Sendagileak

Ruiz de Luzuriaga, Jose Santiago

Mediku ospetsu "ilustratua", Zurbanon (Araba) jaioa. 1792 urte inguruan hil omen zen, eta urte horretan Errege Sozietate Baskongadako norbanakoen Katalogotik desagertuz.

Medikuntza ikasketak bukatu ondoren, 1754tik 1758ra arte bere maisua izan zen Martin de Elgeta medikuarekin lanean aritu zen. Gero hainbat tokitan zehar, batez ere Euskal Herrikoetan, mediku titular bezala jardun zuen.

Horrela Areatzako mediku titular lanpostua uzten ikus dezakegu 1763ko abenduan, eta 1770 urte inguruan Lekeitioko mediku titular bezala edo Logroñon 1771. urtean. Hiri horretatik Bilbora joan zen, eta hiriburu horretan 1774tik 1783ra arte lan egin zuen. Bere lan jarduerarekin nahikoa ez zuela, Luzuriagak bere garaiko euskal gizartearen kultura maila goratzekotan Euskal Herriaren Adiskideen Errege Sozietate Baskongada izenekoarenak ziren ahaleginekin eraginkortasunez bat egin zuen. 1770etik 1790era bitarteko liburukien Laburpenetan azaltzen diren sozietate horren norbanakoen alfabetozko Katalogo nagusi guztietan etengabe agertu izan zen eta horietaz komunikazioak bidali eta bere lanen bitartez parte hartzen zuen. Horrela, 1777ko Sozietatearen Batzar Nagusian Casimiro Ortegak euskal flora edo herbarioa sortzea proposatu zuenean, Luzuriagak, igorritako arauen arabera 500 landara arte jada bilduta zituela azalduz parte hartzerik izan zuen eta 1780ko Batzarretan Bilboko auzo bati gertatutako ustezko heriotza edo asfixia biri buruzko komunikazio bat aurkeztu zuen, bide batez behar bezalako azterketa zorrotza egin aurretik istripua zutenek lurperatzeko gehiegikeriak salatuz. Beste arloei dagokienez, Luzuriaga bere garaiko medikuntza-arazo handi guztiez arduratu zela esan dezakegu, eta horien artean, gorago aipatutakoen alboan, izurriteei buruzkoak, farmakopearen eraberritzea, ur mineralak, antinomioaren erabilera eta, azken baten, bariolizazioa azaltzen zaizkigu.

Madrileko Medikuntzako Errege Akademiaren Liburutegian, berak egindako bezala agertzen dira Medikuntzan egindako gehiegikeriez eta izurriteez emandako Hitzaldia; beste hitzaldi bat Aulestiko burdin ur mineralaren erabilerari buruzkoa, beste hitzaldi bat Farmakopeari buruzko Erreforma eta beste bat elgorriak saihesteko txertatzeari buruzkoa, guztiak eskuz idatzitakoak. 1775eko Errege Sozietate Baskongadako Batzar Nagusira Obstetria Arteari buruzko komunikazio bat aurkeztu zuen. Komunikazio horretan erditze zorian ziren emakumeak aurkezten zuten sorospen maila gehitzea aldarrikatzen zuen, emaginak tituludun medikuengatik ordeztea ere aldarrikatuz edo, edozein kasutan ere, emagin horien prestakuntza maila goratzearren beharrizana biziki eskatuz. Bariolizazioaren praktikaren idatzizko defendatzaile sutsu bakarrik jardun ez ezik (garai hartan horrela jarduteak bere arriskuak zekartzan), neurri handi baten berak ere inokulatu zuen. Peñaflorida kondearen seme batengan praktikatzen hasi zen 1770eko maiatzean eta geroago bere bi semeei eman zien, baina euretariko batek hartutako baztangaren ondorioz hil egin zen. Luzuriaga ez zen horregatik kikildu eta 1772ko Errege Sozietateko 1772ko Batzarrean honako izenburua zuen txostena aurkeztu zuen: Colección de reflexiones y observaciones prácticas hechas en el País sobre la inoculación (ez da idatzia dagokion Laburpenen liburukian gordetzen), masiboki ondorengo urteetan praktikan jarriz. Urte bete buruan, Timoteo O'Scanlani sinesten badiogu, 1284 inokulatu zituen, gutxi gora behera.

Luzuriagaren eskuizkribuak eta Errege Sozietate Baskongadako Batzar Nagusiko Laburpenetan azaltzen diren bere komunikazioak arabar mediku ospetsu horren nortasun irmora hurbiltzeko erakusle ikaragarri ditugu, eta horregatik interes historiko handia dute zeren garai hartan Euskal Herrian erabiltzen zen medikuntza zein izan zen ezagutzera ematen digute. Batez ere, esan dezagun, Luzuriaga idatzi horietan medikuari gizartearen baitan egitea egokitzen zitzaion misioaren kontzeptu ikaragarri jasoa zuen gizon bezala azaltzen zaigu eta, horrezaz gain, zientzia prestakuntza jasoa zeukan. Klasikoak ezagutzen zituen (Hipokrates, Galeno, Dioscórides, Celso, Plinio, Averroes, etab.) eta euren espainiar komentadoreak (Valles eta Santa Cruz), eta gainera "bere garaiko osperik handiena zuten klinikoen ezagutza hobezina izan zuen, eta euren artean honako hauek aipatzen ditu: Van Helmont, Sydenham, Hoffmann, Geoffrey, Freud, Baglivio, Boerhave, Van Swieten, De Häen, Haller, Störk, Le Sage, Clerk, Morton James, Schwenk, Tissot, Baume, etab., eta euren lanetariko batzuk argitaratu eta berehala ezagutzen ditu". Bere kulturaren adierazgarri bikaina, M. Usandizaga Soraluzeren arabera, gaixotasunaren zio bezala eguratsaren aldaketak ezagutzeko termometroaren eta barometroaren erabilera azpimarratu izatean zegoen.

Azken baten, Luzuriaga "zientzia eremuarekin harremanik ez zuen baserri artean luzaroan ibilitako medikua besterik ez zen arren" ez zion patu horri inoiz etsi praktikan lan arrunt batetan jardunaz. Aldiz, bere jakite egarriak tokiko esparru estua gainditzea ekarri zion, bere garaiko zientzia gizonekin harreman estuan izanez eta euren aurrerakuntzetatik etekina ateraz.

Erref. Manuel Usandizaga Soraluce: Los Ruiz de Luzuriaga, eminentes vascos "ilustrados", Salamanca 1964, 15-46 orr.