Ibalan, Matxingorri, Aspaldiko, L. Ayanbe, Etxekorena, Ibargi
Gipuzkoar kulturako pertsona eta Euskaltzain osoa. Tolosan jaio zen 1898ko urtarrilaren 12an eta bertan hil zen 1994ko urriaren 12an.
Antonio Mariak Tolosako Eskolapioetan burutu zituen lehen ikasketak eta Zaragozan, Komertzio Eskola Nagusian amaitu zituen. Handik bueltan familiaren lantegian hasi zen lanean.
Politika-gizona baino, Antonio Maria abertzalea zela esan behar da. Euskaltzaletasunak eta abertzaletasunak bultzaturik gerturatu zen politika-kontuetara. Horrela, 1931n Eusko Alderdi Jeltzalearen izenean zinegotzi hautatu zuten Tolosan, bai eta bi urte beranduago bertako alkate izatera iritsi ere. Alkatetzan 1936 arte jardun zuen, Gerra Zibilaren hasierarekin batera erbestera alde egin behar izan baitzuen familiarekin. Gerra Zibileko atzerriratzea Londresen igaro zuen eta Bigarren Mundu Gerra hasi zenean Sarara joan zen, bertan egon zen zortzi urtetan Eusko Jakintza eta Gernika aldizkarietan idazteko aprobetxatu zuen, gehienetan ezizenekin sinatzen zuelarik.
Idazle oparoa izan zen, ia genero guztiak jorratu zituen: bere obran zehar itzulpen-lanak, biografiak, bertsoak, artikuluak, entseguak, hitzaldiak, kritika-lanak eta euskara batuaren inguruko liburuak nabarmentzeko lanak dira. Baina dudarik gabe antzerkigintzari eskaini zizkion lan oparoenak. Oso gaztetatik hasi zen lanak argitaratzen: hala, 1920an Donostiako Udalak lehiaketan sariatua izan zen hiru ekitalditan banatutako Txinparta buruzagi komedia (1921). 1930ean lehen saria irabazi zuen Tolosako "indarneurtzeetan" hiru ekitalditan banatutako Euskal-eguna lanarekin (1931). 1932an Antzerti, antzerki-aldizkaria sortu eta zuzendu zuen. Aldizkari horretan nahiz beste batzuetan berak idatzitako antzerki-lanak argitaratu zituen: Txinparta buruzagi (1920), Ostegun gizena, Maya, Mateo Txistu, Iparragirre (1933), Gizon bizarpeituti eta emazte Bizartsuti (1935), Irunxeme (1935), besteak beste.
Era berean, itzultzaile lanetan ere aritu zen Friedrich Durrenmatt-en Gizona ta kidea (1963); Max Frisch-en Su emailleak (1966); Eugene Ionesco-ren Neskatilla ezkongai bezalako antzerki-lanak itzuliz. Biografia ere landu zuen, besteak beste, Elizanburu (1955) eta Muñagorri eskribau, pakegille ta fuerozale (1976) lanak argitaratu zituelarik. Gaztelaniaz Compendio del poema vasco "Euskaldunak" de Nicolas Ormaechea (Orixe) (1950) eta Teatro euskaro (1965) lanak idatzi zituen. Saiakera-arloa bi lanetan jorratu zuen: Euskal antzertia'ren edestirako apur batzuek (1933) eta Teatrogintza eta Yakintza (1973).
Jaso zituen sarien artean aipatzekoak dira Euskal Letren sari berezia (1987) eta Sabino Arana fundazioaren eskutik jasotakoa (1994). Euskaltzain oso 1964ko abenduaren 18an izendatu zuten.
Kultura arloan interes askoko gizona, musika munduan ere aritu zen: biolina jotzen zuen eta idazle zen horretan musikari buruzko artikuluak idatzi zituen, besteak beste, Bibliografía musical vasca (1949), Pequeña historia del "violín" en Tolosa (1979) eta Ignacio Mocoroa Damborenea, maestro organista y compositor (1980). Mendia ere maite zuen eta hainbat artikulu idatzi zituen Pyrenaica-n, Euskal Mendizale Federazioaren aldizkarian.
Orixe, Lizardi eta Aitzol olerkarien lagunmina izan zen.
- BEOLA, Ainhoa. Antonio Maria Labayen (1898-1994). Vitoria-Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 1999. Bilduma: Bidegileak.