Kontzeptua

Vasconum Saltus

Pliniok Vasconum saltus delakoari eginiko aipamenak Julio Caro Barojak, proposatutako hipotesi bat indartzeko balio izan du. Hipotesi horren arabera, Baskoniako eremuan, erromatar garaian elkarren aurkako bi errealitate geografiko eta kultural bizi ziren elkarrekin: ager eta saltus. Saltus isurialde kantabrikoko eremu basotsu eta ezin sartuzkoa zen eta klima atlantikoa zuen batez ere. Ager, berriz, arro mediterraneoko zereal-lurrek osatzen zuten. Han garatu zuten hirietan eta hirigunetan oinarritutako erromatarren kultura-eredua.

Historialari gehienen ustez, Vasconum saltus Tito Liviok gerra sertoriarren testuinguruan (K.a 77-76 urteak) aipatutako ager Vasconumen aurkakoa da. Julio Caro Barojaren proposamenari jarraitzen diote (Etnografía histórica de Navarra, I, Iruñea, 1971, 42. or.). Hark uste zuen izendapen bikoitz hori (ager/saltus) Baskoniako lurrak zati bat menditsua eta beste bat laua zituelako zela. Baskoiei eta haien ingurukoei eskainitako beste lan batean (Los vascones y sus vecinos, Estudios Vascos, XIII. liburukia, Donostia, 1985, 24 eta 27. or.) dio:

"garai bateko historialariek eta geografoek ideia garbia zuten baskoien lurraldeari buruz; elkarrengandik oso ezberdinak ziren bi zatik osatzen zutela, alegia. Hegoaldean, Ebro ondoan, lursail lauak zeuden, zerealak lantzeko egokiak eta Tito Livioren testu batean ager Vasconum esaten zitzaion lur horri. Baina ezagututako lehena den, lehen erreferentzia erromatarrena duen eta herritarren hainbat herrigune garrantzitsu zituen eremu horrez gain (...) baskoiak erabat ezberdina zen lurralde batean bizi ziren; saltus Vasconum izeneko lurraldean, hain zuzen. Saltus hitzak basoen lurraldea adierazten du; landa-larreak, toki basatiak eta hein batean beldurgarriak iradokitzen ditu (...). Baskoiak, beraz, eremu ezberdinetan, Ebroren ertzetik, ageretik, Ozeano ertzeraino zabalduta zeuden, Pirinioetako gailur elurtuetarako, saltusen. Zati horretan eremu handiagoa zuten hartuta".

Proposamen horrek jarraitzaile ugari du. Hona hemen horietako batzuk:

Perex Agorreta, Los vascones (El poblamiento en época romana), Iruñea, 1986, 68-69 or., lanean. Ager eta saltus bereizten ditu bi alderditan oinarrituta: toki batean eta bestean euskarazko antroponimoek zuten presentzia handiagoa edo txikiagoa eta erromatar garaiko eta erromatar garaiaren aurreko aztarnen urritasuna edo ugaritasuna. J.J. Sayas egileak saltus/ager dikotomia errepikatu zuen, hiriei ("Transformaciones urbanísticas de las comunidades vasconas" hemen: J. Santos (zuz.), Indígenenas y romanos en el norte de la Península Ibérica, Euskal Herriko Unibertsitateko XI. Udako Ikastaroak, Donostia, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1993, 227-256 or., batez ere, 234. or.) eta toki bakoitzeko ekonomia motari erreparatuta: "Baskoien lurraldeak, ekonomiari dagokionez, bi eremu bereiz zituen. Zati bat lurraldearen hegoaldeko zatia zen, ager Vasconum izenekoa, zereal-, olio- eta ardo-nekazaritzaren inguruko ekonomia zuena. Besteak, iparraldekoa, saltus Vasconum izenekoa, eremu menditsu eta basotsua zen" ("El poblamiento romano en el área de los vascones", Veleia 1, 1984, 289-310 or., batez ere, 301).

