Kontzeptua

Estatua

Gobernu baten autoritatepean herri bat lurralde zehatz batean juridikoki antolatzen denean osatzen den entitatea da estatua. Hortaz, hiru dimentsio ditu. Izan ere, lurraldezko ordenamendu juridiko jatorrizkoa da estatua; aparatu politikoa ere bada, herriarengan eta lurraldean aginte subiranoa duen gobernua, eta, azkenik, komunitate politikoa da, herria juridikoki antolatua dagoenean sortzen baita estatua. Hauxe da estatuaren teoria klasikoak eskaintzen digun definizio juridiko ezaguna.1

Herria edo komunitate politikoa da estatuaren zergati nagusia. Azkenean, herri baten antolaketa juridiko mota bat besterik ez da estatua. Estatuak berak erabakiko du bere legediaren arabera nortzuk eta zein baldintzetan diren "herri" subjektu politikoaren kideak, hots, nortzuk diren estatuko herritarrak edo nazio kideak. Izan ere, herri horren bilkura komunitarioak nazio izaera har dezake, Estatu-nazioaren egitasmoan bezala, edo estatuaren oinarria den herri horren baitan nazio anitz bil daitezke, nazio anitzeko estatuetan bezala. Dena den, egia da nazio lotura duten herrietan, nazio horri egokituko zaion lurraldezko ordenamendu juridiko gorena lortzea izaten dela helburu kolektiboa, beti lortzen ez dena. Era berean, estatua jada osatu duten herriek, estatuaren tresna juridiko eta politiko guztiak erabiliko dituzte herri hori nazio bilaka dadin, lehendik ez bada, edota herrikide guztiak nazio bakar baten baitan bil daitezen. Estatua eta nazioaren arteko harremana maiz ezinean oinarritzen da: Estaturik gabeko nazioen ezina, batetik, eta nazio bakarra osatu ezin duten estatuena, bestetik.

Estatuaren bigarren osagai ezinbestekoa lurraldea da. Herri edo nazio batek estatua osatzeko oinarri fisikoa behar du: bere buruaren jabe eta independente gisa agertzeko ezinbestekoa duen zorua, bere potestatearen muga fisikoak zehaztuko dituena eta beste potestateen eraginaren ukaziorako esparrua mugarrituko duena. "Zorua" diogunen, azaleko zoru horren azpiko lurretan, inguruko itsasoetan eta gainetiko atmosferan ere pentsatzen ari gara, aginte subiranoaren eremu horrek guztiak osatzen baitu estatuaren lurraldea. Lurrazpiko zein itsasoko aberastasunen jabetzari edo estatuaren segurtasunari dagokionean potestate-eremu horiek garrantzitsuak dira oso2. Dena den, estatu garaikideak dituzten erronkek -krisi ekologikoa eta ingurunearen kutsadura, sare informatiko globalak, aldaketa klimatikoa...- kolokan jarri dute lurralde esklusioaren kontzeptu klasikoa.

Salbuespen gisa eta aldi batez, gerra edo konkista egoeratan eta beste estatuek hala aitortzen badute, posible izan daiteke lurralderik gabeko estaturik egotea baina egoera horrek, hala mantenduz gero, ez du etorkizunik. Era berean, lurraldea formalki edukita ere, estatuak ez badu bere agintearen eraginkortasuna bertan ziurtatzen, "Estatu porrota" izango da.3

Horregatik, estatuaren hirugarren osagaia potestate publiko gorena da, soberania. Ordenamendu juridiko jatorrizkoa da estatua, bestelako egitura politikoak eratorriak diren bezala, gainetik duten egitura batetik baitatorkie hauei beraien agintea. Aginte subiranoak bere azpian dituen guztiengan agintzeko gaitasun gorena eta jatorrizkoa suposatzen du. Horregatik, kolonia bat, estatu federaletako estatu federatua edo autonomi erkidegoa ez dira "estatuak", beraien aginte politikoa juridikoki eratorria delako. Dena den, egia da, bestalde, formalki estatuak direnek ere askotan ez dutela soberaniaren eduki faktiko guztiaz gozatzen.4

Agintzeko gaitasun faktiko horrek estatuaren legitimazio iturriarekin ez du zerikusirik: legitimazio ideologiko hori naturaz gaindikoa, ohiturazkoa, karismatikoa, konkistaz lortutakoa edo demokratikoa izan, Estatuak berdin aginduko du, edota modu bertsuan errebindikatuko du bere agintzeko ahalmenaren zuzentasuna. Zentzu honetan, Estatua aparatu politiko mota gordin bat da, legitimitate erantsiaz harago.

Ildo honetatik abiatuta, aipatzekoa da estatuaren fenomenoari soziologiak egiten dion hurbilketa. Max Weberren adiera jarraituta, esaterako, honela definituko genuke estatua: lurralde zehatz batean bortizkeriaren monopolio legitimoa arrakastaz errebindikatzen duen antolakuntza eta giza komunitatea da, bertan egikarituko den legezko ordenua zehazteko eta ezartzeko ahalmena duena.5

Hurbilketa errealistak eta juridikoak uztargarriak dira, noski. Uztarketa hori politologiaren eskutik egin daiteke. Hurbilketa juridikoa baztertu gabe, zientzia politikotik, soziologiatik bezala, ikuspegi errealistagoa hobesten da, soberaniaren gorentasun abstraktu hori ezbaian jarriko den aldetik. Izan ere, nazioartea aztertuz gero, nabarmena baita ezin daitekeela estatu guztien potestate materiala maila berean jarri. M. Duverger-rek gogoratzen digun bezala, estatuak, beste egitura politikoekin alderatuta, "egituraketa bera eta zigor antolaketa hobeak ditu, eta indar materiala ere sendoagoa du", ez gehiago ezta gutxiago ere. Horixe da, ziurrenik, gero eta konplexuagoa den mundu garaikidean erabili daitekeen ezaugarritze politikorik zuhurrena. Aurrerago, "politikagintza sareen" teorian kokatuko dugu estatu eredu garaikidearen azterketa politologiko hau.

Filosofia politikoak ere estatuari buruzko hausnarketa sakona egin du, teoria politikotik ideologia politikoetara doan etengabeko ibilbidean. Estatu berriari arrazoiketa ideologikoa emate aldera, XVII. Mendean abiatu zen kontraktualismoaren doktrina politikoa. Honen arabera, botere politikoaren funtsa gizabanakoen arteko esan bidezko edo isil bidezko hitzarmena da, natura egoera utzita, gizartearen eta estatuaren sorrera dakarrena. Korronte honetan kokatuko dira, esaterako: J. Althusius (1557-1683), T. Hobbes (1588-1679), B: Spinoza (1632-1677), S. Pufendorf (1632-1694), J. Locke (1632-1704), J.J. Rousseau (1712-1778), edo I. Kant (1724-1804) bera ere.

J. Hobbes-en iritzian, estatua (civitas) "pertsona bakarra da, zeinaren borondatea, askoren arteko itunaren ondorioz, guztion borondate gisa hartu behar den. Honela, Estatuak partikularren indar eta bitartekoak erabili ahal ditu elkar defentsa eta bakea erdiesteko". Izan ere, Hobbesen iritzian gizakiaren berezko izaera berekoia eta lehiakorra izanik, Estatua da elkarren arteko suntsipena ekiditea ahalbidetuko duena. Estatu absolutuaren justifikazio ideologikoa prest zegoen jada.

J. Locke-rentzat, aldiz, giza izaera ez da hain gaiztoa, eta estatuak ziurtatu egingo ditu berez dagozkigun eskubideak. Estatua, gizarte ituna da, zeinaren bitartez gizabanakook elkarren eskubide naturalak -bizitza, askatasuna eta jabegoa-, errespetatzea adosten dugun, begirune horren truke, bakoitzak bere askatasun eremua babesten duelarik. Estatua itun horren emaitza eta bermatzaile den neurrian, eskubide esparru hori guztia zaindu beharko du. Hauxe da estatu liberalaren zutabe ideologiko nagusia, hortik abiatuko dira liberalismoak estatuari buruz egindako hausnarketa guztiak: gutxieneko estatua, Estatu-polizia, estatuaren esku hartze eza, erresistentzia eskubidea estatuaren gehiegikerian aurrean... Gizabanakoaren askatasuna gauza guztien gainetik, berdintasuna barne.

