Konposatzaileak

Sorozabal Mariezkurrena, Pablo

Konpositore eta orkestra zuzendaria (Donostia, 1897-Madril, 1988). Espainiako opereta eta zarzuelaren azkenetariko sortzaile eta ezagunetarikoa. Bere antzerkigintza lirikoaren arrakastengatik ezaguna, Sorozabal lan sinfoniko, koral eta instrumentalen katalogo garrantzitsu baten egilea da. Aipatzekoa da baita, txisturako egin zuen errepertorioa.

Bere oroitzapenen arabera, langile-familia euskaldun batean jaio zen, jatorria Gipuzkoako landetan zuena. Jose Mari aita, hargina lanbidez eta "Asteasu" eta "Portzale" ezizenez ezaguna, bertsolaria izan zen denbora batez. Musikari gazteak haurtzaroa kaleetan igaro zuen eta oinarrizko heziketa eskasa izan zuen. Akademiako musikarekin eduki zuen lehen kontaktua Euskalerriko Adiskideen Elkarteak Arte Ederretako Akademian eskaintzen zituen doako solfeo klaseei esker izan zen. Han biolin eta pianoko klaseak ere jaso zituen, Alfredo Larrocha eta German Cendoyaren eskutik, hurrenez hurren. Laster sartu zen Donostiako Orfeoiaren haurren sailean, erakundeari berari lotua zegoena. Aktibitate honi esker Jose Maria Usandizagaren Mendi-mendiyan operaren Donostiako estreinaldian (1911) parte hartu ahal izan zuen.

Nerabe zela, instrumentista moduan hasi zen lan egiten zinema, kafe, gau-jai, zarzuelaren ikuskizun eta hiriko beste ekintzetan. Musikako lehen lanpostuan, Novedades zinemako biolinista bezala, Juan Telleria pianista eta Santos Gandia biolontxelistarekin batera hirukotea osatu zuen. 1914ean Gran Casino orkestrako biolin plaza lortu zuen, Larrocha eta Enrique Fernandez Arbosen zuzendaritzapean. Garai honetan hasi zen Sorozabalen interesa konposizioaren inguruan. Hain miretsia zuen Jose Maria Usandizaga (1915) hil ondoren, La llama operaren berrikusketan kolaboratu zuen, hil ondoren Ramon Usandizaga anaiak amaitu zuena. Bere kabuz harizko instrumentuentzat Cuarteto idatzi zuen eta bi urtez harmonia ikasi zuen Beltran Pagolarekin. Sorozabalek Los Independientes izenarekin ezagutzen den Donostiako gazte bohemio eta ikonoklasten taldea osatzen du. Talde honen bilerei esker etorkizuneko aukera intelektual eta artistikoak ikusi zituen, eta baita sentsibilitate politiko baten garapena ere, sozialismo eta anarkismoaren artean kokatua zegoena. Gran Casino utzi ondoren, Cafe del Norte-n egin zuen lan pianista moduan, zinemako saioak girotuz. Biolinista moduan, Cabaret Maxim aitzindarian jo zuen eta bertan Europara iritsi berriak ziren jazz musikaren lehen oihartzunak entzun zituen.

1919an Madrilera joan zen. Orkestra Filarmonikoan sartu zen, orduan Bartolome Perez Casasek zuzentzen zuena, eta Cafe Comercial aretoan joko du hirukote batean, Enrique Arangoa txelo-jotzailearekin batera. Urte bat beranduago Donostiako Udalaren ikasketa beka bat lortu zuen, euskal gaien inguruko harirako Cuarteto berri bat aurkeztu ondoren. Sorozabal Leipzigera joan zen bizitzera eta Hans Sitt-ekin biolina eta hiriko Kontserbatorioko zuzendaria zen Stephan Krehl-ekin konposizioa ikasi zituen. Alemaniako egonaldia Gipuzkoako Aldundiaren urteko pentsio bati esker luzatu zen. Pezetak Alemaniako markoaren aurrean zeukan indarrari esker, urte hauetan modu lasaian bizitzeko aukera eduki zuen. Horri esker, bertako orkestra bat alokatu ahal izan zuen bi bider (1922 eta 1923), zuzendari moduan debuta egiteko eta Capricho español bere lana estreinatzeko. Denbora batez kontrapuntua ikasi zuen Berlinen Friedrich Kohl-ekin, Schönberg eta Franz Schrecker-en aurkaria zena, eta urte batzuk lehenago Kurt Weill-en irakasle izandakoarekin.