F. Villarrek, esaterako, uste du "vasconum saltus Pirinioetako erdialdeko eta mendebaldeko bailarek osatzen zutela eta Oiartzun ingurua eta baskoiei esleitutako itsasertzeko zatia ere hartzen zituela" (F. Villar-B.M. Prosper, Vascos, celtas e indoeuropeos. Genes y lengua, Salamanca, 2005, 446. or.). R. Jimeno Arangurenek saltus definitzeko "lur ekonomikoak edo militarki estrategikoak" dio (Vascones y visigodos: análisis ius histórico de la organización militar, in Los Vascones, 254. or.). Esteban Moreno Rosanok arazoa laburtu zuen esanez "giza-talde batek, baskoiek, Liviok vasconum ager eta Pliniok saltus vasconum esaten zien regio bati ematen diote izena (Los vascones en la literatura romana tardía (IV-VII. mendea), in Los Vascones, 263. or.). Egile horren arabera, beraz, lurralde bati deitzeko bi modu dira.

Bestalde, binomio hori zalantzan jartzeko joera berria da; aurkako lehen arrazoiketa arkeobotanikaren arloko Maria Jose Iriarte Chiapusso ikertzaileari zor diogu. 1996an, Euskal Herriko Erromanizazioari buruzko 1. Nazioarteko Solasaldiaren harira, "El paisaje vegetal de la Prehistoria tardía y primera Historia en el País Vasco peninsular" (Isturitz 9, 669-677 or.) izeneko komunikazioa aurkeztu zuen eta horren bidez, modu irekian proposatu zuen "Euskal Herriaren ustezko eskualde-antolaketa ekonomikoa, eredu bipolar bati jarraituz, ager eta saltus ingurunean, erromatar garaian" eztabaida. Horretarako, hainbat ebidentzia arkeologiko aurkeztu zituen; tradizionalki saltus eremuaren zatitzat hartu izan diren tokian, penintsulako euskal lurraldeen isurialde atlantikoan, Burdina Aroko eta erromatar garaiko aztarnategietako hainbat erregistro karpologiko eta palinologiko. Aztarnategi horietan, erregistroek ziurtatzen dute erromatarrak iritsi aurretik, bertako herritarrak zereal- eta lekadun-nekazaritzan aritzen zirela eta baso-soiltzeen aztarnak eta paisaiaren antropizazio goiztiarraren beste adierazle batzuk ere badira. Datu arkeobotanikoen irakurketari esker baieztatzen du "Euskal Herriaren ingurunearen ikuspegi bipolarra eredu zurrunegi eta zehaztugabe baten emaitza dela: herrialde osoaren deskribapen geografikoari erreparatzen badiogu, mosaikoaren ikuspegia askoz zehatzagoa da...".

1999tik "Imagen histórica medieval de Navarra. Un bosquejo" (Principe de Viana 60, 401-458 or.) izeneko lanean, Angel Martin Duque egileak adierazten du latinezko ager eta saltus terminoen erabilera "erabilera antinomia historiografikoa" dela Saltus-ager binomioari buruz eszeptiko da, halaber, Juan Jose Larrea IV. mendetik XII. menderako Nafarroari buruzko azterlanean (La Navarre du IVe au XIIe siècle. Peuplement et société, Bibliothèque du Moyen Âge, Paris-Brusela, 1998, 119 eta hurr. or.). Argi azaltzen du garai bateko egileek ez zituztela inola ere bi terminoak lotzen, ez eta saltus eta ager elkarren aurka jartzen zituen ikuspegirik eskaini ere.

2003an, Alberto Perez de Labordak berrikuspen bat egin zion baskoien ager eta saltus gaiari "Los campesinos vascones" (Txertoa argitaletxea, Donostia, 162-165 or.) izeneko liburuan. Perez de Labordak alderatu zituen bi terminoak iturriek kategoria bera esleitzen dieten errealitateekin lehen aldiz; ager Lucanus, Stabiae, Iuliobrigensium, agri provincialis, colonialis eta beste batzuei buruz aritu zen, erreferentzia lurraldeari egiten diela adierazteko eta ez landu daitezkeen lur emankorrei. Afrika iparraldeko saltusen aipamenak ere adierazten ditu; baita ezaugarri bereziko lursail handien eta "udalerrien lur-mugetatik kanpo egon eta haien ordenantza propioak zituzten" jabetza inperialen aipamenak ere. Amaitzeko, adierazten du ez dagoela aurkakotasunik ager eta saltusen artean, "ereiteko moduko oso lur emankor baten eta artzantzarako bakarrik balio duten lursail basotsuen artean".