J.J. Rousseau-rentzat, estatuaren boterearen subjektua guztion artean osatzen dugu, estatuaren borondatea, legea, borondate orokorraren adierazpena da. Baina borondate orokorra ez da soilik guztion borondate partikularren batuketatik eratortzen den borondatea edo gehiengoa, aitzitik, borondate orokorrak izaera etikoa du, interes komunaren adierazpena den neurrian. Estatu demokratikoaren, berdintasunaren eta herriaren soberaniaren oinarrian dago Rousseau-ren ekarpena.

G.W.F. Hegel-en ekarpena ere XIX. Mendeko estatuari buruzko ikuspegi zabalak ulertzeko ezinbestekoa da: "zuzenbidearen eta gizarte zibilaren aurrean, estatua antolaketa politikoaren forma gorena eta ekintza moralaren adierazpen muturrekoena da, non aukera askatasunak borondate arrazionalaren batasunera eramaten duen, gizartearen atal desberdinak guztion ongizatearen azpian jarriz."

Marxismoaren arabera, estatua gizarte klase baten eskuetan dagoen dominaziorako tresna da. Estatua, historian zehar, aldi bakoitzean gizarte osoaren irudia bilakatu den klase agintariaren ordezkaria da: Antzinatean, herritar jopu-jabeen estatua izan zen nagusi, erdi aroan, noblezia feudalarena, kapitalismoan, berriz, burgeseriarena. Kasu guztietan, estatua, errepresio bitarteko legez, klase dominatzailearen gailentasun ekonomikoa ziurtatzeko modua da. K. Marxek eta F. Engelsek Manifestu Komunistan idatzi bezala, proletalgoak estatua hartu behar du tresnatzat, proletalgoaren diktadura ezarriz. Honen helburua klaserik gabeko gizartea ekartzea izango litzateke. Hala, estatuaren ezean, ondasunen kudeaketa hutsak ordezkatuko luke gizabanakoen gaineko gobernua.

Marxismoarekin batera garatu zen estatuari buruzko hausnarketa anarkista ere: J. Proudhon, M. Bakunin, eta P. Kropotkin-en eskutik, besteak beste. Estatua suntsitu beharra aldarrikatuko du anarkismoak, dominazioa inoiz desagertuko bada. M. Bakuninen hitzetan: "Estatua norbanakoen sakrifizio guztien adierazpena da. Bere jatorri abstraktua eta bortitza dela eta, askatasuna murriztu egin behar du etengabean, klase dominatzailearen interesak bakarrik ordezkatzen dituen 'herriaren ongia' delako faltsukeria horren izenean. Honela, estatua, askatasun ororen eta interes indibidual zein kolektibo guztien ukapen eta deuseztapen ekidin ezina legez azaltzen zaigu".6

V.I. Leninek hastapeneko marxismoak landutako proposamenari eduki estrategikoa eman zion: Estatua eta berori eskuratzeko proletalgoak egin beharreko iraultza teorian eta praxian lotuz. A. Gramscik, berriz, estatuaren aparatu errepresiboari emandako gehiegizko garrantzia kritikatu eta gero, indarrean dauden gizarte harremanak mantentzeko beharrezkoak diren zuzendaritza hegemonikoaren eta adostasunaren eragina azpimarratu zituen. Bere iritzian, garapen historikoaren zuzendaritza gizarte zibilari dagokio, bera ere "estatua" baita.

Post-marxismoaren eremuan, azkenik, nabarmentzekoa da N. Poulantzas-en lana. Bere iritzian, estatua, erlatiboki autonomoa izanda ere, modu konplexu baina argian ziurtatzen du gizarte kapitalistaren jarduera eta hortaz, klase kapitalistaren interesa. Errepresioa ez da modu bakarra, ezta garrantzizkoena ere. Estatuak klaseen arteko aliantzetarako eremua eskainiko du, ongizate-estatuan gertatu bezala. Honela, adostasun mugatuaren bitartez, klase eremu indartsuenen interesak hobeto babestuko dira.

Filosofia eta ideologia politikoaren arloan historian zehar egindako ekarpen horiek guztiak, Estatu eredu desberdinetan islatu dira.

1Biscarretti di Ruffia. P. (1973): Derecho Constitucional. Tecnos. Madrid.

2XX. mendearen azken hamarkadetan, soberania eremu horiek garrantzi handia hartu dute, eremu horietako errekurtsoak eskuratzeko abagunea sortu delako, edo zenbait errekurtso -arrantza, esaterako- urritu egin delako asko. Eremu Ekonomiko Esklusiboa (EEE), kategoria sortu denetik, Estatuen aginteak lehengo hiru edo hamabi miletako muga gainditu du, 200 miletara ailegatuz.

3Estatu hutsalaren edo porrotaren teorizazioa Estatu Batuetako "Fund for Peace" think tank-ak landu du. Foreign Policy aldizkariak argitaratzen du urtero. Hamabi aldagai erabiltzen dituzte Estatuaren eraginkortasuna neurtzeko: presio demografikoa, populazioaren mugimendu zabalak, garapen desorekatua eta krisi ekonomikoa, Estatuaren legitimazio eza, zerbitzu publikoen gainbehera, eskubide eta askatasunen bortxaketa, segurtasun aparatuen autonomia, eliteen zatikeria edota kanpoko mehatxua. 2009 urtean, Somalia, Zimbabwe eta Sudan dira zerrendan lehenak. Dena den, kategoria hau, inperialismo berria justifikatzeko erabilia izan dela aipatzen da: Porrot egin duten Estatu horietan kanpoko esku hartzea bidezkoa izango litzatekeen aldetik. Vilanova, P. (2009): ¿"Estados de facto" versus "fallidos o frágiles"?: unas notas acerca de la dificultad teórica para establecer nuevas tipologías. Relaciones internacionales: Revista académica cuatrimestral de publicación electrónica, ISSN 1699-3950, Nº. 10, 2009.

4Krasnerrek (2001) soberania mota desberdinak bereiztuko ditu forma juridikoaren azpian egon daitezken botere-egoera desberdinak hobeto ezagutzeko: Barne soberania, autoritate publikoaren antolaketari eta honek barne-eremuan duen kontrol-ahalmenari dagokiona; Elkar menekotasunezko soberania, edo mugen gainetiko mugimenduak kontrolatzeko gaitasuna; Nazioarteko legezko soberania, Estatuen arteko elkar aitorpenari dagokiona, eta soberania Westfaliarra, edo kanpo botereen eragina ukatzeko ahalmena. Mundu garaikidean, kontzeptu abstraktuetatik harago, Estatu batek soberania mota guztiak bere osotasunean edukitzea zaila da oso.

5Weber. M (1921, 1998) El politico y el científico. Alianza, Madrid.

6Bakunin, M. (1978): Escritos de filosofía política. Compilación de G.P. Maximoff. Vol.1. Alianza. Madrid.

Irizpide desberdinak erabili daitezke estatu motak bereizteko orduan. Herri baten erregimen politikoa zein den ezagutzeko, gutxienik, bere estatu eredua, estatu forma eta gobernu forma aztertu beharko dira.

Lehenik, estatu ereduak sailkatzeko, estatuaren oinarri ideologikoa hartu beharko dugu kontuan. Erdi arotik aurrera, estatuak bere agintea legitimatzeko erabili duen argudio bilduma ezaugarritu eta gero, honako ereduak bereiztu daitezke:

Estatu absolutista (XV-XVIII mendeak).

