeordetza. Erregeorde zela, lege salikoa ezarri zuen, emakumeei erreinatzen galarazten ziena. Gizonezko oinordeko bakarra jaio eta egun gutxira hil zenez, erregeordea errege bihurtu zen, Frantziako Felipe V.a izenarekin. Era berean, Nafarroako errege ere aldarrikatu zuen bere burua, nahiz eta lege salikoak nafar erresumari eragiten ez zion. Felipe V.a Frantziakoa eta II.a Nafarroakoa, "Luzea" ezizenez ezaguna, 1322an hil zen arte gobernatu zuen. Lege salikoaren ondorioz, haren bi alabak tronutik baztertu zituzten, eta Karlos IV.a Frantziakoak eta I.a Nafarroakoak hartu zuen oinordekotza.

Karlos erregeak, "Burusoila" ezizenez ezaguna Nafarroan eta "Karlos Ederra" ezizenaz Frantzian, ez zuen nafarren aurrean zin egiteko aukerarik izan. 1328. urtearen otsailean hil egin zen, eta beraren anaia Feliperen moduan, ez zuen semerik eduki. Bigarren emaztearekin alaba izan zuen, eta hirugarren emaztea haurdun zegoen. Hala ere, bigarren alaba jaio zenerako (apirilaren 1ean), zenbait jaun handi, zaldun eta erresumako hiribilduetako ordezkari Gorteetan bilduak ziren, eta tronurako oinordekoa izendatuta zuten jada.

Bestalde, Karlos erregea hil eta erregina berria izendatu artean, Lizarran eta Nafarroako beste aljama batzuetan juduen kontrako sarraskiak gertatu ziren. Zehazki, Lizarrako judutegia martxoaren 5etik 6ra eraso zuten, eta Funeseko eta San Andriango judu gehienak erail zituzten.

Joana I.aren agintaldiaz geroztik (1274tik 1305era), frantses monarkek gobernatzen zuten Nafarroa. Erresumako kontuak Frantziatik zuzentzen zituzten, eta administrazioa frantses funtzionarioen esku uzten zuten. Nafarroako pertsonai garrantzitsuak ez zeuden gobernatzeko modu horrekin ados, eta egoerari aurre egiteko, infantzoiak eta hiribildu nagusietako ordezkariak batu egin ziren, interes komunak defendatze aldera. Horrez gain, Felipe "Luzea" erregeak tronua legez hartu izana zalantzan jartzen zuten hainbatek, eta, beraz, haren anaia Karlosen erregealdiaren baliozkotasuna baita ere.

1328ko martxoaren 13an, infantzoiek eta hiribilduetako ordezkariek batzarra egin zuten Garesen, eta, bertan, erresumaren gaineko gai garrantzitsuak jorratu zituzten, aurretik ere beste batzar eta asanblada batzuetan maiz mahairatutakoak. Zehazki, honako hauek adostu zituzten: elkarri lagunduko ziotela erresuma defendatzeko, tronua hartzen zuen errege-erreginak foruak zin egin behar zituela eta erresumako foruak, usadioak, ohiturak, pribilegioak eta askatasunak errespetatzen zirela bermatuko zutela. Era berean, Rabastens-eko Pedro Remon Nafarroako gobernatzailea kargutik kendu zuten, eta gobernatzaile izendatu zituzten Leheteko Joanes Korbaran, erresumako alferiza, eta Medrango Joanes Martinez, Arroitzeko eta Sartagudako jauna. Bilera horretan, tronurako hautagaitzat aurkeztu zituzten Joana eta Felipe Evreuxkoa, eta adostu zuten horiek uko egitekotan, batzarkideek erregetzat aitortuko zutela Joana I.aren leinua jarraituz erresumak aukeratutako hautagaia.

