Pintoreak

Garavilla y Achabal, Angel

Artista bizkaitar hau Lekeition jaio zen, 1906an, eta Bartzelonan hil, 1961ean.

Julian Ibañez de Aldecoa maisuaren eskutik hasi zen pinturan, eta eragin nabarmena izan zuen beraren obran, baita Olartua eta Zubiaurre margolariek ere, Garavillaren moduan gormuturrak zirenak. 1930ean, Madrilgo Arte Ederren Erakusketa Nazionalean parte hartu zuen Remeros obrarekin. 1935an, Bilboko Delclaux aretoan bere obra erakutsi zuen, eta erakusketa hartan, dagoeneko antzeman zitekeen euskal gaietan espezializatu zela, herrixketako figurak eta gaiak eta itsasaldeko gaiak margotzen baitzituen.

Gero, Bartzelonara joan zen bizitzera, eta euskal gaiak ijitoen eszenekin konbinatu zituen. 1944an, erakusketak egin zituen Madrilgo Macarron Aretoetan, Bartzelonako Gaspar Aretoan eta Bilboko Arte aretoan. Gero, Zaragozako Merkataritza Zirkuluan obrak aurkeztu zituen, Pelayo Olaortuarekin batera, eta autore berarekin erakusketa bat antolatu zuen, Bartzelonako Syra Galerian, 1947an. Hortik aurrera, beraren obra sarritan erakusgai egon zen Bilbon, Madrilen eta Bartzelonan. 1959an, Euskaltzaindiak erakusketa antolatu zuen beraren obra esanguratsuenekin.

Mª Jose Aranzastik margolariaren biografia egin zuen Euskal Margolariak Aurrezki Kutxen Bildumetan = Pintores Vascos. En las colecciones de las Cajas de Ahorros bilduman, eta testuaren amaieran, hitz hauek idatzi zituen autoreari buruz:

"batik bat enkargu ugari izan zituen garaian, arte ibilbideari kalte egiten dioten konbentzionalismoak eta "gozotasuna" alde batera utzita, Angel Garavillak abileziaz jokatu zuen. Izan ere, Euskal Herriko bizipen tradizionalak transmititzen jakin zuen, Flores Kaperotxipiren "euskal prototipoak" obraren mundu idilikoaren estetikarekin bat datorren estilo batean, eta estetika hori nazionalismoaren estandarte bilakatuko zen"

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Katalogo berean, honela dio Edorta Kortadik:

"Amaiketakos bilduman Angel Garavillak duen errealismo kostunbrista bazkarietan, otorduetan edo baserritarren edo itsas-gizonen ohitura-eszenetan ikus daiteke, eta are "errealistagoak", histrionikoagoak dira eta, ondorioz, baita kritikoagoak ere, errealitatetik gertuago daude, eta ez daude Mauricio Flores Kaperotxipiren, Julian de Tellaecheren edo Aurelio Arteraren obrak bezain idealizatuta.

Errealismo horrek argazki eta errealitate kutsua du, baita tamainan ere; ez dagokigu, ordea, gai hori jorratzea. Correggioren ildo beretik, Garavillak guztia "lirain" bilakatzen du, eta gehiegikeriaren eta gordintasunaren arteko kutsua ematen die bere lanei" (Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

Aurrerago, beste hitz hauek nabarmendu ditzakegu: "Baina Garavilla tamaina txikiko marrazkilari bikaina da gainera, miniaturagilea ia, kolore-melodia ederrak eta intonatuak garatzeko gai den margolaria, alegia. Horrela antzeman daiteke Amaiketako honen atzealdeko baserrian. Lehen planoen argi intentsitatea ñabartuta dago, eta argi-ikuspegia duten eta ondo trazatuta dauden atzealdeari eta paisaiari kontrajartzen zaio. Lehen begi-kolpean ez da Garavillaren kalitatea guztiz antzematen."

(Itzulpen moldatua gaztelaniatik).

  • ARANZASTI, Mª José; KORTADI OLANO, Edorta. Euskal Margolariak Aurrezki Kutxen Bildumetan = Pintores Vascos. En las colecciones de las Cajas de Ahorros. 4 zbk. Bilbao Bizkaia Kutxa; Gipuzkoa Donostia Kutxa; Vital Kutxa, 1994, 74-111-112 orr.
  • HAINBAT EGILE. Ángel Garavilla. Gran Enciclopedia Vasca, 1974. XIX libk. 192.
  • KORTADI OLANO, Edorta. "XX Mendeko Pintura eta Eskultura". Euskal Herria, Realidad y Proyecto. Euskadiko Kutxa, 1985. 345 or.
  • LÁZARO URIARTE, Luis de; MARRODÁN, M.A. Ángel Garavilla. Bilbo: La Gran Enciclopedia Vasca, 1978. Biblioteca: Pintores y Escultores de Ayer, Hoy y Mañana. XIX libk., 192 faks.
  • LLANO GOROSTIZA, Manuel. Pintura Vasca. Bilbo: Neguri, 1965. 182 or.
  • MARRODÁN, M.A: Diccionario de pintores vascos. Madril: Beramar, 1989. II libk. 119-120 orr.
  • ZUGAZA, Miguel. Arte Vasco en la colección de la Bilbao Bizkaia Kutxa. Bilbo: Bilbao Bizkaia Kutxa, 1993. 53 or.