Erdi aroko monarkia mugatuaren bilakaera da, estatu-eraikuntzaren ibilbide historikoaren amaiera. Estatuaren botere guztia errege absolutuaren esku dago, boterearen iturri mitikoa transzendentala izan arren, -jainkoarengandik zuzenean eratorria-, estatua erregearen pertsonarekin berdindu egingo da. Frantziako monarka absolutu izan zen Luis XIV.ari egotzi zaion esamoldeak ezin hobeto islatzen du identifikazio mota hori: L'etat c'est moi. Jainkoa, erregea eta menpekoak, tarteko botere egiturarik gabe. Eredu honi Iraultza burgesak eman zion amaiera, Europako eremuan Errusiako tsarismoak XX. mendera arte iraun zuen arren.

Zuzenbidezko estatua, liberala (XIX. mendea), demokratiko liberala (XIX-XX. mendeetan) eta soziala (XX. mendetik aurrera).

Iraultza burgesarekin batera, estatua jatorri demokratikoa duen legearen menpe egituratuko da. Estatuaren botereen arteko banaketaren bitartez, bere burua mugatu nahi izango du estatuak. Era berean legearen inperioa eta administrazioaren legalitatea aldarrikatuz, bere jarduera osoa legearen pean jarriko du estatu eredu honek, herritarren eskubide eta askatasunak bermatuz.

Aterki ideologiko honen azpitik, errealitate politikoa aldakorra izan da oso, boterearen jatorri demokratikoari eta eskubideen begiruneari dagokionean, batez ere. Lehen garaian, hastapeneko eredu liberal oligarkikoan, estatuen oinarri demokratikoa oso ahula zen, sufragio eskubidea oso murriztua baitzegoen. Eredu demo-liberalean, zabalduz joan zen botoa emateko eta jasotzeko eskubidea, sufragio unibertsala ezarri arte.

XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera, mendebaldeko estatuetan eztabaida ideologiko sakona zabaldu zen hiru ereduen artean.

Alde batetik, marxismoak erakutsitako ildotik, Sobiet Batasunean ezarritako erregimen politikoa abiapuntu hartuta, estatu eredu sozialista erreferentzia iraultzaile indartsua bilakatzen ari zen.

Bestetik, 20. hamarkadan Italian eta Alemanian piztutako eredu faxista eta nazionalsozialista, hain zuzen ere, sozialismoak suposatzen zuen erronkari aurre egiteko kapitalismoak bultzatutako forma autokratiko eraberritua.

Azkenik, zuzenbidezko Estatuaren bilakaeran sortutako eredu soziala, Alemaniako Weimar errepublikan (1919-1933), Espainiako II Errepublikan (1931-1939) ezagutu zena, biak ala biak faxismoak suntsitu zituelarik.

Lehia ideologiko hau II. munduko gerran ebatsi zen. Estatu eredu faxistaren aukera baztertuta, estatu sozialista, bere aldaera guztietan, eta zuzenbidezko estatu soziala izan ziren garaileak. Europako ekialdeko estatuetan eredu sobietarra hedatu zen moduan, mendebaldeko estatuetan gerra osteko akordio politikoaren arabera ongizate estatua osatu zen, bi osagaietan oinarrituta: Estatuaren esku hartzea arlo sozio-ekonomikoan, eta herritarren ongizate gutxienekoaren bermea, horretarako beharrezkoa zen zerga-politika ezarriz. Eskandinaviako estatuak izan ziren eredu honen adibide argienak. Estatu eredu sozialistak adierazpen berriak izan zituen hurrengo hamarkadetan, Txinan, Jugoslavian edota Kuban, adibidez. Eredu soziala ahultzen joan zen, sozialismoaren "arriskua" baretzen ari zen heinean. XX. mendeko azken urteetan, neoliberalismoa izan da estatu garatuenetan hobetsi den doktrina ideologikoa, estatu sozialaren zutabe funtsezkoenak erauzi ez diren arren. Izan ere, XXI. mendearen hasieran sumatutako krisi ekonomikoak estatuaren esku hartze aktiboa berpiztu du, halabeharrez. Analisi ideologiko neo-marxisten argudioei arrazoia emanez.

Bestetik herri garatuetatik at, estatuen eredu ideologikoak nahasiagoak dira. Askok eta askok zuzenbidezko estatu demokratikoa hartu dute irizpidetzat, nahiz eta batzuetan gutxieneko baldintzak nekez betetzen dituzten. Halako kasuetan, estatua ohiturazko erakundeetan oinarrituko da, eredu absolutista modernoetan, erlijioan edo egitura indigena edo tribaletan. Mendebaldeko potentziek esku hartze neo-inperialisat berpiztu dute berriki, estandar politiko bat maila globalean ezarri nahian.

Estatu formari dagokionean, hiru irizpide erabiliko dira arruntki.

Lehenik, estatu burutzaren izaera kontuan hartuta, estatu forma monarkikoak eta errepublikarrak bereiztu beharko ditugu. Monarkia Estatu eraikuntza historikoaren hondakina da, eta Estatu demokratikoetan salbuespen gisa hartzen da gaur egun. Bilakaera demokratikoa izan duten herrietan, monarkiaren estatu-forma, iraun ahal izateko, aldatu egin zen XIX. mendean zehar, monarkia konstituzional parlamentaria bilakatu arte. Hauxe baita, herriak hautatu gabeko erregea estatu burutza formal hutsaren jabe izanik, ikuspegi demokratiko batetik aztertuta onargarritzat jotzen den monarkia forma bakarra. Estatu burutza formala, sinbolikoa, botere politiko materialik gabekoa onartuko zaio errege-erreginari, zuzenean ez baitu herriaren legitimazio demokratikorik. Europan, hauek dira 2009 urtean forma monarkikoa zuten Estatuak: Belgika, Britainia Handia, Danimarka, Espainia, Herbehereak, Liechtenstein, Luxenburgo, Monako, Norvegia eta Suedia.

Errepublikan, berriz, Estatu burutza zuzenean hautatuko dute herritarrek, baldin eta gobernu forma presidentzialista bada, AEBetan edo Argentinan bezala; edo, bestela, zeharka hautatuko dute, biltzar legegilearen bitartez, errepublika parlamentarioetan gertatzen den moduan, Alemanian edo Italian, esaterako.

Bigarrenik, estatuaren botere egiturak hautatuak diren ala ez, estatu autokratikoak eta demokratikoak bereiztuko ditugu. Lehen forman, komunitate politikoak ez du zuzenean parte hartzen estatu egituren osaketan eta agintarienganako kontrol politikoa ahula izaten da. Forma honek, LInz-en sailkapen klasikoan, izaera autoritarioa ala totalitarioa har dezake. Bigarren kasuan, mobilizazio ideologikoa askoz ere bortitzagoa izango da, agintarien arbitrariotasunak izua hedatuko du nonahi, eta, ondorioz, herritarren eskubide eta askatasunen bermea ahulagoa izango da: Nazien Alemania edota Stalinen Sobiet Batasuna aipatu ohi dira adibide gisa. Estatu autoritarioak, berriz, herritarren mobilizazioa ekiditea du helburu eta legitimazio ohiturazkoari dei egingo dio, legalitatearen itxura mantendu nahian.

Estatu forma desberdintzeko bigarren irizpidea botere politikoaren lurraldezko banaketa da. Hiru dira lurralde antolaketan jokoan dauden printzipioak: Estatuaren baitan dauden komunitate politiko -herri, nazio- desberdinen gogo kolektibo eta eskubideen aitorpena, antolaketa administratiboaren eraginkortasun politikoa eta subsidiariotasun-printzipioa7, eta estatuko herritarren arteko berdintasuna zaindu beharra. Lehen printzipioak estatuaren baitako nazio-aniztasuna aitortzea garamatza, bigarrenak deszentralizazioa dakar, estatuaren Administrazioak beste herri-administrazioei eskumenak transferitzea, eta azkenik, hirugarrenak, kontrara, lurralde antolaketa desberdinen eskumenak parekatzeko joera bultzatuko du. Deszentralizazio prozesu garaikideetan, azken bi printzipioak nagusitu dira: deszentralizazio administratiboa eta berdintze juridikoa, barne komunitateen nortasun politikoa aitortzeko zailtasunak izaten ditu estatuak.

