Sendagileak

Ruiz de Luzuriaga, Ignacio María

Mediku ospetsu "ilustratua", Areatzan (Bizkaia) 1763an jaioa, Jose Santiago Ruiz de Luzuriagaren semea. 1822. urtean hila.

Gaztetatik liburuenganako zaletasun handia erakutsi zuen, grekoa eta latinaz gain frantsesa, ingelesa eta italiera ere ikasiz. 1777an Bergaran Euskal Herriaren Adiskideen Errege Sozietate Baskongadoaren menpekoa zen Errege Haztetxe Aberkoira ikastera joan zen.

Bertan ere Ignacio Mariak ikasle bikaina zela erakutsi zuen, eta horrela, 1780ko Sozietateko Batzar Nagusietako Laburpenetan, Pringle zalduna zen lehendakariak 1776ko azaroaren 30ean Londreseko Errege Sozietatean "azken aldiotan itsaso-biztanleen osasuna zaintzeko erabilitako baliabideez, bereziki Cook kapitainaren bigarren espediziokoenari dagokionez" irakurritako hitzaldiaz gure Ruiz de Luzuriagak egin eta aurkeztutako itzulpenaren berri ematen da. Bestalde, ez dago, Bergarako Haztetxean Peñaflorida, Narrosko markesa, Valentin de Foronda eta beste batzuez gain, François Chabaneau-k eta Louis-Joseph Proust-ek bezalako gizonek sortu zuten hartzidura espiritualerako ohizkanpoko giroari etekina ateratzen zekienaren inolako zalantzarik. Dena delakoa dena, bere aita ez zen bergarar haztetxetik Ignacio Mariak atera zezakeenaz asebete eta bere kontura atzerrira igorri zuen bere heziketa osa zezan. 1780an Parisen Medikuntza ikasteari ekin zioan, irakasle aldra ospetsu handia baten eskutik irakasbide teoriko eta praktikoei jarraiki. 1784an, bere Medikuntza ikasketak amaitu aurretik, 1784ko urriko Rozier-en "Journal de Physique" izeneko aldizkarian, bere Mémoire sur la décomposition de l'air atmosphérique par le plomb izenburudun frantsesez egindako lana argitaratu zuen. (Manso de Zuñigatarren sendia Agiritegian aipatutako lan horren aleetariko bat erabiltzerik izan dugu: XXXVII paper-sorta, 1 edo 2 zkia, egileak eskuz egindako eskaintza duena, eta 24 zenbakitutako 21 x 13 orrialdetakoa. M. Usandizaga Soraluzek, Luzuriagatarren biografoak, bizkaitar mediku ospetsuaren lehen lan horren alerik erabiltzerik izan ez zuela dionez, egoki begitandu zaigu xehetasun horren berri ematea). Parisen Luzuriagak, halaber, gauza askorengatik ospetsua izanik garai hartan frantziar hiriburuan Espainiako enbaxadorea zen Aranda Kondea ezagutu omen zuen.



