Biografiak

Atxa Agirre, Jesús

1920ko maiatzaren 28an jaio zen Aretxabaletan, bederatzi anai-arrebetatik bosgarrena. 2007ko urriaren 23an zendu zen Iruñean

II Errepublika ezarri zenean 11 urteko mutikoa zen. 14 urterekin eskola amaitua zuen eta aitari tailerrean laguntzera joaten zela Eibarko armeria eskolara joateko proposamena jaso zuen. Apaizek, herrian bezala, indar handia zuten bere etxean eta Eibarrera ordez Durangoko Jesuitetara bidalia izan zen ikasle.

Jesuita artean egin zituen Jesus Atxak hurrengo zazpi urteak. Belgikan zortzi bat hilabete pasatu ondoren Caracasko nobiziatuan denboraldi bat, bi urte Kolonbiako Santa Rosako Seminarioan eta beste hiru Bogotako jesuiten Unibertsitatean Filosofia ikasketak betez. 1942an jesuita izateari uztea erabaki zuen.

Ameriketan gelditu zen eta lan ezberdin batzuk egiteari ekin zion. Venezuelako hiriburuan zegoela, gerora ospe handia hartuko zuen euskaldun batekin, Ion Oñatibiarekin alegia, egin zuen topo. Berehalaxe jarri ziren elkarlanean euskal kulturaren alde eta aurrera eramandako ekimenen artean Argia aldizkariaren sorreran eta garapenean lagundu zuen.

New Yorkera joan zen Oñatibia 1945ean eta urte horretan bertan Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen J. Atxak. Berak behin baino gehiagotan aitortu zuenez, abertzale eta euskaltzale itzuli zen Ameriketatik. Elorriotar batekin, Juli Igarzarekin, ezkondu zen 1953. urtean eta lau seme-alaba izan zituzten.

Lan ezberdinen artean, Funcor Kooperatiba enpresako ikastetxean irakasle aritu zen. 1961ean Bilbora joan zen, Edili (Edicion de Libros) erakunde euskaltzalera lan egitera. 1961-1969 bitartean Ediliko arduradun ibili zen. Edili garai hartan euskal erreferente bat zen. Hainbat jarduera ezberdinetan aritu zen orduan: Ion Oñatibiarekin batera dozenaren bat ipuin euskaratu eta argitaratzeari ekin zion, Bizkairako Zeruko Argia aldizkariaren arduradun izan zen, haurrentzako hainbat film euskarara bikoizten ibili zen, Xabier Kintanarekin batera. Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokako antolatzaile aritu zen, besteen artean, Leopoldo Zugazarekin batera. Durangokoaren jarraian beste batzuk etorri ziren, Algorta, Eibar, Zarautz, Arrasate, Gasteiz eta Iruñea. Argitaletxe guztien liburuekin biltegi bat zegoen Bilbon eta herriz herri eramaten ziren hauek. Gauza hauetarako beti prest agertzen zen Atxa, izan ere euskara kontuetarako "liberatu"tzat hartzen zuen bere burua.

Jesus Atxak, lan horiei bezala, Ediliren ateak irekitzen zien beste arloetako batzuei ere, enpresako nagusien ikuspegitik argitaletxean aurrera eramaten zirenekin bateragarriak ez zirenak eta politikoki arriskutsuak zirenak hauen ustez. Euskaraz bai baina arlo "serioagotan" aritzeko eskatu zioten arren kaleko euskal kulturaren bultzatzaile aritu eta bereziki ikastolen sortzaile eta suspertzaile izatea izan zen nagusiki urte horietan berak garrantzitsutzat jo zuena.

Garai horiek dira izugarri oparoak Euskal Herriko ikastolei begira eta horretan bereziki eragile aritu zen Jesus Atxa. Algortako lehenengo ikastola zabaldu zutenak asko ibili ziren Edilin: Gotzon Garamendi, Iñaki Azkargorta, Juan Mari Flores eta Rikardo Manzano, gizon talde bat ekintzaile eta ikastolak sortzen laguntzeko prest zegoena. Hasierako mugimendu horretan, ikastolak direla eta Carlos Santamariarekin hitz egitera joan ziren bostak Donostiara.

Bizkaian herriz herri ibili zen ikastola sortzeko erabakia hartu zutenei aholkuak ematen batzuetan, ikastola sortzeko erabakia oraindik hartu ez zutenak horretara bultzatzen bestetan. "Herriak berak ikusi zuen ikastolen sena. Hori izan zen Euskal Herriko auzolanik bikainena" zioen Atxak. Ikastolak gauza txikiak ziren orduan. Nahikoa zen hiru lagun biltzea adore pixka batekin ikastola bat sortzeko. Horrela, Bizkaiko lehendabiziko ikastolen aholkulari aritu zen. Ondarroa, Ermua, Berriz-Olakueta, Zornotza, Galdakao, Durango, Bilbo izan ziren neurri handi batean bere laguntza jaso zutenak. Gipuzkoako Ikastolen Elkartea sortu aurretik Tolosan egin ziren bileretan eta ondoren eta jende gehiagorekin Urretxuko bileretan eta ekimenetan parte hartzaile dugu halaber.

