Kontzeptua

Frankismoa

Planaren helburu nagusia ekonomiaren garapenerako oztopo batzuk ezabatzea izan zen, Europan ematen ari zen hazkunde ekonomikoaren dinamikan Espainiar ekonomia txertatu ahal izateko. Norabide horretan ezinbestekoa izan zen pezetaren debaluazioa, kanpo merkataritzaren liberalizazioa eta kanpoko kapitalaren etorrera. Azken honek, etorkinen diru bidalketa eta turisten dibisekin batera, ahalbideratu baitzuen Espainiar merkataritza defizita orekatzea. Liberalizazio hori, dena den, estatuaren plangintzarekin batera ere txertatu zen, 1964 eta 1969ko Garapen Planekin batera. Estatu zentralaren ekimenak, gainera, jarraipena izan zuen Euskal Herrian Diputazioen jardunarekin, Nafarroan bereziki politika industriala bultzatu baitzuen. Ikusten denez, estatuaren parte-hartzeak ere zuzendu zuen norabide berria, eta hori ulertzeko aintzat hartu behar dugu sektore berri baten agerpena, Opus Dei talde erlijiosoarekin loturiko teknokratena.

Beraz, 1955tik, eta batez ere 1960tik aurrera, egiturazko aldaketa eman zen espainiar zein euskal ekonomian. Ekoizpen gordinaren hazkunde azkarra eta industriaren garapenarekin batera, urbanizazio prozesua areagotu egin zen, hirietan nekazal mundutik etorritako etorkinentzako auzo berriak sortuz. Bizkaiko itsasadarra aldea, Gipuzkoako hainbat haran, eta Gasteiz zein Iruñerriako arroak lantegi berrien kokapena izan ziren, eta merkatu laboralaren hazkunde horrek emakumeen enplegua bultzatu egin zuen. Horrekin batera, prozesu horrek migrazioak ere areagotu ziren, Euskal Herriko zein estatuko beste zonaldeetatik. Izan ere, urte hauetan hainbat nekazal lurraldeen despopulazioa eman zen, Euskal Herriko kasuan gehien bat Nafarroako mendialdean. Migrazio mugimendu horiek, dena den, estatu osoan eman ziren, baita estatutik kanpora ere, gehien bat Europako beste eskualdeetara (Alemania, Frantzia, Suitza...), 2 milioi espainiar atera baitziren atzerrira 1950 eta 1975 bitartean.

Hala eta guztiz ere, hazkunde demografikoa da garai horretako beste elementu garrantzitsu bat, eta Hego Euskal Herrian, jasotako immigrazioari esker handiagoa izan zen hazkunde hori. 1950 eta 1970 bitartean, esaterako, 1.444.172 biztanle izatetik 2.343.503 izatera pasatu baitzen lurraldea. Immigrazioa, dena den, ez zen izan hazkunde demografikoa bultzatu zuen arrazoi bakarra, hamarkada horietan mende hasieran hasitako heriotza tasaren jaitsiera areagotu egin zelako, eta jaiotza tasak, berriz, nabarmen igo zirelako, baby boom delakoaren testuinguruan.

Europan bezala, hamarkada honetako garapenak bere mugak ezagutu zituen diktaduraren azken urteotan. Lan gatazkek, eredu fordistaren muga nabarmenek eta energia merkearen dependentziak, 1973ko petrolioaren prezioen gorakadak ikustarazi zuena, kinka larrian jarri zituzten aurreko hamarkadetako hazkunde azkarraren oinarriak. Espainian, gainera, krisi hau diktaduraren krisi politikoarekin elkartu egin zen.

Garapenaren urte horietan ere areagotu egin ziren gizarte gatazkak, 50etako hamarkadetan berragertu zen langile mugimenduaren eta berriki sorturiko talde politiko zein kulturalen esku.

