Uchin de Mendaur.
Idazlea eta politikaria. iruña, 1854 - Donostia, 1937.
Pamplona / Iruñean jaio zen 1854ko maiatzaren 7an. Urte batzuk lehenago, 1837, 1839 eta 1841ean Madrileko Gorteko legeak praktikan jarri ziren, Nafarroako Erreinua bertan behera utzi eta Nafarroa probintzia bihurtzekoak. Gertakari horrek gogor astindu zuen Campion bizitza guztian zehar, 1937an hil zen arte.
19 urte besterik ez zituela dagoeneko ikasketak hasiak zituen Oñatiko Unibertsitatean (Gipuzkoa). Madrilen jarraitu zuen ikasketekin eta 22 urterekin, 1876an Zuzenbide Lizentziatura eskuratu zuen.
24 urterekin lehenengo liburua argitaratu zuen Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra (1876) eta Antoine d'Abbadie zientzialaria, Duvoisin literato handia, Bonaparte Printzea hizkuntzalaria, Jean Jaurgain historialaria, Miguel de Unamuno filosofo eta poeta eta garaiko beste pertsona adierazgarri batzuk ezagutu zituen. Halaber, "Asociación Euskara de Navarra" delakoaren sustatzaile eta sortzaile gisa ageri da Campion; izan ere, ekimena Madrileko "La Paz" aldizkariko lerrotatik zabaldu zuen Campionek eta Iturralde eta Suitek berehala gauzatu zuten.
26 urte zituela Orreaga balada argitaratu zuen. Balada hori euskalki eta azpieuskalki ugaritan eman zuen hizkuntzalaritza konparatua egiteko xedez (1880). 27 urterekin euskarazko lehen narrazio sorta idazteari ekin zion, gerora, narrazio horiek hainbat liburutan plazaratu zituen "Euskariana. Fantasía y Realidad" izenburupean (1881). 29 urterekin iritsi zen Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua Euskara (1883).
30 urte zituela literaturan erabiltzen ziren lau euskalkiei buruzko Gramática Bascongada handia kaleratu zuen (1884), 893 orrialdez eta aditz-jokoen trataera guztiak barneratzen zituen hainbat enkarte oso konplexuz hornitua. 31 urterekin Víctor Hugo azalpen biografikoa (1885). 35 urte zituela argitaratu zuen Don García Almoravid, gai historiko eta dramatismo indartsu batekin (1889).
36 urterekin "Euskariana" sortako lehen lana, zinez garrantzitsua. 38 urterekin beste Euskariana bat "Fantasía y realidad" izenburupean. Horiek izan ziren eleberri motzean egin zituen lehenengo ekoizpenak.
39 urterekin gai politikoari eusten dio La batalla chica del señor Nocedal liburua argitaratuta (1893). Urte horretan bertan Gorteetarako Diputatu izendatu zuen hautagaitza integristak, baina ez zuen militantziarik izan alderdian.
40 urte beteta, beste Euskariana bat argitaratu zuen. Oraingo honetan Erreinuaren artxibategian bete-betean muturra sartzen duen ikertzeaile modura. 45 urterekin, genero dramatikoa jorratzen duen bigarren eleberri handia kaleratu zuen, Blancos y Negros (1898). Lan horrek Unamunoren begirunezko harrera jaso zuen "Obras completas" laneko VI. Liburukian ikus daitekeenez. 47 urterekin La personalidad euskara en la historia, el derecho y la literatura (1901). 50 urte zituela Irunen garatu zen "Euskaltzaleen Biltzarra" bilkuran presidente modura aritu zen (1904).
51 urterekin, herrialdeko gai historikoei buruzko hirugarren Euskariana plazaratu zuen, betiere ikerketaren ikuspegitik, oraingoan, euskal arrazari buruzko ikerketa antropologiko eta psikologiko bat barneratu zuen (1905). 53 urterekin Discursos políticos y literarios (1907). 54 urte zituela Conferencia acerca del nacionalismo vasco, Gernikan, 1908an inprimatu zen. 55 urterekin inprimatu zuen La Bella Easo eleberri handia, bi liburukitan (1909). 56 urterekin Orígenes del Pueblo Euskaldun argitaltzen hasi zen (1910). 60 urterekin "Geografía del País Vasco-Navarro" delakoan kolaboratu zuen Nabarra en su vida histórica ikerketa arras garrantzitsuarekin (1914). Ikerketa horrek Nafarroako historiografiaren norabidea aldatu zuen.
