Filologoak

Toledo Lezeta, Ana

Filologoa eta 1954an Antzuolan jaiotako irakasle gipuzkoarra.

Filologia Hispanikoan lizentziatua, Euskal Filologian lizentziatua eta doktorea Deustuko Unibertsitatean. Euskal Literaturako irakaslea da Deustuko Unibertsitatean.

Bere lan- eta ikerketa-esparru nagusia euskal literatura da. Gai hori biltzarretan aurkeztutako hitzaldi eta komunikazio ugaritan agertzen da, baita artikulu eta lan hauetan ere: Domingo Agirre: euskal eleberriaren jatorria (Bizkaiko Foru Aldundia, Bilbo, 1989); eta Leiendak (1879-1891) (Etor, 1990), Txomin Agirreren edizioak prestatu ditu: Auñamendko Lorea (Ostoak, Donostia, 1998), Juan Mari Lekuona: Ikaskuntzak euskal literaturaz (1974-1996) (Deustuko Unibertsitatea, Donostia, 1998).

Euskaltzaindiaren Literatura Ikerketa Batzordeko kidea izan da 1989an sortu zenetik, 1996tik euskaltzain urgazlea, eta euskaltzain oso gisa hautatu duten bigarren emakumea da (2005), Miren Azkarateren ondoren.

Eusko Ikaskuntzako bazkidea da 1993tik, eta Gipuzkoako lehendakariorde izan da 1999 eta 2002 urteen artean. Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen 1999 eta 2003 artean, eta zenbait literatur sariketatako epaimahaikide izan da, hala nola Bizkaiko Foru Aldundiko Literatur Sarietakoa, Xabier Lizardi Sarietakoa, Irun Hiriko Sarietakoa, Euskadi Sarietakoa, Literatura Sari Nazionalekoa eta Euskaltzaindiaren Txomin Agirre Sarietakoa.