Erresumako gobernatzaileek maiatzaren 1ean Gorteak deitu zituzten, eta, bertan, Joana erregina izendatu zuten. Izendapen horren bidez, nafarrek frantses monarkiatik aldentzen zuten erresuma. Frantzian, une hartan, Valois-eko Felipe VI.a errege aldarrikatu berri zuten. Gorteetako kideek mandatariak bidali zituzten Joana erreginarengana, erresumara bidaiatu zezan eskatzeko, eta errege-erreginak zin egitera joan ziren. Zin egiteko egintza 1329ko otsailaren 27an egin zen, Larrasoañako Gorteetan, eta Joana eta Henrike bertaratu ziren. Koroatzea Iruñeako katedralean egin zen, urte hartako martxoaren 5ean. Nafarren asmoa zen erresumaren titularra Joana izatea, baina Felipe Evreuxkoak lortu zuen onar zezatela berak gobernatzea emaztearen izenean. Oinordekotzarako klausulen arabera, erregina hiltzerakoan Felipek seme-alaba nagusienari eman behar zion erresuma, hark 21 urte betetzerakoan. Erregina seme-alabarik gabe hiltzen bazen, Felipek erresumari uko egin behar zion, eta hiru Estatuek hautatuko zuten tronurako ordezko legitimoa.

Errege-erregina berriek Parisen bizi ziren, eta aurrekoen antzera, erresumaren gobernua gobernatzaileen eta funtzionarioen esku utzi zuten.

Erregealdiaren hasieran, Felipek eta Joanak epaimahai bat eratu zuten, 1328ko martxoan juduen kontra egindako erasoak eta triskantzak ikertzeko eta errudunak zigortzeko. Epaimahai hartako kideak ziren Rameko Joanes mariskala, Guiralt Doignon zalduna eta Vast kalonjea, Oibarreko elizaren errektore zena. Erresumako zenbait hiribilduri, herriri eta jaberi errua egotzi zieten. Jende ugari kartzelaratu zuten, ekintzetan parte hartzeaz akusatuta. Horien artean Ollogoiengo frai Pedro zegoen, jazarpena bultzatu izana leporatuta. Atxilotutako batzuk exekutatu zituzten; baina asko aske geratu ziren handik gutxira, inolako fidantzarik ordaindu gabe. Horrez gain, Nafarroako 83 hiribilduk eta herrik isunak ordaindu behar izan zituzten, eta juduei lapurtutako jabetzak, ondasunak eta arropak itzultzeko agindu zitzaien. Juduen aljamek diru-sarrera ugari ematen zizkioten erresumari, eta herriei eta jabeei ezarritako isunekin, estatuak izandako galeren parte ordaintzen zuten. Izan ere, isunen dirua ez zen biziraundako juduei kalte-ordainak emateko erabili, baizik eta erresumako diru-kutxa areagotzeko. Are gehiago, nafar errege-erreginen babesaren berme gisa, erreginak oinordekotzan hartzen zituen ondorengorik gabe hiltzen ziren judu guztien ondasunak.

Bestalde, Joanaren eta Felipe Evreuxkoaren agintaldian zehar, foruen erreforma onartu zen, Nafarroako Foru Hobekuntza izenez ezaguna dena. Tibalt I.aren erregealdian, Foru Zaharrak biltzen hasi ziren, eta orduz geroztik, beste foru batzuekin osatu zituzten, hala nola Iruñean eta Lizarran indarrean zeudenak eta tokiko usadioak. Hurbilekoek Feliperi gomendatu omen zioten batzorde bat osa zezala foruen kapituluetako batzuk lantzeko, beste batzuk argitzeko, egokitu behar zirenak zuzentzeko eta kapitulu berriak eransteko. 1330ean, batzordeak hainbat saio egin zituen, eta erreforma Iruñeako Gorteetan onartu zen, urte hartako irailaren 10ean. Ordutik aurrera, aldizka gorteak deitzen zituzten, legedian hobekuntzak egiteko, eta 1342ko Oliteko Gorteetan azken aldaketak onartzearekin batera, lana amaitutzat eman zen.