Lurraldezko irizpide honen arabera, orokorrean, estatu bateratuak eta konposatuak bereiztuko dira. Lehen motan, aginteak jatorrizko gune bat du, eta lurraldean zehar egituratutako gune administratibo edota politiko guztiak gune horretatik eratorriak dira: estatu bateratu horiek zentralizatuak izan daitezke, Frantzia bezala, edo deszentralizatuak. Horrela gertatzen da estatu erregionaletan, Italian kasu, edo estatu autonomikoetan, Espainiako Estatua adibide.

Estatu konposatuetan, berriz, estatuaren batasuna islatzen duen gunea, beste gune batzuen baturaz sortua izan da, sinbolikoki bederen. Hau da, noski, konfederazioen kasua, baina baita ere estatu federalena: Estatu federatu edo kideak, "estatuak" dira, jatorrizko boterea dute, gune federal bateratuaren eskuetan utzi baldin badute ere haien subiranotasuna. Filosofia honek malgutasun handia emango dio akordio federalari, eta azpi-forma ugari sorrarazteko aukera eskainiko du: federazio simetrikoak -kideen parekotasun juridiko-politikoan oinarritutakoak-, edota asimetrikoak: federacies, estatu elkartuak, kondominioak...8

Azkenik, estatu forma horien zehaztapena botere legegile eta betearazlearen arteko harremanei kasu eginez egingo da, gobernu forma desberdinetan: presidentzialistan, erdi-presidentzialistan eta parlamentarioan. Lehenean, estatu burutza eta gobernu burutza elkartuak daude herriak zuzenean hautatutako gunean (AEB), bigarrenean, haututako estatu buruarekin batera, parlamentuaren konfiantza behar duen gobernuburua egongo da (Frantzia), eta parlamentarioan, berriz, herriak hautatutako biltzar legegilea izango da botere beterazlearen sorburua. (Alemania).

Normalean kategoria hauen arteko koherentzia mantenduko da estatuaren erregimen politikoan, eredu ideologikoak eta formak lotuz. XXI. Mendeko konstituzionalismoan estatu formarik garatuena hauxe izango litzateke: Zuzenbidezko estatu sozial eta demokratikoa, egitura federala duena eta gobernu presidentzialista edo joera hori duen parlamentarioa. Hauek dira gaur egun, 2009an, eredugarritzat jotzen diren estatu motak.

7Europako Erkidegoak eskumen esklusiboa ez duen gaietan noiz esku hartuko duen zehazten duen printzipioa. Horrela, Erkidegoak esku hartuko du, eta ez estatuek, interesak nazioz gaindikoak badira, Erkidegoaren jarduera eraginkorragoa bada, eta, estatuen jarduera nahikoa ez delako, jarduera hori beharrezkoa bada. Eremu txikiagoetan ere aplika daiteke, Estatutik Autonomia erkidegoetara, esaterako, edo handik Lurralde historikoetara eta, azkenik udaletara: erakunde apalenak egin baldin badezake, berari egotzi behar zaio eskumena. Praktikan, printzipioa berdin izan daiteke zentralizatzailea edo kontrakoa.

8Requejo. F. y Fossas, E. (Eds.) (1999): Asimetría federal y estado plurinacional. El debate sobre la acomodación de la diversidad en Canadá, Bélgica y España. Trotta. Madrid.

Estatuaren ibilbide historikoa ezagutzeko, kontzeptuaren arkeologiari helduko diogu berriro. Estatua, lurraldezko aginte subirano gisa, noiz sortzen den argitze aldera, ezinbestekoa da aldez aurretiko galdera arrunt bat egitea: zertaz ari gara estatuaz ari garenean?

Juridikoki antolatutako komunitate politiko lurraldezkoaren sorreraz edo domeinu politikorako tresnaz ari bagara, estatuaren sorreraren une zehatzaren inguruko eztabaidak ez du zentzu handirik. N. Bobbiok gogoratzen duen bezala, estatua komunitate politiko baten ordenamendu juridiko gisa ulertuta, ahaidetasunean oinarritutako komunitate primitiboen desegitearekin batera sortuko da, barnera begirako biziraupena eta kanpora begirako defentsa ziurtatzeko komunitate zabalagoak sortzen diren unean9.

Hartara, gure zibilizazio eremuan, Greziako Hiri-estatuak (polis), erromatar inperioaren komunitate unibertsala, eliza eta inperioaren artean osatutako botere bikoitza, eta, noski, aro modernoaren hasi-hasierako lurraldezko erreinuak, denak lirateke, modu batean edo bestean, estatua.10

"Estatu" hitzaren asmakizunaz ari bagara, Machiavellik 1513an argitaratutako "Printzean" erabili zuen lehen aldiz Stato hitza, herri baten antolaketa politiko orokorra izendatzeko.11

Izan ere, estatu modernoaren abiapuntua Stato hitzarena da, hein batean. Besteak beste, tradizio greko-erromatarretik zetorren res publica ordezkatzera datorren esamoldea. Herri baten forma politiko orokorra adierazi nahi du Stato hitzak, errepublika edo printzerri forma har dezakeen antolamendu politiko orokorra. Asmakizun teoriko horrek helburu zehatza eta praktikoa zuen. Medicitarrentzat aholku gisa idatzitako lanean, Italia osoa agintaritza bakar baten mende jarri ahal izateko tresneria politikoa eskaini zuen maisu florentziarrak. Zesare Borgia dukea izan omen zen "Printzearen" eredu ezkutua. Alabaina, Italian ez ezik, iberiar penintsulan ere izan omen zuen beste adibide egokia Machiavellik: aipatu liburua argitaratu aurreko urtean, Nafarroako erreinua konkistatu zuen Fernando IIa, Aragoiko erregea, Espainiako errege katolikoa izango zena, alegia12.

Nabari denez, estatuaren kontzeptuaren edukiarekin ez ezik, baita honen osaketa historikoarekin ere zuzeneko lotura du Nafarroak. Orduan, Nafarroako erreinuak independentzia galdu zuen une berean, ari baitziren osatzen gero ezagutuko ditugun estatu modernoak. "Estatua" hitzarekin batera osatu ere.

Dena den, "estatu" hitzaz harago, soberaniaren doktrinan oinarritutako estatu modernoaren osaketaz ari bagara, azalpenak zehaztapen gehiago eskatuko digu. Izan ere, gaur egun ezagutzen ditugun aginte egituren ezaugarriak urratsez urrats XV/XVI. mendeetan hasita gaurdaino, Europan eta mendebaldeko kultura politikoan hezurmamitzen joan dira, estatuaren eredu desberdinekin batera.

Hauxe da, esaterako. Hellerren iritzian ez dago estaturik, estatu absolutista, modernoa, ezarri arte:

"Dominazio gunea da estatua, barnera eta kanpora begira independentea, botere bitarteko berariazkoen bitartez jarduera jarraitua duena, eta ongi mugarrituta arlo pertsonal zein lurraldezkoan."

Feudalismoan nagusi ziren lotura eta menekotasun partikular/pertsonalak gaindituta, lurralde eta herritarren gaineko aginte abstraktua, barnera eta kanpora begirako jatorrizko gobernu baten gailentzea (subiranotasuna), geroago, zuzenbidearen eta legearen agintea, estatuko botereen banaketa, agintarien jatorri demokratikoa, estatuaren oinarri komunitario diren nortasun kolektibo homogeneoen (nazioen) osaketa, herritarren eskubide eta askatasunen bermea, edota estatuaren konpromisoa herritarren ongizatearekin... Gure inguruabarreko estatuen egungo ezaugarri horiek guztiak ez dira une batetik bestera sortu: ibilbide historiko luzearen emaitza dira. Laburbildu dezagun.

