Monarkia eta noblezia

Joana II.a Nafarroakoa

Errege-erregina berriek Parisen bizi ziren, eta aurrekoen antzera, erresumaren gobernua gobernatzaileen eta funtzionarioen esku utzi zuten.

Erregealdiaren hasieran, Felipek eta Joanak epaimahai bat eratu zuten, 1328ko martxoan juduen kontra egindako erasoak eta triskantzak ikertzeko eta errudunak zigortzeko. Epaimahai hartako kideak ziren Rameko Joanes mariskala, Guiralt Doignon zalduna eta Vast kalonjea, Oibarreko elizaren errektore zena. Erresumako zenbait hiribilduri, herriri eta jaberi errua egotzi zieten. Jende ugari kartzelaratu zuten, ekintzetan parte hartzeaz akusatuta. Horien artean Ollogoiengo frai Pedro zegoen, jazarpena bultzatu izana leporatuta. Atxilotutako batzuk exekutatu zituzten; baina asko aske geratu ziren handik gutxira, inolako fidantzarik ordaindu gabe. Horrez gain, Nafarroako 83 hiribilduk eta herrik isunak ordaindu behar izan zituzten, eta juduei lapurtutako jabetzak, ondasunak eta arropak itzultzeko agindu zitzaien. Juduen aljamek diru-sarrera ugari ematen zizkioten erresumari, eta herriei eta jabeei ezarritako isunekin, estatuak izandako galeren parte ordaintzen zuten. Izan ere, isunen dirua ez zen biziraundako juduei kalte-ordainak emateko erabili, baizik eta erresumako diru-kutxa areagotzeko. Are gehiago, nafar errege-erreginen babesaren berme gisa, erreginak oinordekotzan hartzen zituen ondorengorik gabe hiltzen ziren judu guztien ondasunak.

Bestalde, Joanaren eta Felipe Evreuxkoaren agintaldian zehar, foruen erreforma onartu zen, Nafarroako Foru Hobekuntza izenez ezaguna dena. Tibalt I.aren erregealdian, Foru Zaharrak biltzen hasi ziren, eta orduz geroztik, beste foru batzuekin osatu zituzten, hala nola Iruñean eta Lizarran indarrean zeudenak eta tokiko usadioak. Hurbilekoek Feliperi gomendatu omen zioten batzorde bat osa zezala foruen kapituluetako batzuk lantzeko, beste batzuk argitzeko, egokitu behar zirenak zuzentzeko eta kapitulu berriak eransteko. 1330ean, batzordeak hainbat saio egin zituen, eta erreforma Iruñeako Gorteetan onartu zen, urte hartako irailaren 10ean. Ordutik aurrera, aldizka gorteak deitzen zituzten, legedian hobekuntzak egiteko, eta 1342ko Oliteko Gorteetan azken aldaketak onartzearekin batera, lana amaitutzat eman zen.