Hasteko, aintzat hartu behar da lan munduan oposizioak bultzaturiko estrategia berria, sindikalismo frankistak irekitzen zituen zirrikituak aprobetxatzeko. Horrela nolabaiteko egitura bikoitza sortu zen, sindikatu bertikalean ordezkaritza lortzen zuten hainbat delegatuk parte-hartze zuzena zeukatelako lantegiz lantegi sortzen ziren asanbladetan, eta asanblada horiek izan ziren lehen Langile Batzordeak (Comisiones Obreras) osatu zutenak, zeinetan toki gehienetan komunistek zuten nagusigoa, Nafarroan izan ezik, non ORT talde ezkertiarrak indar berezia zuen. Antolaketa deszentralizatua zen hori, baina poliki poliki indarra lortzen zuena. Bertan berragertu zen urtetan isilduriko gerra galtzaileen klase kontzientzia, Jon Maiaren Riomundo eleberrian ongi islatzen den moduan, neurri handi batean nekazal ezkertiarren kultur politikoaren transmisioa azaleratu baitzen Madril, Catalunya edota Euskal Herriko langile auzotan. Bestetik, ukaezina da lanaren kultura berri bat zabaldu zela, oinarrizko kristautasunaren mundutik, HOAC bezalako taldeetatik. Nafarroan, gainera, mundu kristautik, are karlistatik ere, etorri ziren mugimendu sindikalean eta grebetan aritu zireneko asko.

Gainera, 1958ko enpresa mailako hitzarmen legeak aukera eman zuen tokian tokiko hobekuntzak lortzeko, Jurados de Empresa delakoak sortu zirelako, eta egoera honetan hasi ziren lehen greba garrantzitsuak. Horien artean oihartzun zabala izan zuen 1962koa, eta horrez geroztik gehiago etorri ziren, 1966-67ko Etxabarriko Bandetako greba (163 egunez luzatu eta salbuespen egoeraren ezarpenarekin bukatu zena) edota Motor Ibericakoa, 1973an, Nafarroan. Guzti hauetan argi agertu ziren garai hauetako lan gatazken ezaugarriak: dinamika unitarioak, asanblearismoa, eta gizarteko sostengu zabala. Gainera, greba txikiek ere eragin biderkatzailea izan zuten behin baino gehiagotan, errepresaliak egotekotan ondoko lantegietan grebak zabaltzen zirelako, elkartasun moduan.

Momentu honetako protestek mundu laborala gainditzen zuten, erregimenaren muinaren kontra jotzeko. Egia esan, oposizio politiko eta kulturalak protagonismoa irabazi zuen, eta hori Euskal Herrian oso modu nabarian gauzatu zen. Alde batetik, talde politiko armatu bat jaio zelako, Euskadi Ta Askatasuna, ETA, hain zuzen ere, 1959an. Honen eragin sakona ez da mugatzen ekintza armatuei, ezkerreko abertzaletasunari indar handia eman baitzion, II Errepublikan Eusko Abertzale Ekintzak -ANV taldeak irekitako bidea segituz. Kultura mailan ere mugimendu aberats eta berritzaileak eman ziren estatu osoan, Euskal Herrian bereziki euskararen aldarrikapenarekin loturik. Horien artean, zalantzarik gabe, kantautoreen jarduna azpimarratu behar da, ekinbide politiko eta kulturala uztartu eta agerpen publikoak errazten zituztelako.

Gauzak horrela, bereziki gatazkatsuak izan ziren azken bost urteak, eta horietan erregimenak berriro ekin zion errepresioa aplikatzeari: atxiloketak, torturak eta heriotza. Salbuespen egoera ezarri zen behin baino gehiagotan, eta 1970ko Burgoseko prozesuan ezarritako heriotz zigorrak gauzatu ez baziren ere, 1974an Puig Antich militante libertarioa erail zuen estatuak, eta Franco hil baino aste batzuk lehenago ETAko bi kide eta FRAPeko beste hiru fusilatuak izan ziren, irailak 27an.

Diktadorea hilzorian, argi zegoen aldaketarako nahia errotua zegoela espainiar estatuko sektore zabaletan, baina erregimenak ere bazituen bere sostenguak eta bere errepresio tresnak. Horregatik, diktadura 1975eko azaroaren 20an bukatu bazen ere, hurrengo urteak ere gatazkatsuak oso izanen ziren, diktaduraren egitura politikoa ere ezbaian zegoelako.