Erromatar inperioaren amaieran Europan nagusitu zen eredu feudalak menekotasun pertsonaletan oinarritutako jaurgoen aniztasuna ekarri zuen. Jurisdikzio-botere horien artean, erreinuak sendotzen hasi ziren lurralde eremu ezagunetan, nolabaiteko antzekotasun etnikoa zuten herriak oinarri hartuta. Aurre-eratze hori estatu modernoaren lehen zutabea izan zen, ezbairik gabe.13

Lurraldezko erreinuetatik estatu modernora doan ibilbide historiko hori "estatu eraikuntza" gisa definitu da. Charles Tillyk ongi aurkeztu dizkigu garabide horren ezaugarriak:

"Estatu eraikuntza egongo da baldin eta agintari profesionalak agertzen badira, egonkortua dagoen lurraldearen gaineko kontrola eta horrekiko leialtasuna, estatu zentralizatua eta autonomia duten erakunde iraunkorrak badaude, populazio jakin baten gaineko biolentziaren monopolioa dutenak."

Gobernu egitura profesionalizatuak eta iraunkorrak, gizartea eta agintaritzaren arteko bereizketa zurruna (arlo publiko/pribatuaren dikotomiaren aurrekaria dena), lurralde lotura zehatza eta erakunde zentralizatuak, bortizkeriaren monopolioa hartzen dutenak, jaurgoei kenduta. Hauexek dira estatu modernoaren ezaugarriak.

Eraikuntza horrek doktrina ideologiko berria beharko du bere agintea legitimatzeko: Soberania edo "hierarkia politiko baten barnean, erabakiak hartzeko eta gatazkak modu eztabaidaezinean konpontzeko azken eskubidea duen agente erabakitzailearen boterea edo aginpidea (eta honi lotutako diskurtso legitimatzailea)".14

Nola osatu zen estatuarekin identifikatu zen aginpide mota hori? Edo beste modu batera esanda, estatua gorputz "artifiziala" izanik, nola osatu zen haren arima banaezina baina, era berean, "artifiziala" bilakatu den soberania?15

Estatuaren soberania bere aginpidearen gorentasunean eta batasunean islatzen da.

Carlos De Cabok dioen moduan, proto-estatu16 gisa defini daitezkeen erreinu horiek, beraien agintearen gorentasuna eta batasuna aldarrikatzen hasi ziren haien komunitate politikoen eta barnean zituzten jurisdikzio-botere feudalen aurrean, batetik, eta, bestetik, kanpotik, -beste erreinuetatik edota elizatik- zetozen eragin eta esku-hartze ahaleginen aurrean.

Hinsley-en hitzak hartuta, "estatu bat ezartzen denean, komunitate-printzipioaren eta menderatze-printzipioaren artean borroka gertatu dela dakusagu, gizarte bateko jokabide eta ohitura zaharren irautea eta soilik kanpoko botere batek ekar dezakeen gobernu-mota baten eskakizunen arteko borroka, alegia". Hala, estatu modernoaren ezarpen behin betikoak komunitate-estatu identifikazio erabatekoa eskatzen du, bien bitartean "estatu segmentarioa" izango da17: Estatu zentralaren forma administratzaileak eta gizartearen boterearen antolamendu segmentatuaren arteko konbinaketa. Horregatik, estatu eraikuntza ez da inoiz amaitzen, prozesu etengabea da: inoiz ez da estatua, kontzeptu gisa, ixten, borobiltzen, estatu totalitarioan ez bada.

Dena den, ez dugu ahaztu behar, borroka hori, barnekoa ez ezik, lurralde eremu berean ahalegin berberean ari diren proto-estatuen artekoa ere izango dela, noski. Estatu eraikuntza ez baita inoiz ibilbide baketsua.

Azalpen teoriko horiek guztiak gure herrira ekar daitezke, ezbairik gabe. Erdi aroan zehar Iberiar penintsulako erreinu guztiak aritu baitziren estatu eraikuntza lehiatsuan. Gaztela eta Nafarroaren arteko lehia gatazkatsua izan zen oso. Izan ere, bien artekoa ez zen leinuen arteko lehia soila, gatazkak izaera sakonagoa zuen, etnia/herri desberdinen arteko talka baitzegoen azpian. XII. mendetik aurrera mendebaldeko euskal lurraldeak, arestian Nafarroako erreinuan barneratuta zeudenak, Gaztelako erreinuaren eraginpean geratu ziren. Eskuratu berriko lurralde eta herrien fideltasuna lortze aldera Espainiako erreinu-estatu segmentarioak haien "status" autonomoa aitortu zuen, estatuaren menpe beti ere: gauza bera gertatu zitzaion Nafarroari, 1512ko konkista burutu eta gero. Ordutik honako "foru-berezitasunen" aitorpena, Espainiako estatu segmentarioaren adierazpen tipikoak izan dira: inoiz estatu eraikuntza prozesua borobildu ez duen estatuarenak.18

Honela, Nafarroako erreinua, ikuspegi modernotik aztertuta, proto-estatua izan zen, estatu moderno subiranoa izateko bidean galdu zen antolakuntza politikoa. Antzua da Estatua sortu bezain pronto desagerrarazi zuten edo sortzeko bidean galdu zen eztabaidatzea. Europa osoan bezala, iberiar penintsulan eta Pirinio inguruetan, bertako erreinuak -Frantzia, Gaztela, Aragoi...- Estatu eraikuntza lehiatsu horretan murgilduta aritu ziren, eta lehia horretan zeuden neurrian "Estatu" ziren guztiak, guztiz osatzeko, perfekzionatzeko bidean zeuden (proto) Estatuak. Oraingoen antzera, nolanahi ere.

Nafar Estatuak, Nafar erreinuaren errealitatea eta egitasmoa izan zen bezala, gaur egitasmo gisa dirau, eta orduan hasitako estatu eraikuntza prozesua berrabiarazteko aukera errebindikatzen dute euskal abertzale askok.19

9Bobbio, N. (1985): Estado, Gobierno y Sociedad. Por una Teoría general de la política. FCE. Mexico.

10Estatuaren teoria garaikidean ezinbesteko autorea den Jellinek-ek berak ere Estatu mota historikoak bereiztu ditu. Hortaz, ikuspegi honen arabera, Estatua ez da XV. mendean sortzen. Jellinekentzat estatu mota historiko oinarrizkoak hauek lirateke: ekialdeko antzinakoa, heleniarra, erromatarra, erdi arokoa eta modernoa. Jellinek, G. (1900, 2002): Teoria general del Estado. FCE. Mexico.

11Gizonen gainean agipidea duten estatu guztiak errepublikak edo printzerriak izan dira eta dira. Machiavelli, N. (1513, 2008): Printzea. (Juan martin Elexpuruk itzulita). EHUko argitalpen zerbitzua. Leioa. Bizkaia

12Historiak askotan keinu bitxiak egiten dizkigu. XXI. mendean oraindik orain Euskal Estatuaren muina nahi den Nafarroaren ibilbide historikoak esandako bi pertsonaia horiek lotu zituen korapilo tragikoan: Izan ere, Stato kontzeptuaren osaketa teorikoaren lehen inspiratzailea izandako Zesare Borgia, Nafarroako erregearen tropen buru zelarik, Bianako setioan hil zuten Fernando Katolikoaren soldaduek.

13Estatu eta batez ere nazio eraikuntzaren nondik norakoak aztertzeko gertu dugu lan aberatsa: Letamendia, F. (1997): Juego de espejos. Conflictos nacionales centro-periferia. Trotta. Madrid.

14Miller, D. (1989): Enciclopedia del pensamiento político. Alianza. Madrid.

15Bergalli, R & Resta, E. (1996): Soberanía: un principio que se derrumba. Aspectos metodológicos y jurídico-políticos. Paidós. Barcelona.