Madrileko agintarien aurrean berak egindako gomendioen ondorioz zortzi mila errealeko pentsioa izan zuen, liburu gehiago erosteko erabiliko zituelarik. Garai horretan izan zen, halaber, Madrilgo Lorategi Botanikoko ordezkari izendatu zuten garaia. Parisen bere Medikuntza ikasketak burutu ondoren, Londresera joan zen eta hortik Edinburgora, bertan Monroe, Gregory, Black, Hope, Home eta Duncanen irakasbideak bi urte beranduago jasoz. Bertan lortu zituen Arteetan Maisutza, Batxilerra eta Medikuntza Lizentziatura mailak, eta, Tentamen medicum inaugurale de reciproca atque mutua systematis sanguinei et nervosi actione, izeneko latinez egindako hitzaldi baten ondoren, Doktore maila ere lortu zuen. Edinburgoko Natura-Historiako Errege Sozietateko kide eta Medikuntza Errege Sozietateko kide ere izanik, Ignacio Maria Glasgowera joan zen eta bertan Irwinerekin garai hartan ikertzen hasi berritan zegoen medikuntzara ezagutza kimikoen aplikaziotik eratorri zitezkeen abantailen ikerketan lan egin zuen. Londresera itzuliz, Saunders, Tholston eta Bair doktoreekin praktikak egin zituen eta Fisiologia eta Kirurgia ikastaroetan aritu zen Hunter, Pott eta Warrenekin, buruko gaitza zutenek zeuden Guyseko ospitalera eta Maria eta Chelseako gaixotasun benereoetakora ere bisita eginez. Londreseko Medikuen Sozietateko ohorezko kide eta Mediku-Lizeoko kide ere izendatuz, Ignacio Maria berriz ere Parisa itzuli zen, geroztik Montpellierrera bertako Medikuntza Fakultatea ezagutzera joanez. Atzerriko egotaldi luze horren ondoren eta Natur Zientzietako katedra eskuratzeko Bergarako Errege Haztegi Aberkoiaren proposamenari uko egin ondoren, Ignacio Mariak, zientzia gizon bezain mediku bere burua zuela, Madrilen kokatzea erabaki zuen. Protomedikatuak atzerrian Luzuriagak egin zituen ikasketak berretsi ondoren, medikua bere jardunean buru-belarri aritu zen, epe laburrean ospe handia izateaz gain bezeroengatik eskabide asko ere jasoz. Luzuriagaren ikerlari lanak nabarmen bereiziko bi aldi izan zituen: atzerrian egotean bisitatu zituen ikergune handietako laborategietako tresneriaz baliatu zen bitartean gero azalduko diren zudu handiko lanak egin zituen; baina, behin penintsulara itzultzean eta bere garaiko espainiar zientzia giro etsigarrira etorrita, ez zuen izan, epe laburrez, atzerrian hasitako laborategiko lan esperimentalei jarraipena eman eta aurrerantzean gizarte-medikuntza eta higienista lanera bere ahalegin guztiak bideratzea baino besterik. Jada gorago egin dugu berak egin zuen Berunaren eragina aire geruzaren deskonposizioan izeneko lanaren eta odol- eta nerbio-sistemen elkarrekiko eta bata bestearenganako ekimenarekiko Edinburgon egin zuen bere tesiaren aipamena; Ruiz de Luzuriaga -Manuel Usandizaga Soraluzeren esanetan- aipatutako doktore tesiko hitzaldian soinetik zehar odola zirkulatzean ematen diren arnasketaren gertakari kimikoak zeintzuk ziren ezagutu eta aipatzen lehena izan zela nabarmen esan beharra besterik ez zaigu gelditzen. "Hau da, aldaketa kimikoak besterik ezagutzen ez zituen eta birikietako albeoloetan ematen zirela uste zuen Lovoisierrek ez bezala, odola soinetik zehar zirkulatzean ematen den arnasketaren ekimen kimikoak argi eta zabaltasun handiz adierazten lehena izan zen". 1797an Madrilen, eta gai berari buruz, 1790ean Madrilgo Errege Mediku Akademian aurkeztu zuen "abereen bizkortasunaren lehen oinarri eta sorburu bezala aintzat hartutako odolari eta arnasketari buruzko Hitzaldi kimiko fisiologikoa" argitaratuko du, baina zientzia mailan bere aurretiko lanekin sorrarazi zituen eztabaiden inguruko ohar eta gehigarriak erantsiz. Baina, aipatutako ohar horietatik Luzuriagaren ikerlanek bere garaian garrantzi handia merezi zutenaren ondoriora iristen gara, zeren Morveau, Kirwan, Goodwin, Hamilton, Grawford, Hope, Adair eta Guimaner bezalako atzerritar gizonek bere eskarmentuak aipatu eta errepikatzen zituzten "egilearen izenik aipatu gabe esperientzia horiek onartu, eztabaidatu edo norbereganatuz". Luzuriagaren ikerlari ekimen honen barruan ere Madrilgo Errege Mediku Akademian aurkeztutako beste idatzi bat ere aipatuko dugu, geroztik espainiar hiriburuan 1797an inprimatuko zena. Bere izenburua honako hau zen: Ensayo apologético en que se prueba que el descubrimiento de hacer potable el agua de mar por medio de la destilación se debe a los españoles, y se propone un nuevo método para desalar dicha agua. Espainiar giro profesionalean ikerketa hutsa zen lanak nolako eragozpenak zituenaz ohartzean, Luzuriagak bere adore guztia higiene eta gizarte ardurara bideratu zituen.

Aipagarria da, hurrenkera honetan, bere Tratado sobre el cólico de Madrid, 1797an hori ere 1797an hiriburuan argitaratua izana; bertan berunak eta kobre oxidoak eragindako intoxikazioa aztertzen zen, bere ikerketak intoxikazioaren erantzule izan zitezkeen ontzi edo murkoak erabiltzen ziren tokietan eginaz. Luzuriagak egindako deiak bere eragina izan zuen, 1801eko azaroaren 30ean kobrezko murkoek osasunarengan sorrarazten zituzten kalteak ekiditeko sortutako Araudia zekarren Errege Agindu bat argitaratu baizen, etab. Ruiz de Luzuriaga espetxeetako garbitasunaren arazoez ere arduratu egin zen, eta horregatik indarrean zegoen kartzela-erregimenaren gogortasun eta gehiegikeriak salatu zituen, zegozkion aldaketak aurkeztuz. Baina Luzuriagaren higienista bezala egindako lana txertoaren hedapen-kanpainetan gauzatu zen. 1801ean, Erregearen eta Gorteen eskariz, txertaketaren emaitzak argitaratu zitezen, Luzuriagak elgorriaren preserbatiboari buruzko txosten inpartziala eman zuen, Madrilen egindako lehen txertoei buruzko estatistikak zituena alegia; baina horretaz aparte Espainiako hainbat tokirekin posta-trukea izan zuen, bere praktikarekin zerikusia zuen problematika zabal guztia ere garatu eta penintsulako tokirik desberdinetara doan eta pertsonalki linfa bidaltzeaz arduratuz.

