EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.
Errenteria, 1949.
Mariasun Landa Etxebeste Errenterian jaio zen 1949ko ekainaren 5ean. Haren obra, oparoa eta arras ezaguna, haur eta gazte literaturaren alorrean kokatu beharko genuke, baldin eta "haur eta gazte" adjektiboekin hizkuntzaren tratamendu berezia duen "literatura" izendatu nahi badugu. Izan ere, Landaren ustean ez dago bestelako alderik gazteen eta helduen literaturaren artean:
"Yo estoy de acuerdo en guardar el adjetivo infantil, si ello significa un cierto tratamiento del lenguaje. En el caso de la literatura para niños, no puedes perder de vista que te diriges a unos lectores de una imaginación exuberante pero de una limitada capacidad lingüística" (Olaziregi 1999: 31).
Tratamendu berezi horrekin, Landak hogei eta hamar liburu inguru idatzi ditu. Landaren lanak hizkuntza askotara itzuli dira, ingurukoetara (gaztelerara, katalanera eta galegora), zein atzerrikoetara (ingelesera, frantsesera, alemanera, grekora, arabierara, koreanora, albanesera, eta abar).
Bere liburuei esker, sari ugari irabazi ditu Landak: Haur eta Gazte literaturako Lizardi eta Euskadi sariak, lehenengoa 1984ean Txan Fantasma ipuinarekin, eta bigarrena 1991an Alex obrarekin. 2003an Krokodiloa ohe azpian liburuaren itzulpenak (Un cocodrilo bajo la cama) Espainiako Kultura Ministerioaren Haur eta Gazte Literaturaren Sari Nazionala merezi izan zuen. Horrez gain, Iholdi ipuin sorta IBBY ohorezko zerrendan agertu zen 1992an, eta Krokodiloa ohe azpian 2006koan. Elefante txori-bihotza Municheko Haur eta Gazte Literaturako Liburutegi Internazionalak prestatzen duen White Raven zerrendarako aukeratua izan zen 2001ean, eta OELPI (Organización Española para el Libro Infantil y Juvenil) espainiar erakundeak IBBYk esleitzen duen Andersen Sari Internazionalerako (Haur eta Gazte literaturako "Nobel"aren pareko den sarirako hain zuzen ere) proposatu zuen Landa 2008an.
Horrela, Mari Jose Olaziregik "Mariasun Landa Etxebeste gaurko euskal idazlerik emankorren eta ezagunena da eta, Bernardo Atxagarekin batera, nazioartean hedapenik handiena duen literaturgilea" esaten duenean, zuzen dabilela onartu baino ez dugu.
Mariasun Landa Filosofia eta Letretan lizentziatu zen Parisen hirurogeiko hamarkadaren amaieran eta, Euskal Herrira bueltan, Zarautz eta Lasarte-Oriako ikastoletan aritu zen irakasle. Egun Hizkuntza eta Literaturaren Didaktika ikasgaiko irakasle da Donostiako Irakasleen Unibertsitate Eskolan (Euskal Herriko Unibertsitatea). Mariasun Landa Jakiunde, Eusko Ikaskuntzaren Zientzia, Arte eta Letren Akademiako kide ere bada.
Parisen pasatako lau urteak garrantzi handikoak izan ziren Landarentzat. Hemeretzi urterekin joan zen Frantziako hiriburura, 1968ko maiatza famatuaren ostean, eta Filosofiako ikasketak amaitu artean han bertan bizi izan zen. Alde batetik, Landak ez zuen amestutako giroa aurkitu, beti izan baitzuen festa aldameneko gelan gertatzen ari zelako sentsazioa (bere testu autobiografikoaren izenburua parafraseatuz), baina bestetik izugarri ikasi zuela aitortzen du:
"París fue una fiesta, sí. Porque al mismo tiempo que yo añoraba todo eso con lo que había fantaseado, me encontraba con otra realidad que estoy muy contenta de haber vivido, y me refiero a todo el acceso al mundo cultural, todas las películas que vi en la Filmoteca, los autores que pude leer, el ingreso en la Universidad, la formación intelectual y la gente que conocí" (Almagia, 2007).
Irakurritako liburuen artean Simone de Beauvoir eta Jean-Paul Sartren obra existentzialistak aipatu beharko lirateke; ikusitako filmen artean, berriz, François Truffautenak.
Hirurogei eta hamarreko hamarkadan Landa Euskal Herrira itzuli zenean, euskalduntzea erabaki zuen. Ondorengo urteetan Zarautz eta Lasarte-Oriako ikastoletan jardun zuen irakasten. Garai hartan euskarazko material didaktorik apenas zegoen, eta egoera horrek bultzatu zuen idazle gipuzkoarra haur eta gazteentzako literatura lantzera.
