Euskarazko idazlea, Donostian 1961ean jaioa eta Astigarragan (Gipuzkoa) bizi dena.
Testu teknikoak itzultzen ditu. Erein argitaletxean Itsasoko istorioak eta Itsasargiko misterioa narrazio liburuak argitaratu ondoren, Hiria etxearen bitartez argitaratzeari ekin zion. Beste narratiba liburu batzuk: Argitilunean, Murruaz bestaldean, Egunkarietakoak, Gaueko abentura eta Zenbaki sorginduak. Idazleak adierazi duenez, asmo literariorik gabe idazten du, "denbora pasatzeko liburuak" ekoizten ditu.
Baina bere liburuetako batek, Gaueko abenturak, idazleak aitortutakoak baino asmo literario gehiago ditu. Pasaiako (Gipuzkoa) portura iritsi eta prostituzioan aritzen den emakume afrikar bat da protagonista. Hasieran, narratzailea estradiegetikoa da, baina gero emakumea da bere istorioa kontatzen duena, azkenean absurdutik gertuko tonua hartzen duen bakarrizketa luze baten bidez. Eleberriaren amaieran, gainera, hilda dauden pertsonen ahotsak entzuten dira. Bestalde, lehen narratzaileak idazketaren prozesuari buruzko hainbat gogoeta eskaintzen ditu.
Galarretak Marginalia bilduma izeneko orrialde bat jarri du abian Interneten, berrogei izenburu baino gehiago biltzen dituena.