Hamar urte egin zituen Bilbon eta 1970ean Iruñera jo zuen. Ikastolak zirela eta, lehendik bizpahiru aldiz egona zen Atxa Nafarroako hiriburuan. Iruñeko ikastola, Uxue izenekoa, zatitu berria zen eta zatiketaren ondorioz bi ikastola berri sortu ziren, Paz de Ziganda eta San Fermin. Ekimen honetan zebilen Jorge Cortés, Nafarroako ikastoletako suspertzailea. Príncipe de Vianako Euskararen Aldeko Sailan lanean ari zen eta Algortako taldearekin ere harremanetan zegoen. San Fermin ikastolako zuzendaritza har zezan deitu zion J. Cortesek Iruñetik. Baietza eman zion handik aurrera Atxa Jaunatxat ezaguna izanen zenak. Abuztuan heldu zen Iruñera hurrengo ikasturtea, 1970/71a, prestatzera eta bertan 1984 urte arte egon zen. Cortesek eskaera bat egin zion: orduan arte bezala herriz herri suspertzaile lana egiten jarrai zezala. Hasiera batean Atxa jauna ibili zen Nafarroako hainbat herrietara joaten, gurasoekin bilerak, irakasle bila eta abar, Etxarri Aranatzen, Altsasun, Tafallan, Lizarran, Beran, eta Lesakan ere aritu zen. Nafarroako Federazioaren sorreran ere zerikusirik izan zuen. Hala ere, laster ikastolak urtetik urtera zuen hazierak eta honek ekartzen zituen lanek eragotzi zioten herriz herriko lan hori egiten jarraitzen.

Iruñeko bi ikastola horietatik aparte Nafarroako ikastolen panorama horrela zen garai hartan: lehena sortua zena Leitzakoa izan zen, 1968an ireki baina hiru hilabetera itxi zuten, Olatzagutiakoa 1969an, Lizarra, Etxarri, Leitza, Elizondo eta Tafalla 1970ean sortuak ziren, Altsasu 1971ean. Ikusten denez, 1970. urtea bizi-bizia izan zen ikastolen munduan.

Atxak garaiko politiko anitz ezagutu zituen. Elkarrizketatu zen Amadeo Marcorekin, Foru Aldundiko buru izandakoarekin, politiko hau erretiroan zegoela, hala nola hezkuntza arduradun eta ordezko ia guztiekin. Beste probintzietako agintariekin konparatuz, Nafarroako Foru Aldundiak jarrera hobea zuela euskararekin zioen eta alde handia zegoela diktaduran Bizkaian berak ezagutu zuenarekin. Foru Aldundiak Principe de Viana erakundearen barruan sortua zuen Euskararen Sustapenerako Sailean oso jende euskaltzalea zebilen, Nafarroako Ikastolekin lotura izan zuena. Aipagarriak dira garaiko pertsona hauek: Urmeneta diputatua, Aldundiko buru zena, eta aipatutako sail horren barruan: Jose María Satrustegi, Jose Maria Lasarte, Joxe Miguel Oreja pilotaria, Jorge Cortés, Pedro Diez de Ultzurrun eta Karlos Garaikoetxea, besteak beste.

Hamalau urte eman zituen San Fermin ikastolan, 64 urterekin erretiroa hartu zuen arte. Ikastola utzi eta gero, jubilatuta, lau bat urtez EAko idazkari izan zen. Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik sortutako ideia batetik hasi zen bere ikastolen sorrerari buruzko biltze lana. Joseba Intxaustik proposatu zuen ikastolen historiari buruz artxibategi bat osatzearen proiektua eta Atxa izendatua izan zen Nafarroako dokumentazioa jasotzeko. Lan berri honi gogoz ekin zion, datuak eskatu, elkarrizketak egin, aktak jaso eta hainbat ikastolen 25 urteurrena zela eta idazten ere hasi zen. Idatziak ditu Nafarroako hainbat ikastolen historia, hala nola, Iruñeko San Fermin eta Jaso ikastolenak, Altsasu, Etxarri, Elizondo, Tafalla, Lizarra, Bera eta Lesakakoak.

1967an Euskaltzaindiko urgazle eta ohorezko bazkide izendatua izan zen. 1992an Iruñean Euskal Herriko Ikastolen Batzar Nazionalak omenaldi berezia egin zien Julita Berrojalbiz, Carlos Santamaría, Jorge Oteiza eta Jesus Atxari; beste batzuekin batera ere omendua izan zen San Fermin ikastolan 1995ean, ikastola honen 25. Urteurrena ospatu zutenean, Elorrioko ikastolak 1999an antolatutako Ibilaldiarako zinta moztu zuen, Josune Munitxa andereñoarekin batera, 2003an Bizkaiko Ikastolen Elkarteko 25 urteurrenaren zioaz omenaldia jaso zuen, hala nola Lizarra ikastolak Iruñeko Baluarten 2004an ospaturiko Lizarra Gurea ikuskizunean. Halaber, aurreko urtean aukeratua izan zelarik, 2004ean jaso zuen Eusko Ikaskuntzak ematen duen Manuel Lekuona saria.

2007ko urriaren 23an zendu zen Iruñean. Ondoren, beste errekonozimendu batzuk jaso baditu ere, ikastolen mugimendua sendotua izatea izan da handiena.

  • MURUA URIA, Imanol. "Jesus Atxari elkarrizketa". Jakin, 1999, 113 zbk., 55-112 or.
  • MURUA URIA, Imanol. "Jesus Atxa". Bidegileak bilduma, 52 karpeta. Gasteiz: Eusko Jaurlaritza. Kultura Saila, 2008.