63 urterekin "Fantasía y realidad" sortaren barnean beste Euskariana bat argitaratu zuen. Hor aurki daitezke idazlearen ekoizpen literario baliotsuenak (1918). Urte horretan Oñatiko Kongresuan, Euskal Herriko lau Foru Aldundien babesarekin, sortutako Eusko Ikaskuntzako Ohorezko Presidente izendatu zuten. 64 urte zituela lan berezi bat argitaratu zuen De las lenguas y singularmente de la baska como instrumento de investigación histórica (1919). 66 urte zituela Bilboko "Hermes" aldizkarian ¿Es fea o hermosa la raza vasca? saiakera argitaratu zuen, bertan garai hartako euskal pintoreen margolanei buruzko iruzkinak egin zituen (1920).
68 urterekin idatzi zuen beste Euskariana bat, azterketa eta ikerketa historikoak barneratzen zituena (1923). 72 urterekin Orígenes del pueblo euskaldun laneko lehenengo liburukia. 74 urterekin aurrez aipatutako Nabarra en su vida histórica argitaratu zuen, oraingo honetan liburuan (1927). 77 urterekin iritsi zen Orígenes del Pueblo Euskaldun laneko bigarren liburukia (1931). 80 urterekin argitaratu zuen hamaikagarren Euskariana, berak egindako ikerketa historikoz betea (1934). 82 urterekin iritsi zen hamabigarren Euskariana eta baita Orígenes del Pueblo Euskaldun laneko hirugarren liburukia ere (1936); izan ere, bigarren liburukian oraindik amaitzeke utzi zuen.
1937an hil zen eta "Lengua y literatura euskaras" izenburuko Euskariana bat, "Historia" izeneko beste bat eta No Euskariana izenburuko beste bat utzi zituen argitaratzeke, azken hori arteari eta historiari buruzko kritika bat da. Halaber, jakina da beste eleberri bat prestatzeb ari zela, La Monja izenburuarekin. Eleberri haren jatorrizkoa, baldin eta badago, bere oinordekoek izango dute.
Campion Euskaltzaindiko euskaltzain oso izan zen. Horrez gain, urgazle izan zen honaoetan: Real Academia de la Historia, Ciencias Morales y Políticas eta Academia de la Lengua Castellana. Eusko Ikaskuntzako eta Euskal-Esnalea entitateko presidente izan zen biziartean.
Politikari dagokionez, Campion ezin daiteke inolako alderdi politikorekin lotu, nahiz eta gaztetan bere burua errepublikano federal modura ikusten zuen. Errepublikanismoa berehala utzi zuen, Castelar erortzean eta Pavia jeneralak Kongresua bertan behera utzi zuenean. Dena den, federalismoarekin jarraitzen du, izan ere, ordura arte beti errespetatu zuen zuzenbidezko foru estatuarekin bateragarri dela irizten du. Berak dioenez funtsezkoa onartu eta halabeharrezkoa ukatu egiten du. Dagoeneko ez da errepublikanoa, ezta monarkikoa, karlista, integrista edota euskal abertzalea ere. Sekula ez zitzaion alderdi politiko bati lotu. Bere jarduera politikoa Campionek Euskal Herriarekiko eta, bereziki, Nafarroarekiko sentitzen zuen maitasunak eragin zuen, izan ere, honakoa esan zuen: "lurra nigan oihukatzen dut eta ez dio oihu egiteari utzi eta ez dio utziko ni hil artean".
Campionen obra guztia bere liburuetan inprimatzen duen aldarriaren aldarrikapena da: "Euskalerriaren Alde". Bere borondatea irmoa da, ahuleziarik gabea. Euskara ezagutzen ez zuenez ikasi egin zuen eta, horrez gain, linguistikoki ikertu zuen. Bere Gramatikak ordura arte ezagutzen zen gramatika oro gainditu zuen. Karlistekin hika-mika eta polemika bortitz ugari izan zituen eta baita euskal abertzaleekin ere, Arana Goirirekin batez ere. 39 urte zituela Kongresuan Gamazo ministroari aurre egin zion ausardiaz eta kementsu. Une horretan, agian bera zen inolako alderdiren kutsadurarik gabe ideia foral kristauak zituen diputatu bakarra. Foraltasuna berrezartzearen alde lan egin zuen eta hainbat ikerketarekin sostengatzen zuen: ikerketa filologikoak, juridikoak, antropologikoak, historikoak, soziologikoak, politikoak nahiz literarioak, gainera, musikaren eta artearen kritika ere garatu zuen.
Gizon polifazetikoa izan zen eta gaitasun handia zuen ikerketarako eta literaturarako. Egia bilatu nahi zuen eta horrek atsekabe eta etsipen ugari ekarri zizkion. Baina ez zuen etsi. Konponbidea bilatu zuen ahalegina bikoiztuta eta etengabeko herstura bizi izan zuen, gertaerak gero eta latzagoak zirela ikusita. Arturo Jaime-Bon zainetan odol euskalduna ez zuen euskalduna izan zen. Emaitza, herrialde honetan sarritan gertatzen den moduan, emankorra izan zen. Berezko nekaezintasuna eta, herrialde honetan batere ohikoa ez zen, irudimen literario bizi eta indartsua nahasi zituen.