Koldo Larrañaga, 2008an ("Sobre usos del binomio ager-saltus y del término romanización en relación a los procesos de cambio vividos durante la etapa romana en el área circumpirenaica occidental", Veleia 24-25 or., Homenaje a Ignacio Barandiaran Maestu, 977-988 or.), saltus-ager gaiari buruz berrikuspen eta kritika kontzeptualaren ikuspegitik aritu zen. Lehenago aipatutako arrazoiketak biltzen ditu eta arrazoiketa historikoen gabezia adierazten du. Tito Livio eta Plinioren hasierako aipuak zerrendatzen ditu eta erakusten du saltus eta ager kontzeptuei egindako aipamenak bereiz egiten direla, bi terminoen arteko loturarik gabe, alegia; eta, azken finean, eredua eraikitzeko iturrien babesa bertan behera uzten du.

Azken finean, ez dugu uste testuak kontzeptuak elkarren aurka jarrita (saltus vs ager) interpreta daitezkeenik. Horrela, baskoietan elkarren aurkako bi habitat mota zeudela adierazten da. Testuek ez dute antinomia hori egiteko biderik ematen. Muturreraino behartuta eta testuingurua eta kronologia aintzat hartu gabe bakarrik ikus daiteke aurkakotasuna. Dualtasuna desegin egin daiteke, gainera, saltus terminoaren esanahitik abiatuta. Polisemia handia du eta, beraz, basoez gain, mendiko pasabideak edo mendateak, meatze-inguruak, jabetza inperialak eta autonomia administratiboa duten tokiak izendatzeko ere erabil daiteke.

VSra eta haren itsasertzeko testuingurura itzuliz, Pirinioen eta Oiassoren alboan zegoen edo, bestela esanda, Pirinioen eta Oiassoren tartean.

Harreman geografiko horri buruz bada aintzat hartu beharreko Plinioren beste aipamen bat ere (NH II, 29). Oiassoko itsasertza (litus Oiarsonis) Pirinioen hegalean kokatu zuen.

Ptolomeok (II, 6) egoera hori berretsi zuen polisen eta akron Pyrénesen (Pirinioen gailurra) bertsioan Oiassó aipatuta. Pirinioak gailur horretan hasten zirela adierazi zuen. Oiassó akron Pyrénes Higerko lurmuturrean identifikatu dute, Jaizkibelen (J. Rodriguez Salis eta M. Martin Bueno (1981). "El Jaizkibel y el promontorio Oiasso a propósito de un nuevo hallazgo numismático romano", Munibe XXXIII, 3/4, 195-197 or.).

Pliniok zein Ptolomeok Oiasso Pirinioen alboan zegoela adierazi zuten eta hortik ondorioztatzen dugu VS Irundik oso gertu zegoela. Eta zer dago Irunen (Oiasso) eta Pirinioen hegalen artean erromatarrek saltus deitzeko?

Aiako harrian ikusitako erromatarren meatzaritzako lanetan lan asko ikus daiteke: huts egindako prospekzio-galeria txikiak eta meatzaritza-unitate osoak, prospekzio-, ustiapen-, igarotze-lanak, aireztatzeko putzuak, plano inklinatu, drainatze-galeriak, lurpeko akueduktuak eta abar. Gordetako lekukotzek garapenaren hainbat kilometro osatzen dituzte eta badakigu, gainera, XX. mendean oraindik jakina zenaren zati oso txiki bat direla:

Badakigu inperioaren kontrolpeko meatzaritza-lanak ondo zehaztutako lurraldeko erakunde baten barruan egiten zirela; lurralde kolonialen, udal-lurraldeen eta probintziako beste lurralde batzuen aldean ezberdina zen lurralde-erakunde batean, alegia (C. Domergue (1983). La mine antique d'Aljustrel (Portugal) et les tables de bronze de Vipasca, Paris, 161 or.).

Horregatik, saltus esanda administrazio autonomoa eta koloniengandik udalerri edo civitatesengandik antolaketa ezberdina duen lurralde bat ulertzen badugu, VS Aiako Harriko meatze-barrutia, metalla, izatea litzateke arrazoizkoena.

Saltusek polisemia duenez, igarobidea edo bi guneren arteko "saltoa" ere izan daiteke.