Gure medikuaren bizitza-xehetasunen atal hau amaitzeko garbiketa publikoaren aldeko ekimen naro guzti horiek gure Luzuriagari, jada 1798tik Madrilgo Errege Mediku Akademiako idazkaria eta 1807tik 1809ra bitartean bertako lehendakariordea izan zenari, ospe ikaragarria ekarri ziotela esan beharra dago; izatez "ez zegoen, Espainian, boterean zeudenen ondoren zetozen Gobernu desberdinei azaltzen zitzaizkien medikuntzari buruzko gai ofizialik Luzuriagari aholkurik eskatzen ez zitzaionik" eta hain zen hori egia ze "Espainian burutzen ziren osasun-erreforma guztien benetako asmatzaile izatera iritsi zen". Horri buruz, Luzuriaga, 1812an, Osasun Araudi nagusia idaztearen ardura zeukan eta Ignacio Jauregi Jna.ren lehendakaritzapean jardun zuen Batzordeko kide izan zela esan beharra dago, eta 1820an, Ongintza eta Herri Osasunerako Batzordeko kide bezala ere, Espainiako aro modernoko Ongintzarako lehendabiziko Legea idatzi zutenen artean ere izan zen, lege horren ezaugarri nabarmenetariko bat bere modernitate handiaren kutsua izanez. Ruiz de Luzuriagaren soziologo jardunetik 1817an gormututasunaren arazoaz eta bere tratamenduaz Madrilgo Ekonomia Sozietateko lehendakariari zuzendu zion txosten luzea eta bere garaiko Amatasunen eta espainiar inklusen erakundeen egoerari buruzko material gaindiezina bildu ondoren erakunde horiek bizi zuten arazo gorriari eskaini zizkion "Europako gainerako aberrietako hobekuntzen arabera erakunde horiek hobetzeko" helburua zuten eskuizkribu-sorta ere aipa ditzakegu. Ez dugu biografia hau Espainiako Medikuntzaren irakaskuntzak zuen egoera etsigarriaren inguruko bizkaitar mediku ospetsua zeharo arduratzen zuen buruhauste sakona bildu gabe amaitu nahi.

Atzerrian emandako urte luzeengatik, beste toki batzuetan zerabiltzaten metodoen jakitun bikaina zela, penintsulan ikasguneetako eta sorospengunetako dotazioen urritasunak izaera ikertzaileari ezartzen zizkion mugak beregan jasan izan zituenez, Luzuriagak argitasun nabarmenez, Gobernutik galde egin zitzaionean, espainiar irakaskuntza akademikoaren egoerak zekarzkion buruhauste gorriak adierazi zizkion. 1822. Urtean hil zen, odol-zirkulazioaren aurkikuntzaren historiari buruzko lan luze bat prestatzen zebilela. Hainbat Espainiako eta atzerriko (Montpellier, Londres, Paris, Burdeos, Marsella, Bruselas, Nueva Orleans, Filadelfia, etc.) Medikuntza Sozietate eta Akademiako ordezkari edo bazkide eragile izan zen.

Manuel Usandizaga Soraluce: Los Ruiz de Luzuriaga, euskal mediku ospetsu "ilustratuak" Salamanca 1964, 49-99 orr., idatzi hau egitean funtsean liburu horretaz baliatu gara eta irakurleak, gainerakoetan, Luzuriagaren idatzizko eta inprimatutako lanei buruzko aipamen zorrotzak bertan ditu. Horrezaz gain, osagarri baliogarri bezala, -Usandizagak ez zekien- gure Juan Sempere y Guarinos medikuari eskainitako artikulua bere Ensayo de una biblioteca española de los mejores escritores del reinado de Carlos III idazlanean, III. liburukia, Madril 1786, 217 orr. Bertan Luzuriagaren lanez, "oro har magnetismoari buruz, bertute magnetiko eta elektrikoen arteko identitatea frogatuzko" aipamena egitera datorren Antonio Cabanillesen gutun bat jasotzen da, eta "odol-aura eta bere izaera elektrikoaren nerbio-fluxuaren jatorria azaltzen ahalegindu zen" beste bat ere azaltzen da. Amaitzeko, Francisco Fabra Soldevilla: Elogio histórico del Doctor en Medicina don Ignacio María Ruiz de Luzuriaga. Compuesto y leído en la Academia de Medicina y Ciencias Naturales de Madrid el día 19 de noviembre del presente año, Madrid 1822.