Alemaniako inflazioaren amaiera eta "Dawes plana"-ren (1924) ezarpenarekin, estatuko finantza eta musika egoerak aldaketa jasan zuen, eta berriz ere aisiako lokaletan jotzera behartua aurkitu zen. Lan-baimena ez eduki arren, Weimarreko Errepublikako autoritateen kontrol eskasari eta dantza-musikako eskaera handiari etekina atera zion. Horrela aurrera egin ahal izan zuen Leipzig hiriguneko kafe bateko jazz-bandako Kapellmeister izatera iritsi zelarik.

Alemanian zegoela, musikariak euskal gaietan inspiratutako lan-errepertorio bat sortuz joan zen, gero Donostian pasatzen zituen udetan estreinatzen zituelarik. Suite Vasca (1923), Emeterio Arreseren olerkietan oinarritua edo Variaciones sinfónicas sobre un tema vasco (1927) bezalako konposizio garrantzitsuek euskal konpositoreari bere herrikideen artean fama eman zioten. Gainera, lan herrikoiago batzuek publikoarekin konektatzeko zuen erraztasuna argi erakusten zuten, bi Kalez-kale kasu. Ildo berean Donostia fandangoa kokatu daiteke, Donostiako Udalaren Txistulari Bandak deituriko Lehen Konposizio Lehiaketan saritua izan zena (1929).

1928tik aurrera gero eta luzeagoak dira Espainia pasatzen dituen egonaldiak, ia beti lanbide-sustapena bilatzen zuelarik. Urte horretako urtarrilean, Jose Lassalleren Orkestra zuzentzen du Madrileko erdialdean kokatutako Musika Jauregi modernoan eta Paz Infantaren agerraldiarekin. Programa, osorik euskal konpositoreei zuzendua zegoena, berak idatzitako Variaciones sinfónicas eta Iparragirreren Gernikako Arbolaren moldaketa bat zekarren, Sorozabalek berak egun hartarako moldatua. Udazkenean Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzentzen egin zuen lana eta han Maurice Ravel ezagutu zuen. Urte bat beranduago Donostiako Orfeoia eta Bilboko Korala zuzendu zituen, azken hau Sevillan ospatu zen Erakusketa Iberoamerikarrean, Alfonso XIII.a erregearen aurrean. 1930 eta 1931an, Madrileko Orkestra Sinfonikoa eta bertako Filarmonika zuzentzera gonbidatu zuten, hurrenez hurren.

Hala ere, bere lan eta ekonomi egoera ezegonkorra izaten jarraitzen du urte hauetan. Guridiren El Caserío (1926) zarzuelak lortutako arrakastak bultzatuta, antzerkigintzarekin saiatzea erabaki zuen, orduan konpositore batek Espainian dirua irabazteko zuen modurik hoberena baitzen. 1928an bere lehen opereta izango zen Katiuskaren libretistekin jarri zen harremanetan. Era berean, Pio Barojaren La leyenda de Jaun de Alzate lanari buruzko euskal operaren konposizioa egitea erabaki zuen, Arresek itzulita. Proiektu hau, gero gerra zibilean berriz ekingo ziona, zekarren konplexutasunagatik ez zen gauzatu. Ostera, Katiuska hurrengo hamarkadako antzerki arrakastatsuenetako batean bihurtu zen, Bartzelona (1931) eta Madrilen (1932) estreinatu ondoren. Horri, Donostiako Regal diskoetxeak egindako apustu komertzialak lagundu zion, obra bere estreinaldia baino lehen grabatu baitzuen, Marcos Redondo idoloa bakarlari moduan agertzen zela. Herria igarotzen ari zen aldaketa politikoa kontuan hartuta, obra beraren sobietar giroak ikusmina sortu zuen.

Momentu honetatik aurrera, Sorozabalek sormen esfortzu guztiaren arreta antzerki lirikoan jarri zuen. Arlo honetan, azkar nabarmendu zen garaiko autore dohatuenetako eta berritzaileetako bat bezala. Bere bizitza behin betiko 1933an egonkortu zen, Enriqueta Serrano aktore abeslariarekin ezkondu eta Madrilen bizitzen jarri zenean. Urte bat beranduago bere seme bakarra izango zen Pablo jaio zen. Errepublika garaian, Sorozabalek beste bi arrakasta lortu zituen La del manojo de rosas (1934) sainete lirikoarekin bata eta La tabernera del puerto (1936) zarzuela handiarekin bestea. Aipamen berezia merezi du Adiós a la bohemia (1933) "opera txikiak", Pio Barojaren libretoarekin egina. Honek ez zuen esperotako publiko arrakasta lortu, baina Espainiako errepertorio lirikoko lan bukatu eta originalena bezala jarraitzen du.