16Proto-estatua esamoldea, oraindik estatua ez diren, baina izateko bidean dauden errealitate politikoak adierazteko erabili dugu. Nafarroako erreinua, zentzu horretan, proto-estatu modernoa izan zen: Estatu modernoa izateko bidean galdutako egitura politiko estatala. Estatu eraikuntzari buruz, De Cabo Martín, C. (1988): Teoría histórica del estado y del derecho constitucional. PPU. Madrid.

17 Esteban Antxustegik jasoa, Hinsley-en lanaren itzulpenean. Ikus: Antxustegi, E. (1999). Filosofia politikorako irakurketak II. ("Soberania" atala). UPV-EHU. Leioa. Jatorrizkoa: Hinsley, F.H: (1966): Sovereignity. C.A. Watts & Co Ltd. London. Gazteleraz, (1972) El Concepto de soberanía. Labor. Barcelona.

18Hinsley-en ekarpenaren aurrekari zuzenena, Printzean bertan dugu, nola ez, Machiavelliren ahotik: "NOLA GOBERNATU BEHAR DIREN OKUPATU AURRETIK BEREN LEGEEKIN BIZI ZIREN HERRIAK EDO PRINTZERRIAK. Eskuratutako estatuak beren lege eta askatasunekin bizitzen ohituta daudenean, hiru era daude eusteko: lehenegoa, suntsitzea; bigarrena, norbera bertara bizitzen joatea; hirugarrena, beren legeekin bizitzen uztea, zergak kobratuz eta lagun iraunaraziko dion kide gutxiko gobernu bat ezarriz. Izan ere, estatu hura printzearen esku egonda, gobernukide hauek badakite ezin direla haren adiskidetasunik eta sotengurik gabe bizi, eta edozer gauza egingo dute hari eusteko. Eta askoz ere errezago eusten zaio libre bizitzen ohitutako hiri bati bere biztanleen bitartez, beste edozelan baino". Mendebaldeko probintziak lehenago, eta Nafarroako lurraldeak konkistatu zituenean, doi-doi bete zituen Gaztelako erreinuak aholku horiek. Foru sistemaren eta azken hamarkadetako eredu autonomikoaren azpian ere arrazoiketa bera topa dezakegu, baita konpromiso horretarako prest dauden herrikideak. Eta oraindik, aditu baten batek berrikuntza izugarri gisa aurkeztuko digu "kontzertu politikoaren " lelo zaharra.

19Egitasmo politiko horren suspertzaile garrantzitsuena elkartea da. Lan historiografiko handia eginez, Nafar Estatuaren historia errebindikatzeaz aparte, etorkizuneko proposamen politikoa ere bideratu du, Euskal Herriaren egitasmo abertzalea eta Nafar Estatuaren berreratzea elkartuz. Hemen jasotako irudia iturri horretatik jaso dugu.

XVII. mendearen erdialdean, Westfaliako bakea sinatu zenean, finkatu zen kanpo mugei dagokienean estatu eraikuntza prozesua Europan. Bodinoren edota Hobbesen eskutik, soberaniaren kontzeptu berria lehen estatu modernoen beharrizanetara egokitu zen: gizarteak monarka baten esku betiko eta atzera itzulerarik gabe utzi duen aginpide erabatekoa da soberania, muga bakarra jainkoaren legean edota lege naturalean duen aginpidea. Estatu hori da lehen Estatu modernoa.

Westfaliako bakean ezarritako sistematizazioan oinarrituz, eta Frantzian jada ezarritako estatu absolutuaren eredua hartuta, Borbondarrek Espainiako erreinuan status segmentarioa desagerrarazteko lehen saiakera egin zuten, XVIII. mendearen hasieran. Euskal lurraldeetan ez zuten helburua lehen ahaleginean lortu. Baina Estatu modernoaren iraultzak, Zizekek gogoratzen digun bezala20, bigarren saioa izan zuen. Ilustrazioarekin eta iraultza burgesarekin batera, estatu eraikuntza zena, nazio eraikuntza (nation building) bilakatu zenean.

Iraultza burgesak, estatu/erreinu absolutuaren legitimitate jainkotiarra ordezkatuz, jainko zibila eseri zuen tronu huts hartan: nazioa.

Kapitalismoaren jauzi berriak sustatutako estatu eraikuntzak, homogeneizazio kulturala behar zuen arrakastatsua izango bazen. Honela, nazionalismoak, nazio eraikuntza helburu zuen ideologiak, estatuen bateratze sinbolikoa (eta politiko/ekonomikoa, noski) bultzatu zuen, egoera segmentariotik zetozen berezitasunak ezabatuz: horixe da, gurean, XIX. mendeko karlistadetan jokoan zegoena. 1841ean Nafarroak erreinu titulua galdu zuen unean, Espainiako Estatu eraikuntza ia amaituta geratu zen, probintzia sortu berriaren zenbait berezitasun juridiko aitortu baldin bazen ere.

Dena den, Espainiako nazio eraikuntza prozesua ahula izan da oso. Ez baitu lortu identifikazio nazional espainiarra hegemonikoa izaterik estatuko lurralde eremu osoan. Ia ahaztutako estatalitatea galtzearen truke aitortutako hondakin juridiko-politikoetan -foruetan- oinarrituta, gatazka-ardatz (cleavage) nazionalaren inguruan, eragile nazionalista berriak osatu ziren. Handik aurrera, nazio eraikuntza lehiatsua ireki zen Pirinio inguruetan, mendebaldean zein ekialdean: Espainiako Estatuak espainiar nazio bakarra nahi eta behar du, baina ezin du lortu; euskal nazioak estatua behar eta nahi du, baina ezin eskuratu dabil.

20Iraultza guztietan ohikoak dira bi urrats horiek: 1789ko Asanblada nazionala/1792ko Konbentzioa, une mentxebikea eta boltxebikea... Ikus: Zizek, S (2004 ): Repetir Lenin. Akal. Madrid.

Ibilbide historikoan estatu-nazioen osaketa, liberalismoak behar zuen merkatu bateratuaren mesedean burutu baldin bazen, orain, zuzenbidezko estatu sozialaren krisi garai honetan, estatua eta nazioaren arteko loturak eduki berriak hartu ditu: Komunitate nazionalak ahalbidetzen duen elkartasuna, eta estatu sozialak ziurtatu beharko lukeen bitartekoen banaketa orekatua erabat kateatuta daude. Millerrek ongi azaldu du ongizate estatuak nazioa komenigarria duela. Nazio txiki eta kudeagarri bat21. Tuzididesek berak zioen bezala, estatu aske txiki baten asanbladak bakarrik hitz egin baitezake "gu" batez, ongizatea ziurtatuko duen elkartasunaz. Era berean, beste aldetik begiratuta, nazio baten identitate kulturala eta justizia sentimendua garatzeko tresna eraginkorra, ia hil ala bizikoa, izan daiteke estatua eta bere tresneria juridikoa. Bi argudio hauek, munduan dauden nazio eta estatuen arteko harremanak berrantolatzeko arrazoi nahikoa emango lukete.

Hala ere, indarrean dauden estatuetatik eratortzen den diskurtso hegemonikoetan oso bestelako mezua bideratzen da. Hizpide honen arabera, estaturik gabeko nazioak, kultura partikular gisa zaintzea ongi dago, baina haien errebindikazio politikoa -soberania/estatua- zentzugabeak omen dira egungo mundu globalizatuan. Hala, jada estatu-nazio zilegien zerrenda zabaltzea komenigarria ez omen denez, nazio eraikuntza edo naziogintza saiakera berriak arlo pribatura eraman beharko lirateke dira: proiekzio politiko sakonik gabeko komunitate partikularren eremura. Multikulturalismo liberalak onartu dezakeen eremura. Horrela, jadanik indarrean dauden estatuak, errealitate multikultural kudeatzaile ia neutralak izango lirateke. Estatu berriak sortzeko asmoa, aldiz, hutsala bezain arriskutsua.

Estatuaren hutsalkeriaren argudio honek bi aldaera ditu22:

  • Estatu berrien balizko hutsaltasuna, mundu globalizatuan

  • Estatua edukita ere, zertarako erabili ahal da legitimoki?