1330ean, Felipe Evreuxkoak bakea sinatu zuen Alfonso XI.a Gaztelako erregearekin, eta negoziazioak hasi zituen, bere alaba nagusia Joana eta Aragoiko erregearen lehen semea Pedro ezkontzeko. Azkenean, ezkontza 1338an izan zen, eta Pedro (gero Aragoiko Pedro IV.a izenarekin errege izan zena) Nafarroako errege-erreginen beste alabetako batekin ezkondu zen, Maria, alegia.

Hurrengo urtean, Gaztelarekiko harremana txartu zezakeen episodio bat gertatu zen: Alfonso de la Cerdak (Fernando de la Cerda infantearen semea) aitortu zuen Nafarroak Errioxaren eta Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren gaineko eskubide historikoak zituela. Aitorpen horrekin, Alfonso de la Cerdak nafar erregea bereganatu nahi zuen, Gaztelaren kontrako asmoak gauzatzen lagun ziezaion. De la Cerda infantearen aldekoek Frantziaren laguntza nahi zuten, dinastiak gaztelau tronua erreklamatu ahal izateko, eta Felipe Evreuxkoa frantses erregearen ahaidea zen. Frantziaren eta Ingalaterraren arteko gerran ere parte hartu zuen, frantses erregearen alde. Bitartean, gaztelau erresuma beldur zen Frantziak Nafarroaren bitartez esku hartuko ote zuen. De la Cerda infanteak Nafarroako errege-erreginei egindako proposamenean, Alfonsok agindu zien gogo onez emango zizkiela Errioxa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa, usurpatutako gaztelau erresuma berreskuratzen bazuen. Hala ere, ez dakigu nafar errege-erreginek proposamena onartu zuten.

Bestalde, Nafarroako, Gaztelako eta Aragoiko erresumak Fiteroko eta Tudejengo monasterioak lortzeko tirabiretan ari ziren, eta borroka armatuak ere izan zituzten. Nafarroak zein Gaztelak Fiteroko monasterioaren lurraldeak berarenak zirela argudiatzen zuen, eta bertako komunitate erlijiosoa erresuma baten eta bestearen aldekoen artean banatuta zegoen. Egoera tentsio handikoa zen 1332 urteaz geroztik, eta gaztelauek Tudejen eta Fitero okupatu ere egin zituzten. Gainera, Fitero lortzeko borroka pil-pilean zegoen bitartean, gipuzkoar mugatik erasoaldia egin zuten. 1336ko otsailaren 28an, bi erresumetako enbaxadoreak Cuevasen bildu ziren, Vianatik gertu. Erresuma bakoitzak bi arbitro aukeratu zituela adostu zuten, eta haiek erabakitakoa onartuko zutela. Yanguasen hitzetan, Gaztelak Alfonso Ferrandez Coronel Sevillako udaltzain nagusia eta Ruiz Diaz Salamancako deana aurkeratu zituen, eta Nafarroak, Medrango Juan Martinez eta Artaitzeko Martin Sanchez, Iruñeako San Marian erizain zena. Akordiorik ez bazuten adosten, Jacobo Gaetano Erromako Elizaren kardinalak erabakiko zuen. 1373an auzia oraindik ebazteke zegoen, eta urte hartan, Aita Santuaren ordezkari batek bitartekaritza lanak egin zituen, Bolognako Guido kardinala, alegia. Kardinalak ebatzi zuen Tudejengo monasterioa eta gaztelua Tutera eta Corellako udalerrietan zeudela, eta, hortaz, Nafarroako erresumaren barnean.

Erregealdiaren hasieratik, Felipe Evreuxkoak musulmanen kontrako gurutzadetan parte hartu nahiz izan zuen, eta inguruko erresumak lagundu Granadako musulmanen aurkako borrokan. 1343ko uztailan, Alfonso XI.a gaztelau erregea laguntzera joan zen, Algeciras berreskuratzeko gudarekin hasita zegoena. Handik denbora gutxira, gaixotu, eta urte hartako irailaren 26an hil egin zen, Jerezen. Iruñeako katedralean lurperatu zuten.