Estrabonek (III. 4.10) Tarracotik zetorren galtzadaren amaieran kokatu zuen Oiasso, ozeanoaren ertzean eta Akitaniaren eta Iberiaren arteko mugan. Galtzada, Estrabonen deskribapenaren arabera, Ilerda eta Oscatik igarotzen zen. Zehaztu gabeko beste iturri batzuk, Ravenaterena kasu, erabili izan dira Oiasson beste bi bideren amaiera jartzeko; itsasertzekoa Brigantiumetik (Coruña) eta Veleiatik (Iruñea) eta Birovescatik (Briviesca) barrena Mesetarekin bat egiten zuena. Datu historiko horiei Bidasoaren estuarioan aurkitutako zubi erromatarren zimenduak gehitu behar zaizkie.

Hiru Kanale eta Galera uharteen arteko erromatarren zubia Bidasoa alderik alde zeharkatzen zuen igarobide baten zatitzat hartzen da. Estuario zabalaren bi ertzen arteko ibilguan zeuden uharteek eusten zioten. Bidasoaren gaineko igarobide egonkor horrek Akitania hegoaldeko bide ugariekin lotzeko aukera ematen zuen, Bordele (Burdigala), Akize (Aquae Tarbellicae), Saint-Bertrand-de-Cominges (Lugdunum Convenarum) eta Okzitaniako Tolosatik barrena.

Pirinioetako mendebaldeko igarobidea, nagusia, Erronkaritik igarotzen zen eta Ilvrone (Oloron) eta Iaca (Jaca) ziren abiapuntuko hiriak. Imo Pyreneo (Donibane Garazi), Summo Pyreneo (Erronkari), Iturissa (Aurizberri) eta Pompelo (Iruñea) luxuzko etxeetatik egiten zuen bidea, badirudi behar adina onartuta duela arkeologia, Isaac Morenok dion gisan (Vías romanas. Ingeniería y técnica constructiva, 2006, 181 or.). Egile horrek adierazten du, gainera, bide horrek "hurbiltze ezin hobea zuela hegoaldetik eta penintsulan sartzeko toki onena zela".

Hori guztia aintzat hartuta, VS Pirinioetako kostako igarobidea izan zitekeen Bidasoan, euskal inguru geografikoaren erabilerarako zena, eta Erronkariko igarobidea, berriz, penintsularra izan zitekeen.

Garatu dugun planteamenduaren arabera, VSri Ager Vasconumen aurkako izaera hori kendu diogu lurraldearen ustezko antolaketa erromatarrean, eremu atlantikoko (basotsua) eta mediterraneoko (nekazaritzakoa) balio ekologikoak aintzat hartuta. Interpretazio tradizionalak oinarri sendorik ez duela arrazoitu ondoren, proposatu dugu deskribapen pliniarraren VS kostalde kantauriarreko toki geografiko zehatz bati dagokiola; Oiasso eta Pirinioen arteko toki bati, hain zuzen. Aiako Harriko erromatarren meatzaritza eta Bidasoako igarobidea ere aurkeztu ditugu erromatarrek saltus gisa har zitzaketen toki gisa. Amaitzeko, VS eta Oiassoko hiri-aglomerazioa lotzen dituzten loturak marraztuko ditugu.

Hasteko, beharrezkoa da nabarmentzea Plinioren jatorrizko testuan puntuaziorik ez dagoenez, ezin da alde batera utzi egileak berak VS eta Olearso gauza bera balira bezala izendatu izanaren aukera. Hala ere, ez gara tematuko bi terminoen parekotasunaren kontuan, berriro ere arrazoiketa arkeologikoei begiratuta.

Aiako Harrian erromatarrek egindako meatzaritzako erauzketei buruzko lekukotzetara itzulita, ikus daiteke gehienak meatzaritza modernoko lan garrantzitsuak egin diren meatzaritzako esparruei lotuta daudela. Arditurriko meatzaritzako esparrua (Oiartzun) Gipuzkoa osoko meatzaritza-gunerik garrantzitsuena izan da 1984an itxi zen arte eta badirudi erromatarren garaian ere hala izan zela, azken urteetan jaso diren aztarna arkeologikoak ikusita. Oiassoko hiri-aglomerazioaren gunetik 6,5 km-ra dago zuzenean, Pasaiako badian itsasoratzen den Oiartzun ibaiaren bailaran. Bidasoaren isurialdean San Fernando, San Nartziso eta Belbio esparruak kokatzen dira. Horietan biltzen dira Irunen egiaztatutako erromatarren lan gehienak. San Nartzisoko esparruan, Altamirako meatze-eremuan aurkitutakoak Oiassoko hirigunetik 2,5 km-ra soilik daude eta San Fernandokoak, berriz, 5,5 km-ra.