21Miller, D. (1997): Sobre la nacionalidad. Paidós. Barcelona.

22Hirschmannek dioen bezala, intransigentziaren edo zorrozkeriaren diskurtsoan ezaguna da hutsalkeriaren argudioa: "statu quo"-aren aldaketa oro hutsala da, zentzurik ez du, alferrikakoa da. Zorrozkeriak hiru argudio mota erabiltzen ditu usu, aipatutakoa, eta beste bi: Maltzurkeriarena, "edozein aldaketak ondorio maltzurrak izango ditu", eta arriskuarena, "aldaketak kolokan jarriko du jada daukaguna". Hirschmann, A.O. (1991): Retóricas de la intransigencia. FCE. Mexico.

Argudio honen arabera, estatu berriak sortzeak ez omen du zentzurik egungo mundu globalizatuan. Estatuen ordez politikagintza sare konplexuak nagusitzen ari dira, estatuen gainetik -Europan, adibidez-, eta azpitik, erregioetan eta beste azpi-komunitate politikoetan. Are gehiago, globalizazioaren garaian, estatu zaharrak, estatu klasiko gisa, desagertzen ari diren honetan, are eta zentzu gutxiago du estatu berriak errebindikatzea. Estatuak egun ez dira jada estatu, sare politiko konplexuak dira, aginte gune argirik gabekoak, gero eta zeharkakoagoak, horizontalagoak, globalizatuak.23

Aitzitik, beste arrazoiketa egiten duenik ere egon badago, errealitate hutsean oinarrituta: desagertzen ari ote dira benetan estatuak? Sare politiko horietan desagertu al da estatuaren aginpide subiranoa? Noraino dago krisian soberaniaren kontzeptua eta eduki faktikoa?

Soberania eta honen gorputza, estatua, -politika bera, orohar-, sare gisa definitu daitezkeela onartuta, kontrako iritzi hauen arabera sare horiek ez dira inoiz neutralak. Sare horietan nodo edo gune boteretsuak eta ahulak daude. Estatu egitura eta prozesu edo egintza politikoaren arteko elkarreraginezko jarduera horretan jokoan dagoena, azken finean, boterea da. Jendea mugiarazten duen botera, errealitatea aldarazten duen boterea.

Clegg-en ekarpena oso argigarria da boterea, egitura eta egintzaren arteko lotura teoriko hau ulertze aldera24. Hobbes eta Machiavelliren artean dagoen desberdintasun sakona ekartzen digu gogora: Hobbes-en boterearen eredua, egintza absolutuan hezurmamitzen da. Kausalitate mekaniko eta linealean kokatzen da boterearen eragina. Modernitatearen botere paradigma izango litzateke Hobbes-ena: Boterea besteen boterearen ukazioa bezala. Ustez kontrako ikuspegi batetik, kasu honetan, egitura absolutizatu egiten delako, Marx-en eredua ere paradigma moderno horretan kokatu beharko genuke. Estatuaren kontzeptu ezagunena hor zehaztu da, eta hori izango litzateke, izatekotan, krisian dagoena.

Aitzitik, Machiavelli-ren botere-eredua post-modernitatearen aurrekari teorikoa izango litzateke25. "Post" teoria guztietan landu dena: post-marxismoan, -Gramsci eta Laclau & Mouffe-ren eskutik, esaterako-, edo post-estrukturalismoan: Foucault, Derrida... Boterearen dimentsio estrategikoa, praktikoa, tokikoa, kontingentea azpimarratzen duen eredua izango litzateke. Egintzazko zentro argirik ez duen botereaz ari gara, baina organizazioa -eta ez egintza indibiduala- botere harremanen erdigunean kokatzen duen botereaz. Adierazten dena, esaten dena -diskurtsoa-, dirudiena, gorputzen edota adimenen kontrol faktikoaren gainetik kokatzen dituen botereaz ari gara. Ikusmolde totaletatik urrun, baina botere egituren izaera -eta estatuaren berezko balioa- ahaztu gabe.

Estatu egiturak ez du dena baldintzatzen baina, botere-egintza "lortu" behar den zerbait da, eta antolakuntzak dira egintza eraginkorra erdiesteko tresnak: organizazioek finkatu, egonkortu egiten dituzte "botere zirkuituak".

Clegg-ek dioen moduan:

"Boterea ez da adierazten subjektuen nahien bitartez [...] edota egituren beharrezkotasuna dela medio. Aitzitik, boterea ulertzeko modurik egokiena eragileen antolaketa konplexuak biltzen dituzten botere-joko konplexuak aztertzea da..."

Zirkuitu konplexuetan burutzen diren aginte eta erresistentzia jokoak. Arau unibertsalen arabera jokatzen direnak baina gunean-guneko eta unean-uneko inguruabarrak baimentzen dituen jokaldietan taxutzen den botere jokoa.

Ildo beretik, botere zirkuitu horretan nodo edo sare-gune zehatzak bereiz daitezke. Hortaz, errealismo kritikoak estatuari buruz duen definizioa ere izaera estrategiko/harremanezko horren araberakoa izango da. Egiturazko geruza anitzez osatutako ingurune estrategiko finkatua, eragileen estrategien topa-gune zehatza baina, era berean, aldakorra baita estatua. Errealismo kritikoa, egitura sozial eta politikoen mapa ezagutzen saiatzen da, jarduera politiko estrategikoarentzako gida izan dadin.

Zentzu honetan, Poulantzas-en jarraitzailea den B. Jessop-ek estatuaren inguruan duen ikusmoldea jaso beharra dago26:

"Estatua eremu estrategiko gisa ulertu behar da, estrategia politikoen kristalizatze gisa, estrategia politiko mota batzuei -eta ez besteei- egiturazko pribilegioak ematen dizkien forma politiko zehatza."

Estatua iraganeko estrategien kristalizazio gisa, egitura eta estrategien arteko dialektika konplexuan kokatzen da. Ekoizpen historiko legez, estatuak jarrera irekiagoa du estrategia politiko batzuekin besteekin baino. Batzuk laguntzen dituen bitartean, besteak zaildu edo oztopatu egiten ditu.

Esaterako, Espainiako Estatuak, botere harreman jakinen kristalizazio gisa, balio, kultura eta jarduera batzuk bultzatu eta besteak zaildu egiten ditu. Euskal Estatuak ere beste batzuk ahalbidetu edo oztopatuko lituzkeen bezala. Horixe izango litzateke Estatuaren esanahia.

Ildo beretik doa, esaterako, Rubert de Ventós filosofoaren iritzia: "salbuespenak salbuespen, hobe da estatu minimoa izatea autonomia maximoa baino. Estatua da soberania duen antolaketa politiko bakarra, eta horrek abantaila kualitatiboa ematen dio, oraindik ere, estatu antolakuntza hartzen duen herriari."

Atala amaitzeko, bigarren "hutsaltasunaren argudioa" aipatu beharko genuke.

23Zehazki, "naziozgaindiko eragileen bitartez eta beraien botere-probabilite, norabide, nortasun eta amaraun desberdinen kariaz, estatu-nazional soberanoak teilakatzen dituen prozesua da globalizazioa". Beck, U. (1998): Qué es la globalización. Falacias del globalismo, respuestas a la globalización. Paidos. Barcelona.

24Boterearen inguruko argazki filosofiko-politiko aberatsa eta gaurkotua Clegg-ek eskaini digu: Clegg, S.R.(1989): Frameworks of Power. Sage Publications. London.

25Bauman, Z. (1987): Legislators and interpreters. Polity Press. Cambridge. Hobbes agintearen legelaria zen bitartean, Machiavelli, agintetik kanpoko interpretea, interprete zigortua gainera.

26Aipatutako Hay-ren lana hurbilketa argia den arren, zuzeneko iturria sakonagoa da, dudarik gabe, Ikus: Jessop, B. (1990): State theory. Putting Capitalist States in their place. Polity Press. Cambridge.

