Marrazkilariak

Mitxelena Erice, Jokin

Haur eta gazte literaturako ilustratzaile eta idazle gipuzkoarra. Donostian, 1962ko otsailaren 15ean jaioa.

Bertan pasa zuen bere haurtzaroa eta bertakoak ditu lehen oroitzapenak. Zazpi urte zituela Oiartzunera joan zen bizitzera familiarekin eta Oiartzungo Haurtzaro ikastolan egin zuen oinarrizko hezkuntza eta Errenteriako Orereta ikastolan batxilergoa. Ondoren, Arte Ederretan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako fakultatean. Ilustrazio munduan egin zuen lehen sarraldia unibertsitate garaikoa da; Galdakaoko ikastolak bertako irakasleek klase ordutan erabil zitzaten marrazki batzuk egitea proposatu ziotenean.

1985ean, Orereta ikastolan irakasle moduan hasi zen lanean, marrazketa eta plastika gaiak irakatsiz. Garai hartan hasi zen Pello Añorga idazle eta ipuin-kontalariarekin elkarlanean. Harrezkero, sarritan osatu dute idazle eta ilustratzaile bikotea, bien artean 30 liburutik gora argitaratu dituztelarik (Adio, adio!, Ahulerio, Ama erraldoia, Haur zeru-lurtarra, Pottoko, Zupankapaloak,...); haurrentzako Marripuinak izeneko saioa ere sortu zuten, oraingoan ipuin-kontalari eta ilustratzaile bikotea osatuz.

1995ean irakaskuntza utzi eta behin-betikoz Alemaniara joaten da bizitzera eta ilustratzaile bokazioari ekiten dio buru-belarri. Gaur egun, Euskal Herriko argitaletxe gehienekin lan egiteaz gain Espainiako, Alemaniako eta Austriako argitaletxeekin ere kolaboratzen du maiz (Adinkra, Aizkorri, Alfaguara, Baula, Bromera, Destino, Edebé, Elkarlanean, Everest, Kösel, Kumon, La Galera, Pamiela, SM, Susaeta, etab.), haur eta gazte literaturako eta testu-liburuen ilustratzaile moduan ez ezik, haur-literaturako autore moduan ere. Egile bezala lau liburu argitaratu ditu: Joan, joan (Baigorri, 2002), Xaguxarrarena (Aizkorri, 2002), Armiarma txikia (Baigorri, 2003) eta Saguzarrak egunez (Aizkorri, 2011). Bere marrazki eta ilustrazioak Financial Times Deutschland-en ohikoak izateaz gain, erakunde publiko eta pribatuetako proiektuei irudiak jartzen dizkie.

Estiloari dagokionez Pello Añorga idazleak honela deskribatu izan du Mitxelenaren marrazkigintza:

"Marra espresiboez zein narratiboez egituratutako marrazkiak izaten dira Jokinenak, marra lodi trebez bezain mehez harilduak, keinu biziez zein dinamikoez, umore puntu bat bilatzen dutelarik beti... zigilu pertsonala daramatenak."

Irabazi dituen sarien artean, honako hauek aipa daitezke:

  1. I. Etxepare saria 2007, haurrentzako album ilustratua sortzeko proiektu hoberenari, Pello Añorgak idatzitako Gerlari Handia liburuarengatik (Pamiela-Faktoria K, 2007).
  2. Juul kanpainan saritua 2008, 2009, 2010 eta 2011 urteetan.
  3. Euskadi Ilustrazio Saria 2010, Ipuin kontalariaren lapikoa (Aizkorri, 2010) lanarengatik.
  4. Jokin Mitxelenak 130 liburutik gora ilustratu ditu. Hona hemen bere bibliografiako zenbait libururen izenburuak:

    1. Pottoko (Elkar, 1984)
    2. Pottokoren izeba Juanita (Elkar, 1985)
    3. Lau tuntun eta berrogei jubilatu (Elkar, 1986)
    4. Wanted live or dead Anttoni Bill, oesteko bandidoa (Elkar, 1987)
    5. O babarruntxo elektroniko (Elkar, 1988)
    6. Ezin da ipuinik asmatu ala? (Elkar, 1989)
    7. Katuen matxinada (Elkar, 1990)
    8. Lientzo txuria (Elkar, 1991)
    9. Gutun harrigarri bat (Elkar, 1992)
    10. Ilargia ditarean (Elkar, 1996)
    11. Gure poesia (Anaya Haritza, 1997)
    12. Jiran-biran (Aizkorri, 1998)
    13. Eguzkilore (EFA Frantziskotar Argitaletxea, 1999)
    14. Nik erremerre hitz egiten dut (Elkarlanean, 2000)
    15. Amona bizikletan (Elkarlanea, 2001)
    16. Emozioen kuliska (Elkar, 2002)
    17. Lekuko desorosoak (Vitoria-Gasteizko Udala, 2003)
    18. Semaforoko ipuinak (Aizkorri, 2004)
    19. Lau ipuin matteomigliar (Elkar, 2005)
    20. Gus Weller rompe el molde (Alfaguara, 2006)
    21. Astakiloak New Yorken (Elkar, 2007)
    22. Carlota y el misterio del canario robado (Planeta, 2008)
    23. Zaintxo (Erein, 2009)
    24. Das Stück Himmel über unserem Leben (Kösel, 2010)
    25. Hiru egun baleren sabelean (Pamiela, 2011)