Kontzeptua

Frankismoa

Diktadura frankista 30etako hamarkadako erregimen faxisten artean kokatu behar dugu, nahiz eta, edozein erregimen politikoak bezala, ezaugarri eta bilakaera propioak izan.

Errepresioaz gain, erregimenaren oinarria buruzagiaren botere eta gorespena izan zen, beste diktadura faxistetan bezala, kasu honetan Generalísimo edota Caudillo izenak erabiliz. Honengandik jaio ziren neurri politiko gehienak, eta honentzako laudorioak nonahi irakurri, entzun eta ikus zitekeen bizitza politiko eta sozialeko esparru ezberdinetan. Diktadura hau gerran bertan finkatu zen, 1936ko urriaren 1ean Francok alde matxinatuaren kontrol politikoa lortu zuenean. Hortik aurrera, bere botereak handitu baino ez zuen egin, bere inguruko barne tentsioetatik etekina ateraz. Horrela ulertu behar da partidu bakarraren jaiotza ekarri zuen ekimena, karlista eta falangisten arteko baterakuntza, alegia, edota gerra osteko familia politikoen arteko tirabiretan lortu zuen oreka zaila. Denborak erakutsi zuen Francok abilezia izan zuela boterea bereganatzeko, baina hori, meritoa baino, kolpea eman zuten indar politikoen beharren isla gisa ulertu behar da, bere botere eta indarrak bermatzen zuelako benetako helburua: gizartea kontrolpean mantentzea.

Azken batean, berak gauzatu zuen erregimen bortitzaren iraupena, horretarako gerra osteko nazioarteko giroan hainbat egokitzapen eginez. Bere ordezkatze prozesuan ere asmatu egin zuen. Karlistek eskatu bezala, erregetza berrezartzeko konpromisoa hartu zuen, baina beti ere bera hil osteko garairako, eta berak izendaturiko oinordeko batekin. Oinordekotza Legea 1947koan ezarri zen, baina Juan Carlosen izendapen ofiziala 1969 arte berandutu zen, tarte horretan Francok bere botere pertsonala indartuz.

Beste erregimen faxistetan bezala, partidu politiko bakarra zegoen onartua, Falange Española Tradicionalista y de las JONS, alegia, 1937an sorturikoa. Baterakuntza honen bidez joera bakoitzean egon zitezkeen elementu ezerosoak baztertu, eta bere neurriko partidua bermatu zuen. Partidu honek, gainera, adar bereziak izan zituen hainbat giza sektoreen bizitza soziala hobeki bideratu eta kontrolatzeko: Sección Femenina edota Frente de Juventudes izenekoak. Partiduak hainbat aldaketa jaso zuen 1957ko legearekin (Ley de Principios Fundamentales del Movimiento), baina finean berebiziko garrantzia mantendu zuen diktadura osoan zehar, antolaketa sindikalean eta parlamentarioan funtsezko papera betetzen baitzuen, 60etako hamarkadan beste familia politikoetako indarrek, teknokrata izenekoek, alegia, botere postuak lortu baitzituzten ere.

Diktadura pertsonala izanik ere, gerra bukatutakoan Francok nolabaiteko demokrazia itxura eman nahi izan zion bere erregimenari. Erregimenaren propagandak esan bezala, parte-hartze hori gizartearen antolaketa "organismo naturaletan" oinarritu behar zen, eta inolaz ere zatiketa soziala eta ezegonkortasuna ekarriko omen zuten hauteskunde libre eta partidu politikoen esku. Demokrazia organikoa izena eman zioten, bi erakundeotan oinarriturik: gorteak eta udaletxeak. Gorteak 1942ko Legearen arabera osatu ziren. Parlamentarioak, "prokuradoreak" garaiko hizkeran, lau taldetan osatuak zeuden, estatuaren administrazioko partaideak, sindikatu bertikalaren ordezkariak, tertzio familiarrekoak (sufragio guztiz kontrolatuaz aukeratuak) eta Francok izendaturiko beste batzuk. Sistema hori udaletxeetan ere erabili zen.

Diputazioen kasuan, erregimenaren izaera zentralistak ia ia boterez hustu zituen erakunde hauek, eta probintzietako agintari gorena gobernadore zibila izaten zen, Francok berak izendaturik. Ezabatuak zeuden hasiera hasieratik Catalunya eta Euskal Herriko autonomi estatutuak, eta kasu honetan Gipuzkoako eta Bizkaiako Diputazioek kontzertu ekonomikoa galdu zuten 1937ko ekainaren 23ko dekretu-legearekin, probintzi traidoreak izendatuak izan ostean. Araba eta Nafarroako kasuetan, berriz, eskumen batzuk mantendu zituzten Diputazioek. Foru Diputazioak izendatu ziren, eta kontzertu ekonomikoa sinatu zuten estatuarekin, Nafarroakoak 1941ean eta 1969an, eta Arabakoak 1952an, eta jasotako zergaz baliatu ziren eskualde horietako elite politiko eta ekonomikoek haien aldeko politika garatzeko.

Sistemak, kasu honetan ere, ez zuen inongo bermerik ematen parte-hartze librerako, eta horregatik udalak ia beti erregimenaren konfiantzako pertsonen esku egon ziren, Euskal Herrian karlistek alkate postuetan presentzia nabarmena izanik. Dena den, Euskal Herrian topatzen dugu estatu mailan salbuespen bakartzat har daitekeen kasua, Iruñeko udalarena, alegia. Nafar hiriburuan tertzioen sistemak irekitzen zituen zirrikituak erabiltzen ari zen zinegotzi talde bat, sektore karlista irekienen eta oinarrizko kristauen -HOAC, momentu horretan- sostenguarekin, poliki poliki indarra hartuz eta gobernuarekin gero eta tentsio gehiago sortuz.

Erakundeak aipaturik, ezin utzi ejertzitoa aipatu gabe. Francoren diktadurak hasiera hasieratik izan zuen izaera militarra, eta kode militarren bidez izan ziren epaituak, eta zigortuak, milaka gizon eta emakumeak. Gainera, ejertzitoari botere berezia ematen zion gerra egoera 1947 arte mantendu zen indarrean. Bestalde, jeneral askok estatuko administrazioko goi postuak eskuratu zituzten, horren froga izanik 1945 arteko ministro postuen % 42,8 militarren esku geldi zirela. Armada kontuetan ez ezik, bestelako jardueraz ere ardurak eta agintea bereganatu zuten, INIren kasuan bezala, Suances militarrak 1941tik 1961 arte zuzendua izan baitzen.