Literaturaren esparruan lehen urratsak gaztelaniazko literatura hanpatu eta deklamatorioaren eraginpean eman zituen. Apurka esaldi motz eta trazu indartsuko literaturarantz eboluzionatu zuen, maiz, indartsuegia, bortitzegia. Bere lanetako batzuk urregintza-lanak dirudite: Gratxina, La Flor de Larralde, Sancho Garcés, Yan Pier Bidart, El Bardo de Izalzu... Bere obra literarioa ipuin eta elezaharrekin hasi zuen eta eleberri historikoarekin jarraitu zuen, garaiko estiloarekin baina dramatismo gehiago eta deskribapen gutxiago, indar gehiago eta erromantizismo gutxiago zuen, bere herrikidea zen Navarro Villosladak egiten zuen eleberrigintzarekin alderatuz gero.
Ikerketa historikoa berezkoa du, xehetasun handikoa, objektiboa eta, gainera, naroa; izan ere, "euskariana" liburuki bakoitza 500 orrialdez hornitzen da. Ikerketa horiek, sarritan, literatura-lanetan eman zituen geroago. Gacetilla de la historia de Navarra ezaguna eleberri bilakatu zen geroago Don García Almoravid izenburupean, eta Bedierren "Chanson de Roland" delakoari buruzko ikerketa, harribitxi bilakatu zuen El bardo de Itzalzu argitaratu zuenean. Blancos y Negros eta. La Bella Easo eleberriei errealismo gogorra darie, zenbaitetan zertzelada naturalistak hauteman badaitezke ere. Hori dela eta, kontrako kritika ugari jaso zituen, garai hartarako latzegiak ziren pasarteen gainean. Horrek ez zuen arduratu eta bere bidearekin jarraitu zuen, inolako ahuleziarik erakutsi gabe. Una noche en Zugarramurdi eleberri txikia naturalismo horren adibide da.
Hasierako Campion sutsu eta nekaezina, pixkanaka gizon metodiko bilakatzen da; gero eta historialariagoa, literatoagoa eta euskaldunagoa generoari dagokionez, izan ere, bere lehenengo argitalpenak Nafarroari buruzkoak ziren, ia goitik behera. Euskara Gorteetan jazotako gertakari baten ondorioz ikasi zuen. Eredugarri izatera iristeko adina hitz egin eta idatzi zuen euskaraz. Orreaga lana, Denbora antziñakoen ondo esanak elezaharra eta Tolstoyren ipuin baten euskarazko itzulpena (Malaxka ta Akuliña izenburupean) izan ziren abiapuntu. Halaber, berak euskaraz idatzitako zenbait gutun ere badira.
Gaztelaniazko literaturan bere lanek ez dute oihartzun gehiegirik izan foru kutsu gehiegi baitzuten. Pardo Bazan kondesak eta Unamuno bihurriak baino ez zuten bere lana txalotu. Azken horren laudorioak azpimarratzeko modukoak dira, ez baitzen ohikoegia Unamunorengan.
Dembora antziñakoen elezaharra frantsesera itzuli zuen Fuché-Delbasc idazleak eta "Contes espagnoles" liburuan barneratu zuen. Elsa Otten andreak Pedro Mari itzuli zuen alemanierara (bi edizio) eta Blancos y Negros eleberria ere alemanieraz eman zen Karl Voigtek egindako itzulpenari esker, nahiz eta, dirudienez, gerraren ondorioz ez zen argitaratzera iritsi.
Azken urteotan bere lan batzuk euskarara itzuli dira: La Flor de Larralde Domingo Aguirreren eskutik; Pedro Mari Aita Justo Mari de Mokoroaren eskutik eta hainbat eleberri labur Zarauzko Zunzuneguiren eskutik. Bardo de Itzalzu lana antzerkira eraman zuen Ruiz Añibarrok eta Buenos Airesen antzeztu zen. Sancho Garcesek lan hura egokitu eta Escudero maisuak operara eraman zuen "Zigor" izenburupean. Baina Campionentzat La Bella Easo eleberria zen bere lan kuttuna; izan ere, berak esan zuenez : "eleberri horretan nik izatea nahi dudan guztia eta ez izatea nahi dudan guztia irudikatzen da, maite dudana eta arbuiatzen dudana: lan hau nire pentsamendu osoa da".
Bizi zen artean Arturo jaunak bi omenaldi handi jaso zituen eta baita hain entzutetsuak izan ez ziren beste batzuk ere. Orduñak brontzezko bustoa eskaini zion eta Donostiako Eusko Ikaskuntzako Liburutegian eta Julio de Urquijo Institutuan ikus zitekeen.