Karlos semea, etorkizunean erresumaren oinordeko izango zena, 11 urte inguru zituen; baina ondorengotzaren auzia urte batzuk beranduago piztu zen, garai hartan Joana baitzen oraindik ere Nafarroako erregina legitimoa. Joana Frantzian hezitakoa zen, eta ez zuen Nafarroan denbora gutxi igaro zuen. Alargun geratu zenean, Frantziatik gobernatzea erabaki zuen, beraren osaba Frantziako erregearen laguntzaz eta gobernatzaileak erabiliz. Horrela, Joana erregina izendatuz Nafarroako erresumak frantses koroatik urruntzea lortu bazuen ere, erresuma hartako politikari lotuta jarraitzen zuen nolabait.

Bakarrik gobernatu zuen garaietan, erreginak monarkiaren eta elizako hierarkiaren arteko harremanak lehengoratu behar izan zituen, gotzainak egin beharreko ekarpen militarraren inguruko ika-mika baten ondorioz txartuta baitzeuden. Hartutako beste neurrietako bat Jacques Licras gobernatzailea exekutatzea izan zen, karguan irregulartasunak egiteaz akusatuta. Era berean, Gaztelarekiko gatazkak hasi ziren berriro mugaldean; baina berehala bakea ezarri zen berriz ere, bi erresumen borondatez. Joana Conflans-en hil zen 1349ko urriaren 6an, eta gorpua Pariseko Sain-Denis elizan ehortzi zuten. Karlos printzeak, haren oinordekoak, 17 urte zituen orduan.

  • ALVAREZ PALENZUELA, Vicente Angel (koord.). Historia de España de la Edad Media. Bartzelona: Ariel, 2008. 3. argit.
  • BARRAGAN DOMEÑO, Maria.Archivo General de Navarra (1322-1349). Documentación Real. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. [Konsulta data: 2011ko ekainak 15]
  • CARRASCO, Juan. "Juderías y Sinagogas en el reino de Navarra". Príncipe de Viana, LXIII. urtea, 225. zbk. (2002), 113-156. or.
  • GALAN LORDA, Mercedes. "Los Amejoramientos al Fuero General de Navarra en los manuscritos de Pamplona". Revista jurídica de Navarra, 7. zbk. (1999), 97-132. or.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. El juramento de los reyes de Navarra (1234-1329). Zaragoza, 1972.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia política del reino de Navarra: desde sus orígenes hasta su incorporación a Castilla. Iruñea, 1972.
  • LACARRA DE MIGUEL, Jose Maria. Historia del Reino de Navarra en la Edad Media. Nafarroako Aurrezki Kutxa, 2000. 2. argit.
  • OLCOZ YANGUAS, Serafin.Fitero Cisterciense, del Monasterio a la Villa (Siglos XII-XV). Tracasa: Fiteroko Udala, 2008. [Konsulta data: 2011ko ekainak 15]
  • ORELLA UNZUE, Jose Luis. Historia de Euskal Herria. Tomo I. Los vascos de ayer. Tafalla: Txalaparta, 1999.
  • ORELLA UNZUE, Jose Luis. "Los judíos en las fuentes jurídicas medievales del pueblo vasco". Revista Internacional de Estudios Vascos, 29. zbk. (1984). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 263-298. or. [Konsulta data: 2011ko ekainak 15]
  • YANGUAS Y MIRANDA, José. Diccionario de Antigüedades del Reino del Navarra (1840). Iruñea: Nafarroako Foru Aldundia- Vianako Printzea erakundea, 1964. III. alea.
  • ZABALZA ALDAVE, Maria Itziar. Archivo General de Navarra (1322-1349). Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1998. [Konsulta data: 2011ko ekainak 15]