Estatu propioa edukita ere, esaterako, euskal nazioa indartsuagoa izango al litzateke, balizko euskal estatu horren aniztasuna ziurtatu nahi bada?

Hutsaltasunaren bigarren argudio honen arabera, estatuak eskaintzen dituen tresnak euskal nazioa sendotzeko nahi baldin badira, tresna hutsalak -edota onartezinak-, lirateke, Euskal herriaren aniztasun identitarioa zainduko bada. Kultura demokratiko/liberal hegemonikoan ameti ezina baita estatua akulturazio tresna gisa erabiltzea, XIX, mendean egin bezala.

Kontrako arrazoiketak, aldiz, gogoratzen du egungo estatua ez dela XIX. mendekoa, soberaniaren definizio berritzaileak Bodinorenak ez diren moduan. Horregatik, dio kultur batasuna ezartzeko tramankulua baino, kultura aniztasuna kudeatzeko tresna dela estatu garaikidea.

Euskal Estatuaren egokitasuna defendatzen dutenek luzatzen duten galdera honakoa da: Pirinioetako bazter honetan historian zehar finkatu den aniztasun kulturalaren kudeaketarako esparru egokiagoa izango al litzateke Euskal Estatua, egun lurralde hauetan indarrean dauden estatuak baino? Kultura desberdinen arteko oreka zaintzeko zein da egitura politiko aproposena?

Rubert de Ventósek -eta Levi Straussek- gogoratzen diguten bezala, moral politikoak eta topologia kuantitatiboak bat egingo dute galdera horiei erantzun bat emateko orduan: Small (but not too small) is beautiful!

Ulises Moulinesek dioen bezala, "Aniztasunaren Berezko Balioa" zaintzeko, -izatearen espezie euskalduna zaintzeko-, babesleku egokia estatua da. Baina ez edozein estatu. Nazionalismo internazionalistaren defentsari honek azpimarratzen du estatu-nazio hegemonikoetan zaila dela nazio txikien iraupena ziurtatzea27. Nazio anitzeko estatua arrakastatsua izan dadin, orekatua behar du izan barne nazioen arteko egoera eta harremana: dudarik gabe, Euskal Estatuak, orekatuagoak izango lituzke bere baitako identitate nazionalen eta kulturen indarrak, egungo Espainiako edota Frantziako Estatuak baino. Besteak beste, bi estatu horietan islatzen den botere harremanen kristalizazioak ez baitu aintzat hartzen euskalduntasuna.

Askoren aburuan, inoiz baino indartsuagoa dago estatua. Globalizazio prozesuaren anabasan eta krisi garaietan bereziki, herritarrari beharrezkoa duen babesa eskainiko dion eragile bakarra.

Izan ere, Rubert de Ventós, filosofo kataluniarrak dioen bezala28: "Saretuta dagoen mundu honetan estatu modernoaren hainbat osagai zaharkituak geratzen ari direnean, [halere], Indarraren eta asistentziaren monopolioak ematen dion legitimitatea eta gizarte ospea mantentzen du estatuak". Edo, Hinsley-ek dioen moduan, "komunitate/estatu harremana, aspaldidanik ezarria gure gizarte modernoetan, zulatu beharrean, sendotu egin da konplexutasun hazkorra dela eta".

M. Castells-ek, ildo beretik, aitortuko du "mundu globalizatuan estatu-nazioari gero eta zailagoa gertatzen zaiola bere aurrekontua eta moneta-politika kontrolatzea, produkzioa eta merkataritza antolatzea, zergak jasotzea eta bere gizarte erantzukizunak betetzea, baina arautzeko ahalmena du, baita subditoen gaineko kontrola ere". Izan ere, multilateralitatearen konplexutasuna dela eta, nazioarteko gizarte zibilaren eragina, delinkuentzia globalaren eta globalizazio ekonomikoa kudeatzen duten eragileen (FMI, etab.) presioa, eta haien identitatea estatuaren bitartekoak erabilita babestu nahi duten komunitateen errebindikazioen aurrean, estatu-nazioa gotortzen ari da azken urteotan, paradoxikoki, bere botere-jarduera indartuz.

27Ulises Moulines, C. (2008): Manifestu nazionalista, are separatista, esango nioke, estutuz gero. Txalaparta. Tafalla.

28De Ventós, R. (1994): Nacionalismos: el laberinto de la identidad. Espasa. Barcelona.

  • Antxustegi, E. (1999). Filosofia politikorako irakurketak II. ("Soberania" atala). UPV-EHU. Leioa. Jatorrizkoa: Hinsley, F.H: (1966): Sovereignity. C.A. Watts & Co Ltd. London. Gazteleraz, (1972) El Concepto de soberanía. Labor. Bartzelona.
  • Bakunin, M. (1978): Escritos de filosofía política. Compilación de G.P. Maximoff. 1. alea. Alianza. Madril.
  • Bauman, Z. (1987): Legislators and interpreters. Polity Press. Cambridge
  • Bergalli, R & Resta, E. (1996): Soberanía: un principio que se derrumba. Aspectos metodológicos y jurídico-políticos. Paidós. Bartzelona.
  • Biscarretti di Ruffia. P. (1973): Derecho Constitucional. Tecnos. Madril.
  • Bobbio, N. (1985): Estado, Gobierno y Sociedad. Por una Teoría general de la política. FCE. Mexico.
  • Castells, M.(1997): La era de la información. Economía, sociedad y cultura. Vol. 2. El poder de la identidad. Alianza. Madril.
  • Clegg, S.R.(1989): Frameworks of Power. Sage Publications. London.
  • De Cabo Martín, C. (1988): Teoría histórica del Estado y del derecho constitucional. PPU. Madril.
  • De Ventós, R. (1994): Nacionalismos: el laberinto de la identidad. Espasa. Bartzelona.
  • Heller, H. (1987):Teoría del Estado (edición y prólogo de Gerhart Niemeyer). FCE. Mexiko
  • Hirschmann, A.O. (1991): Retóricas de la intransigencia. FCE. Mexiko.
  • Jellinek, G. (1900, 2002): Teoria general del Estado. FCE. Mexiko.
  • Jessop, B. (1990): State theory. Putting Capitalist States in their place. Polity Press. Cambridge.
  • Knoke, D. (1990): Political Networks. the Structural Perspective. Cambridge University Press. New York
  • Krasner, S.D. (2001): Soberanía, hipocresía organizada. Paidos. Bartzelona.
  • Letamendia, F. (1997): Juego de espejos. Conflictos nacionales centro-periferia. Trotta. Madril.
  • Linz, J.J. (2000): Totalitarian and Authoritarian Regimes, Rienner Publishers. Boulder/London.
  • Machaivelli, N. (1513, 1986): Printzea. (Iñaki Azkunek itzulita). Elkar. Donostia.
  • Miller, D. (1989): Enciclopedia del pensamiento político. Alianza. Madril.
  • Miller, D. (1997): Sobre la nacionalidad. Paidós. Bartzelona
  • Poulantzas, N (1978): Estado, Poder y Socialismo. FCE. Mexiko.
  • Requejo. F. Y Fossas, E. (Eds) (1999): Asimetría federal y Estado plurinacional. El debate sobre la acomodación de la diversidad en Canadá, Bélgica y España. Trotta. Madril.
  • Ulises Moulines, C. (2008): Manifestu nazionalista, are separatista, esango nioke, estutuz gero. Txalaparta. Tafalla.
  • Vilanova, P. (2009): ¿"Estados de facto" versus "fallidos o frágiles"?: unas notas acerca de la dificultad teórica para establecer nuevas tipologías. Relaciones internacionales: Revista académica cuatrimestral de publicación electrónica, ISSN 1699-3950, 10. zkia., 2009
  • Weber, M.(1947): The Theory of Social and Economic Organization, Free Press. New York.
  • Weber. M. (1921, 1998) El politico y el científico. Alianza, Madril.
  • Zizek, S (2004 ): Repetir Lenin. Akal. Madril.