1936an gailurrera iritsi zen. Denbora gutxian Madrileko Sinfonikoan Arbosen laguntzaile eta Madrileko Udal bandaren zuzendari izendatu zuten. Apirilean, BBC katearen Orkestra, Pedro Moralesen zuzendaritzapean, Londonen Mendian eskaini zuen, bere Dos apuntes vascos (1925) lanaren lehendabiziko pieza alegia. Berez, lan hori Parisen argitaratu zuen Max Eschig argitaletxeak. Urte horretan bertan Berlinera bidaiatzea pentsatua zeukan Katiuska filmazioan UFArekin kolaboratzeko. Gerra zibila hasi zenean erbeste aldiari uko egin zion eta Udal Bandaren zuzendaritzapean jarraitu zuen. 1937an Levante eta Katalunian ibili ziren, Madrileko frontearentzat dirua biltzen. Euskal milizientzat ereserki bat idatzi zuen, Eusko indarra-Euskadi libre, urte batzuk geroago Marcha de Deva bezala aurkeztuko zuena. Gerra egoerak txundituta, 1938an dimisioa aurkeztu zuen bere postuan eta gatazkaren amaiera Valentzian itxaroten du.

Bere egoera Erregimen berriaren aurrean estua zen eta Egile eta Editoreen Elkarteko batzorde batek "erreserbekin" baztertzen du. Musikaria liskar profesionalen biktima da eta zenbait boikot eta zentsura jasaten ditu. Hala ere, publikoa bere alde eduki zuen eta baita kritikaren begirunea ere. Gerra ondorengo urteetan, estreinaldiak erritmo onean egiten jarraitu zuen eta arrakasta entzutetsuak lortu zituen Black, el payaso (1942) opereta eta Don Manolito (1943) sainetearekin. Marcos Redondo baritonoarekin harremana hautsi ondoren, Sorozabalek berak idatzitako obren enpresari bihurtzea erabaki zuen. Bere konpainia lirikoaren buru zela, 1946-47 urteetan Hego Amerikan bira bat egin zuen. Argentinan zegoela Manuel de Fallaren hileta-elizkizunekin topo egin zuen. Omenaldia egin zion eta orkestra zuzendari bezala arrakastaz aurkeztu zen.

1945ean Madrileko Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular izendatua izan zen eta urtebete beranduago gonbidatu moduan igo zen Orkestra Nazionaleko podium-era. 1950ean "Ruperto Chapí" Teatroko Sari Nazionala irabazi zuen Entre Sevilla y Triana sainetearekin. Herri lirikako zirkuitu komertzialek jasan zuten gainbeheraren ondorioz, hurrengo hamarkadan Sorozabalen eszena ekoizpena moteldu egiten da eta jarduera profesionala dibertsifikatu egiten du. 1953an Antonio Massanaren Canigó operaren estreinaldia zuzentzen du Bartzelonako Lizeoan. 1955ean Antonio dantzariarekin Paris eta Londresen ibili zen, Fallaren El amor brujo-rekin arrakasta lortu zutelarik. Ballet konpainia berak 1956ko Granadako Musika eta Dantza Jaialdian Sorozabalen Paso a cuatro estreinatu zuen, XVIII. mendeko Espainiako autoreen musikari buruzkoa. Bere semeari Marcelino, pan y vino (1955) filmeko soinu-bandan lagundu zion eta baita Las de Caín (1958) komedia lirikoan ere, Zarzuela Antzokian estreinatzea lortu zuelarik. Lola Rodriguez de Aragon abeslari, pedagogo eta enpresariaren bidez, beste estreinaldi eta mandatu ofizial batzuetan sartu zen. Tartean, azpimarratzekoa da Isaac Albenizen Pepita Jimenez operaren berrikustea, Madrileko Operako Lagunen I denboraldirako (1964) egina. Aldi berean, Espainiako industria diskografikoaren zuzendari maiteena bihurtzen da.

Sorozabalek poliki-poliki hasieretako euskal ildoari ekiten dio berriz ere konpositore bezala. Euskal folklorean oinarrituriko pieza instrumental eta koralak idazten ditu, hala nola, New Yorken argitaraturiko Neskatxena (1952) suite korala edo eta, Nemesio Etxanizen hitzak zituen Gernika (1966-1976) kantata. Aurreko konposizio batzuk ere berriz aztertzen ditu. Azken garaiko estiloa euste formal eta adierazgarriagatik bereizten da eta baita modernismoak eta kanpo eraginak alde batera uzten dituelako. Guzti honen salbuespena Juan Jose (1968) "herri-drama lirikoa" da, bere katalogoko lanik pertsonal eta anbizio handikoena delarik. Bertan Sorozabalek, gizartearen inguruan dituen kezkak adierazten ditu espresionismotik gertuko dagoen musika-hizkuntza batekin.

