Irakasleak

Garai, María Ángeles

Bizkaiko aurreneko ikastolako lehenengo andereño. Bilbon jaio zen 1930ean.

Familia euskaldun batetan haztearen ondorioz zeukan euskara ama hizkuntzatzat. Auzoko eskolara bidali zuten neskato zenean, handik Unamuno Institutura eta jarraian hiriburuko Eskola Normalean ikasi zuen. Karrera amaitu bezain pronto hasi zen arlo pedagogikoa lantzen, gaztelaniaz klase partikularrak emateari ekin baitzion.

Garai hartan ezagutu zuen denbora luzean bidelagun izango zuen Xabier Peña. Honek, aseguru etxe batean lan egin arren, borondatezko lana ere burutzen zuen, hain zuzen ere, euskarako klaseak ematen zizkien gazteei. Peñaren alfabetatze eskoletan hasi zen Maria Angeles 1954an, astean hiru arratsaldez, eta udan ikastaro trinkoak eginez. Peñaren asmoetariko bat, ikasleak irakasle bilakatzea izan zen, eta bilbotar gaztea ere egiteko horretan hasi zen, emakume talde bati euskara eskolak ematen, hain zuzen.

Hogeita sei urterekin, 1956an, Parisera bidaiatu zuen, bertan irailaren 23tik 29ra egin zen Munduko Euskal Biltzarrera; modu klandestinoan joan zen, Garmendia abizena baliatuz. Han ezagutu zituen, beste askoren artean, ordurako ikastolen sorreran lanean zabiltzaten Elvira Zipitria eta Karmele Esnal. Parisen ondorio bat atera zuten: umeentzako euskarazko irakaskuntza garatzea funtsezkoa zela.

Horretarako, Donostiako Fermin Kalbeton kalean Zipitriak martxan ipinitako ikastola eta haren funtzionamendua ezagutzeko asmoz, hilabeteko egonaldia egin zuen Maria Angelesek. Xabier Peñak Bilbon eredu hura jarraituz ikastola sortu zuen, eta modu horretan, Bizkaiko aurreneko ikastolako lehenengo andereño bilakatu zen Garai ikusi eta ikasitakoak praktikan ipiniz.

Elixabete Garmendiak Bidegileak lanean jasotzen ditu Maria Angeles Garaik Gregorio Arrieni esandako hitzak:

"Ni lehenengotan atxakia bila eta sartzeko gogo handi barik nenbilen, baina azkenean berera eroan ninduan."

Bilboko San Nikolas elizako katekesian ireki zituen ateak ikastolak 1957ko urriaren 9an; 3 eta 6 urte bitarteko hamahiru bat umeren ardura zeukan bere gain Maria Angelesek.

Jaime Martinezek, Euskaltzaindia eta Lauro Ikastola: Euskararen aldeko 50 urteko kidetasun ibilbidea lanean jasotzen duenez, lehenengo urteari dagokionez, Maria Angelesek honakoa esan zuen:

"Azkenean, bueno, ba, hasi ginan, eta ikasturtea oso ondo egin genduan, oso ondo. Azkenean ikasturtea amaitzerakoan antzerki eta guzti egin genduan,... Eta Xabier Peña aipatu gura dot barriro ere, ze bera izan zan, batez ere, ikastoleen sortzaileen ardatza. Orduan, Xabierrek, ikastola eta gero alfabetatzen ebazan andereñoak."

1958an gora egin zuen ikasle kopuruak, eta beste andereño bat ere hasi zen bertan; bi klase sortu ziren. Hala ere, 1958tik aurrera hainbat zailtasun izan zituzten ikastolan euskaraz irakasten zelako. San Nikolas elizatik bota zituzten, eta Iralaberriko Frantziskotarren komentura lekualdatu, eta 1959ko urtarriletik urrira bitartean egon ziren han. Baina irakaskuntza arloko inspektorea agertu eta ipini zuen salaketaren harira, atxilotuak ere egon ziren.

Egoeraren ondorioz, etxeetara eraman behar izan zituzten ikastolak, eta segurtasunagatik tokiz txandakatzen joan ziren. Maria Angelesek 1962-1963 urteen artean ireki zuen Alameda Urkijo kaleko etxean ikastola, eta bere bi semeekin batera, beste 20 ikasle hartu zituen. Ikasgela barruan ez ezik, eskolaz kanpoko jardueratan ere murgiltzen ziren haurrak, zela Xabier Peñak zuen irratsaioan edota, Arrazolan 1960-1964 bitartean antolatutako udalekuetan parte hartuz.

Garai hartan Bizkaian barrena beste ikastola batzuk irekitzen ari ziren, eta Xabier Peñak andereño berriei alfabetatze ikastaldia emateaz gainera, Mari Angelesek bere etxean hartzen zituen irakasle horiek, praktikak egin zitzaten.

Mari Angeles Garaik ikastolen legezkotasun izaera eskuratu bitarteko prozesu osoa bizi izan zuen, bere lan jarduna Resurrección María de Azkue Ikastolan amaitu zuen, hain zuzen, ofizialki Euskal Herrian ireki zen aurreneko ikastolan.