Oiassok, horrez gain, kaien, ontzitegien eta eskualde mailako portuko biltegiaren aztarna arkeologikoak ditu, nekropolia, termak eta Irungo hirigunean identifikatutako beste hainbat hiri-elementu, Estrabonek adierazitako bideari gehitzen zaizkionak (M. Urteaga, 2008, "El asentamiento romano de Oiasso (Irun); red viaria, puerto y distrito minero", Hiri erromatarreko obra publikoen IV. Kongresuko aktetan, Lugo-Guitiriz, 303-329. or.). Aiako Harrietako meatzaritza erromatarra, beraz, ezin bereiz daiteke Oiassotik, bertara jo behar izaten baitzuten hornitzeko, hiri-zerbitzuei zegokien guztirako (auzi administratiboak ere), metal estrategikoen (zilarra) errepide bidezko garraiorako eta berunezko eta burdinazko lingoteak itsasoz garraiatzeko. Bidezkoa dirudi Oiasso eta meatzari ingurunea ez zeudela elkarrengandik isolatuta pentsatzea, baterako antolamendua osatuz baizik.

A.M. Hirt-i (Imperial Mines and Quarries in the Roman World, 2010, 51. or.) jarraiki Aiako Harrietako meatzaritzaren lurralde-antolamenduak Vipasca-ren meatzaritako legeetan azaltzen diren hiru erakunde motei erantzuten ote zien planteatu daiteke: "vicus", "metallum" eta "territoria metallorum". Kasu horretan, vicus metalli Vipascensis-en baliokidea, bainu, eskola, bizargin eta hilerriarekin, Oiassoko hiri-aglomerazioa izango litzateke. "Metallum" kategoriak, berriz, meatzaritzako lurraldeko oinarrizko unitateari egingo lioke erreferentzia (izendatu ditugun esparru indibidualak) eta "territoria metallorum" kategoriak procurator metallorum-en kontrolpeko ustiaketen multzoari, hau da, mendigune granitikoko erauzketa-jardueren multzoa biltzen duen meatzaritza-barrutiko ustiaketak. Nolanahi ere, hiri-establezimenduaren eta meatzaritzako ustiaketa-eremuen arteko loturak nabarmenak dirudite, bai hurbiltasun geografikoa dela eta, bai alderdi funtzionalak direla eta; horrek VSren -meatzaritzako bertsioan- eta Oiassoren artean loturak finkatzera eramango gintuzke.

Lotura estuak izango genituzke Bidasoako igarobidea, Pirinioak zeharkatuta, VStzat hartu ahal izango balitz ere. Kasu horretan, Bidasoako zubiaren zurezko zimenduen aztarna arkeologikoak Oiassoko hirigunean bertan daude, Ama Xantalen nekropolia baino hurbilago.

Vasconum saltus puntu geografiko zehatza da, Kantauriko kostaldean kokatuta dagoena, Pirinioen oinetan, Oiassoren ondoan edo Oiasson bertan VS Bidasoaren gaineko igarobidetzat hartzen badugu. VSk Aiako Harriko meatze-barrutiarekin duen lotura nahiago bada, Oiasso Vasconum Saltus-en parte zela ere onartu ahal izango litzateke.

Ondorio hori gaiari buruzko ikerketan aurrerapauso handia da bere horretan, baina zer da edo zer esan nahi du, bada, saltus Vasconum-ek Plinioren testu horretan? Javier Arcek ("Conclusiones" Saltus ¿concepto geográfico, administrativo o económico?, Arkeolan aldizkaria 15, 2008, 185-190. or.) bere buruari galde egiten dio ea saltus vasconum "Augustok biztanle haiei egindako oparia, "kontzesioa", ote zen, Erromarekin zuten itunaren ondorioz eta kantauriar gerretan bere tropen eta ontzien aurka ez parte hartzearen ondorioz". Baskoiek "eremuko meatzeen ustiaketarako eta Pirinioetako igarobideak kontrolatzeko" kudeatutako inperioko jabetza izan zitekeen ere galdetzen du. Historialari horren ustetan, azken aukera hori da probableena eta horregatik uste du aipatu zuela Pliniok Vasconum saltus bereizita.