Gerra osteko jendaurreko itxurazko berritzeak ez ditu alde batera utziko autoritate eta erakundeekin dituen liskarrak eta eztabaidak. 1952. urtean Orkestra Filarmonikoan zuen kargua utzi zuen, bere suite Victoriana, Dmitri Shostakovichen Sinfonía nº 7, "Leningrado" lanarekin batera estreinatzea debekatu ziotelako. 1978an Zarzuela Antzokiak bere Juan Jose operaren estreinaldia ezeztatzen du, konpositorea eta Musikako Zuzendaritza Nazionalaren arteko salaketa gogorren aurrean. Musikariaren samintasuna eta frustrazioa handituz joan ziren bere azken egunak iritsi arte. Ospea eman zion eta partaide zen musika eta antzerki tradizioaren kolapsoa, tristura handiz bizi izan zituen. Garaiko gizartearen kultura zaletasunak -futbolaren ikuskizuna, rock musika, telebista- gorroto zituen eta abangoardiako musikaren kritiko sutsu bihurtu zen. Etsipen profesional eta politikoez gain pertsonalak ere izan zituen: bere emaztea 1958an hil zen eta bi urte geroago Sorozabalek ezkerreko begian zoritxarreko operazio batzuk izan zituen, hauetatik erabat inoiz sendatu ez zelarik. 1988an bere Madrileko etxean hil zen omenaldi eta sari ezberdinak jaso ondoren -Egile eta Editoreen Elkartearen Urrezko domina, Donostiako Enkomienda, Madrileko Semetzako izendapena eta abar- baina heldutasunean zehar hain maite izan zituen bere bi lanak estreinatuak ikusi gabe: Juan Jose eta Gernika obraren behin betiko bertsioa, musikariak bere amari eskainitakoa.

Familiako aurrekaririk gabe eta ikasi eta bere karrera sustatzeko bitarteko ekonomikorik eduki ez arren, Sorozabalen karrera "Donostiako XX. mendeko lehen urteetako musika azpiegituraren fruitu emankorra" (Itzulpena gazteleratik moldatua. Nagore 2002: 149) izan zela esan dezakegu. Bere karreraren hasiera Donostiako belle epoque garaiaren unerik distiratsuenekin batera gertatu zen hain zuzen ere. Tamaina txiki eta landa giroko hiri baten berezkoak diren herritar osagaien bateratzea; euskal kulturaren pizkunde giro batetako elkarte filarmonikoen ugaritzea eta Europatik zetozen moda eta berrikuntzekin harremanetan egotea izan ziren bere prestakuntza artistiko eta pertsonalaren oinarriak.

Bere adibideak argi erakusten du XIX. mendeko musikaren pentsatzeko, ekoizteko eta kontsumitzeko moduen eta XX. mendeko gizartearen berezkoak diren moduen arteko igarotzea. 1920. hamarkada bukatzean jada, Sorozabal gazte promesa bilakatu zen eta euskal nazionalismoaren musika konpositoreen lehen belaunaldiaren lekukoa jaso zuen ausarki. Ondoren antzerki komertzialagoan haritu zen egonkortasun ekonomikoa eskuratu nahian. Hala ere, esan beharra dago, erabat eroso aurkitzen zela alor honetan eta bere talentu guztia erakutsi zuela. Eszenarako bere musika eta bere gainerako obraren arteko dikotomia itxurazkoa zen, eta ez egiazkoa, bere ekoizpen guztian zehar estilo eta testu mailegu ugari baitzeuden. Zinematografia arlorako egin zuen ekoizpen musikala garrantzi gutxikoa da, nahiz eta aipagarria izan bi arrakasta hauengatik: Maite (Jai Alai, 1940) zortzikoa, Los Bocheros eta Los Xey taldeek ezagutarazitakoak, eta munduari bira egin zion Canción de Marcelino (Marcelino, pan y vino) abestia. Musikaria hilik zegoela bere erromantza ospetsuenetarikoa, oscar baten irabazle izan zen Belle Époque (1992) filmeko soinu-bandan barneratu zuten.

Sorozabalek beti erakutsi zuen publiko zabal eta ezberdin batekin harremanetan jartzeko ohiz kanpoko ahalmena. Bere lehen operetak katiuskas oinetakoei izena eman zien, obra honetako protagonistak agertokira ateratzen zituenak hain zuzen, eta Gernika hileta-martxa ezker abertzalearen ikur izatera pasa zen. Berak ere bere burua "herriko musikari" gisa zehazten zuen. Bere unerik garaienak Espainiako II. Errepublika inguruko urteetan bizi izan zituen. Halara ere, Sorozabal bere bizitza guztian zehar euskal musikako ahotsik karismatiko eta independenteena izatearren gailendu da. Bere hiriko ereserki ofizialaren konponketaren egilea da, Raimundu Sarriegiren Marcha de San Sebastián hain zuzen.