Material didaktikoari eta irakaskuntzari dagokionez, ikastolen egoera "hirugarren mundukoa" (Landa 2003, 22) baldin bazen, ezin esan haur eta gazte literaturarena hobea zenik. Iñaki Aldekoaren ustez, Mariasun Landak irauli egin zuen egoera 1984an Txan Fantasma argitaratu zuenean. Liburu horrek Karmentxu neskatila autistaren istorioa kontatzen du, hots, Karmentxuren eta Txan izeneko fantasmaren arteko harremana. Karmentxu umezurtza da eta sekula ondo konpondu ez den izebarekin bizi da, harik eta medikuak psikiatriko batean sartzea erabakitzen duen arte.
Txan fantasma liburuak euskal haur eta gazte literaturara modernitatea ekarri zuela esaten denean, errealismo kritikoa izeneko korrontea ekarri zuela esan nahi da, hau da, maitagarrien tradiziotik urrun eta egunerokotasunetik gertu dauden istorioak, gogorrak askotan, baina aldi berean umorez, samurtasunez eta estilo soilez kontatutakoak.
"Umorea eta samurtasuna nahasiz, 68ko maiatzaren ondoren haur eta gazte literaturara zabaldu zen sentiberatasun berri batekin bat egiten zuten ideia multzo bat adieraziz eta horren ondorioz sortu ziren familia harreman berrien, gizonezko-emakumezko rolen edo haurren eta helduen arteko tirabiren berri emanez, Landaren unibertsoa euskarazko haur literaturako unibertsorik kilikagarrienetako eta aberatsenetako bat da" (Aldekoa 2008, 377).
Mariasun Landaren obraren ezaugarriak Mari Jose Olaziregik bost puntutan laburbildu ditu: errealismo kritikoa -umeen mundutik urrun mantentzen diren zenbait gaiei, heriotza, bakardadea edo tristezia bezalakoei, beldurrik ez dien literatura-, umorea eta ironia -aipatutako heriotza, bakardadea eta tristeziak irudi ezkorrik eman ez dezaten erabilitako baliabideak-, estetika minimalista eta diskurtso autobiografikoa -ni-aren inguruan eta lehen pertsonan idatzitako testuak-. Horrez gain, Landaren ikuspegi feminista ere aipatzen du Olaziregik, haur eta gazte literaturaren molde patriarkaletatik aldentzen dena hain zuzen ere.
Landaren obrak, esan bezala, ugariak eta aberatsak dira oso, banaka-banaka aztertu ahal izateko. Garrantzitsuenak baino ez ditugu hemen aztertuko. Txan fantasmaz (1984) gainera Iholdi aipa daiteke. Mari Jose Olaziregiren ustetan, 1988. urtean idatzitako ipuin sorta horrekin Mariasun Landa Txan fantasman landu zuen errealismo kritikotik minimalismora pasa zen, alegia, estetika sinpleago, ekonomikoago eta iradokitzaileago batera. Hamasei kontakizun laburrek osatzen dute obra hau, gehienak lehen pertsonan kontaturik daude eta bertan ez dira sentimendu sakonak falta, bakardadea, isolamendua edo oinazea kasu.
Errealismo kritikoa eta minimalismoa aipatu ditugu, baina badago hirugarren etapa bat Landaren obran, zeinetan idazleak liburu luzeago eta elaboratuagoak idazten baitituen. Xabier Etxanizek aro hori, Julieta, Romeo eta saguak (1994) obrarekin hasten dela dio (2003: 20). Umorez eta ironiaz beteriko obra da azken hau. Julieta izeneko neska gozozalea eta Romeo izeneko gaztearen arteko amodio istorioa. Romeorekin maitemindurik, Julietak dieta egitea erabakitzen du. Jokabidearekin harriturik, eta Julietak pastel gehiago egiten ez duelako kezkaturik, neskatilaren sukaldean bizi diren arratoiek amodio istorioa bizkortzea erabakitzen dute.
Landaren beste liburu batzuren artean Alex (1990) eta Krokodiloa ohe azpian (2002) ditugu. Alex abenturak eta arriskuak gustuko ez dituen pertsonaia da. Hori dela eta ikastolan "Alex-aldrebes" ezizena ematen diote. Bere lagun minena Nina izeneko neska da, anti-abenturazalea hura ere, eta elkarrekin klub moduko bat sortzeko asmoa dute. Krokodilioa ohe azpian liburuak, Juanjo izeneko administratiboaren istorioa kontatzen du. Juanjoren ohe azpian krokodilo bat bizi da, pairatzen duen bakardadearen sinbolo, eta ez da desagertuko Elena ezagutu arte.
2007an Landak Pariseko lehen urteko oroitzapenak La fiesta en la habitación de al lado liburuan jaso zituen. Gazteleraz idatzitako liburua da, Jesus Lasak Festa aldameneko gelan izenburupean euskaratua. Arrazoia sinplea da: Mariasunek euskara Parisetik bueltan ikasi zuen eta, beraz, aurreko oroitzapenak gazteleraz edo frantsesez idaztea atera zitzaion.